PETUYA, Alazne:
Pedagogiaren garrantziaz jabetzeaz gain, horri buruz gogoeta egiteko beharraz ohartuta dago Alazne. Gogoeta hori bultzatzeko eta bideratzeko akuilu lana egiten duela esan daiteke. Izan ere, eskola baten adar ugari ukitzen eta balditzatzen ditu hezkuntza pedagogiak edo hezkuntza proiektuak.
Seaskaren ibilbideaz eta estatu frantseseko hezkuntzaren egoeraz mintzatzeko astia ere izan dugu.
Gure ildo pedagogikoak Euskal Herriko Ikastolen mugimenduak finkatuak dituen ildo pedagogikoekin lotura du, elkarlanean aritzen baikara. Dena dela, egia da estatu frantsesean egon izan diren eta dauden ezagutzen eragina ere jaso dugula. Ikerketa pedagogikoan urteetan aitzindari izan da estatu frantsesa, eta horren kume ere bagara.
1976an Seaskan sartu nintzenean, ikastolen hautu pedagogikoa garai hartako pedagogiekin bat zetorren: pedagogia aktiboa, Freinet...
Orduko hautuak gaur egun mantentzen al dira ala gauzak aldatu egin dira?
Orokorki pedagogia munduan gauzak aldatu egin dira. Geroztik ikerketek beste ildo, beste metodo, beste jakitate batzuk ekarri dituzte. Beraz, hastapeneko hautuak garatzen joan gara eta beste ildo pedagogiko batzuk jorratzen ere bai.
Zein dira gaur egun erreferente pedagogikoak?
Aipatu dudan bezala ikastola proiektuan badaude pedagogikoki esanahi handia duten hautuak, hala nola hezkuntza komunitatearena, hezkuntza proiektuarena, izaera eskualdunarena eta eskola berritzaile eta eraldatzailearena. Horiek dira, beste batzuen artean, gure oinarrizko erreferenteak. Horrez gain, irakaskuntzaren praktika pedagogikoari dagokionez, azken hamarkadetan eragina izan duten korronteak ere erreferente izan ditugu, kontruktibismoa eta sozio konstruktibismoa, Piaget, Vigotski eta Brunerrekin. Horrez gain, erreferentetzat har ditzakegu estatu frantsesean ikerketa pedagogikoa garatzen duten GFENko eta CRAPSeko taldeak eta kognitibismoan koka dezakegun Gogo Erabilketa, beste batzuen artean. Pedagogo bezala estatu frantsesean honako hauek aipa ditzakegu: Philippe Meirieu, Jean-Pierre Astolfi, Odette Bassis, Antoine de La Garanderie, Armelle Geninet, Marie-Claude Grandgillot edo Philippe Perrenoud, beste askoren artean.
1990an Hezkuntza Ministeritzarekin ikastolen ezagutza prozesua abiatu zen eta 1994an Seaskak eskola gisa onarpena lortu zuenean, pedagogikoki aldaketarik ekarri al zuen?
Egia da memento batean proiektu pedagogikoan noraezean gelditu ginela, jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat eman zelako. Ordura arte ikastolak ez ginen eskola bezala ezagutuak; elkarteak ginen, baina ez eskolak. Beraz, akordioa sinatu zelarik eskolaren ezagutza izan genuen.
Ordura arte curriculuma Hegoaldeko curriculumekin edo irakasleek egiten zutenarekin Seaskak finkatzen zuen. Baina aurrerantzean Hezkuntza Ministeritzako programak edo curriculumak bete eta garatu beharra zegoen. Aurretik ere zaintzen genituen, zeren eta gure haurrak hemen bizitzeko eta hemen aurrera ateratzeko hezten genituen. Nolanahi ere, batzuen iritziz gure nortasunaren ezaugarri batzuk "galdu", edo beharbada "ahaztu" egin genituen.
Zein nortasun ezaugarri ziren "ahaztu" ziren haiek?
Pedagogia mailan, lehen aipatu ditudan erreferenteak nolabait ezabatzen joan ginen "normalkuntza" bidean sartzerakoan. Gure praktikaren azterketa, hezkuntza komunitatearen gogoeta pedagogikoa eta gure antolaketa orokorra bidean ahaztu zitzaizkigu, "pixka bat". Batetik bestera pasa izanaren sentimendua badago. Programa betetzeak hartu zuen garrantzi gehiena memento batez.
Eta horrek zer ondorio ekarri du?
Programa horiek eskatzen duten azaleko paper kontuekin, edo beste era batera esanda, formaltasunarekin, ahanzten dugu funtsean duten mezu pedagogiko eta didaktikoa, hein handian oso egokia iruditzen zaidana. Pertsonalki, uste dut programek eskatzen dutena ez dela arazo; uste dut programei trataera bat eman behar zaiela eta gauza biak orekatzen ahal direla. Baina horretarako, programen ezagutza ona izan behar da. Gauzak ondo ezagutzen dituzunean baliatzen ahal dituzu; aldiz, ez dituzunean ezagutzen maiz baliatzen zaituzte. Eta hor garrantzi handiena irakasleen prestakuntzak dauka nire iritziz. Gauza guztien oinarrian irakasleen prestakuntza dago. Irakasleak ongi prestatuak baldin badaude, gai badira programa edo curriculum hori ongi baliatzeko, ez dago arazorik. Arazoa da pedagogikoki eta metodologikoki ez jakitea curriculum horrek eskatzen dizuna eta zergatik, zuk irakasle eta kolektibo bezala hautuak egiteko; orduan, gaindituta zaude.
Gaur egun, orokorrean, irakasleek menperatzen al dituzte curriculum edo programa horiek ala gaindituta daude?
Nik uste dut Iparraldean memento batean izan dela gainditze sentimentu hori. Azkenean zer da garrantzitsuena, programak betetzea ala gure ikasleen hezkuntza eta prestakuntza? Programak bere baitan du garrantzia ala ikasleak du garrantzia? Nik uste dut une honetan hemengo irakasleak prest daudela gogoeta hori egiteko.
Programa Hezkuntza Ministeritzak ezartzen du. Hori derrigorrez bete behar da ala badago Seaskaren ikuspegitik eta euskal ikuspegitik gauza gehiago ere lantzeko modua?
Programa horiek bete egin behar dira, baina molda daitezke. Eta guk moldatu egiten ditugu euskal curriculuma garatu nahi dugulako.
1995ean definitu zenuten Seaskaren hezkuntza proiektua. Zein dira bere ezaugarri nagusienak?
Iparraldean Seaska beste eskoletatik bereizten duena eta hezkuntza proiektuaren lehen ezaugarria hizkuntza da, euskara eta euskalduna izatea. Estatu frantsesean euskaraz D eredua dugun bakarrak gara. Beste hizkuntza gutxituetan ere badaude murgiltze ereduak, baina euskaraz bakarrak gara.
Seaskaren ezaugarri pedagogikoei dagokienez, Seaskarenak ez, baina ikastolen mugimendu osoarenak aipatuko nituzke: hezkuntza komunitatearen ikuspegia eta horri ematen zaion garrantzi handia, zentzuari garrantzia ematen dion pedagogia, pertsona eta bere garapena osotasunean eta besteekin elkarlanean hartzen duen pedagogia, sormena eta jakin-mina aintzat hartzen dituen pedagogia, proiektuan oinarritutakoa...
1995az geroztik aldaketarik egin al zaio hezkuntza pedagogia horri? Eguneratzen al duzue ala lehen zehaztu zen bezala dago?
Bai ikastolak eta bai Seaskakak beti gogoeta pedagogiko baten ildoan sartuak gara. Horregatik, orain berrikusten ari gara. Zeren eta nahitaez gizartea aldatzen da, ikastolak aldatzen dira eta hautu pedagogikoak ere aldatzen dira. Ez dago ezer egonkorra denik, gauzak aldatzen joaten dira. Eta uste dut ikerketa horretan etengabe jardun behar dugula gure izaeran eta praktikan funtseskoa dena ez galtzeko eta garatu behar dena garatzeko. Eta hori egiten eta bultzatzen saiatzen gara.
Berrikuspen hori ikastola guztiekin egiten duzuela aipatu duzu. Nola antolatzen eta bideratzen duzue?
Foro ezberdinak ditugu eta gure nahia da lan hau hezkuntza komunitatea osatzen duten kolektiboekin egitea. Mementoko zuzendari eta irakasleekin hasi dugu. Urtean zehar, bi "pedagogia egun" deitzen ditugunak ditugu. Horietan, ikastoletako irakasle guztiak biltzen ditugu. Azken urteetan hezkuntza proiektuaren gogoetari eman diogu lehentasuna, hots, gogoeta pedagogikoari.
Helburua, beraz, proiektu hori berrikustea da: ikastolak nola joan diren praktika pedagogikoa garatzen, zer egiten den... Zeren batzuetan gauzak egiten ditugu, baina ez dugu gogoetarik egiten; eta gogoeta egitea ere oso garrantzitsua da. Atzera begiratzea eta egiten duguna zergatik egiten dugun jakitea garrantzitsua da; hau da, zergatik egiten dugu, egin nahi dugulako ala modan dagoelako edo...? Beraz, nolabait ohartu gabe egiten ditugun hautuen gogoeta egiten dugu.
Zenbat lagun zabiltzate Seaskako pedagogia taldean eta zer zeregin dituzue?
Seaskatik gizarte egiturek eskaintzen ez dituzten zerbitzu batzuk bideratzen ditugu. Esate baterako, hemen ez dago Berritzegunerik edo ILZ aholkularitza zerbitzurik, eta lan horren zati bat betetzen dugu.
Gaur egun bi pertsona ditugu gure ikastoletan zailtasun bereziak dituzten haurren jarraipena egiteko. Badago beste bat integrazio arazoak dituzten haurrekin aritzen dena.
Formazio arloan bi aritzen gara, eta hor prestakuntza mota bat baino gehiago eskaintzen ditugu. Batetik hastapeneko formazioa. Estatu frantsesean irakasle izateko, lizentzia bat atera behar da lehendabizi, eta ondoren, oposaketak egin. Sare bakoitzak bere irakasleak prestatzen ditu oposaketetara aurkez daitezen eta prestakuntza horri deitzen diogu hastapeneko formazioa. Bestetik, Bigarren Hezkuntzako irakasleen formazioa dugu. Lizentziadunak izan arren, prestakuntza pedagogikorik ez dute izaten. Beraz, irakasle horientzako ere bi urteko formazioa prestatzen dugu. Azkenik, formazio jarraia ere eskaintzen dugu. Horrez gain, Ikastolen Elkarteko beste proiektuetan ere parte hartzen dugu, koordinatzaile bat dugu Euskal Soin Jarduerarentzat eta beste bat Euskaraz Bizirentzat.
Formazio jarraiari dagokionez, zein irizpideren arabera egiten duzue eskaintza?
Lehenik beharren detekzioa egiten dugu eta ondoren beharrei erantzuten saiatzen gara. Baina formakuntzaz gogoeta orokor bat daramagu arlo horrek behar duen trataera finkatzeko eta gure hezkuntza proiektuerekin koherentea izateko.
Zein dira azken urteotan nabaritzen diren beharrik azpimarragarrienak?
Irakasleengandik azken urteetan programen inguruko eskakizunak dira gehienak, metodologia eta gaien trataerari buruzkoak.
Beste sareetan ba al dago Seaskan dagoen mugimendu pedagogikorik?
Bai, badago gogoeta pedagogikoa, uste dut eskola guztietan dagoela eta gauza onak egiten dira. Baina iruditzen zait gurean orokorragoa dela, mugimenduak orokorrean duen ikuspuntu bat badela. Irakasleen formazioan adibidez; beste sareetan lanorduetan egiten dituzte, eta guk maiz oraindik lan denboratik kanpo egiten dugu eta irakasleak etortzen dira. Gurasoen inplikazioa ere handia da. Horrek denak zerbait erakusten du.
Hezkuntza pedagogiaz gain, ikastola bakoitzak bere eskola proiektua du. Nolakoa da?
Eskola proiektua Hezkuntza Ministeritzaren galde bat da. Urteetan eskoletan irakasleek bakarka egiten zuten lan, norberak bere gelan, eta hortik kanpo gertatzen zena ez zen sobera bere arazoa. Estatu frantseko Hezkuntza Ministeritzak 1989an "Loy d'application 89" jarri zuen. Horrek, alde batetik irakaskuntza prozesua ez zuen ordura arte egiten zen bezala urteka banatzen, zikloka baizik, irakasleen arteko elkarlana bultzatzeko asmoz, beste batzuen artean. Ondorioz, programaren helburuak ez dira gehiago urteka finkatuak, zikloka baizik. Eta horrek eskatzen du zikloen eta irakasleen arteko lan bat, programa horien helburuak nola landuko eta lortuko diren ikusteko.
Beste aldetik, proiektuaren ideia horrekin eskolak ere proiektu bat behar du eta proiektu horretan partaide behar dira bai irakasleak, bai ikasleak, bai gurasoak, eta bai beste langileak; hau da, hezkuntza komunitatea.
Beraz, eskolako proiektuaren helburua da eskolari helburu bat ematea. Eskolak bere beharrak eta nahiak aztertzen ditu, eta horien arabera gai bat hautatzen du eta eskola guztiak gai horren inguruko hiru urteko proiektu bat egiten du. Urteka gauzatuko du, baina hiru urteko helburu batekin.
Nork egiten du?
Irakasleek egiten dute hezkuntza komunitateko beste partaideekin.
Orduan, eskola proiektua erabiltzen den zerbait da, bizia, ala armairuan egoten den dokumentua?
Ez da dokumentu bat izan behar. Dokumentuaz gain, eskolari, irakasle taldeari, ikasleei, eskola bezala gai edo helburu bat ekarriko dion zerbait izan behar du. Saiatzen gara dokumentuari ahal den lekurik txikiena uzten eta praktikan eskatzen duenari bere tokia ematen. Helburua ez da dokumentu bat egitea. Helburua da hezkuntza komunitateko indarrak denontzat onuragarria izan daitekeen gai baten inguruan mobilizatzea. Beraz, dokumentua zenbat eta sinpleagoa izan hobe, errazki irakurtzeko eta gero errazki jartzeko praktikan.
Iparraldeko egoera larriaz jakitun, nolakoa da ikastoletako geletako egoera?
Aski da Eusko Jaurlaritzaren azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak irakurtzea, Iparraldean euskarak gero eta leku gehiago galtzen duela ikusteko, gero eta gutxiago hitz egiten dela eta egoera larria dela. Badakigu Iparraldean hamarkada batzuetan euskarak guztiz gibelerat egin duela. Ikastoletan ditugun haurren hein handi bat etxean frantsesez hitz egiten dutela; bai kostaldean, baina barnealdean ere gero eta gehiago. Eta hori arazo larria da, zeren eta murgiltze sistema ongi da, baina gelaren 3/4 edo gehiago erdaldunak direnean hizkuntzari trataera berezi bat eman behar zaio. Orain dela 20-25 urte egiten genuena edo oraindik barnealdeko herri batzuetan egin daitekeena ezin da egin gaur egun beste zenbait gelatan. Lehen bi edo hiru erdaldun zeuden besteekin batera euskara eta euskaraz ikasten. Orain alderantzizkoa gertatzen da. Beraz, hizkuntzari trataera berezia eman behar zaio, bai Iparraldean eta bai Hegoaldeko zenbait lekutan, pentsatzen dut.
Eta ba al dakizue zein den eman beharreko trataera hori?
Trataera ez da beti erraza inplikazio pertsonala eskatzen duelako.
Hizkuntzaren erabilerari eta materialei dagokienez, badugu Ikastolen Elkarteak egindakoa. Material horrek metodologia bat proposatzen du, eta metodologia horrek hein batean gelan aurki daitezkeen egoera anitzei erantzuten die. Haur euskaldunak baldin badituzu, ez dago arazorik. Erdi eta erdi baldin badituzu edo taldean hiru edo lau euskaldun galdu baldin badituzu, beste proposamen batzuk badaude hizkuntza ikuspegi komunikatibo batetik landuz egoera horri hein batean nola erantzun jakiteko. Eta azken urteetan egin diren ikerketa eta beste proposamenak ere badaude.
Nire bizipen pertsonalean oinarrituta, irakasle bezala oso zaila dela deritzot. Ama ikastolan edo Lehen Hezkuntzan komunikazio bizia eta naturala egin nahi duzularik, zaila da haur gehienak erdaldunak badira. Horrek, lehenik gogoeta eskatzen du, benetako gogoeta pedagogikoa ikusteko nola erantzun hor dituzun behar anitzei. Eta bigarrenik, irakasle bezala benetako inplikazioa eskatzen du, ondo egin nahi baldin baduzu, bederen.
Gero ere ez da lan erraza. Euskara ikasten dute, baina jarioan, aberastasunean... ez dira berdinak ikastolatik kanpo ingurune euskaldunean bizi diren haurrak eta ingurune erdaldunean bizi direnak. Euskaraz Bizi proiektua eta horrelako ekimen gehiago behar ditugu euskararen erabilera eta kalitatea segurtatzeko.
Gizartean euskararen aldeko mugimendu ugari egon dira: euskal departamenduaren aldeko aldarrikapena, Batera plataforma, Elgar-ensemble mugimendu politiko berria... Horrek eraginik ba al du Seaskaren lanean?
Lanean ez dut uste. Funtsezko arazoa euskararen ofizialtasuna da. Ez da ofiziala, ez da ezagutua, eta denok dakigu bidea oso zaila dela. Badakizue zer gertatu zen Baionako auzitegian demoekin. Bada, hori gizarte arazo orokorra da. Gauzak horrela, bideak aurkitu behar ditugu gure proiektua eta gure helburuak betetzeko.
Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituen egoera nolakoa da?
Egoera hoberean gu gara bretoiekin, okzitandarrekin eta katalanekin konparatuz. Alsaziarrekin desberdina da. Alemaniatik oso hurbil daude eta horrek indartzen ditu. Oso zabaldua dago, baina ez dute murgiltze sistema, B eredua dute. Hala ere, badugu harremana.
Dena dela, hizkuntza, antolaketa eta indar aldetik garatuenak gu gara. Gure herria mugaz bi aldeetara hedatzen delako eta elkarlanean ari garelako.
Ikasturte hasieran administrazioari 93. lanpostua eskatzen aritu zineten. Nola bukatu zen afera hori?
Postu erdi bat gehiago lortu genuen eta orain aurtengo negoziaketetan zer gertatzen den ikusi beharko dugu. Zeren eta urtero negoziatzen ditugu postu horiek administrazioarekin.
Nolakoa da administrazioarekin daukazuen harremana?
Urtero berdintsua da. Aurtengo jarrera orokorrean ezkorra izan da. Eskoletan lanpostu asko itxi dituzte bai ikastetxe pribatu konfesionaletan eta bai publikoan; postuak itxi dituzte edota ez dituzte postuak eman... Jarrera orokorrean izan da ezkorra, ez gurekin soilik. Postu garbiketa orokor bat egin dute dirua murrizteagatik.
Estatuak hezkuntza eztabaida prozesu bat ireki du. Zer iritzi duzue horren inguruan?
Planteatu duten eztabaida eskolaren egoeraz gogoeta egiteko da. Hemen, ordea, eskolaren ikuspegia ez da Hegoaldekoa bezalakoa. Hemen, errepublikarentzat, existitzen den eskola bakarra berea da eta bere eskolarako planteatu du eztabaida. Eztabaida guneetan parte hartzeko eskatu digute eta hala egin dugu, baina beraientzat eskola euren eskola da. Gainera, nire ustez, hartu behar diren erabakiak hartuta daude. Demokratizazio kutsu bat eman nahi diote eta horregatik abiatu dute eztabaida.
Edonola ere, errepublikaren eskolak indar handia du. Ez dakit esan ote daitekeen gaur egun pixka bat noraezean dagoenik, baina eskola hori gizartean dago, eta gizartean arazoak daudenez, arazo horiek eskolan ere badaude.
Zein dira arazo horiek?
Bat baino gehiago dira, baina memento honetan integrazioa aipatuko nuke. Adibidez, erlijio ikurra eramateko debekuarekin benetan azpian dagoen arazo bat estaltzen ari dira: zer den integrazioa, zer asimilazioa, emakumearen tokia, zer ikuspegirekin tratatu gizarte arazo horiek, zer trataera eman kulturaniztasunari... Parisen, Marseellan edo Lyonen frantses eskoletara joaten diren gazteak daude, frantsesa menderatzen dutenak edo ez, baina etxeko hizkuntza, kultura ez dute frantsesa. Eta estatuak hor du benetako arazoa. Gizarte arazo bat da, eta eskola arazo, eskolaren izate politiko eta sozialarengatik.
Seaskako ikastoletan haur etorkinik ba al dago?
Ez, gaur egun Iparraldean ez dago etorkinen migraziorik. Dauden etorkinak Frantziatik etortzen direnak dira. Horien artean gutxi batzuk euskaraz ikasi nahi dutelako hautatzen dute ikastola, eta trataera berezia eman behar zaiela, badakigulako gizartean euskarak oso leku gutxi duela. Bestalde, haur adoptatuak baditugu, eta horiei ere erantzun bat eman behar zaie. Horregatik, Ikastolen Elkartean etorkinen gaia lantzeko talde bat sortu da eta horretan parte hartzen dugu.