Europako irakasleen ordutegiak eta ordainsariak

1998-06-01
Frantziako Hezkuntza Ministeritzak Europar Batasuneko 4,5 milioi irakasleren lanorduak eta ordainsariak konparatzeko ikerketa bat burutu du. Eta atera duten ondoriorik nagusiena zera izan da: frantsesak ez direla ez pribilegiatuenak eta ezta kaltetuenak ere.
 
 
Egindako ikerketaren arabera, Europan bi estatus mota bereiz daitezke Hezkuntza Sistemari dagokionez:

1- Alde batetik, lan kontratuan irakaskuntza denbora soilik dutenak finkaturik. Estatu gehienak egoera honetan aurkitzen dira: Frantzia, Alemania, Irlanda, Luxenburgo...)

2- Bestetik, lan kontratuan irakaskuntza denboraz gain beste jardueretarako (klaseen prestakuntza, azterketa eta lanen zuzenketa, gurasoekiko bilerak...) denbora ere arautua dutenak. Estatu gutxi batzuk dira egoera honetan daudenak (Grezia, Espainia, Italia, Holanda). Ikerketa honen arabera, aipatu jarduera hauetarako araututako denbora %33-40 ingurukoa da Lehen Hezkuntzan eta %40-50 ingurukoa Bigarren Hezkuntzan. Britainia Handian, berriz, irakaskuntza eta beste jardueretarako orduen banaketa zuzendariaren esku dago.

Frantzia lehenengo taldeko estatuen artean dago, hots, irakaskuntza orduak soilik hartzen dira kontuan. Hala ere, Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza ordu bakoitzeko beste lanetarako beste ordu bat behar dela estimatu dute. Beraz, astean 36 ordu inguruko lana egin behar dute, nahiz eta 18 soilik egon arauturik.



Lehen Hezkuntzako orduak

Lehen Hezkuntzari dagokionez, Frantzia da irakaskuntza ordu gehien eskaintzen duen estatua: 910 ordu urteko. Grezian 656 ordu dira, Danimarkan 750 eta Italian 748.

Lan ordutegi osoa kontuan hartzen bada, ordu gehien lan egiten dituzten estatuak hauek lirateke: Danimarka (1680 ordu), Holanda (1520) eta Espainia (1537). Azken bi hauetan asteko 37-38 ordu izango lirateke.

Ordainsariei dagokienez, lanean hasi berriak diren irakasleen eta 15 urte edo gehiago daramatenen arteko ordainsarien arteko desberdintasuna leku batzutan handiagoa da. Frantzian, esaterako, %87ko diferentzia dago lehenengoen eta bigarrengoen artean. Austrian, berriz, %100koa. Hasi berriak direnen artean, Alemaniakoak dira gehien irabazten dutenak; 134.000 libera (3.350.000 pta).



Bigarren Hezkuntza

Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza orduak jeisten diren bitartean, ordainsariak igo egiten dira. Honen arrazoia irakasleek prestaketarako eta zuzenketarako behar duten ordu kopuru handian bilatu behar da. Orokorrean, beraz, Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren artean irakaskuntza orduen jeitsiera atzematen da, baina salbuespenak badaude. Danimarka, Holanda eta Britania Handia, esaterako.

Danimarkan, adibidez, irakasleek 1680 ordu egin behar dute lan, eta hauetatik 750 dira irakaskuntza orduak. Frantzian, ordea, azken hauek 630 dira eta Italian 612.

Alemania, Grezia, Italia eta Portugalen irakasleriaren adina kontuan hartzen dute ordu kopuruen banaketa egiterakoan. Hau da, adina handitu ahala lanorduak gutxitu egiten dira. Horrela, Portugalen jubilatzear dagoen irakasle batek hasieran baino %40 ordu gutxiago egiten du lan.

Ordainsariei dagokienez, ia estatu gehienetan Bigarren Hezkuntzako irakasleei Lehen Hezkuntzakoei baino gehiago ordaintzen zaie. Salbuespenak Grezia, Portugal eta Britainia Handia dira, hauetan berdin ordaintzen baitzaie.



Formakuntza

Europako irakasleria kopurua neurtzen hasita, Europar Batasuneko populazio aktiboaren %2,6a osatzen duela esan behar da. Irakasle izateko titulua lortzeko egin behar diren ikasketak antzekoak dira estatu guztietan. Selektibitatea edota lekuan lekuko frogak gainditu ondoren, irakasle eskoletan ikasten dute.

Frantzian ordea ikasketak konplexuagoak edo luzeagoak irakaskuntzarako karrerak prestatzeko institutuak daude, baina hauetan ikasi ahal izateko, lehenengo hiru urteko ikasketa unibertsitarioak egin behar dira.

Bestalde, Alemania da irakasle itzeko ikasketa mailarik altuena eskatzen duen estatua. Baina era berean, bera da ordainsaririk eta estatusik hoberenak eskaintzen dituena ere.

Gainontzeko estatu gehienetan ikasketak egin ondoren lortzen duten titulazioa diplomatura mailako da (Britania Handian, Danimarkan eta Holandan ezik).

Dena dela, irakasle titulua lortzearekin ez da bukatzen ikasteko beharra. Denok dakigu irakasle lanak etengabeko prestakuntza eta berritzea eskatzen duela. Hori dela eta, estatu batzutan derrigorrezko etengabeko formakuntza ezarri dute:

- Finlandian eta Suedian hiru eta bost egun arteko prestakuntza eskatzen dute urteko.

- Grezian bost edo sei urtero ikastaroak egitea eskatzen da.

- Eskozian 50 ordu eskatzen zaie ikasturteko eta bost egun lan egutegitik at.

Hala ere, estatu gehienetan prestakuntza ikastaroak borondatezkoak dira. Normalean lanorduen barruan baina irakaskuntza orduetatik kanpo izan ohi dira.