MENDILORRI IV eskola, Iruñea: ...eta Miróren koadro bat jakintza iturri bihurtu zen

2004-02-01
Lau urteko haurrak dira esperientzia honetako protagonistak. Iruñeko Mendillorri IV eskolako irakasleek kontatu digute. Miróren kuadro batek ("La canción de las vocales") erakarri zituen haurrak, argiak eulia nola. Interes-zentro honen bidez hainbat esparru lantzea pentsatu dute irakasleek, Nemerosvky autorea jarraituz: batetik plastikaren esparruan sakonduko dute, forma eta koloreetan erreparatuz. Bestetik hizkuntza landuko dute, artelanaren izenburuak irekitzen dituen bideetan sartuta, eta baita gurasoei erakusketarako bidaliko dieten gonbidapen oharrarekin ere. Matematika alorrari dagokionez, artelanaren neurriak eta formak edukiko dituzte kontuan.
 
 
Miróri buruzko liburu batean haurrei arreta piztu die koadro batek. Are gehiago harrituko dira errealitatean zenbateko tamaina duen jakiten dutenean. Liburuan neurriak ageri dira, eta haurrek tamaina hori irudika dezaten, lurrean zintarekin neurri bereko laukia egiten saiatuko dira. Metro bateko erregela ekarri dute gelara. Lehenik, 4 urteko haurrak metro bat "zenbat" den jabe daitezen, irakasleak halaxe galdetu die: "gu metro bat baino altuagoak ala baxuagoak gara?". Eta denek erregelarekin neurtu dute euren burua.

Miróren koadroak zenbat neurtzen duen adierazi die irakasleak, arbelean idatziz eta ahoskatuz: "Miróren koadroak zabaleran hiru metro neurtzen ditu. Zenbat aldiz erregela hau?" eta haurrek "hiru aldiz" erantzun diote. Beraz, lurrean erregelarekin hiru marka egin eta zeloaz marra bat osatu dute. Zabalerarekin gauza bera egin dute gero. Lauki zuzena itxi dutenean, ikasleak igerileku bat dela esanez saltoka hasi dira, laukitik sartu-irtenean.



"Guk ere koadro bat egin nahi dugu "

Koadroaren izenburua zein den esan die irakasleak: "La canción de las vocales". Euskaraz nola deituko dioten erabaki dute gero: "bokaleen kanta". Eta bost bokalak zein diren gogoratu dute ondoren. Koadroa egin zeneko urtean kokatu dute euren burua. Irakasleak hala esan die: "1967. urtean margotu zuen. Koadro honek nik baino urte bat gehiago dauka, eta nik 34 urte ditut. Zenbat urte ditu koadroak?".

Koadroaren sakoneko kolorean jarri dute arreta gero: erabat beltza da. "Tamaina hau margotzeko lan handia izan zuen Mirók" aipatu du irakasleak. Eta orduantxe "guk ere egin ahal dugu?" bota du Leirek. Irakasleak zalantzak ditu: "Bai? Nola? Ez daukagu hain handia den paperik". Baina Ivani konponbidea bururatu zaio: "ba beitu, hartzen ditugu paper txiki asko horrela" (eta koadroaren area betetzen hasi da). "Bai eta gero zeloz itsasten dugu" errematatu du Iñigok. Ideia biribiltzen lagundu die irakasleak: "eta orri txikiak (A4) jarri ordez, handiagoak (A3) jartzen baditugu, lan handiagoa ala txikiagoa izanen dugu?". "Txikiagoa" jabetu dira ikasleak. Etxerako ordua da, baina arratsaldean jarraituko dute hasitako lanarekin. Denak emozionatuta doaz, pentsatuz "rodilloarekin" edo arrabolarekin orri asko beltzez margotu behar dituztela.



Horizontala eta bertikala

Margotzen hasi baino lehen, zenbat orri margotu beharko dituzten galdetu die irakasleak. "Asko" da ikasleen erantzuna. Eta lauki zuzenaren azalera orriz betetzen hasi dira; bakoitzak orri bat hartu eta bere txanda itxaroten du. Baina azaleran orriak paratzean... "Orriak marratik kanpo ateratzen dira (jabetu da irakaslea). Zer gertatzen da? Goizean ez zitzaigun hala gertatzen". Denek utzi diote orriak jartzeari, eta koadroari begira geratu dira. Ivan konturatu da: "orriei buelta eman behar diegu, horrela" eta bertikalean zeuden orriak horizontalean jarri ditu. Hala, marra barruan sartzen zirela ikusita, lagunek orri guztiak behar bezala jarri dituzte.

Arrabolaz orriak beltzez margotzen hasi dira gero. Iritsi da etxerako garaia, eta ez dakite ziur nahiko paper margotu ote duten. Kontatu eta 26 orri margotzera iritsi dira. "Zer uste duzue, orri nahikoa ala gutxitxo margotu ditugula?" galdetu du irakasleak. Batzuen ustez 26 orri asko dira, pasatu egin dira. Besteen ustez oraindik gehiago behar dira. Hori bihar jakingo dute.



Kalkulua

Atzokoan bezala, gaur ere ez dira ados jartzen nahikoa orri margotu ote dituzten edo gehiago beharko diren. Beraz froga egin dute, koadroaren area margotutako paperez betez. Gehiago behar dira. "Zenbat gehiago?" irakasleak. "Ez dakit" da erantzuna. "20 gehiago?" orduan irakasleak, eta haurrek ezetz, hainbeste ezetz. Bakoitzak uste duen kopurua botatzen du. Frogaren bidez, zazpi orri gehiago beharko dituztela ikusi dute, eta kopuru hori zehatz asmatu dutenak oso pozik jarri dira. Bada arazo bat, ordea: zazpigarren orria ez da osorik sartzen. "Zer eginen dugu?" irakasleak. "Moztu" esan du norbaitek. Kasualitatez A4 tamainako orriarekin froga egin, eta justu sartzen da hutsune horretan.

Lana banatu dute, beraz. Talde batek falta diren zazpi orriak margotuko ditu, eta beste taldea orriak itsasten hasiko da. Itsatsi aurretik orri guztiei buelta eman diete, zeloa nabari ez dadin. Bukatu dute azkenean. Koadro osoari buelta eman, eta harro begiratu diote euren lanari.



Izenburuari tiraka

Koadroaren izenburua "Bokaleen kanta" da. Miróren artelana ongi begiratu eta bost kolore daudela konturatu dira. Talde osoak erabakiko du bokal bakoitzari zer kolore dagokion. A zuria izango da, E morea, I gorria, O laranja eta U berdea. Haur bakoitzari bokal bat egokituko zaio, irakasleak banatu dizkien txarteletan. Bokaleen ordena jarraituz deitu ditu haurrak, eta txanda iristean haur bakoitzak Miróren artelanetik kolore horretako tanto edo orbanetatik nahi zuena aukeratu du, ondoren orban hori bera ikasgelako koadroan kokatzeko. Kosta egin zaie gelako koadroan orban bakoitza kokatzea, baina, aldi berean, oso baliagarria izan da oinarrizko kontzeptuak lantzeko. Proportzioak zaindu behar izan dituzte, liburuan ikusitako orbanak handitu egin behar baitzituzten ikasgelako koadroan jartzerakoan.



Non jarri koadroa?

Euren gelan bertan zintzilikatu nahi dute, baina gelako altuera neurtu eta koadroa baino baxuagoa dela konturatu dira. Julen ez zen fidatzen halere, eta eskailera baten bila joan dira froga egiteko. Hau desengainua; gelan ez da sartzen! Ivanek guraizeekin laster konpondu nahi zuen arazoa. Agian, bertikalki jarri ordez, horizontalki jartzen badugu sartuko da. Iñigoren ideia ona izan da, baina Miróren lanarekiko fideltasuna gorde behar zutela azaldu die irakasleak.

Gelan ezin jarri eta eskolan barna ibili dira leku egoki baten bila. Koadroa hara-hona eramatea ez denez oso erosoa, metroko erregelarekin joan dira, eta haurrek gustuko duten leku bakoitza neurtzen jardun dute: "hiru erregela eta pixkatxo bat" zen neurria. Azkenean aurkitu dute non jarri: eskaileratako pasalekuan.



"Handiek artelana apurtzen badute, zer?"

Horman paratuta, harrituta gelditu dira denak efektuarekin: izugarri aldatzen da koadro bera lurrean ikusi edo horman zintzilikatuta ikusi. Haurrak harro-harro daude. Julenek zaindari gisa gelditu nahi du lana inork apurtu ez dezan. Egia da, besteek apurtzen badute, zer? Gelaz-gela joatea pentsatu dute, nahiz lotsa pixka bat izan,eta eskolako handiei azaldu diete zer lan egin duten eta errespeta dezatela eskatu diete.



Miró gure etxean

Gurasoak koadroa ikustera gonbidatu dituzte, denen artean asmatutako ohartxo baten bidez. Gurasoek izugarri parte hartu dute eta Interneten, aldizkarietan eta liburuetan informazioa bilatzen arituak dira haurrek eskolara ekar zezaten.

Artea gelara hurbildu da, eta badirudi Miróren izena eta margotzeko modua ez zaiela ahaztuko, ikasturtean zehar ere bere izena behin eta berriz azaldu baita. Gainera, lana denen artean egiteak taldea batu du eta identifikatu egin dira euren lanarekin.