Kronika

2004-02-01
 
 
Erlijio kontuekin dabiltza estatu espainiarra zein frantsesa , eta Euskal Herrian eragina dute, halabeharrez. Estatu espaniarrean Gizarte, Kultura eta Erlijioa ikasgaia arautzeko Errege Dekretua ezarri da. Horren aurrean, EILAS sindikatuak helegitea aurkeztu zuen iazko irailean. Sindikatuaren ustez, konfesionala ez den estatu laiko batean erlijioa derrigorrezkoa izatea, aukera erlijiosoa derrigor adierazi behar izatea eta dekretu horietako beste hainbat osagai ez dira legezkoak. Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du helegitea. Horrez gain, EILASek kanpaina bati ekingo diola adierazi du, "oinarrizko eskubideen kontrako neurria" dela azaltzeko.
Bien bitartean, estatu frantsesean bestelako neurriak hartu dituzte. Frantziako Gobernuak onartu du eskoletan erlijio ikurrak erabiltzea debekatzen duen legea. Otsailaren 3an aurkeztu zuten Asanblada Nazionalean eta prozesuak aurrera darrai, jendea kalera atera arren prostesta egitera.

Euskal Unibertsitatearen legea berriz eztabaidan
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Unibertsitatearen lege proposamena eztabaidatzen hasiko dira berriz ere Eusko Legebiltzarrean. Prozesua otsailaren 2an hastekoa da, eta iaz hitzartutako azken testutik abiatuko dira; alegia, hirukoaren jatorrizko testua eta Sozialista Abertzaleen, PPren eta PSE-EEren zuzenketa partzialak biltzen dituen testuak behar duela izan oinarria. Prozesua hasi eta partidu politikoek astebeteko epea izango dute zuzenketak aurkezteko. Gero Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordeak hartuko du eztabaida.
Euskal Unibertsitate Legea onartzeko bigarren saiakera izango da hau. Joan den abenduan Eusko Legebiltzarrean bozkatu zuten, lehen aldiz, lege proposamena, baina gehiengorik lortu gabe. Izan ere, EAJ, EA eta IU-EBren hirukoak lege proposamena idatzi eta osatzeko prozesuan zehar talde politikoekin lortutako akordioak bertan behera gelditu ziren. PPk eta PSE-EEk euren zuzenketak eta ekarpenak erretiratu zituzten, eta horren ostean, Sozialista Abertzaleekin lortutako akordioa bertan behera utzi zuen hirukoak.
Hilabete geroago, urtarrilaren 21an, Eusko Legebiltzarrak ezohiko osoko bilkura egin zuen, eta bozketaz legearen tramitazio berria onartu zuten. EAJk, EAk eta IU-EBk tramitazioaren alde bozkatu zuten; PPk eta PSE-EEk aurka; eta SA abstenitu egin zen. Berriz ere Euskal Unibertsitatearen lege proposamena lantzen hasiko dira, beraz, baina baldintza batekin: ponentziak iazko urte amaieran hitzartutako testutik abiatu beharko dutela; alegia, SAren, PPren eta PSE-EEren zuzenketa partzialak ere biltzen dituen testutik.
Sindikatuek begi onez ikusi dute tramitazioa onartu izana eta oraingoan behin betiko legea egingo den itxaropenarekin daude. EILAS, ELA eta LAB sindikatuentzat legea ez da Euskal Herriak behar duena, hots, ez ditu beraiek nahi lituzketen puntu guztiak biltzen; baina ezer ez edukitzea baino hobe dela irizten diote. Behintzat, irakasle kontratatuen egoera eta euskalduntze prozesua kudeatzeko aukera irekitzen duela diote.

D ereduaren aldeko elkarreratzea egin dute Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko kideek
Iruñeko D eredukoPatxi Larrainzar ikastetxeko kideek eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak elkarreratzea egin zuten euskarazko ereduaren alde. Nafarroako Gobernuko Eskola eta Lanbide Hezkuntzako zuzendari nagusi Fermin Villanueva Arrotxapea auzoko Cardenal Ilundain ikastetxera joan zen, eta egun hori aprobetxatu zuten aipatu elkarreratzea egiteko. Viilanuevak Cardenal Ilundain ikastetxe berria bisitatzen zuen bitartean, Patxi Larrainzar ikastetxekoek eta Sortzen-Ikasbatuazekoek euren zentroaren egoera salatu nahi izan zuten. Gelak beteta daudela eta eskola berria behar dela aldarrikatu zuten. Baina Nafarroako Gobernuak bere eskaera ez duela aintzat hartzen adierazi zuten, "ez baitu ezer egiten D ereduaren alde". Cardelan Ilundainen I eredua eskaintzen dute; hots, ingelesa eta gaztelania nahasten dituena.
Bestalde, elkarreratzea ez, baina bilkura egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 ikastetxetako gaztetxoek Eusko Legebiltzarrean. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek emakumeen aurkako indarkeria gaia eztabaidatu zuten ezohiko osoko bilkuran, Unicef elkartearen ekimenari jarraiki.
Legebiltzarrera joan aurretik, emakumeen kontrako indarkeriaz gogoeta egiten aridu dira azken hilabeteetan. Atera duten ondorioetako bat zera izan da: eskolan landu beharreko gaia dela, leku egokia dela irizten baitute.
Erasotzaileei jarri beharreko "zigorren gaineko legedia" izan zuten aztergai, baina ez ziren horretan soilik gelditu. Haratago joanez, lege osoa prestatu behar dela gaineratu zuten, genero indarkeria arazo publikotzat jo behar delarik, eta ez pribatutzat.
Horrelako gai interesgarri eta kezkagarri baten inguruko iritzia eman eta irtenbideak proposatzeaz gain, lan hori guztia aurrera eramateko gaitasuna erakutsi zuten. Agian helduek baino errespetu eta ganora gehiago erakutsi zutela baiezta daiteke.

Haurrei tratu txarrak ematen dizkietela esanaz , Gasteizko haur eskola baten aurkako salaketa jarri du langile ohi batek. Langile ohiak adierazi duenez soinu-frogak ere baditu, ustez haurrei emandako tratu txarrak jasotzen dituztenak. Salaketa dela eta, Gasteizko Adingabeen Fiskaltza haur eskola aztertzen ari da.
Zentroko zuzendaritzak publikoki ukatu egin du tratu txarrik egon denik. Salaketa "oinarririk gabeko akusazio faltsu, sinestezin eta iraingarritzat" jo du zuzendaritzak, eta gaineratu du salaketa hori lan gatazkak eduki zituztelako jarri duela langile ohi horrek. Langile horren eta eskolaren arteko auzia lehendik abokatuen esku omen dago. Eskolak dio, ustezko tratu txarrei buruzko zurrumurruen berri jakin bezain pronto, haurren gurasoekin zenbait bilera egin zituztela. Eskertu egin die gurasoei, "presioak eta tentsioa" jasanda ere eskolarekiko izan duten "konfiantza". Zuzendaritzak ziurtatu du Justiziarekin "elkarlanean" ariko dela, "berriro normaltasun osoa lortu nahian".
Haur eskolak 9 urte daramatza lanean, eta zentroaren izena isilean mantentzeko eskatu du zuzendaritzak, "haurren eskubideak zaindu ahal izateko". Zentro pribatua da, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzen duena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kasuari buruzko txostena egin du, eta ondorioen berri gutxi barru emango duela esana du.