HATSA BATZARRA BAZTAN-BIDASOAKO HEZKUNTZA-KOMUNITATEA

2021-01-01

“Ebidentziak egon badaude irakaskuntzan protokoloak malgu daitezkeela esateko”

Irailean ezarri behar ziren protokoloek marrazten zituzten eszenatokiez kezkatuta, hainbat irakasle eta familia elkartu ziren Baztan-Bidasoako Hezkuntza-Komunitateko Hatsa Batzarra izenpean, irakaskuntzako protokoloak aztertu eta horien malgutzea eskatzeko. Lau hilabete geroago eta
ebidentzia zientifikoetatik harago eskoletan izan den esperientzia eta haurren kutsatze- tasa txikia ikusita, are irmoago aldarrikatzen dute eskoletan hartzen ari diren neurriak gehiegizkoak direla. Bereziki hiru puntu malgutzea eskatzen dute: hamaiketakoa kanpoan egitea, musukoaren erabilera
murriztea eta materiala partekatu ahal
izatea. Hatsako Batzarreko Gorka Rodriguez eta Joserra Lopez Berako Ricardo Baroja
eskolako irakasleak eta eskola bereko guraso eta Irungo Lekaenea eskolako irakasle Nerea Rodriguez elkarrizketatu ditu Hik Hasik.

 
 

Noiz eta zergatik sortu zenuten Baztan-Bidasoako hezkuntza-komunitateko Hatsa Batzarra?
Gorka Rodriguez: Ikasturte berria hastear zela, dagoeneko ezagutzen genuen COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako eskoletan ezarriko zen protokoloa, eta irakurritakoak irakurrita eta entzundakoak entzunda, nik neuk beldurra eta, aldi berean, tristura handia sentitzen nituen protokolo hark uzten zuen eszenatokia irudikatzean. Antzeko sentimenduak partekatzen genituen hainbat irakasle geunden inguruan eta elkartu egin ginen eta hainbat ekintza antolatzen hasi ginen.
Joserra Lopez: Hasierako deialdia abuztuaren 31rako egin genuen. 20 pertsona elkartu ginen, eta nahiz eta deialdia irakasleentzat egin genuen, familia batzuk ere etorri ziren. Hiru lan-talde sortu genituen: komunikazio taldea, ekintzena eta talde eragilea. Bilera bakoitza toki batean egiten hasi ginen, Bortzirietan, Malerrekan, Baztanen... Gero, COVID-19aren aferak denbora batez herrien arteko mugikortasuna hainbeste konplikatu duenez, momentu honetan Beran ari gara egiten bilerak, eta ahal dugunok etortzen gara. Batzarreko kideok oso argi dugu mugimendu honetan gaudenok irakaskuntzan zentratu nahi dugula. Hasierako bileretan parte hartzen zuten hainbat pertsonek zabalago eragin nahi zuten gizarteko beste esparru batzuetan, baina badira horretan ari diren beste talde batzuk eta Hatsa Batzarra irakaskuntzara mugatzen da, nahiz eta harremanetan egon beste talde batzuekin; Su Txikien taldean gaude Haurrak Ere Bai eta haurren eskubideen defentsan ari diren tokian tokiko hainbat talderekin.

Funtsean, zein da Hatsa Batzarraren aldarrikapen nagusia?
J. L.: Iruditzen zaigu ebidentziak egon badaudela esateko irakaskuntzan malgu daitezkeela COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren protokoloak, eta Hatsa Batzarra horretan zentratzen da. Are gehiago, lau hilabete hauetako esperientziak erakutsi digu haurrak ez direla kutsatzaile handiak eta, gaixotuz gero ere, sintomak arinak izaten direla; aldiz, protokoloek ezartzen dituzten neurriak oso zorrotzak dira. Beraz, ikerketak eta esperientziak erakusten digute neurriak gehiegizkoak direla eta protokoloak malgu daitezkeela. Hori da Hatsa Batzarraren aldarrikapen nagusia.

Martxotik eskolak itxita, eta ekaina bitartean eskolak online moduan etxetik eman eta jasotzeak, zer-nolako eragina izan du zuen ikusmoldean?
G. R: Hatsa Batzarraren lehenengo bilera abuztu bukaeran egin bagenuen ere, aurretik bagenuen kezkarik. Kontua da aurreko ikasturtea nola edo hala aurrera atera genuela beste irakasle guztiek bezala, eta ahal zen bezala bukatu genuela hain arraroa eta ustekabekoa izan zen ikasturte hura. Baina, aurrera begira, ikasturte berria hasi aurretik ezagutu ahal izan genuen protokoloa, eta irudikatzen genuen eszenatokiak benetako kezka sortu zigun, nahiz eta gero aldatzen joan diren neurriak etengabe. Baina ikasturte berriari begira protokolo hain zorrotzak ekartzen zizkigun sentimendu eta kezkengatik hasi ginen bereziki elkartzen lantaldea irailean.

'Pupitre isolatuak' ekintza egin duzue berriki, Baztan-Bidasoatik harago eta oihartzun handia izan du hamaika herritan haurrak eskoletan bizitzen ari diren egoeraren inguruko ekintza horrek. Zein zen helburua?
Nerea Rodriguez: Pupitre isolatuaren bitartez modu metaforiko batean ikusarazi nahi izan dugu haurrek eskolan bizi duten egoera. Beraien pupitrean isolatuak daude haurrak gure eskoletan eta, hain zuzen ere, horregatik jarri genituen kordel batetik kanpora beraien jostailuak eta eskolako erremintak beraien eremutik kanpo. Protokoloen ondorioz, haurrek bizi duten egoeraz sentsibilizatu nahi genituen herritarrak.
J. L.: Haurrei kontaktua, jolasa eta arnasa —arnasa murriztu egiten diete musukoarekin bost orduz egon behar dutenean— debekatzen dizkietela salatu nahi genuen, eta horiek dira, hain zuzen ere, Hatsa Batzarrak protokoloetatik malgutzea eskatzen dituen hiru puntu nagusiak.

Aurretik, hainbat ekintza egin dituzue. Sinadura-bilketa bat izan zen lehendabizikoa. Dokumentu hark zioen protokoloetan ezarritako neurriak ez direla justifikatzen ikuspuntu mediko-zientifikotik, “gaixotasun horri buruzko egungo ezagutzaren eta ikerketa berrienen emaitzen arabera”. Horrez gain, honakoa salatzen zenuten: “Haurren bizi-beharrekiko eta oinarrizko eskubideekiko erabateko sentsibilitate-falta” dutela neurriek eta “askoz ere ondorio kaltegarriagoak ekar ditzakete[la] neurri horiek, kutsatzeak berak baino, dagoeneko krisi honek gogor kaltetutako haur eta gazteengan”. Zer-nolako harrera izan zuen adierazpen hark?
N. R.: 800etik goiti sinadura jaso ziren eta ondoren Nafarroako Hezkuntza Departamenduan aurkeztu genituen. Sinadura horiekin guztiekin Hezkuntza Zuzendari Nagusiari bilera bat eskatu zitzaion protokoloak berrikusi ahal izateko, baina ez dugu erantzunik jaso.
J. L.: Sinadura-bilketaren ondotik, Nafarroako ikastetxeetako zuzendaritza-talde guztiak gonbidatu genituen protokoloak malgutzera. Eredu bat bidali genien protokoloko hainbat puntu gehiegizkoak zirela justifikatzeko arrazoiekin, zuzendaritzek eurek Hezkuntza Departamendura bidaltzeko. Zuzendaritza-talde ugarik gutuna bidaltzea lortu genuen, eta era horretan, zuzendaritzek onartzen zuten de facto hemen Nafarroan 6-12 urte bitarteko haurrak kalean musukorik gabe egon daitezkeenean eskola-garaian patioan musukoarekin egon beharra inkoherentea dela; hamaiketakoa kanpoan egitea eskatzen zen Lehen Hezkuntzan ere (Bigarren Hezkuntzan hala egiten dute dagoeneko); eta materiala atera ahal izatea eta partekatzea.
G. R.: Horrez gain, zentro bakoitzak bere testuinguru propioa duela ikusita, ikastetxe bakoitzak bere testuingurua aztertzera gonbidatu genituen eta guk adibide moduan puntu batzuk bidali bagenituen ere, bakoitzak bere kasu zehatzak berrikusi zitzala. Gure kasuan, Beran zehazki, klaustrokide guztien adostasuna lortu zuten puntuekin bidali genuen eskutitza Nafarroako Hezkuntza Departamendura neurri horiek malgutzeko eskatuz.

Zein puntu ikusten dituzue protokoloan ezinbestean malgutu beharko liratekeenak?
J. L: Maskararen erabilera, hamaiketakoa kanpoan egitea eta materiala partekatu ahal izatea lirateke puntu nagusietako batzuk Nafarroako eskoletan ezarri den protokoloari begira malgutzea eskatzen ditugunak. Musukoari dagokionez, hemen Nafarroan kontraesana nabarmena da, adibidez: 12 urte arte haurrek ez dute kalean derrigorrez musukoa erabili behar, aldiz, 6 urtetik aurrera patioan musukoarekin derrigorrez egon behar dute. Guk patioan derrigorrezkoa ez izatea eskatzen dugu 12 urte arte musukoaren erabilera. Hamaiketakoarena ere puntu garrantzitsua da: hamaiketakoa Lehen Hezkuntzan gela barruan jaten da (Bigarren Hezkuntzan ez), eta gutun hartan esaten genuen askoz logikoa dela hamaiketakoa kanpoan jatea, hain zuzen ere, kutsatzeko arrisku handiena gela barruan dagoenean eta goiz osoa bertan eman dutenean. Maskara kendu behar duten momentua izanik, askoz egokiagoa ikusten dugu hamaiketakoa kanpoan egitea. Era berean, eskatzen genuen materiala patiora atera ahal izatea, gero kalean partekatzen dute-eta.
G. R.: Musukoari dagokionez, baita ere, hasieratik eskatzen dugu haurren artean metro eta erdiko distantzia egonik, ez egon behar izatea egun osoan musukoarekin.
N. R.: Maskararen erabileraren inguruan betebeharrak desberdinak dira Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan eskolara itzultzeak bazeukan puntu gogor bat, zeren 12 urte artekoek uda guztia musukorik gabe igaro zuten eta eskolara iristean musukoa erabiltzera behartuak zeuden; eta ondotik, eskolatik aterata ken zezaketen berriro. Bazegoen arriskua musukoa eskolarekin lotzeko. Lehen ere egon bazeuden eskolara joan nahi ez zuten umeak eta haientzako zama bat gehiago izan da musukoarena. EAEn desberdina da, han etxetik atera orduko maskara derrigorrezkoa dute 6 urtetik gorakoek.

Kontingentzia-planek kontraesanak dituztela ikusaraztea izan da zuen lan-lerro garrantzitsu bat. Zein lirateke kontraesan nabarmenenak?
J. L.: Ikastetxeen kopuru handi batek protokoloa ez du ehuneko ehunean betetzen, hasteko, ezinezkoa delako, kasu askotan ez dagoelako baliabiderik, neurrien kasuan, esate baterako.
Kontraesanak maila guztietan daude: ikasleak ezin dira beste taldeetako ikasleekin nahasi, ezin dute elkarrekin jolastu; baina autobusean elkarren ondoan joan daitezke, adibidez. Jantokian elkarren ondoan egon daitezke (metro eta erdiko distantzian ahal denean), musukorik gabe. Irakasleok neurriak bete eta betearazi behar ditugu, eta, hori egin ezean, espedientea zabalduko digutela jakinarazi digute. Baina administrazioa baldin bada neurriak betetzen ez dituena, ez da deus gertatzen. Neurri horietariko beste bat ikasleak metro eta erdiko distantzian egotea da. Baina gela askotan ezin da bete… Kasu horietan, neurria ez betetzeak ez dakar ondoriorik. Bestetik, kontingentzia-planetan behin eta berriro esaten zaigu ezin dela materiala partekatu, ikasle bakoitzak berea izan behar duela eta gelako material komuna ezin dela erabili, baina, bat- batean, esaldi bakar batean jartzen du ezinbestekoa denean materiala partekatu ahal izanen dugula. Horrelako adibide aunitz daude.

Kontraesanez gain, protokoloko hainbat puntu ez direla argiak diozue; horrek interpretazio aunitz ekar ditzake, ezta?
J. L.: Protokoloan badaude hainbat puntu ez daudenak oso argi. Esate baterako, Nafarroan ez dago argi Gorputz Hezkuntzako ikastorduan zer gertatzen den musukoarekin. Kirol ekintzak egiteko garaian musukoa ez denez derrigorrezkoa, eskola batzuek ulertzen dute Gorputz Heziketan ez dela derrigorrezkoa; beste batzuek, berriz, erabiltzera behartzen dute.
Irteerak egiteko garaian ere ez dago ezer zehaztua; gurasoak ezin dira eskolan sartu, baina irteerak kanpora egiten direnez, ulertzen da gurasoek lagundu dezaketela? Protokoloan ez denez agertzen, ikastetxe batzuetan ez dituzte irteerak eginen, aldiz, beste batzuetan, bai.
Gurasoen kasuan, hasierako protokoloaren arabera, ezin ziren ikastetxera ezertara sartu (protokoloaren berri emateko bilerara justuki sartu ahal izan ziren), gero baimena eman zen sartzeko eta gero berriro kendu egin da eta ezin dira sartu. Zoramena da!
N. R.: Jakin arren kanpoan eta aire librean kutsatzeko arriskua txikiagoa dela, Erkidegoan zailtasun are handiagoak dituzte ikastetxetik ateratzeko edo irteerak egiteko. Talde handiekin bi heldu atera behar dira, baina gurasoek ezin dute lagundu, burbuilak hausten direlako, eta irakasleen artean moldatzea kasu askotan ezinezkoa da, baliabide faltagatik. Bitartean, Musikako irakaslea ibil daiteke ikastetxe guztian goiti beheti, gelarik gela, burbuilak hautsiz.
Burbilen puntua ere halamoduzkoa da: gure ikastetxean [Irunen], esate baterako, Erlijioa emateko haur gutxi dagoenez, gelak nahasten dituzte, lehenengo eta bigarren maila, esate baterako, elkarrekin jartzen dituzte. Bestela ezin ditugu deustarako nahastu, baina gero gela barruan elkartzen dituzte saio bat egiteko. Inkoherentzia handiak ikusten ditugu egunero.

Protokoloak zer aukera uzten dio ikastetxeari neurriak bere errealitatera egokitzeko?
J. L.: Ikastetxetik ikastetxera, protokoloa oso modu desberdinean aplikatzen dela ikusten dugu. Batzuetan oso modu zorrotzean, eta beste batzuetan, malguago. Horrek badauka zerikusia ikastetxearen tamainarekin, alde batetik. Nafarroan ikastetxe asko txikiak dira. Baina badu zerikusia, baita ere, ikuskariarekin. Puntu berbera, ikuskari baten arabera eskola batean malgutzen da eta beste ikuskari baten arabera, beste eskola batean, ez da malgutzen; ikuskariek ere euren irakurketak egiten dituzte.
Horrez gain, protokoloak baditu zirrikitu aunitz, interpretazioei bide ematen dietenak: aipatu dugu ikasleek ezin dutela materiala partekatu esaten dela, baina beharrezkoa denean, egin dezakete; nork erabakitzen du noiz den beharrezkoa?

Protokoloak protokolo, haurrak nola ikusten dituzue?
G. R.: Haurrak denetara ohitzen dira, gainera, ez daukate ahotsik. Hau egiteko esaten badiegu, hori egingo dute; eta kontrakoa egiteko esaten badiegu, bada hura egingo dute. Ez dute, gainera, kexatzeko espaziorik ere. Nork entzuten die haurrei? Agian bakarren batek botako du etxean purrustada, eta gurasoek entzungo diete, baina gehiago ez. Ezin dute kexatu.
N. R.: Haurrak eskolara pozik doazela eta etxera kontent itzultzen direla ikusita, uste dut, agian, guraso batzuk erlaxatu egin garela. Aurrera goaz eta pentsatu nahi dugu haurrak ez direla hain gaizki egongo. Dena den, haur batzuei ikusten zaizkie zailtasunak, lehendik ere erlazionatzeko erraztasunik ez zeukaten umeen kasuan nik ikusi dut gehiago kostatzen ari zaien kasurik.
G. R.: Konfinamendua zein baldintzatan pasa duten, horrek badu eraginik. Hemen, Beran esate baterako, konfinamendua etxe handietan pasa dute haur askok, eta horrek oso zaila den egoera erraztu egiten du.
N. R.: Aldiz, haur eta nerabe askoren errealitatea oso bestelakoa izan da. Ikasle askoren egunerokoa oso gogorra da, haietako asko ez daude ezta pisu batean ere, logela batean bizi dira familia osoa, eta agian ez daukate leihorik ere. Beraz, baldintza horietan dauden familiek edozer gauza eskertzen dute. Baina ezin dugu horretan gelditu.
J. L.: Haurrak hainbeste denboran musukoarekin ibili behar izateak ni asko kezkatzen nau. Helduok askotan gaizki erabiltzen badugu, pentsa haurrek nola erabiltzen duten! Ukitzen dute, lurrera erortzen zaie eta berriro jartzen dute, ahoan sartzen dute, listuz eta mukiz betea edukitzen dute... eta hori da arnasten dutena. Eta horrekin egunero-egunero. Gainera, ez dakigu noiz arte egon beharko dugun musukoarekin; ez dakigu, ezta ere, hainbeste ordu jarraian musukoa erabiltzeak epe luzera zer ondorio ekar ditzakeen, ez daukagu ideiarik ere. 2-3 urteko umeen kasuan, esate baterako, euren bizitzaren zati handi bat musukoak ikusiz pasa dute, eta hori beldurraren adierazpena da, “ez dizut aurpegia erakusten erakustea arriskutsua delako”. Haurrengan izugarrizko zama jarri dugu, gogoratu behar dugu hasieran zer esaten zen haurren inguruan, eta eurek barneratu dute maskara jartzen ez badute norbait kutsatzen ahal dutela, edo amatxi hil daitekeela euren erruz, eta niri oso larria iruditzen zait haurrengan jarri dugun zama hori.
G. R.: Aurpegiak ikustearekin lotuta, guretzat puntu garrantzitsua da eta espreski eskatu dugu, maskara erdi- gardenak erabili ahal izatea haurrek eta ukatu egin digute. Badakigu, ordea, EAEn borrokatu ondoren utzi dietela haurrei eskolara maskara erdi- gardenekin joaten. Ezagutzen dugu kasurik, halako maskararekin joan haurra ikastetxera, hura gelatik atera, galdeketa bat egin, musuko hura ezin zela erabili esan eta gurasoa zuzendaritzan kexatu eta dokumentazioa bidali ostean, zuzendaritzak barkamena eskatu eta baimena eman diotena.
Eta familiak nola ikusten dituzue? Hatsa Batzarrean hasieratik daude familiak.
J. L.: Hatsara hurbildu diren familia guztiak bat datoz neurriak gehiegizkoak direla esatean, eta malgutzearen aldekoak dira. Horrez gain, badakigu beste guraso asko ere arduratuta daudela protokoloak gehiegizkoak direlako. Begibistakoa da helduek neurriez paso egin eta musukorik gabe egoteko tarteak bilatzen dituztela, baina haurrek ezin dute salto egin.
N. R.: Guraso askorengan beldurra agerikoa da: haurrek konfinamenduan pasatu duten guztiaren ondotik ez dute gehiago sufritzerik nahi, eta maskara erabili beharra ordu luzez sufrimendu bat bezala ikusten dute guraso askok, eta zalantza handiak dituzte. Beste askok, berriz, kutsatzeari diote beldurra...
G. R.: Hainbat lekutan gela bereko gurasoen arteko konfrontazioa sortzeko arriskua ekarri du egoera honek, eta baita gurasoen eta irakasleen artean sortzekoa ere. Pena da.
J. L.: Gurasoekin ebaluazio-bilerak eduki ditugu eta, nahiz eta gurasoak ados egon guk eskatzen dugun honekin guztiarekin, gehienek erraten dute haurrak gustura etortzen direla eskolara, eta horrekin lasai gelditzen dira. Badakite hau egoera gogorra dela haurrentzat, baina egokitu direnez, ataka zail honetatik pasa beharra bezala ikusten dute eta kito.
G. R.: Baina gurasoak kontent daude, neurri batean, protokoloa malgutasunez betetzen dugulako, eta haurrak ongi daude irakasleok protokoloaren zirrikituak baliatzen ari garelako ongi egon daitezen. Baina protokoloa zorroztasun handiagoz beteko bagenu, seguraski haurrak okerrago iritsiko lirateke etxera eta gurasoak, seguraski, gehiago kexatuko lirateke. Irakasleok, neurri handi batean, filtro-lana egiten ari gara protokoloaren aurrean haurrak ongi egon daitezen.

Irakasleon lana nola baldintzatzen dute neurriek? Egoera honetan irakaskuntza berdina da?
N. R.: Oso gogorra da polizia-lana egin behar izatea. Ikasturtea hasi genuenean, adibidez, hainbeste denboran elkar ikusi gabe egon ondoren, besarkatzeko gogoz etortzen zitzaizkidan haurrak, eta baita euren artean elkar ukitzeko gogoz ere. Niri izugarri gogorra egin zitzaidan ez ni ez elkarren artean ukitu ezina eta polizia bezala ibili beharra.
J. L.: Protokolo honek aukera ematen du, nahi izanez gero, oso diktatoriala izateko. Beldurraren izenean, garai bateko hezkuntza-eredura itzultzeko arriskua daukagu. Zorionez, irakasle gehienok ez gara horrelakoak eta ez zaigu eredu autoritario hori gustatzen, baina egoerak ematen du aukera hezkuntza-ereduan atzerapausoak egiteko. Egia dena da eskolak orain arte bezala ematea ez dela erraza gauden egoeran, baina irakasleok ahalegina egiten dugu lehengo egoeran bezala ematera hurbiltzeko. Kasu batzuetan, ordea, nabarmen ez zaigu uzten: guk, esate baterako, taldeka lan egiteko aukera eskatu genion ikuskaritzari, eta egunean zehar tarte batez taldeka egoteko aukera soilik baimendu zigun eta beraz, guk momentu honetan ezin dugu taldelana behar beste egin. Inboluzio pedagogikoak ari dira gertatzen derrigorrez, urteetan egindako lan kooperatiboa, emozioen hezkuntza eta beste hainbat alorretan atzerapausoak egin dira.
G. R.: Baldintza hauetan irakaskuntza ez da lehengo berdina, ez noski. Baina ikustekoa izango da kanpo-azterketen eskakizuna berdina den ala azterketen eskakizun-maila egoera honetara egokituko ote den.
N. R.: Ikasle askorentzat oso zaila ari da izaten eskolekin aurrera jarraitzea, besteak beste, iazko ikasturtean ez zirelako iritsi gutxieneko helburuak betetzera, eta errepikapenaren neurria ezin zenez ezarri, aurrera jarraitu dute ikasle horiek, baina hutsune nabarmenarekin ari dira ikasturte honetan aurrera egin nahian.
Horrez gain, hizkuntzarekiko zailtasunak handiagoak dira. Haur askorentzat ikastetxea da euskarazko komunikazio egoerak gauzatzeko testuinguru bakarra. Ni LH3-ko irakaslea naiz eta atzerritik etorritako familietako ikasle asko dauzkat. Euskara-maila baxua dute eta musukoarekin komunikazioa zailtzen denez, hizkuntzak ikasteko garaian guretzat oso gogorra ari da izaten musukoaren erabilera.

Lau hilabete badira eskolak irekita daudela. Orain, zer sentipen dituzue?
G. R.: Hasieran beldurra ematen zuen eszenatoki hura ez da bete protokoloa malgutasunez betetzen dugulako eta zirrikituak baliatzen ditugulako. Irakasle asko saiatzen ari gara dena normaltasun baten barruan eskaintzen, ezer larria gertatuko ez balitz bezala jokatzen eta aurrera egiten. Eta esan dugu, haurrak denera egokitzen dira.
N. R.: Nik erlaxazioa ere ikusten dut. Onerako zein txarrerako. Hasieran, egia da, presio handia zegoen. Familien aldetik presio handia sentitzen zuten zuzendaritza-taldeek. Denborarekin eta ikusita ez dela kutsatze asko izaten ari eta ez dela deus larria gertatzen ari, presio hori lasaitu egin da, zorionez. Baina, aldi berean, erlaxatu gara, baita ere txarrerako; haurrak ongi daudela ikusi nahi dugu eta ez dugu harago egiten benetan ongi egon daitezen.
G. R.: Aldiz, posible da gauzak aldatzea. Adibide bat jarriko dut: Legasan eskola txikia daukate. Patioak bost gelak jaisteko aukera ematen du, baina euria egiten zuenean talde bat aterperik gabe gelditzen zen, eta hortaz, gela bat patiora irten gabe gelditu behar izaten zen. Gurasoak elkartu ziren eta kexatu ziren, ikuskaritzara kexa bidali zuten eta azkenean frontoia banatzeko onespena eman zieten. Kexatu ez baziren, haurrak gelan gelditu beharko ziren euria egiten zuen egunetan, denok dakigunean kanpoan askoz kutsatze arrisku txikiagoa dagoela. Hau da, denok ahotsa altxatuko bagenu erosotasunean egon beharrean, gauza gehiago aldatzea lortuko genuke, neurri asko gehiegizkoak baitira.

Lau hilabeteren ondoren, zuen helburu nagusia, une honetan, zein da?
J. L.: Lehenik eta behin, protokoloak malgutzea. Ahalik eta jende gehien sentsibilizatu nahi dugu aldarrikapen horrekin.
Gu geu, pertsonalki, konbentzituak gaude protokoloak dauden honetan kendu egin beharko liratekeela; lau hilabeteotan ikusi dugu ez dela ikastetxeetan kutsatze masiborik egon. Ikusi ahal izan dugu haurrak oso kutsatzaile txikiak direla, hasiera batean esaten zenaren guztiz kontra. Protokolo hau haurrak eta nerabeak transmisioan bektore garrantzitsuak direla pentsatuz egina dago, eta uste dugu nahikoa demostratua dagoela ez dela horrela, hilabete hauetako esperientziak argi erakutsi digu.