Kanturako zaletasuna
Euskal Herrian betidanik egon da lagun artean kantatzeko ohitura. Oraindik ere ohikoa da bazkalostean edo afalostean euskal kantuen doinuekin batera hartzea kafea. Batzuetan soinuarekin edo beste musika tresnaren batekin lagunduta, eta bestetan ahotsarekin soilik. Urtean zeharreko hainbat festa ere kantuaren laguntzak ospatzen dira: Gabonak, Santa Ageda eskea, San Juan eskea... Ikastetxeetan ere abestiak erakusten zaizkie haurrei. Baina hala ere... kantatzeko ohitura galtzen ari omen da.
Horri aurre egiteko bide bat baino gehiago dago. Orain arte aipatu ditugun ohitura horiei indar eta gogo gehiagoz eustea izan liteke bat. Oskorri musika taldeak pub ibiltariarekin ireki duen bidea da beste bat, euskal kantuak kantatzeko gogoz dagoen jende andana biltzen baitu. Euskal Kantuzaleen Elkartea ere hor dago, eta besteak beste, haur eta helduen kantu txapelketak antolatzen ditu, nahi duen orori jendaurrean kantatzeko aukera emanez. ETBk ere haur progamaren barruan musikari eta dantzari eskainitako txoko bat badu, eta gaztetxo ugari pasa da bertatik. Gauzak egiten dira, beraz. Guztien helburua ez da berdina izango, baina motorrak martxan daude.
Denen barrunbeetan sartuko ez bagara ere, haur kantari txapelketa eta ETBko Betizu programa gertuagotik ezagutu nahi izan ditugu. Haurrak eta gaztetxoak gogoz, intentzioz eta ilusioz kantari jartzen dituzten lehiaketa eta programaren barruko doinuak nolakoak diren jakin nahi izan dugu. Eta egiaztatu dugu gauzak ez dituztela egiteagatik egiten, ongi pentsatuta eta hausnartuta baizik. Esate baterako, Nafarroako haur kantari txapelketako antolatzaileak zein parte-hartzaileen irakasleak hausnarketa batean murgildurik daude, txapelketaren planteamendua egokia den ala ez eztabaidatzeko. Aurtengo edizioko kanporaketak aprobetxatuko dituzte horri buruzko iritziak trukatzeko. Nafarroako haur kantari txapelketa dagoeneko bukatzear dago, eta Gipuzkoakoa hasi berria da. Hona hemen egutegia.
Haur kantari txapelketen egutegia
Nafarroakoa
Finala
Apirilak 4, 11:00etan
Iruñeko Gaiarre antzokian
Gipuzkoakoa
Kanporaketak
Apirilak 24, 17:00etan
Oiartzungo Elorsoro kiroldegian
Maiatzak 8, 17:00etan
Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan
Maiatzak 15, 17:00etan
Urnietako Salestarren aretoan
Finala
Maiatzak 22, 17:00etan
Arrasateko Amaia Udal Antzokian
Haur kantari txapelketak
Lehiarik gabeko asmo onak
Euskal Herrian euskaraz abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzeko eta bultzatzeko hainbat erakunde dabiltza lanean; kantuzale elkarteak, hain zuzen ere. Herrialde bakoitzean bana dago: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparraldean eta Nafarroan, eta denek batera Euskal Herriko Kantuzale Elkartea osatzen dute. Edonola ere, nahiz eta elkarrekin Euskal Herriko haur kantari txapelketa antolatu, bakoitzak bere funtzionamendua eta ibilbidea ditu. Horrela, Nafarroako Kantuzale Elkarteak urtero antolatzen ditu haur eta heldu kantari txapelketak; Gipuzkoako Kantuzale Elkarteak bi urtetik behin, eta besteek maiztasun gutxiagoz.
Txapelketa horien helburua haurrak abestera animatzea eta jendaurrean kantatzeko aukera eskaintzea da, betiere garrantzitsuena parte-hartzea delarik. Halaxe dio Itziar Irigoien Nafarroako Kantuzale Elkarteko lehendakariak. "Helburu nagusia kantatzea da. Euskal Herriko etxeetan eta bazkari-afalosteetan kantatzeko ohitura handia izan da, baina galtzen ari da. Txapelketaren xede nagusia haurrek gure ohitura izan den kantatze hori berreskuratzea da. Helburua ez da lehiatzea, baizik eta haurrei kantatzeko aukera eskaintzea. Badakigu jendea kantuan jarri nahi badugu, eskola ez dela lekurik aproposena. Txapelketak, ordea, beste giro bat sortzen du: kantuak entzun eta aukeratu behar dira, entseguak egin behar dira...".
Xedea ez da lehiatzea, hori garbi dio Itziarrek, baina txapelketak berak lehia berekin dakar. Eta hor dago koska. Batzuk lehiatzera joaten dira, eta beste batzuk ongi pasatzera eta gozatzera. Haatik, zaila da lehia eta ez lehiaren arteko muga non dagoen jakitea.
Errealitate horren jakitun, bai elkarteko kideak eta bai haurrak prestatzen aritzen diren irakasleak hausnarketa batean murgildurik daude. Oskar Estanga Nafarroako Kantuzale Elkarteko idazkariak txapelketak alde baikorrak eta ezkorrak biak dituela dio: "Prestakuntza, saiakera, finalaren eguna kantuaren egun handia izaten da... horiek alderdi positiboak dira. Bestalde, haur batek ongi kantatu arren galdu duenaren sentsazioa eduki dezake, eta horrelako gauzak zaindu egin behar dira".
Bizipen horiek ekiditeko modua ikuspegia aldatzea dela baiezten du Itziarrek: "Lehiatzeari garrantzia eman beharrean, ongi pasatzeari eta gozatzeari eman behar zaio pisua".
Izena aldatzea zer?
Orduan, zergatik ez aldatu izena? Zergatik ez egin jaialdi bat txapelketaren ordez? Hori ere aztertzen ari dira. Oskarri garrantzitsua iruditzen zaio izena aldatzea. "Azken finean, lehiatzeko prestatzen ez diren haurrek pasatzen dute ongien. Orduan, zertarako egin txapelketa bat ez-txapelketarako prestatu behar baditugu haurrak?". Dena dela, izena aldatzea ez da dirudien bezain erraza, eta horren jakitun da Oskar. "Txapelketa bezala antolatuko ez balitz jendeak parte hartuko al luke? Motibazioa berdina izango al litzateke?" Horiek dira dauden zalantzak.
Itziarrek zalantzak ditu izena aldatzeari dagokionez. "Jaialdiak egiten dira: Gabonetan, inauterietan... Baina hori nahikoa al da? Nik uste dut oso ongi daudela, baina batzuetan eskolatik kanpo jende gehiagorekin elkartzea komenigarria da harremanetarako, besteek egiten dutena ikusteko... Orduan, txapelketak hedatzeko balio du, eskola barruan ez gelditzeko. Euskararekin gauza bera gertatzen da. Jende aunitzek eskolan ikasi du eta euskara eskolako gauza bat da. Euskara eta beste gauza asko eskolara mugatzen ari dira, eta nik uste dut hori baino gehiago direla. Zentzu horretan, txapelketak horretarako balio du, eskolatik atera eta mundu errealera igarotzeko: beste haurrak, beste eskolak, lagun berriak... Bizi hori agertzeko aukera polita da".
Horrez gain, lehian parte hartzen ez dutenei ere kantatzera joateko aukera ireki lekieke: herrikoei, eskualdekoei...
"Gazteak kantari" eskaintza
Kantuzale elkarte batzuen egiteko a ez da txapelketa antolatzera mugatzen, gehiago ere egiten dituzte, eta baita zerbitzuak eskaini ere. Nafarroako Kantuzale Elkarteak, esate baterako, "Gazteak kantari" izeneko zerbitzu bat dauka. Bertsolariekin egiten den modura, norbaitek kantariak edo musikariak behar edo nahi baldin baditu jaialdi baterako, afaloste baterako edo dena delakorako, zerbitzu horretara dei dezake kantari eske. Eskolek ere gauza bera egin dezakete; ipuin kontalari bati deitzen dioten bezala, Nafarroako Kantuzale Elkartera dei dezakete abeslari bat nahi baldin badute. Eskaintza berritzailea da, eta aukera polita izan liteke bai kantarientzat eta baita kantariak nahi dituztenentzat ere.
Txapelketa baino zerbait gehiago
Esperientziak
Txapelketak ematen dituen aukerak izan ditu aipagai Itziar Irigoienek. Elkarteko lehendakaria izateaz gain, musika irakaslea da eta urte asko daramatza txapelketarako haurrak prestatzen. "Euskal Kantuaren pedagogia" izeneko ikastaroan ere azaldu ditu bere planteamendua eta esperientzia, gainontzeko irakasleak animatze aldera. Txapelketaren aurretiko lana, egunean bertakoa eta ondorengoa bereizten ditu.
Zer lantzen duzue txapelketaren aurretik?
Hasteko, denei ematen diet txapelketari buruzko informazioa eta denak animatzen ditut. Ez dut aukeraketarik egiten; animatzen dena animatzen da eta kito. Epe bat ematen diet pentsatzeko eta kantua aukeratzeko. Laguntza behar badute, ematen diet, baina kantua beraiek aukeratzen dute.
Ondoren, garrantzitsua da konpromisoa hartzea, data batzuk daudelako eta errespetatu egin behar direlako. Gauzak ongi pasatzeko egin behar dira, baina seriotasun punttu batekin. Musika eskolakoekin ere hitz egin behar izaten da, eta hori ere beraien esku uzten dut. Nire zeregina laguntzea da; erantzukizuna eta protagonismoa beraienak dira. Askatasuna eta konfiantza dira bideak.
Izugarrizko garrantzia ematen diot gozatzeari, bai nik eta bai beraiek.
Uste dut oso garrantzitsua dela hasieratik garbi uztea garrantzitsuena esperientzia bera, mikrofono batekin jendaurrean kantatzea eta gozatzea, eta ez lehiatzea.
Nola bizitzen dute txapelketa eguna?
Gauza anitz ikasten dituzte. Jendaurrean abesteak norberarenganako konfiantza handitzen du. Eszenatoki gainera igo eta jendaurrean kantatzeko gai izateak beste konfiantza bat ematen du. Urduri egon arren aurrera egiteko gai izateak izugarrizko ziurtasuna ematen du.
Horrez gain, beste neska-mutilek kantatzen dutena entzuteak errespetua eta interesa lantzeko aukera ematen du. Gainera, besteek egiten dutena egiteko gai garela konturatzeak ere autoestimua igotzen du.
Beste parte-hartzaileekin ere harremanak sor daitezke, lagun berriak egiteko aukera ematen du.
Eta noski, ikastetxean eta herrian sekulako giroa sortzen da.
Ondoren, eskolara itzultzean, zer jarraipen ematen diozue?
Gustura bueltatzen dira. Jendea interesez eta espektatibekin egoten da beraien zain, eta horrekin jada pozik sentitzen dira. Txapelketa ikustera joaterik izan ez dutenek, entzun egin nahi izaten dute, eta haientzat abesten dute. Kantu giro polita sortzen da.
Aldiz, helburua lehia izan bada, guztiz kontrakoa gertatzen da. Eskolara harrotuta itzultzen dira. "Hoberenak gara, besteak txarragoak ziren..." eta horrelakoak esaten dituzte. Hori gertatzen bada, hausten saiatzen naiz.
Operación Triunfo eta telebistako horrelako saioen eragina nabaritzen al da?
Bai, dudarik gabe, eta eragiten du. Alde batetik, izar bat sortzen du eta besteekin ahaztu egiten da. Eta bestetik, parte-hartzaileei ez die askatasunez jokatzen uzten. "Hau ezin duzu egin, hau horrela da, hori hala... Horrela egiten ez baduzu gaizki dago...". Ez dute jende askea nahi, bideratua baizik. Baina beraiek ez dira konturatzen. Nerabezaroan, erraten diezunaren kontrakoa egiten dute, baina telebistak oso ongi egiten ditu gauzak eta ez dira konturatzen. Orduan, erakutsi egin behar zaie ez direla ari beraiek aukeratzen, beste batzuek aukeratzen dutela, beraiek uste ez badute ere. Nork aukeratzen ditu kantuak? Nork moldatzen ditu kantuak? Nork egiten du dantza? Beraiei ez diete ezer onartzen; dena da horrela, horrela eta horrela. Edo hau egiten duzu edo kalera zoaz. Eta zerbait lortzeko sufritu egin behar da. Non dago beraien askatasuna?
Eskolan guztiz kontrakoa egin nahi dugu; norberak aukeratzen eta egiten duena ongi dago, betiere inor zapaltzen ez bada eta errespetua galtzen ez bada. Zaila da horri buelta ematea, baina saiatzen ari gara. Ezin dugu telebistaren kontra jarri, baina gauzak nola ikusi erakutsi behar diegu. "Gustatzen al zaizu?. Ongi da, zer gustatzen zaizu? Gustatzen al zaizu norbaitek esatea egunero zer egin behar duzun? Bada, hori ari dira egiten".
Zaila da, ez baitira konturatzen. Baina sarritan helduok ere ez. Operación Triunfo ikusi eta behintzat kantatu egiten dutela pentsatzen dugu eta hori dela garrantzitsuena. Ni ez dago ados horrekin. Kantatzea garrantzitsua da, baina ez edozein modutan eta edozer gauza. Nik oso garbi daukat Pello Joxepe ez nukeela abestuko edozein adinetako haurrekin, duen hitzagatik.
Nolakoa da musikaren egoera eskolan gaur egun?
Nafarroan txarra. Lehen normalean astean bi saio izaten genituen talde bakoitzarekin, eta orain 50 minutuko saio bat baino ez. Helburu politak ditugu diseinatuta, baina betetzen ezinezkoak, ez baitago ezertarako astirik.
Eskoletan egiten den lanarekin euskal kantagintzaren transmisioa berma al liteke?
Ez dakit, bada. Izan ere, arazoa da kantuaren afera musika irakaslearen eskuetan soilik geratu dela. Tutoreek ez dute lantzen, hizkuntza irakasleek ere ez, eta testu liburuetan jada ez dira agertzen. Gainera, Nafarroan liburuak kontrolatuta daudenez... Poliki-poliki hankak moztea da batzuen helburua.
Dena dela, egia da kantuak pila bat laguntzen duela hizkuntza bat ikasten. Ingelesekoek zer egiten dute? Eta guk? Kantua tresnarik hoberena da hizkuntza, kultura... transmititzeko.
Musika eskoletan lantzen al da hori?
Guk ikastetxean aukera eta denbora gutxi dugunez, musika eskolek hasi beharko lukete lekukoa hartzen. Guk dakigula gutxi lantzen da eta betiere norberaren eskuetan dagoela uste dut. Euskaltzalea baldin bazara eta euskal kantuak ezagutzen badituzu, bai; bestela ez. Dena dela, gauzak aldatzen ari dira eta musika eskoletako irakasleek Euskal Kantuzale Elkartera deitu izan dute euskarazko ikastaroak eskatuz.
Begoña Rudi
Berako Labiaga ikastolak urte askotan parte hartu du txapelketan, baina aurten atseden hartu du. Begoña Rudi musika irakaslea da haurrak prestatzen aritu izan dena.
Orain arte parte hartu duzue eta aurten ez. Zer dela-eta?
Hasieratik hartu dugu parte eta urtero Lehen Hezkuntzako talde bat, DBHko beste talde bat, bakarlari bat eta bikote bat joaten ginen. Horrek lan pila bat sortzen du. Gainera, musikariak normalean ikasle ohiak izaten dira eta zaila izaten da entseguak egitea. Lan handia da, nahiz eta gustura egin. Eta horregatik, aurten atseden hartzea erabaki genuen.
Bada bertze arrazoi bat ere. Kantu txapelketaren hasierako filosofia pixka bat aldatu egin da. Hasieran Euskal Herriko kantu zaharrak berreskuratzea zen helburua eta hagitz ongi iruditzen zitzagun. Ni hemen Berako kantu zaharrak berreskuratzen jarduten nintzen, eta hagitz lan polita zen. Ikasleentzat, ordea, aspergarria zen, eta beste lekuetakoek kanta modernoak kantatzen zituztela ikusita, beraiek ere hala nahi zuten. Niri gustatuko litzaidake kantu zaharrak lantzea, baina badakit zaila dela.
Zer gauza positibo ikusten dizkiozu txapelketan parte hartzeari?
Nik beti erraten diet ikasleei musika ez dela instrumentu bat jotzea soilik. Musika elkarrekin partekatzeko da, eta horretarako bitarteko bat da txapelketa. Gelan lantzen eta ikasten duguna gero publikoaren aitzinean emateko aukera irekitzen du, guk barruan daramaguna transmititzeko.
Denetik ezagutu eta probatu behar da, eta hori eszenatoki baten gainean egiten da. Kanta bera etxean edo gelan kantatzea ez da gauza bera. Jakin egin behar da eszenatoki baten gainean egoten: argiak, publikoa, epaimahaia... Hori dena esperientzia bat da eta gure burua kontrolatzen laguntzen du. Positiboa da, bai. Nik ez dut erraten ez garenik joango berriz. Agian heldu den urtean berriz parte hartuko dugu, baina lasaiago.
Gainera, txapelketaren beste gauza positibo bat lortu dugun motibazioa izan da.
Kristina Solano: "Txapelketaren aldekoa naiz. Beste motibazio bat sortzen du eta hori ona da"
Haur kantari txapelketari begira jartzen naizenean, ikuspegi batetik baino gehiagotatik begiratzen diot. Txapelketak bere alde onak eta txarrak dauzka, eta nik, egia esan, onak gehiago ikusten dizkiot, bai parte-hartzaile bezala, bai irakasle bezala eta bai epaimahaikide bezala.
Parte-hartzaile bezala orain dela 6-7 urte hartu genuen parte beste neska batek eta biok Etzakit taldekoekin batera. Oso esperientzia polita izan zen. Beste sarien artean, publikoaren sari bat izaten da, eta guk hura hartu genuen. Ikaragarri gustura gelditu ginen.
Ez zen taulatu gainera igotzen nintzen lehen aldia. Trikitixa jotzen dudanez, ordurako eszenatoki gainean ibiltzen ohituta nengoen. Baina desberdina da erromeria bat ematea edo epaimahai batek zure lana epaitu behar duela jakitea. Nerbio punttua hor egoten da. Nahiz eta ohituta egon, oso urduri atera nintzela gogoratzen dut. Baina behin taula gainera igo ondoren, ordea, erabat aldatzen da. Nerbioak desargertu egiten dira eta zure lana bukatu arren, hor gelditu nahi izaten duzu. Taldekideak ere ezagunak ginen eta oso giro polita eduki genuen. Prestaketa lanetan gure kontutik aritu ginen. Guk aukeratu genituen abestu behar genituen kantak: bata Zaldiboboren Lurra eta bestea Etzakit taldeak sortua.
Irakasle ikuspuntutik begiratuta ere, ongi ikusten dut. Trikitixa irakasle naizenez, ikasleak trikitixa txapelketarako prestatzen ditut normalean, baina kantu txapelketarako ere bai. Duela bi urte ikasle batzuei komentatu nien eta desiatzen joan ziren. Oso ondo joan zitzaien eta beraien artean hain giro ona sortu zen, non geroztik abesteko elkartzen jarraitzen dugun. Aurten ere komentatu nien, eta desiatzen daude. Beraientzat oso esperientzia ona izan zen, eta nik uste dut gogoan edukiko dutela beti.
Nire ondo joan zait, hori egia da, baina haur askori ez zaio hori gertatzen. Gertatu izan zait ikasle batzuk txapelketara joatea, eta urduritasunagatik edo mila arrazoigatik, beren lana egin gabe jaitsi behar izatea. Horrelakoetan haur horrek erabakia hartzen du hurrengo txapelketan parte hartu edo ez. Beharbada bere bidea ez du alde hortatik ikusiko, baina hor konprobatzen du.
Hortaz aparte, konturatzen naiz haurrek, bai txapelketarako edo bai jaialdirako denean, gehiago ikasten dutela eta gehiago prestatzen direla. Tristea da hortara jotzea gehiago jotzeko, baina prestakuntza aldetik nabaritzen zaie gehiago aritzen dela.
Txapelketarako ematen diedan aholkua da lasai joateko, prestatu duten lana ondo egitera eta beraiek gustura gelditzera, besterik ez. Badakit zaila dela, badakit behetik esatea erraza dela, baina animoak ez daitezela falta.
Pertsonalki ere, uste dut hazi egiten zarela. Ni txikitan oso lotsatia nintzen, eta taula gainera igotzeak irekitzen lagundu zidan. Horrez gain, lagun pila bat egin ditut.
Epaimahaikide bezala, orain dela bi urte ere egon nintzen lehen aldiz, eta aurtengoa bigarrena izango da. Oso zaila izaten da, polita, baina oso lan zaila. Gehienbat ahotsa eta afinazioa baloratzen dira.
Lehen esan dudan bezala, alde positibo gehiago ikusten dizkiot txapelketari negatiboak baino. Egokia iruditzen zait eta horren aldekoa naiz. Hor bultzatzen diozu haurrari kantatzera. Beste motibazio bat sortzen du eta hori ona iruditzen zait. Jaialdiek ere sortzen dute motibazio hori, baina txapelketetan beti merezimendu bat daukazu, sari bat. Haurrari kopa bat, txapel bat edo dirua ematea oraindik ere motibagarriagoa da. Hori da aldea jaialditik txapelketara. Jaialdietara ere oso gustura joaten dira, baina merezimendu edo sari bat daukazunean, are eta gusturago.
Telebistan kantari
Betizu saioaren musika txokoa
ETB1eko haur programaren barruan betidanik egon da abestiei eskainitako tarte bat: hasieran Euskaraokea zen, gero Betimu, ondoren Betizu Taldea eta orain Show BT. Oro har, programaren helburua haurrek telebista euskaraz ikus dezaten baldin bada, atal honekin musikaren esparruan ere euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea dira xede. Baina, urteetan zehar formulak edo bitartekoak aldatuz joan dira.
Euskaraokea plazarik plaza egiten zen programa zen. Euskal Herriko makina bat herritara iritsi ziren ETBko kamerak, eta haur askok izan zuten mikrofonoa hartu eta kantatzeko aukera. "Udalekin eta ikastetxeekin jartzen ginen harremanetan" gogoratzen du Lorea Perez de Albeniz Show BTko zuzendari ordeak. "Eskoletan guk emandako kantuen zerrenda banatzen zuten eta nahi zuten guztiek abes zezaketen. Lehiaketa baten bitartez horietatik 40 aukeratzen genituen telebistan ateratzeko". Betimuren planteamendua ere berdina zen, baina kantatzeari dantza egitea gehitu zitzaion, telebistak irudiak ikusteko ematen duen aukeraz baliatuz.
Behin Euskal Herriko plaza gehienak igarota,eta "formula hori erreta" zegoela ikusita, lan horri amaiera emateko unea iritsi zen, eta beste planteamendu batekin hasi zen Betizu Taldea. "Ordura arte gauza zabala baldin bazen, herriz herrikoa, Betizu Taldea telebista platoaren barruko lehiaketa zen, telebista programa bat, azken finean. Casting bat egin zen Betimun ondoen moldatu ziren haurrekin eta lehiaketa bat antolatu zen. Haurrak sartu eta atera ibili ziren, eta azkenean lau gelditu ziren. Talde horrek BT.0 izeneko diskoa kaleratu zuen eta izugarrizko arrakasta izan zuen" azaltzen digu Loreak.
Parte-hartzaile kopurua murriztu egin zen, eta horren inguruan hausnartu zuten programaren arduradunek, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuten. "Azken finean, ez da guk sortu dugun zerbait, bizitzan eta ikasketetan ere horrela da" baiezten du Loreak. Hala ere, lehiaketatik kanpo gelditzen direnak ere egindako lanarekin gustura gelditzen direla aitortzen du, eta pena hartu arren, onartzen dutela.
Ikasturte honen hasieran, berriz, beste ideia berri bati ekin diote: euskarazko musikal bat egitea. "Musikalak oso modan daude Madrilen, Amerikako Estatu Batuetan eta abar, eta guk euskaraz egitea erabaki genuen" dio Loreak. 12 gaztez osatutako talde bat aukeratu ondoren, gazteen gertuko gai bat hautatu zuten: elkartzeko alokatzen dituzten lokalak. Horren inguruko istorio batekin musikala prestatu eta iazko abenduan estreinatu zuten telebistan, eta ondoren Sopelan antzeztu. Musika eta dantza ardatz harturik, euskarazko abestiak eta erritmo modernoak zituen osagaitzat. Loreak dioen bezala, "erritmo horiek ere euskaraz egin daitezkeela ikusteko". Egindako lana disko batean bildu eta kaleratu zuten. Telebistako lanari dagokionez, egunero ikuskizun bat egiten dute binaka edo hirunaka. Udari begira, Show BTren disko berri bat kaleratuko dute.
Euskara da ardatz
Telebistako programa honetan kantagai diren abestiak euskarazkoak dira. Euskal taldeen kantak bere horretan abesten dituzte, bertsio berririk egin gabe. Atzerriko hizkuntzetan daudenak, aldiz, euskaratu egiten dituzte, eta zenbaiti hitza aldatzen diete, jatorrizkoa ez dutelako egokitzat jotzen haurrentzat. Itzulpen horiekin, atzerriko abestiak euskaraz abestea lortzen dute, edo hori da, bederen, helburua. "Haurren musika erreferente nagusiak kanpotik datoz, eta guk erakusten duguna da abesti hori euskaraz abestu ahal direla eta badaukagula gaitasuna kantu horiek eta erritmo desberdinak euskaraz abesteko".
Haurren musika erreferentzia nagusiak kanpokoak direla aipatu du Loreak eta horren inguruko xehetasun gehiago eskatu dizkiogu. "10 urtera arte, eurentzat musika ezaguna da etxean entzuten dutena edo, nahitaez, estatu espainiarretik, AEBtik edo mundu anglosaxoietik datorrena: top zerrendetan dagoena, telebistan eta aldizkarietan ikusten dutena... Izugarria da. 10 urtetik aurrera hasten dira euskal taldeak ezagutzen". Horren haritik, nahiz eta programako arduradunen helburua euskarazko abestiak bultzatzea den, kanpoko komunikabideen, aldizkarien eta gainontzeko eragileen itzala askoz ere handiagoa da. "Nahiko nuke guk eragina edukitzea eta La Oreja de Van Gogh-en hitzak euskaraz jakitea haurrek!" dio Loreak. Edonola ere, kontuan izanik 4-12 urteko haur eta gaztetxoen %60-70ek ikusten duela Betizu programa, ez da kopuru makala.
Abesteko ohitura badago
Euskal Herrian bazkalosteko edo afalosteko kantaldi beroak gutxitzen ari direla entzuten da, ohitura hori galtzen ari dela, alegia. Gutxi abesten dela esan izan ohi da, eta agian egia izanen da, baina haurrek eta gaztetxoek abesten dute. Akaso ez euskal abesti tradizionalak; seguraski beraien gustuko kanta modernoak, baina kantatzen dute, eta gustuko dute, gainera.
Horregatik, telebistara joaten diren batzuk horretara joaten dira; abestera eta kito. Saltsero hutsak dira eta ongi pasatzera eta esperientzia berri bat bizitzera joaten dira. Kantatzea gustatzen zaienez, eta horretarako aukera ematen zaienez, horretan jarraitzen dute ahal duten bitartean. Beste batzuk aurretik ere musika munduan jardundakoak izaten dira eta bide horretatik jarraitu nahi dutenak. Abeslari izatea eta ospetsu bihurtzea amesten duenik ere bada.