ERNIOBEA institutua, Villabona: Irakurketa eta plastika

2004-02-01
Institutuko gazteen artean irakurtzeko zaletasuna piztea, horixe izan da esperientzia honen helburua. Bi ikasgairen artean elkarlana egin dute horretarako: euskarako eskoletan egindako irakurketa lanari, plastikako eskoletan eman diote segida. Emaitza: gustuko liburuei buruzko triptiko erakargarriak jarri dituztela erakusketan, institutuko korridorean. Ikasleak zoratzen daude euren lanak hartu duen kolorearekin eta sortu duen arretarekin. Euskarako irakasleak, Mila Izetak, kontatu dizkigu esperientzia honen xehetasunak.
 
 
Institutuko ikasle gazteen artean oso zaila da irakurtzeko zaletasuna eta ohitura sortzea. Formula magikorik ez dago, baina klabe batzuk badira, Milarentzat oinarrizko direnak: "Batetik, irakurtzeko aukera ematea. Alegia, irakurketari denbora eskaintzea gelan, eta ikasleei aukera ematea hartu duten liburua gustatu ez bazaie utzi eta beste bat hartzeko. Bestetik, gelako giroak ere eragin izugarria du. Ingurukoek asko irakurtzen badute, eta halako liburua izugarri gustatu zaiela esaten entzuten badituzu, horrek ere animatu egiten zaitu gehiago irakurtzera".

Mila Izetarekin institutuko 3. eta 4. mailako ikasleek euskara lantzen dute. Ebaluazio bakoitzean liburu jakin bat irakurri beharra dute eta horri buruzko lana egin. Lanak ezberdinak izan ohi dira: hasi ohiko azterketa lanetik (istorioaren laburpena, pertsonaien deskribapena, hizkuntzaren azterketa eta iritzi pertsonala emanez), eta irakurritako liburuaren amaiera aldatzera, edota irakurtzen hasi aurretik, izenburuak zer istorio iradokitzen dien kontatzera. Behin nahitaezko liburu hori irakurrita ("Kutxidazu bidea, Ixabel" izan da azkena ), nahi adina liburu irakur ditzakete, kopuru batera derrigortu gabe. Irakurketa plazera izan dadin, ikasleari berari sortu zaion beharra, eta ez lana. Horretarako, baina, tentazioa sortu behar, irakurtzearen aldeko giroa sortu behar ikasgelan.Triptikoak izan daitezke amu bat.



Triptikoak, ikaskideentzat erreferentzia

Plastikako eskoletan triptikoak diseinatzen ikasi dute. Paper berezia hartu, zaharkitu itxura emateko kafez blaitu, eta ondoren nork bere irudimenez busti: orri lehorrak itsatsi, hondar-alez formak sortu, ertzak erre, purpurina eman... Institutuko korridorea erakustazoka bihurtu da. Ikasleek harro begiratzen diote nork bere lanari.Triptikoak ikusita jabetzen dira zenbat irakurri duten,izenburu bakoitzaren atzean zer istorio eta zein idazle ezagutu duten, zein liburu den gomendagarri. Era berean, ikaskideen triptikotan beste hamaika libururen erreseinak irakur ditzakete, eta lagunaren iritzia ere bai, gida moduan oso baliagarria dena liburu bat edo bestea hautatzeko. Elkarri irakurtzera gonbidatzea, horixe da sortu duten giroa.