Muga guztien gainetik... euskaraz!: BEURKO institutua, Barakaldo: Irratia, mintzamena lantzeko makina

2004-02-01
Barakaldok 100.000 biztanle inguru ditu. Horietatik %10ak daki euskaraz. Herri barruan dagoen D ereduko institutu bakarra da Beurko institutua. 520 ikasle dabiltza bertan. Institutuak harremanak ditu herrian euskara sustatzeaz arduratzen diren taldeekin: AEK-k institutuan bertan eskaintzen ditu ikastaroak, EGA titulua ateratzeko eta hizkuntza eskolako azterketa prestatzeko. "Sasiburu" euskara taldekoek ere herriko egoerari buruzko hitzaldiak eskaintzen dituzte, ikasleak kontzientzia daitezen euren egoeraz, eta "Alazipo" euskarazko musika eskolarekin ere harremanetan daude.

Beurko institutua duela 7 urte hasi zen Hizkuntza Normalkuntza Plana lantzen. Lehen urratsa, dokumentu denak euskaratzea eta harreman denak euskaraz egitea izan zen. Gurasoek oharrak bi hizkuntzatan edo euskara hutsean jasotzen dituzte jada. Lehenengoz, eskola kontseilua euskara hutsean egin dute aurten.
 
 
Beurko institutuan, gurasoetan %3 da euskalduna. Ikasleek euskaraz egiteko duten eremu ia bakarra eskola da. Mariano Belloso Euskara irakaslearen hitzetan, "hemen sortu den arazoa erabilera da. Ikasleek duten euskara maila ez da txarra, baina gero euren artean ez dute euskaraz egiten".

Mintzamena lantzea eta erabilera akuilatzea zen, bada, Euskara mintegiaren kezka nagusia. Beste kezka bat ere bazuten, ordea: euskarari dagozkion ekimenak zergatik bideratu ohi diren Euskara mintegitik soilik, izatez, irakasle guztiak direnean hizkuntza irakasle.

Irratia iruditu zitzaien tresnarik egokiena euskara gazteen ahotik patiora zabaltzeko, eta ikasgelan ere oihartzuna izateko. Gainera, hainbat ikasgaitan presta zitezkeen irratsaioak, irakasle denen inplikazioa lortuz, eta diziplina arteko loturan oinarritutako ikas-prozesuak indartuz.



Irakasleen prestakuntza

Hiru urte joan dira irratia muntatzeko urratsetan hasi zirenetik. Euskara mintegiak lehenik zuzendaritzari aurkeztu zion proiektua. Ondoren, klaustroan planteatu, honek baietza eman, eta martxan jarri ziren.

Irratiari buruzko formazioa jasotzea etorri zen gero. Klaustroak ikastaro txiki bat egiteaz gain, trebatu nahi zuten irakasleek irratiko profesionalen eskutik jaso zuten ikastarorik, baita beste eskoletako esperientzien berri izan ere. Berritzegunetik baliatu zituzten aukera horiek.

Jakina, irratia entzuteko, lehenik txanpon hotsa behar: gela bat egokitu beharra zegoen eta intsonorizatu, irrati tresneriak erosi, ordenagailuak, bozgorailuak patiorako... Hiru urtetan pixkanaka egindako inbertsioak izan dira, denera 9.000 euro inguru kosta zaizkietenak. Diru laguntzarik gabe ez lukete halako proiekturik aurrera ateratzerik izango. Eusko Jaurlaritzatik, NOLEGA proiektuaren bidez, zenbait laguntza eskuratu dituzte muntaiarako.



Irratia: informazioa ehuntzen ikasteko gela

Oso garbi zuten irratia ez zutela hautazko ikasgai gisa eskaini nahi, edo tailer gisa; izan ere, irakasleek ez zuten nahi irratia ikasle batzuk soilik probatzerik. Pixkanaka, ikasle denak bertatik pasatzea zen nahi zutena .

Irratigintza hainbat modutan landu dute ziklo bakoitzean. 1. zikloan, Euskarako eskoletan bikoizketak lortu dituzte: alegia, euskarako lau saiotatik bat hartzen dutela mintzamena lantzeko, eta saio horretan bi irakasle aritzen direla gela berean, taldea bitan banatuta mintzamena errazago lantzeko.Bikoizketatan, ikasleak zazpi laguneko taldetan banatu eta eskaletak prestatzen dituzte. Taldeek hautatzen dituzte gaiak; albisteak izan ohi dira sarri. Beste talde batzuk gai monografikoetara jotzen dute ("Prestige", "piercing-a", "tabakoa" eta gisako gaiak). Informazioa bilatu, sintesia egin, irratirako moduko testua idatzi eta, gelan sarritan entseatu ondoren, irratira joaten dira grabatzera. Irratian aspektu tekniko batzuk ere irakasten zaizkie.

Talde bat irratian den bitartean, beste ikaskideek irratsaioa entzuten dute, ondoren zer iruditu zaien komentatzeko; zer gustatu zaien, akatsak non egon diren... Ikaskideek saioa entzunda jaso duten inpresioa jakin ondoren, beste zinta bat entzuten dute: irratsaioa grabatu bitartean egindako froga, akats, zuzenketa eta errepikapen denak biltzen dituen zinta. Eta konparatu egiten dute ea grabatu bitartean egindako akats denak, irratiz bota duten azken grabazioan zuzendu dituzten edo ez. "Eurentzat lan hori oso garrantzitsua da- dio Mariano Belloso irakasleak-egindako akatsak zuzentzen ikasten dutelako, eta ikaskideek laudoriorik, lorerik botaz gero eurentzat balio bikoitza dutelako hitzok, irakasleak esanda baino" .

Bigarren ziklokoa libreagoa izaten da, ikasleak autonomoagoak baitira. Saioak ikasleek bakarrik prestatu ohi dituzte, bai Euskarako eskoletan tartetxo bat hartuz, edo baita... jolasorduetan ere! Motibazioa badagoen seinale! Informazioa eurek bilatu ohi dute (Internetek asko errazten baitu lan hori), nahiz eta irakasleen laguntza ere baduten behar dutenerako. Aparailuak ere eurek bakarrik maneiatzen dituzte. Lagun koadrila zabal bat bada uhinetara itsatsita gelditu dena, eta jolasorduoro irratira jotzen dute; patioan ere entzuten da, anplifikadoreen bidez, euren saioa. Nola ez, adin horretan hain gustuko dutena egiten dute: musika saioa. Musika gazteak erakartzeko imana da, eta jolasordutan patiora euskara eramatea behintzat lortu dute.



Futbito emankizunak, irrati nobelak, gai monografikoak...

Iaz 30 irratsaio inguru grabatu zituzten. Ez zaie ahaztu, institutuan egindako futbito txapelketa zuzenean eman zutenekoa, "Champions"en abesti eta guzti (eta pentsa kirol emankizun batek eskatzen duen hitz jarioa zer den!). Baina gehien gustatu zaien irratsaioa, Barakaldora metroa iritsi zenean egin zutena da. Eneko Aspe, Batxilergoko 2. mailako ikasleak (eta irratizale amorratuak) halaxe kontatzen digu: "Herriko metro sarrera batera joan ginen, jendea elkarrizketatzera. Grabagailua eta bideo kamera bat ere eraman genuen. Oso ondo pasa genuen; jendea laguntzeko pronto zegoen". Kale elkarrizketatan gozatu zuten arren, aurretik lan handia egin behar izan zuten. Elkarrizketatzeko euskaldun jendea bilatu beharko zutenez,lehenengo Barakaldon euskararen egoera zein den aztertu zuten, jakiteko zer adinetako jendea izan zitekeen eurek behar zutena. Elkarrizketak nola egin ere landu zuten.

Bizkaia irratitik ere hots egin diete, eskolen artean antolatzen duten irratsaio lehiaketan parte har dezaten. Irrati nobela bat prestatzen ari dira lehiaketarako, beste zenbait gai monografikoz gain. Motibazioa piztu du dei horrek ere.



Lorpenak eta trabak

Gustura daude hiru urteotako esperientziarekin. Mariano Bellosoren hitzetan, "platoan dauden artean behintzat euskaraz egiten dute. Eta hori jada ez da gutxi, aurrerapauso handia da guretzat". Bestetik, hizkuntza lantzen dute: ongi ahoskatzen ikasten dute, ongi irakurtzen, informazioa ongi idazten (irakurri eta lehenengoan uler dadin). Eta gainera, informazioaren gizarte honetan hain garrantzitsua dena ikasten dute: informazioa bildu, garrantzitsuena hautatu, sintesia egin eta azkenik zeure irakurketa eskaintzea. Alegia, ikasten ikasi dutela irratiaren bidez, eta berezko motibazio batek tirata; irratia ikasleentzat imana baita, eurentzat ez da "lanerako lekua", gustuko tokia baizik. Horren adibide da, jolasorduetan euren borondatez sartzen direla irratian, gustuko musika jarri bitartean euskara aireratuz patio osora. Irakasleei dagokienez, nahiz Euskara mintegiko hiru irakasleek hartu duten, batez ere, irratiaren ardura (Juanjo Arrizabalagak, Mariano Bellosok eta Belen Oleagordiak), beste alorretako irakasleak ere hasi dira pittinka-pittinka gerturatzen. Ingeleseko irakasle batek eta Kimikako beste batek jada irratsaioren bat prestatu omen dute ikasleekin, euren gaien inguruan.

Trabak ere badituzte, ordea: denbora da bata, irratsaio bakoitza ongi prestatzeak ordu asko eskatzen baitu. Bestetik, bat-batekotasuna eta hizkuntza ez-formala bultzatzeko ere mugak dituzte. Denei bezala, gazteoi ere mikrofonoak errespetua sartzen die, eta inprobisazioari tartea uztea, edota lagunarteko hizkera sortzea ez da erraza. Horietxek omen aurrera begirako erronkak.