Hezkuntzaren egiteko nagusietakoa bazterketaren aurka jokatzea da

2004-02-01
Oteitzak hala zioen: "Herri bakoitzak, garai historiko bakoitzak bezala, haur eredu bat ez ezik, gizaki eredu bat ere behar du haurrari erakusteko".
 
 
Aspaldikoa da publikotasunari buruzko hausnarketa Euskal Herrian.

1977an "Euskal Eskola Publikoa" aldarrikatu zuten ikastolek Loiolan egindako batzarrean. Garai hartan, Euskal Herriak bere botere politikoa lortzen zuenean, indartzen eta trinkotzen ari zen ikastola eredua egokia izan zitekeela pentsatzen zen etor zitekeen administrazio berriarentzat .

1997ko urtarrilean, hau da, duela 25 urte sare publikoko sektore berritzailetik "Alternativa a la enseñanza" idatzian eskola publikoaren eredu berri bat proposatzen zen: "Euskal Eskola Publikoa". Horrela zioen: "Procediendo a una planificación auténticamente democrática de todo el sistema educativo, con un control de todas las instancias directamente implicadas en él, con auténtica gestión democrática de los centros, quienes gozando de autonomía hacen realidad el pluralismo ideológico".

1983an bi lege proposamen agertu ziren Gasteizko parlamentuan. Alde batetik, EIKE legea zeritzona. Horrek, bi sare publiko sortzen zituenaren kritika jaso zuen . Eta beste aldetik, EEPA legea, herritik sortutako ikastolen izaera ez errespetatzearen eta asimilazio hutsa zekarrenaren kritika jaso zuena.

1988an Gasteizko parlamentuak "Ikastolak eta Herri-Eskola biltzeko" legea onartu zuen. Bertan hau zioen: "Hezkuntza-sareen birrantolakuntza, esparru honetan, herri-eskolen sarea eta ikastolena elkartzeko bide gisa ulertzen da, horren azken ondorioa bata-besteak elkarri egindako ekarketez aberastutako Herri-Eskola izanik".

1993an "Euskal Eskola Publikoaren" legea onartu zuen Gasteizko parlamentuak. Lege horrek ez zituen ikastoletatik egin ziren ekarpenak jaso eta ondorioz, legea ez onartzea erabaki zuten ikastolek batzar orokorrean.

Gure ustez, lege hark ez zion eskola ereduari erantzun, administrazio ereduari baizik. Hiru sare izatetik bitara pasatzea zeukan helburu.

Gaur egun, ia hamaika urte pasa direnean, publifikatu ez ziren ikastolak trinkotzen diraute, Euskal Herri osoko zentroak Europa mailako elkarte batean juridikoki batuz. Aldi berean, publifikatu ziren batzuk Sortzen-Ikasbatuaz-en elkartetik autonomiadun eskola publiko berria aldarrikatzen dute.

Horrek guztiak ez al du adierazten duela 25 urte eskola publikotik bertatik eskatzen zena? Eta ez al du erakusten ikastolek euren sorreratik garatu duten eskola ereduak ez direla administrazioen aldetik kontuan hartu?

Hezkuntzaren egiteko nagusietakoa bazterketaren aurka jokatzea bada, anitza izatea, denoi erantzutea, eskola barneratzailea garatzea; hau da, ikasle bakoitzaren ahalmenetik eta ezintasunetik abiatzea eta aukera berdintasuna izatea, zergatik ez antolatu sentsibilitate desberdinak jasoko dituen hezkuntza publiko eredu berria denok tokia izan dezagun?