0-3 urteko haurrak eta euren eskolak
297/2002 dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoan zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan arautzen dituena.
Horrela dio hainbeste zeresan eman duen dekretuak. 0-3 urte bitarteko hezkuntza etapa arautu gabe zegoen, eta dekretu horrek arautu egin du, baina behin-behinerako. Esan nahi baita, bertan zehaztutako guztiak izaera iragankorra eta esperimentala duela eta 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetara mugatuko dela. Gauzak horrela, 2004-2005 ikasturterako dekretu berria aterako da, behin-betikoa izango dena.
Urteetan zehar eztabaidatu den behin-behineko dekretua Eusko Jaurlaritzako lau Sailen artean egina da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saila, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Saila.
Dekretuaren xedea da Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Planean egindako aurreikuspenak betetzea. Plan horren helburu nagusia familia bizitzaren eta laneko bizitzaren arteko elkar ulertzea lortzea da.
Horrela bada, dekretuak EAEn 0-3 etapa antolatzeko irizpideak ezarri ditu: helburuak, kalitatearen baldintzak (hezkuntza proiektua, ratioak, hizkuntz trataera, ordutegia eta egutegia, hezitzaileak eta instalazioak), zentroen titulartasuna eta baimen prozedurak. Dekretuak lehen zegoena eta sortzen ari den berria bateratzea du xede, bientzat balio behar du. Zentzu horretan, dekretuarekin batera arau ugari ari dira garatzen.
Nafarroan, ordea, oraindik ez dute dekreturik egin eta horren zain daude. Lehen zirriborroa egina dago eta orain bigarrena egin da. Itxura guztien arabera, maiatzerako dekretua egina egongo dela dirudi.
Iparraldean egoera bestelakoa da. Ez dago dekreturik eta Hezkuntza Ministeritzarentzat hezkuntza 3 urterekin hasten da. Adin horren azpitik dauden haurrak haurtzaindegietara edo zaintzaileen etxeetara eramaten dituzte, eta batez ere zerbitzu asistentzial bezala hartzen da, nahiz eta alderdi hezitzailean ere arreta jarri.
Edonola ere, orain arte 0-3 etapa arautu gabe egon arren, hainbat eskaintza existitzen dira egun:
- Udal haur eskolak: udalaren eskuetan daudenak EAEn, Nafarroan nahiz Iparraldean.
- Haur eskola pribatuak: instituzio publikoen eskuetan ez dauden 0-3ko zentroak izango lirateke eta Euskal Herri osoan daude.
- Eskola pribatu kontzertatuak: ikastetxe kontzertatuek zabaldutako gelek osatzen dute (La Salletarrek, ikastolek...). Batzuetan 2-3 gelak izaten dira, eta beste batzuetan 0-3. Orain arte 0-3ko gutxi egon dira, baina dekretuaren ondoren gehiago ari dira zabaltzen. Iparraldean ez dago horrelakorik.
- Eskola publikoak: eskola publikoetan dauden 2-3 urteko gelek osatzen dute EAEn eta Nafarroan. Añorgako Amasorrain ikastola da 0-3 daukan bakarra, publifikatu aurretik ere bazeukalako. Gainontzekoek 2-3 soilik dute, Gasteizkoek izan ezik. Hor udal haur eskolek eskaintzen dute etapa hori, eta ikastetxe publikoek ez.
- Etxe pribatuetako zaintzaileak: haur talde txiki bat etxean jaso eta zaintzen duten gizon-emakumeak dira. Badute prestakuntza eta titulua eta euren lanari jarraipena egiten zaio. Horrelako kasuak Iparraldean topa ditzakegu.
EAEko dekretuaren gaineko iritziak
Jakina denez, EAEn 0-3 urte bitarteko haurren haur eskolak arautzeko dekretuaren ezarpena ez da oharkabean pasa eta kirtika ugari jaso ditu. Ez da asebetetzen ari sortu ziren espektatibak; ez arlo sindikaletik, ez Haur Eskolen Koordinakundearen aldetik, ez gurasoen aldetik... guztien aldetik entzun dira kexak.
Punturik kritikatuenak hauek izan dira:
- Ikuspegi hezitzailea/asistentziala
- 0-3 zikloaren puskatzea
- Publikoaren eta pribatuaren arte-
ko desoreka
- Ordutegia
- Finantziazioa eta diru laguntzak
- Kuotak
- Eskola maparik eza
Haur Eskolen Koordinakundearen
eta Adarra Pedagogi Taldearen iritziak jaso ditugu jarraian.
Betiko haur eskolen iritzia jasotzen
Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundea
Gaur egungo egoeran pentsatzen hasita, lehen lehenengo sentsazioa frustrazioarena da. 0-3ko Dekretua badugu, baina zertan geratu da hainbeste amestu dugun Haur Hezkuntza, Haur Hezkuntzarik izango badugu behintzat?
Inondik ere ez da eraman gaia Haur Eskolen Koordinakundeak (beste kolektibo askorekin batera) azken urte luze hauetan jorratutako ildotik. Pauso batzuk eman dira, eta zilegi da horiek aipatzea, gure kezka eta minak azaltzen hasi aurretik. Dekretuaren ondorioz:
1) 0-3ko ardura legez definituagoa geratu da, lehen airean baitzegoen.
2) Finantziazio handiagoa izango dugu eta, ondorioz, biziraupena ziurtatuagoa.
3) Sare publikora pasa ahal izateko zirrikitua ireki zaie pribatu modura funtzionatzen zuten haur eskola historikoei.
4) 0-3ko plaza gehiago izango diren horretan, gizarteari eskainitako zerbitzua areagotu egingo da.
Baina, hori horrela bada ere, hasieran aipatutako frustrazio sentsazioa handiegia da haur eskolen gaitik tiraka ibili garenontzat.
Eusko Jaurlaritzak PPren Kalitate Legea (LOCE) aurreikusi du egin duen Dekretuan eta horren aldeko apustua egin ere bai, argi eta garbi. Tamalgarria da, kontuan hartzen badugu gainera, gure Erkidegoan genuen egoerak (eskolatze maila altuena duen erkidegoa delako) gauza txukun bat egitea errazten zuela. Jaurlaritzak aukera hori galtzen utzi du kontzienteki eta 0-3ko Dekretua era esperimentalean ezarri badu ere, beldur gara hemendik aurrera ematen joango diren pausoek egoera okertu besterik ez ote duten egingo. Penaz diogu, baina gure sentsazioa da behingoz gauzak txukun egiteko genuen aukera hori, betiko galdu dugula. Eta hemen gizartea izan da galtzaile, baina, inor baino gehiago, haurra.
Dekretua ez da joan hasieran abiatu zen bidetik, haurra helburu hartuta eta hezkuntza haurraren eskubide unibertsala dela aintzat hartuta. Aitzitik, gure Dekretuan beste interes batzuk nabarmendu dira: ekonomia, jaiotze tasa, landa garapen politika..., eta hori guztia suspertzeko, haurren existentziak sortzen duen arazoari irtenbidea eman beharrean izan dira. Nola ulertu bestela, adibidez, landa eremuetako haurren eta gainerako haurren artean egin dituzten bereizketak? Zer dira haiek, bigarren mailakoak? Zer dela eta haientzat kualifikazio gutxiko hezitzaileak eta definizio eskaseko zentroak? Kalitatea . Zenbat aldiz entzun diogu gure Hezkuntza sailburuari kalitatezko haur eskolak zabalduko dituztela? Kalitateaz hitz egiten hasteko oinarrizko baldintza bat bete beharra dago, Jaurlaritzak bermatuko ez duena: irakasle/ikasle kopuru eramangarria ezartzea. Eramangarria haurrak hezitzera iristeko. Hori bezain sinplea da.
Guk urte askotako esperientziatik diogu Jaurlaritzak ezarri dituen ratioekin ezinezkoa dela heziketa lan bat egitea, ezin izango dugulako horretarako girorik sortu hainbeste haurrekin. Europako nazio aurreratuen ereduari begiratu diotela diote, hori lau haizeetara ozenki zabalduz. Datuak alderatuko ditugu, eta irakurleak epai dezala.
Gizarteari iruzurra. Hezkuntza sailburuak zabaldu duen beste ideia honakoa da: Jaurlaritzak irekiko dituen haur eskolek familia eta lana uztartzea izango dutela helburu. Horretarako, badirudi edozein eskaintzak balio izango duela: haur eskolek gurasoen beharrak asetuko dituzte 12 orduz irekita egonez, gauez ere irekiko dira behar izanez gero, ordutegi malgua izango dute, eskaintza mota ugari egongo dira... Agerraldi bakoitzean gauza berri eta utopikoagoak entzuten dizkiogu, gaur egungo egoera ekonomikoan bete ezin izango direnak. Lau sosekin egin nahi dutena txapuza hutsa da, eta hori aurretik badakite. Gainera, zer irtenbide emango diote eskola/ikastoletako 2 urteko haurren gurasoek duten ordutegi zabalaren premiari? Eta 3, 4 eta 5 urtekoen gurasoei? Horiei ere zergatik ez? Edo haur horiek oso autonomoak dira helduaren laguntzarik gabe moldatzeko?
Dekretua inposaketa bat izan da. 0-3 urte bitarteko heziketan eskarmentua genuenoi ez zaigu entzun, eta urteen poderioz mamitu eta egoki zela (baita Europan ere) frogatuta zegoen haur txikientzako gure heziketa eredua ez da jaso ere egin.
Dekretu honek30 urte atzera garamatza. Aspaldian gaindituta zegoen asistentzia kontzeptua da berriz ere indarrean jarri dutena eta hori atzerapauso penagarria izan da; norbaitek esango lukeen bezala, inboluzio hutsa.
Dekretu honek0-3 zikloa puskatu du eta pedagogia aldetik eredu desegokia bultzatu. Eskoletan 2 urteko gelak soilik onartzeak, pedagogia arloan eredu desegokitara garamatza. 2 urteko geletan eredu eskolarra da ezartzen dena (kolektibo askok desegokitzat jotzen dutena, besteak beste, haurren erritmoak errespetatzeko zailtasun handia ekartzen duelako), eta 0-2ko tartea erabat eskas geratzen da heziketaren proiektua gutxieneko batzuekin biribiltzeko.
Ez gaude, ez, pozik Dekretu honekin. Guraso gehiegi (eta askotariko interesak) ditu, hainbeste Sailen artean ardurak banatuta, eta gainera, udalen erabakien baitan uzten du maila handi batean etorkizuna. Horrek ahuldu egin du abian jarri den proiektua. Proiektua forcepsekin jaio da eta denbora asko baino lehen larrialdietako zainketa medikua beharko du itxuratzeko. Etorkizuna hobetuko ote zaigu? Orain dute aukera atera behar duten dekretu berriarekin gauzak zuzentzen hasteko. Ez al da okerrago geratuko, baldinbaitere!
Adarra Pedagogia Taldearen iritzia
Eusko Jaurlaritzak haur eskolak arautzeko behin-behineko dekretua argitaratu zuen 2002. urtean. Bertan bi urteko epean, eta ebaluazio baten ondoren, erabaki berriak hartuko zirela zehazten zen. Dagoeneko 2004. urtean gaude eta araudi hori honako arrazoi hauengatik errefusatzen dugula adierazi nahi dugu:
- Dekretuak eskola pribatuetan plazak sortzea laguntzen du eta zentro publikoetan lehen zikloa eskaintzea eragozten du.
- Epe laburrean dagoeneko funtzionatzen duten haur eskoletatik abiatuta, eskaintza areagotzea bermatuko duen eranskin ekonomikorik ez du dekretuak.
- Dekretuak ez du integrazio sozialik bultzatzen, ez baitu laguntzarik gabeko talde soziokulturalen aldeko neurririk ezartzen.
Egungo araudia onartezin bihurtzen duten arrazoiak salatzeaz gain, Haur Hezkuntza hezkuntza sistemako lehen maila izan dadin nahi bada, zuzendu behar diren beste alderdi batzuk ere badaude:
1. Dekretu horrek ez du ez baliabideetarako ez administrazioen arteko koordinaziorako neurri zehatzik ezartzen lehen zikloko plazen eskaintza nahikoa izan dadin. Ez du egoeraren diagnostikorik aurkezten epe labur edo ertainera neurriak hartzeko. Ez du zehazten proposatzen duen titularitate publikoko haur eskolen eredua nolakoa izango den. Ez du 0-3ren eskaintzaren hedadura aipatu ere egiten. Ez du argitzen familiek zein instituziotara jo behar duten. Eta urteetan zehar LOGSEren baldintzak bete dituzten zentroen jarraipenik ez du bermatzen.
2. Dekretuak zentro pribatuei baino ez die egiten mesederik. Eskaintza pribatuan lehen zikloa hedatzeko laguntzak bultzatzen ditu, eta aldi berean, eskola publikoari gizartearen beharretara egokitzea eragozten dio. Eskaintza pribatuari legalki bere eskaintza lehen hilabeteetatik Batxilergora arte luzatzeko aukera ematen dio, eta Hezkuntza Sailaren menpe dauden zentroetan 3 urtez azpiko haurrei erantzuteko aukera kentzen du.
3. Dekretuak ez du egungo eskaintzaren aniztasuna (publikoak, pribatuak, kooperatibak...) aintzat hartzen, ez eta aurreikusten duen eskaintzaren maparik aurkezten ere. 3 urtez azpiko seme-alaben familiek ez dakite nora jo, eta zentro publiko bat hautatzen baldin badute, Haur Hezkuntzako 2. zikloan beste zentro batean egin beharko dute berriro ere matrikula. Egun, Lehen Hezkuntzako haurren erdia baino gutxiago joaten da zentro publikoetara, eta pribatuarekiko diferentzia hori handitu egiten da Bigarren Hezkuntzan. Zergatik ez egin mapa bat haur eskolak Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin lotzeko, horiek Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin lotzen diren bezala?
4. Dekretuak 2. mailako zentroak ezartzen ditu herri txikietan. Nekazari guneetarako Zerbitzu Asistentzialak eta Hezkuntza Zerbitzuak aipatzen dira 3 urtez beherako haurrentzat eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren txosten baten baitan daude. Nekazari herriak ez diren 4.000 biztanle baino gutxiagoko herri ugari daude, eta nekazari gunekoak izan arren, 3 urtez beherako haurrentzako kalitatezko eskaintza bakarrak haur eskolen kalitate parametroek aurreikusten dutena izan beharko luke. 3 urtez azpiko haur guztiek ez dute eskolan kokatutako hezkuntza eskaintzarik behar, baina 0-3 eskaintza publikorik ez dagoen herri txikietan eskolak egokitu behar du behar sozialei erantzuteko.
5. Dekretuak ez du integrazio sozialik bultzatzen. Euskal Autonomia Erkidegoan behar eta eskaera anitzeko familia eredu askotarikoak daude. Eskaintza publikoak zabala (derrigorrezkoa izan gabe), malgua (asistentziala izan gabe, baldin eta asistentziala izatea hezkuntza proiekturik ez edukitzea ulertzen bada) eta desberdintasun sozialak gainditzeko modukoa izan beharko luke. Badirudi dekretu honekin ez dela egingo edozein egoera ekonomikotik eskuragarri izango den antzeko eskaintza eskola publikoan eta pribatuan. Hezkuntza Sailak gizarteko eta egungo familietako beharrei erantzuteko erantzukizuna dauka eta baita eskaerarik egiten ez dutenen eta antolatzeko gaitasunik ez dutenen beharrei erantzuteko ere.
6. Dekretua anbiguoa da 2 urteko gelen auzian. Egun ia 300 zentrok dituzte bi urteko gelak. Horrenbestez, dekretu honek neurri ekonomikoei buruzko gehigarri bat eduki beharko luke. Era berean, eskaintza publikoa indartu egiten dela ziurtatu beharko luke, gauzatze epe zehatzak ezarri beharko lituzke, eta ziklo osoa arautu bitartean 2 urteko neska-mutilak ongi zainduak egongo liratekeela bermatu beharko luke.
7. Dekretua koherentea da LOCErekin eta 3 urtez azpiko haurrentzako zerbitzuen izaera asistentziala indartzen du. Eskola eskaintza guztiak familien eta gizartearen beharretara egokitu beharko luke, baina betiere hezkuntza proiektu batetik abiatuta. Oinarri teorikoak, esku-hartzearen helburuak, kriterio metodologikoak, irakasleen zeregina..., horiek guztiak hezkuntza zentroak eta beste zentroak bereizten dituzten ezaugarriak dira.
8. Dekretuak ez du bultzatzen bere ingurunean egokitutako haur eskolarik. Ez da kudeaketa eredurik proposatzen eta ez dira aipatu ere egiten funtzionamendu planak eta zentroek beren proiektuak aurrera eramateko behar duten autonomia. Eta noski, erabat baztertzen dira familien parte-hartzea, kide anitzeko zuzendaritza, beste zerbitzu soziohezitzaileekin, kulturalekin eta osasunekoekin batera aritzea eta abar.
9. Dekretuak ez ditu 1.004 dekretuak ezartzen zituen gutxieneko baldintzak gainditzen, eta premiazkoa da neska-mutil bakoitzeko metroen baldintzak aldatzea. Adin horietan espazioa baliabide garrantzitsuetakoa da, horren baitan baitago lasaitasuna sortzea, ekintzak egiteko aukera, txokoak sortzea eta aniztasunari erantzuteko bitartekoak antolatzea. Hezitzaile/ikasle ratioei dagokienez, beharrezkoa da aurreko dokumentuetara itzultzea. Dokumentu horiek 0-3an esperientzia duten profesionalek onartu zituzten eta Europako parametroei loturik daude; hau da, 5, 8 eta 12 neska-mutil 0, 1 eta 2 urtekoen taldeetan, hurrenez hurren. Adin desberdinetako haurrak elkartu behar diren zentroetan zenbaki horiek berrikusi egingo dira edo hezitzaile gehiago jartzeko aukera aztertuko da.
10. Dekretuak ez du hizkuntza ereduen eskema zorrotza gainditzen. Eskola bakoitzeko hizkuntza proiektuak egiteko garaian, kontuan hartu behar da derrigorrezko hezkuntza bukatzerako elebitasuna lortu behar dela. Horregatik, ereduek ezin dute mugiezinak izan; inguruneari, familia bakoitzari eta haur bakoitzari egokitu behar zaizkie.
Abel Ariznabarreta: "Hezitzailea eta asistentziala, biak eskatzen ditu gizarteak"
ARIZNABARRETA, Abel
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Abel Ariznabarreta Hezkuntza sailburuordea buru belarri dabil 0-3 dekretuaren ezarpena bideratzen ere. Dekretuaren inguruan egin eta entzun diren hainbat kritiken inguruko iritzia eskatu diogu.
Dekretuak sare publikoaren eta pribatuaren arteko desoreka bultzatzen duela salatu dute gurasoek, sare publikoko irakasleek eta abarrek. Zer diozu horri buruz?
Lehenengo eta behin, jendeak esaten duenean titulartasun pribatuko 0-2ko eta 0-3ko eskaintza zabaltzen ari dela, ez da zuzena. Zabaltzen baino gehiago baimentzen ari gara. Orain arte titulartasun pribatuko zentroek ez zuten inolako baimenik behar irekitzeko, eta orain, dekretuak dio baimena beharrezkoa dutela finantzazioa lortzeko. Beraz, orain baimen horiek lortzen ari dira, baina ez dira zentro berriak, ez dira plaza berriak, haur horiek lehen ere hor zeuden.
Orain sortzen ari garen eskaintza berria titulartasun publikokoa da. Partzuergoaren bitartez urtean 1.000 plaza berri sortuko dira eta horrekin desoreka apurtzen ari gara.
Gainera, gizarte honetan badago beste eztabaida bat ere. Zer ulertzen dugu publiko erta pribatu kontzeptuekin? Ez da titulartasuna soilik, eta are gutxiago gure errealitatean, hezkuntza ez publikoa eta ez pribatua ez den izugarrizko esperientzia daukagunean. Gizarte mailan antolatzeko eta sare propio bat antolatzeko gai izan gara eta eskaintza eta zerbitzu publiko izugarria izan da. Gainea, alderdi askotan aitzindaria izan da, ez hizkuntzaren aldetik soilik, baita pedagogian ere. Orduan, publiko-pribatu kontzeptu hertsi hori gainditu egin behar dugu. Europan bueltatxo bat eman eta ikusiko dugu publikoa deitzen den guztia ez dela administrazioarena.
0-3 etapa izan arren, azkenean ez al da bitan banatu eta 0-2 eta 2-3 gelditu?
LOGSE bera egiterakoan izugarrizko eztabaidak egon ziren eta 0-3/3-6 erabakia zorizkoa izan zen. Zergatik ez egin 0-2, 2-4 eta 4-6? 0-3 ez da berez haurraren garapenean etapa finko bat, hori argi dago. Askoz ere etapa txikiagoek funtzionatzen dute. LOGSE egiterakoan helburua zen 3 urtekoen eskolatze orokorra lortzea, eta horregatik ipini zen banaketa hori. Badirudi behin erabaki bat hartu eta ezin dela aldatu. Ez, ez. Hori aukeratako bat da, baina mementoan balioetsi behar da.
Orduan, guk errealitate bat daukagu:2-3 eskolan daukagu eta ongi finkatuta. Prozesua modu nahiko naturalean egin da, ez da batera traumatikoa izan. Onartua dago eta balorazioa ere positiboa da. Beraz, pena litzateke orain hori desmuntatzen hastea.
Dekretuak ratioak aldatu ditu eta aurreko haur eskoletakoak baino okerragoak dira. Ez al da atzerapausoa?
Gauza bi esan behar dira. Bata, orain arte zegoena inork ez zuela kontrolatzen. Hori garbi gera dadila. Nork daki zer ratio zeuden? Administrazioak ez zuen kontrolatzen, eta hemendik aurrera bai.
Bigarrena 8-13 ratioa gehienezkoa da, baina errealitatean gutxiagorekin ari dira zabaltzen.Unitate bakoitzeko 1,5ekin jokatzen dugu kalkulu guztietarako. Horrek ez du esan nahi zortzi haurreko pertsona bakar bat egongo denik. Ordutegiak ez dira denentzat berdinak eta lineala; une batean haur bat egongo da, gero bi, gero hiru eta gero berriz bi.
Ratioena urtero-urtero negoziatzen da. Hau abiapuntua da; goazen balioestera.
0-3ko eskola mapa falta dela ere entzun da behin eta berriz.
Mapa badago eta dinamikoa da. Lehenengo zegoenaren gaineko mapa erreala egin genuen, inork ez baitzuen kontrolaten zer zegoen. Horren arabera, baremazio bat egin genuen eta 1etik 6rako lehentasunak jarri ditugu. Hori mapa bat da eta urtero-urtero eguneratuko dugu.
Partzuergoko kuotak garestiak omen dira.
Garestia da hezkuntzatik begiratuta, baina orokorrean gizartean beste zerbitzu publiko batzuk ordaintzen ditugu. Dena dela, lehen tartea garestia da (180 euro), baina besteak ez hainbeste: 150 eta 135 euro. Azken batean, helburu orokorra familia eta lana bateratzea da eta lanean dabiltzanentzat da. Beraz, suposatzen da sarrera batzuk badituztela. Hala ere, lehenengo sartu direnei garestitxo aterako zaie, baina beste arlo batzuetan konpentsatuko dugu. Joera jaistea izango da.
0-3, hezitzailea ala asistentziala?
Hori baliosteko beti 2-3 tartea hartzen dugu eta hori eskolan dago, 5 ordukoa da eta guztiz eskolarra. Eta gizarteak ez du hori eskatzen. 2-3ak ez die gizartearen beharrizanei erantzuten. Leku batzuetan eskolan Partzuergoak ematen dituen zerbitzuak ematea eskatu dute.
Bestalde, Partzuergoan, nahiz eta ordutegi malgua izan, beste batzuk finkoak izango dira, ez da inor aterako eta sartuko eta ordu horietan hezkuntza proiektua gauzatuko da. Horrekin hezkuntza alderdia bermatu egiten da.
Haurreskolak Partzuergoaren eskaintza berria
Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 37 udalek osatu duten partzuergoa da. Herri horietan 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako haur eskolak sortu dituzte.
Herri gehienak txikiak dira, lenendik adin horietako haurrentzat eskaintzarik ez zuten lekuak. Dena dela, hemendik aurrera udal gehiago ere sartuko dira. Izan ere, urtero 1.000 plaza berri sortzeko asmoa agertu du Partzuergoak. Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergoko gerenteak hala adierazi digu: "Hasieran 31 herri sartu ziren, baina une honetan 37 dira, eta horien artean Bilbo eta Gasteiz. Horietan ere jadanik martxan ditugu haur eskola berriak".
Finantziazioari dagokionez, udalek eraikina jarri dute eta garbitasuna eta zainketa ere beraien ardurapean egonen da. Gainontzekoa Partzuergoaren eskuetan dago.
Partzuergoko kuota guztiak berdinak dira: haurra 4-8 ordu bitartean egoten bada 180 euro, eta 4 ordu baino gutxiago egoten bada 135 euro. Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak errentaren araberako bekak emateko deialdia egin berri du. Udal haur eskoletan, aldiz, adin tarte bakoitzerako kuota desberdinak izan ohi dituzte.
Mementoz orain arteko udal haur eskolak ez dira Partzuergoan sartuko. Izan ere, helburua plaza berriak sortzea da, eskaintza handitzea. Dena dela, udal haur eskolei Partzuergoan sartzeko aukera irekita utzi da. Hala ere, ez da hain erraza izango, hezitzaileen lan kontratuak, baldintzak, titulazioak eta abar desberdinak baitira.
Edonola ere, herritarrek eta udal bakoitzak erabaki beharko du hori, abantilak eta desabantailak aztertuz. Finantziazio aldetik, esate baterako, desberdintasun handirik ez da egongo. Hots, udalentzat ez da merkeagoa izango Partzuergoan sartzea. Langileen kasuan, Haurreskolak partzuergoan dauden udalek ez dute langilerik kontratu beharko, Partzuergoak egingo baitu hori. Adibidez, Gasteizen irekiko diren haur eskola berriak Partzuergoaren bitartez irekiko dira eta langileak ez dira beste haur eskoletan bezala udaleko langileak izango.
Zenbat buru hainbat aburu
Haurreskolak Partzuergoaren eragina udalek, gurasoek, haurrek... nabaritu dute, eta denetariko iritziak daude.
EUDEL euskal udalen elkarteak eta Hezkuntza Sailak protokolo bat sinatu zuten 2003ko azaroaren 21ean bien arteko lankidetza bideratzeko haur eskolen kudeaketari eta 0-3 urteko hezkuntza eta laguntza zerbitzuari begira. Hori dela eta, EUDELek gertutik jarraitu du bai dekretuaren ezarpena eta bai Partzuergoaren eraketa.
EUDELen ustez, dekretua dela eta, lehendik zeuden haur eskolek lankidetza hitzarmenak egin dituzte Hezkuntza Sailarekin, eta ondorioz finantza egonkortasuna lortu dute. Zenbait kasutan, jasotzen zuten diru laguntza %100ean igo dela aipatzen du, eta kasu bakanen batean %700.
Beste hainbat gauza ere hobetu direla aditzera eman du EUDELek. Esate baterako, Partzuergoa sortu aurretik zeuden haur eskolei lau urteko epean Partzuergoan sartzeko aukera zabaldu zaie. Haur eskolen eskaintza publikoa ere igo egin da. Eta guztiaren ondorioz, haur eskolen eskaintza publikoaren eredua ezarri da.
Haurreskolak Partzuergoan sartu den udaletako bat da Ispaster. 630 biztanle inguruko Bizkaiko herri honetan ireki den haur eskolara 6 haur joaten dira. Jesus Lekerikabeaskoa alkateak haur eskola irekitzeko arrazoi nagusia herriko eskolaren biziraupena dela dio. "Herriko eskola ixteko arriskua ikusten genuen haur gutxi zeudelako. Gainera, inguruko herrietan haur eskolak badaudenez, haurrak hara eramaten badituzte, gero hango eskoletan gelditzeko arriskua dago. Beraz, horren aurrean, haur eskola ezartzea zen gure eskola irekita mantentzeko aukera bakarra".
Horrela, Partzuergoan sartzea erabaki zuten, bestela udalak bere kabuz ezin baitzien aurre egin gastu guztiei. Irailerako egoitza prest zeukan udalak, baina Partzuergoa oraindik abian jarri gabe zegoenez, udalak eta guraso eskolak beren ardurapena ireki zuten. Irailetik abendura arte horrela egon ziren eta orduan hasi ziren Partzuergoko langileak.
Gurasoak pozik daude zerbitzuarekin, baina ez ordaindu behar duten kuotarekin, oso altua delako eta bekak ez direla nahikoak. "Adibidez, guraso biak eta seme edo alaba bateko familiak, hau da, hiru kideko familiak, diru laguntza jasotzeko ez du 17.000 euro baino gehiagoko sarrerarik eduki behar urtean. Guraso biek lan egiten badute, gehieneko hori erraz pasatzen da. Horregatik, Ispasterren ez dakigu inork diru laguntzarik jasoko duen. Izenez publikoa da haur eskola, baina ordaindu behar duguna ikaragarria da" dio Ainhoa Garate gurasoak. "Zenbait herritan jendea atzera bota da". Ispasterrren, ordea, ez, baina alkateak dioenez, "aldameneko herrian merkeago diren haur eskoletara joateko arriskua dago, eta beraz, hasierako arazora itzultzen gara".
0-3 etapa izan arren, 2 urteko haurren kasuan zer gertatzen den ere aipatu digu. "Eskola publikoa dagoen herrietan 2 urteko haurrak hara bideratzen dira eta haur eskolek 0-2 urtekoentzako zerbitzua baino ez dute eskaintzen. Eskolako eta haur eskolako ordutegia eta baldintzak desberdinak dira eta gurasook nahiago dugu haur eskola. Baina gurasoon iritzia ez da aintzat hartzen; gurekin ez dute ezertarako kontatzen".
DonostiakoAtegorritxo haur eskola irabazi asmorik gabeko elkarte batek jarri zuen abian orain dela 30 urte inguru. Urte hauetan guztietan diru laguntzak jaso izan ditu, baina kostata egin diote aurre. "Donostian bost haur eskola gaude egoera honetan eta orain Haurreskolak Partzuergoan sartzeko asmotan gabiltza. Guk hainbat baldintza jarri ditugu. Udalak onartu ditu eta orain ikusi egin beharko da Partzuergoak zer dioen".
Partzuergoan sartuz gero, langileen egoera hobetu egingo dela diote. "Pribatu bezala ezin dugu gelditu ez dugulako inolako babesik. Orain diru laguntzak jasotzen ditugu, baina itota gaude, egoera larrian. Lan baldintzak ere hobetu egingo zaizkigu eta hoberako izango dela pentsatzen dugu".
Kuoten aldetik, ez da alde handirik egongo, orain 198 euro ordaintzen baitute janaria barne. "Partzuergoko haur eskoletan 190 eurokoa jarri dute, eta hori ez da eskaintza publikoa. Zentzu horretan, gai asko daude hitz egiteko eta eztabaidatzeko".
Hernaniko haur eskolaren ardura udalak dauka, hots, udal haur eskola da. Dekretuaren eraginez hainbat gai eztabaidatzen eta planteatzen ari dira, eta horretarako udala haur eskolako arduradunekin, herriko beste ikastetxeetako zuzendariekin eta gurasoekin biltzen da. Txema Mercado zinegotziak azaldu digunez, Partzuergoan sartzeko aukera irekita dago, "baina hori denon artean aztertu eta eztabaidatu beharko dugu".
Zarautzen dagoeneko udalak Partzuergoan sartzeko urratsak eman ditu. Ondorioz, hemendik aurrera udala eraikinaren mantenuaz soilik arduratuko da eta langileak, kudeaketa eta abar Partzuergoaren esku geldituko dira. Horrez gain, udal haur eskolaren eskaintza ere aldatu egingo da: orain arte 0-3 urteko haurrak egoten ziren, eta datorren irailetik aurrera 0-2 urtekoak soilik egongo dira; 2 urtekoek herrikoikastetxeetara jo beharko dute. Hala adostu dute udalak eta herriko eskolek, baina baldintza batekin: eskola bakoitzean zerbitzu asistentzialeko gela batirekitzea. Patxi Coira haur eskolako langile eta udaleko Ezker Batuko zinegotziari gaizki iruditzen zaio 0-3 etapa puskatzea eta orain arte ondo funtzionatzen zuen haur eskolaren eredua ezabatzea. "Irtenbiderik onena ikastetxe bakoitzak 0-3 osotasunean edukitzea eta haur eskolaren lehengo eredua ikastetxe publikoarekin batera mantentzea izango litzateke; eta ratioak mantentzea".
Gasteizko egoera desberdina da. Hango udal haur eskolek orain arte bezala udalaren ardurapean jarraituko dute, baina sortzen diren berriak Partzuergoaren barruan sortuko dira. Zuriñe Sanz Lopez de Heredia EILAS sindikatuko kidearen iritziz "horrekin udal haur eskolen sarea geldiarazi egingo da, horrek dituen ondorioekin". Izan ere, hemendik aurrera sare publikoko haur eskoletan hiru aukera egongo dira: udaleko 17 haur eskolak, Hezkuntza Ordezkaritzak ikastetxe batzuetan ireki dituen 2 urteko haurren 7 gela, eta Partzuergoak 0-2 urtekoentzat irekiko dituen eskola edo gelak. "Zalantza asko sortzen zaizkigua hiru ereduak elkarrekin nola biziko diren pentsatzen jartzean. Izan ere, desberdinak dira matrikulaziorako eta baremaziorako irizpideak, kuotak eta ratioak, hezitzaileen lan baldintzak, eskoletako egutegi eta ordutegiak, zerbitzuak (jantokiak...)... Arazoak sortuko dira, zalantzarik gabe".
Nafarroan gauzak zehazteke daude
Egoera "legala"
Une honetan Nafarroan legalki hutsune bat dago 0-3 urteko haurrentzako zentroen araudiari dagokionez. Badakigu Dekretu Foral bat prestatzen ari direla Nafarroako 0-3 urteko zentro batzuen egoera arautzeko eta 2004ko maiatzean argitaratzea aurreikusten dela. Era berean, badakigu Hezkuntza Departamentua parte hartzen ari dela, baina zentro horiei Ongizate Sozialeko Departamentuak emango die baimen administratiboa.
Bien bitartean, 2001eko abuztuaren 2ko Ongizate Sozialeko Nafarroako Institutuko Gerente Zuzendariaren Ebazpena dago. Bertan zenbait baldintza zehazten dira udalek 0-3 zentroak irekitzeko hitzarmenak egin ditzaten.
Ebazpen horri bi kritika egiten dizkiogu:
a) Haur eskola publikoetako haur baten urteko kostua 8.000 euro ingurukoa da batez beste. Nafarroako Gobernuak, zerbitzua merketzeko asmoz, 4.500 euroko kostua ezarri du. Gastu horren %42 gobernuak finantzatzen du, %33 familiek eta %25 udalek. Udalen bideragarritasun eza eta eskaera sozial altua ikusirik, udalak zentro horien kudeaketa kanpoko enpresa pribatuen eskuetan uztera behartuta ikusten dira.
b) Hezitzaileen titulazioei dagokienez, aukera anitz irekitzen dira, eta zenbaitetan titulurik gabe eta bi urteko esperientziarekin soilik lan egitea onartzen da. Modu berean, ez ditu zehazten eraikinen baldintza egokiak (adibidez, zentroei ez zaie barruko patiorik eskatzen). Ratioak, berriz, honakoak dira: urtebete baino gutxiagoko taldean 8 haur; 1-2 urteetan 12 haur; eta 2-3 urteetan 16 haur. Ebazpen honetan ez dira aipatzen ez langileen ordezkapenak ez prestakuntzarako lan orduz kanpoko denbora.
Badakigu zenbait alderdi politikok esperantza gehiago pizten duten proposamenak egin dituztela, baina UPN-CDNren gehiengo absolutuak dena geldiarazten du.
Nafarroako Herriaren Babeslea 3 urtez azpiko haurren eskolatzearen baldintzei buruzko txosten bat egiten ari da. Eta noski, baldintza horiek ez dute bat egiten Gobernuak pentsatuta dituenekin.
0-3 heziketa zikloaren plataforma Nafarroan
Nafarroako Gobernua 0-3 zikloan egiten ari den ekintzek kezkatuta, adostasun eta babes handiko plataforma bat eratu dugu, haurrek jaiotzen diren unetik bertatik hezkuntzarako duten eskubidea (eta ez asistentziala) defendatzeko, beste behin ere. Oso kezkatuta gaude, eta Nafar Gobernuaren jokaera salatu nahi dugu publikoki, zeinak oraindik ez duen arautu hezkuntza ziklo hori.
Plataforma osatzen dugunak hauek gara: Infancia aldizkariko erredakzio kontseilua; Atarrabiako, Antsoaingo eta Barañaingo udal haur eskolak, Iruñeko udal haur eskoletako eta Nafarroako Gobernuko haur eskoletako langileak; 0-3ko beste zentroetako langileak eta gurasoak; NUPeko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko Dekanotza eta Psikologia eta Pedagogiako Departamentua; Herrikoa Guraso Elkartea; Sortzen-Ikasbatuaz; eta CCOO, ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuak.
Memento honetan Nafarroan 0-3 zikloak duen egoerari buruzko txosten kritiko bat egiten ari gara. Haur txikien hezkuntza eskubideari buruzko kontzientziazio soziala bultzatzeko egun bat ere antolatzen ari gara.
Honako hauek dira egiten ditugun eskariak:
1. Neska-mutil guztiek dute, jaiotzetik, hezkuntzarako eskubidea.
2. Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako 0-3 lehen zikloa lege edo dekretu foral baten bidez arautzea nahi dugu, hezkuntza etapa horren ezaugarrietara egokituz.
3. Hezkuntza Departamenduak beha ditzala -gehienez hiru urteko epean- 0-3 urteko haurrentzat irekitako zentro guztiak, gutxieneko baldintzak betetzen dituzten edo ez jakiteko.
4. Nafarroako Gobernuak eskain eta finantza ditzala behar diren plaza kopuruak udalekin hitzarmenak eginez (hauek enpresa pribatuekin kontratuak egin beharrik izan ez dezaten edota hitzarmen horrek udalak ekonomikoki ito ez ditzan, egun gertatzen den bezala).
5. Hezkuntza Departamentuak euskarazko zein gaztelaniazko eskaerei erantzun diezaiela; eta baita sor daitezkeen behar bereziei ere.
6. Nafarroako Gobernuak jarrai dezala Europako Batzordeko Haurtzaroaren Arreta Sareak zehaztutako ildoa ezarritako kalitate helburuak bete daitezen (profesionalen prestakuntza, langileen lan baldintzak...).
Bukatzeko
Badakigu Nafarroako egungo egoera politikoa zaila dela. Edonola ere, gero eta kontzientzia sozial handiagodago haurren hezkuntza aukeren gainean. Manifestazioak, kontzentrazioak eta komunikabide sozialen inplikazioa biderkatzen ari dira.
Horrek guztiak balio dezala 0-3 Haur Hezkuntzaren benetako kalitatea hobetzeko.
Nolakoa da hezitzaileen formazioa?
Edozein irakasle postuetarako bezala, haur txikiekin lan egiteko ere prestatu egin behar da, eta horretarako aukera bat baino gehiago dago gaur egun. Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile lanpostuak betetzeko, titulazioari dagokionez, hiru hauetako bat izatea eskatu da: Haur Hezkuntzako irakaslea, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria eta landa eremuetako Hezkuntza eta Asistentzia Zerbitzuetako-HAZ hezitzaileentzat zuzendutako homologazio ikastaroaren lehen zatia egina edukitzea.
Irakasle titulua
Irakasle Eskoletan eskuratzen den unibertsitate titulua da. Irakasle tituluaren barruan espezialitate askotarikoak daude, eta bat Haur Hezkuntzakoa da. Donostiako Irakasle Eskolako irakasle Luis Mari Elizalderen ustez titulu hori dutenek ez dute formazio egokia 0-3 urteko haurrekin aritzeko. "Ikasketak eta titulazioa ez daude etapa horretara behar hainbeste egokituta. Orokorrean ez dago sentsibilitaterik eta erantzunik 0-3arekiko. Edukiak eta programak 3-6 tarterako prestatuta daude. 0-3aren presentzia testimoniala da unibertsitatean gaur egun". Praktikak egiteko garaian ere, gehienek 3-6 urtekoekin egiten dituzte.
Zorionez, gauzak aldatzen hasita daude. Azken urteotan etapa horren inguruko ikerketa tesi pare bat egin da eta irakasle horiek 0-3 etapari buruzko edukiak sartzen hasi dira euren programetan. Era berean, dekretuaren eraginez eta administrazioak hartu duen finantziazio bidearen ondorioz, sektore hori zabaltzen hasi da eta lanpostuak ere sortuko dira. Hori ikusirik, formazio osagarri batekin hasteko asmoa dute Donostiako Irakasle Eskolan. Ikasketa plagintzen barruan, ikasleek %10 nahi dutena ikasteko balia dezakete. Bada, %10 hori, hautazko beste ikasgaiak eta praktikaldiak 0-3 etapari eskainiz gero, 400 orduko prestakuntza osatuko lukete, eta Haur Hezkuntzako titulua jasotzeaz gain, formazio osagarri baten agiria eskuratu. "Antolaketa goitik behera aldatu gabe, 20-25 lagun formazio horrekin irtetea lortuko genuke".
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Alex Barandiaran baikorrago agertzen zaigu. "0-3 etapari arreta jartzen zaiola pentsatzen dut. Hala ere, egia da orain arte gutxi ikertu den adin tartea izan dela. Horregatik, orain dela hiru urte Hazitegi proiektua jarri genuen martxan eta gauza interesgarriak egiten ari gara. Etapa hori ikertzen ari gara eta ateratzen ditugun ondorioak prestakuntzan integratzen ditugu".
Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria
Titulu hori eskuratzeko Lanbide Heziketako ziklo bat ikasi behar da. Bertan gai teorikoak ikasteaz gain, praktikak egiten dira, bai 0-3 urteko haurrekin eta bai 3-6 urtekoekin. Baina lortzen duten tituluarekin 0-3 urtekoekin soilik aritu litezke hezitzale bezala; 3-6 urtekoekin laguntzaile bezala baino ez. Irungo Plaiaundi lanbide eskolako Jon Zelaia irakasleak esan digunez, ez dago oso garbi 0-3 edo 3-6 tartea den beraiei dagokiena, baina orain arte 0-6 osoa hartu izan dute.
Homologazio ikastaroa
Landa eremuetako Hezkuntza eta Asistentzia Zerbitzuetako-HAZ hezitzaileentzat zuzendutako homologazio ikastaroa ez da ohiko formazio eskaintza bat, salbuespen bat baizik. Memento konkretu batean eta arazo zehatz bati irtenbidea emateko sortu da.Herri txikietan lan egingo zuten pertsonak bermatu behar zirela ikusirik, eta bertako pertsona batzuk lan hori egiteko prest zeudela jakinik, Hezkuntza Sailak eta Mendikoi landa garapenerako erakundeak pertsona horiei formazio bat ematea erabaki zuen eta unibertsitateetara jo zuen. "Guk erronkari baietz esan genion" dio Luis Mari Elizaldek. "Ez zitzaigun planteamendua gustatu, denbora gutxi zegoelako. Guk gure ikasleen 2.000 orduekin konparatzen genituen formazioaren 250 orduak, eta nahiko lardatsa iruditzen zitzaigun. Baina tira, aurrera egin genuen premia sozial bat ikusi genuelako eta erantzun akademiko zintzo bat ematen ahalegindu gara". Ikastaroa bukatu ostena, emaitzarekin gustura gelditu dira.
Orain arteko profesionalen esperientzia
Nahiz eta orain haur eskola gehiago ireki, urte luzeetako esperientzia duten haur eskolak eta profesionalak hor ditugu. Luis Mari Elizalderen ustez "profesional eta talde horien lana eta esperientzia luzea ez dira aintzat hartu eta aprobetxatu orain arte. Urteetako esperientzia luzea duten lan taldeek protagonismo handia eta lidergo pedagogikoa izan beharrean, azken orduan eta atzeko atetik ari dira sartzen Partzuergoan. Agian haur eskolak martxan jartzeak izango du lehentasuna, baina gero profesional horien esperientzia eta prestakuntza aprobetxatu egin beharko lirateke, bai Partzuergoan eta bai unibertsitatean. Ezagutza oso ona dute, gauzak eztabaidatu dituzte eta proiektu asko dituzte".