Herrietako kultur ondarea. Herritartasuna sustatzen

2009-06-03
Gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan, askotan urrun dugunaren gaineko informazio asko jasotzen dugu, eta etxekoa ez dugu ezagutu ere egiten. Egoera hori gainditzeko, Euskal Herriko hainbat herritan, herri ondarearen gaineko proiektuak egiteko beharra ikusi dute udalek.
Gaiak kezka eta interesa sortu du, eta esparru hori lantzeko hainbat ekimen garatzen ari dira. Besteen artean, Hik hasi ere ari da herri batzuetan ondare kulturala berreskuratzeko proposamen lanak egiten.
 
 
Herrietako kultur ondarearen transmisioa
Geure herriari buruz informazio handirik ez dugu izaten sarritan, eta, badugunean, batzuetan informazio hori ez da belaunaldi batetik bestera pasatzen, transmisio arazoengatik. Jendearen mugikortasunak, oro har, asko murriztu du transmisioa, jende asko joaten baita bizitzera berea ez den herri batera. Geure ikastetxeetan, gainera, irakasleen mugikortasunaren ondorioz, maiz izaten dira herrikoak ez diren irakasleak, eta horiek ez dute beti herria ezagutzen. Eten hori gainditzeko beharra ikusita egin dira lan hauek. Euskal curriculuma gertutik eraikitzen hasi behar da, eta, ikasleen interesa pizteko, beharrezkoa da gertukoak zaizkien gauzetatik abiatzea, ezagutzen duten horretatik abiatzeak motibazioa areagotzen baitu. Unitate didaktikoak egin dira, beste hainbat gauzaren artean, eta, horien bidez, ikasleak herrira gerturatzeko ahalegina egin nahi da, herria hobeto ezagut dezaten.
Hik hasiri dagokionez, Villabona-Amasa, Hondarribia eta Errenteriako udaletxeek izan dute interesa proiektu horretan, baina lana aurreratuen Errenterian dago. Prozesua bera izan da herri guztietan:
Lehenik, herri horietan jasota edo landuta dagoen informazioaren azterketa egin da. Horretarako, toponimia lanak, herriko hizkerari buruzko lanak, irudi zaharrak eta historia liburuak, ipuinak, kantak, lanbide zaharrak, istorioak, kontakizunak… aztertu dira. Herriaren ezagutzan gakoa izan daitezkeen pertsonak identifikatu dira, eta horiei elkarrizketak egin zaizkie.
Herriko eragileak kontuan hartuta, ikuspegi orokorra izango duen proiektua osatzea izan da asmoa, eta heziketa ziklo guztiak eta adin tarte guztiak hartu dira kontuan.
Informazio guztia jaso eta landu ostean, emaitzak askotarikoak izan daitezke: unitate didaktikoak, irteerak eta ibilaldiak egiteko proposamenak, herri hizkerari buruzko webgunea edo CDa, toponimiari buruzko webgunea edo CDa, jolasak, ipuinak, komikiak, mapak…
Hezkuntza arloko ildo nagusiak
Dibulgazioa izango da lehen helburuetako bat, herrian egiten diren lanak jendartean zabaltzea, hain zuzen ere. Hizkuntzaren eta kulturaren jabekuntza bermatzea ere helburu nagusien artean kokatu da, gaitasunak lantzeari garrantzi berezia emango zaio, eta, ezagutzak eskuratzeko, eguneroko bizitzari lotutako gaiak landuko dira,  eta bizitzarako baliagarri diren elementuak indartuko. Izan ere, gertuko ezagutzak erabiliz interesa eta motibazioa piztea interesgarria eta beharrezkoa da, eta, horrela, herritarren komunitate sentimendua indartuko da. Horretarako, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten tresnak baliatzea interesgarria da. 
Herria ezagutzen egitasmoa
Bizi garen herria hobeto ezagutzeko ahalegina
Errenteriako Udaletik abiatu zen ideia 2007an. Udalak, herriko toponimia jasoa zuen eta, askotan egiten den moduan, liburukote bat argitaratzea, ez zitzaion informazioa jendarteratzeko modurik egokiena iruditzen. Hala, Iametza enpresara jo zuen ea herritarrak horretaz jabetzeko zer egin zitekeen galdetuz. Iametzak, bere aldetik, guregana jo zuen gauza bera itaunduz.
Hik Hasik hausnarketa egin zuen, eta hezkuntzaren egoera ikusita,  gaiari heltzea erabaki zuen.
Zergatik murgildu zen Hik Hasi halako egitasmo batean?
- Europatik zetozen “gaitasun” edo “konpetentzia” irizpideak nagusitzen ari zirelako.
- Euskal Curriculumaren eztabaida mahai gainean zegoelako.
- Estatuko curriculumak zehazten ari ziren, eta bakoitzak bere estatuan ezarriko zuelako.
- Herritarren, ikasleen eta irakasleen mugikortasun handia dagoelako ikastetxe eta herri bakoitzean.
- Oinarrizko konpetentziak lantzeko gertuko baliabideekin aritzeak lana errazten duelako. Oso motibagarri baita eskura dituzun baliabideekin, egunero bizi duzun espazio eta gertaerekin, eta, bizitzari lotuta dauden gauzekin aritzea.
- …
Horregatik, Udalak jasota zuen toponimia aitzaki hartuta, “Herriko Ondare Kulturala” jendarteratzea planteatu genuen. Oinarrizko proposamen integrala egitea eta bitarteko egokiak sortuz jendartean zabaltzea jarri zen helburu nagusitzat.
Izan ere, herri askotan herriari buruzko hainbat lan bultzatu izan dira Udaletatik zein bestelako elkarteetatik; historia, toponimia, hizkuntza, etnografia eta bestelako gaiak jorratzeko ikerketa lan sakonak egin dira. Kasu askotan, gainera, argitalpen bat izan da lan horien emaitza.
Oraingoan, herrian jasotako edukiak jendarteratzeko asmo sendoa agertu du Errenteriako Udalak eta planteatzen den proiektuaren bitartez, bereziki, toponimia eta herriko kultur ondarea zabaltzeko lanak bultzatu nahi dira.
Herria ezagutzen
“Herria ezagutzen” deitu den egitasmoarekin bultzatu nahi diren helburu nagusiak hauek dira:
- Herritar izatearen kontzientzia indartzea.
- Euskal kultura eta euskararen normalizazioa bultzatzea.
- Gazteen artean herriko kontuak eta informazioak zabaltzea.
- Ikastetxeekin trebakuntza eta zabalkundea lantzea.
- Integrazioa erraztea.
- Edukiak antolatzea, aukeratzea, lantzea eta zabaltzea.
- Herritarrengan herriarekiko, bere historiarekiko eta bizitzarekiko jakin-mina sortzea.
Egitasmoa garatzeko faseak
Bi dira aurreikusten diren faseak:
1. Diagnosia
Hori egiteko, ahalik eta informazio zabalena jasotzea komeni da.
a) Herrian edo herriari buruz, jada, jasota dagoen informazioa aztertzen  da: liburuak, mapak, entziklopediak, CDak, DVDak,  argazkiak, web guneak...
b) Herriko pertsona gakoekin elkarrizketak egiten dira: kultur arloan ari direnak, hezitzaileak, udaleko teknikariak, geroko erabiltzaile posibleak...
2. Eskaintza
Ahalik eta esparru zabalena hartuko du eskaintzak. Etekinik handiena aterako dioten arloei lehentasuna emango zaielarik: ikastetxeak, euskaltegiak, aisialdia, turismo bulegoak, herritar ororentzat interesgarriak izango direnak...
Egitasmo parte-hartzailea
Sortuko den materialaren erabiltzaileak herritarrek izan behar badute, ez al da logikoa herritarrengana jotzea egitasmoa garatzeko garaian prozesu osoa partekatzeko? Hori izan da hasieratik zaindu nahi izan den praktika.
Horregatik, herritarren partaidetza bi planotan sustatzen ari da:
1. Egitasmoa garatzeko fasean. Informazioa lortzeko, beharrak aztertzeko, ideiak kontrastatzeko, emaitzak sortzeko proposamenak jasotzeko…
2. Sortuko diren produktuak erabiltzeko fasean. Emaitzetan edo produktuen elaborazioan parte hartzen bada, erabilera erraztuko da eta interaktibitatea eta talde lana sustatzeko aukera handituko da, hasieratik funtzionaltasuna edo erabilgarritasuna bilatuko baita.
Horregatik, materialaren egileen eta eragileen partaidetza ezinbesteko iruditzen zaigu. Bereziki, ondorengo profilak zaindu dira:
- Herrian kultura gaietan interesa agertu duten eta nabarmendu diren pertsonak.
- Azterlanen eta argitalpenen egileak eta arduradunak.
- Aisialdi taldeetako arduradunak.
- Udal teknikariak eta arduradunak.
- Ikastetxeetako arduradunak, bereziki, hizkuntza normalizatzaileak, materiala erabiliko den mailakoak eta zuzendariak.
Horrela, bada, parte-hartzea ez da  edukiak sortzeko unera mugatuko. Egitasmoa abian jartzeko hainbat eragilerekin hitz egiteaz gain, edukien eta produktu zehatzen erabiltzaileen parte-hartzea gauzatuko da. Hau da, emaitzetan (web guneak, unitate didaktikoak, CDak eta abar) interaktibitatea ezinbesteko ezaugarria izango da.
Adibide gisa, honako alderdiak  gara daitezke partaidetza bultzatzeko:
- Web guneko arlo zehatzetan herritarrek informazioa jartzea.
- Hainbat ariketa lantzea: leku-izenen jatorria interpretatzea (Gaztelutxo, Pontikaerrota, Itzieta, Beraun eta abar).
-Ba al zenekien? bezalako galderetan eztabaida sortzea.
- Edukien sorkuntzan, garatzen diren edukien osagarri:
- Ipuinen bilketa: ikasle bazkoitzari bere gurasoen herrietako ipuin edo gertakizunen bat eskuratzeko eskatzea (kultur aniztasuna lantzeko).
- Lanbide zaharretan: gurasoei edo aitona-amoei galdetzea.
- “Nire auzoko leku bat” bezalako lanak egitea.
- Altxorraren bila: joko interaktiboa eta fisikoa herrian barna lantzea.
- Materialak sortzean erabiltzaile potentzialekin kontrastatzea. Unitate didaktikoak sortzeko garaian, adibidez.
- Kanta CDtan edo bestelako ikuskizunetan parte hartzea.
Teknologia berrien erabilera sustatzen
Proiektuak dituen helburuak lortzeko teknologien erabilera gako garrantzitsua izango da. Ez da bide bakarra izango, noski, baina nabarmenki bultzatzen da teknologia berrien erabilera, herritarren arteko zabalkundea errazteko eta indartzeko.
Bereziki, web gune interaktiboak landuko dira, eduki grafiko eta bisualak, mapak, ibilbideak, materialak zintzilikatuko dira eta abar. Bestalde, CD edo DVD euskarriak ere oso mesedegarriak dira zabalkundean. Askotan, eduki digitalak ekintza fisikoen osagarri eta laguntzaile izango dira.
Hartzaileek dituzten baliabideak kontuan hartuta teknologia berrien erabilera indartu nahi da:
- Ikastetxeetako informatika euskarriak.
- Euskaltegietakoak eta elkarteetakoak.
- Etxeetako ordenagailuak.
- Turismo bulegoko ordenagailua, KZ gunea.
- Udalaren web gunea.
- Cicerone sistema (informazio telefonoak…).
- …
Web bertsioan herritarren iritziak eta iruzkinak jasotzeko aukerak garatzearen aldekoak gara. Modu horretan, zuzenketak eta datu berriak jasoko lirateke, web gunearen edukien kalitatea hobetuz. Aukera bereziak jar daitezke aisialdian, kirol elkarteen eta ikas-tetxeen eskuetan, albisteak eta agen-dako ekitaldiak sartzeko. 
Hiru herrietako diagnosia
Hiru herri landu ditugu. Koadroan ikus daitekeenez, bat handia da (Errenteria), bestea ertaina (Hondarribia) eta hirugarrena txikiagoa (Villabona-Amasa).
Lehen helburua, herri bakoitzean  ondare kulturalaren gaineko diagnosia egitea izan da. Horretarako, herri horretan jasota dagoena ezagutu egin behar da, edozein euskarritan jasota dagoelarik ere. Eta, aldi berean, kulturako edozein arlotan ari diren herriko pertsona gakoekin hitz egin behar da, haien ustez, zer egin beharko litzatekeen jasotzeko.
Horiek dira diagnosia egiteko erabili diren bi bide osagarriak.
Jasoketa lana
Oso desberdina da herri bakoitzak egin duen kultur ondarearen jasoketa lana.
Inoiz bukatzen ez den egitekoa bada ere, Hondarribian eta Errenterian lan ugari dago jasoa, jada. Bi herri horietako liburutegiek eta artxibategiek informazio ugari dute herriko kulturako hainbat arlori buruz. Bi liburutegi horietan, herriari eskainitako espazio berezia dute: liburuak, entziklopediak, mapak, ibilbideak, argazkien bildumak, bideoak, musika eta ipuin-zintak… Horrek guztiak, asko laguntzen du herriari buruz zer ezagutzen den eta zer falta den identifikatzeko.
Euskararen gorabeherak
Gure ustez, landutako hiru herrien kultur ondare nagusia euskara da.
Hondarribian bertan hiru hizkera izan dira: kaletarrena, baserritarrena eta arrantzaleena. Errenterian, aldiz, bi euskalki mota erabili izan dira: gipuzkera eta nafarrera, bizitokiaren kokapenaren arabera.
Guztietan, euskararen ezagutza duten herritarren  kopurua goraka badoa ere, erabilerak kezka sortzen du. Erabilera normalizatzeko bideak aurkitu behar dira euskara modu naturalean erabil dadin.
Toponimia
Toponimia lanak eginak dauden herrietan, horiek nola zabaldu eta jendarteratu sortzen du kezka. Jasoketa lanari etekina atera nahi bazaio, herritarrengana modu errazean iristeko bideak aurkitu behar dira, bestela, gutxi batzuentzako ondare gisa erabiltzeko arriskua baitago.
Herrikoa sentitzen lagundu
Herrian eskaintzen diren kultur proposamenak aztertu behar dira, herritarrei bertakoak sentiarazten laguntzen dieten edo ez jakiteko. Bertako ohiturak, kantak, jaiak, istorioak, kontakizunak, esaerak, gertaerak, historia, hizkera, auzoak, etxeak…
Horietan guztietan, herriko ekintzetan parte hartzeak asko laguntzen du bertakoagoa sentitzen. Herritarren arteko errespetuak eta haien arteko harreman fisikoak, hizkuntzazkoak eta afektiboak oso lagungarriak dira egiteko horretan.
Informazio eta komunikazio teknologia dinamikoak eta interaktiboak
Herri gehienek badute beren web gunea. Garrantzitsua da zer erabilera ematen zaion. Herritar askok badu, jada, ordenagailua etxean eta internetera konektatuta dago. Herriko Web gune horrek, irekia, bizia, dinamikoa eta informatzeaz gain, parte hartzera gonbidatzen duena izan beharko luke. Horrek, asko lagun lezake herritarren kohesioan.
Proposamen orokorrak
Proposamen ugari izan daitezkeenez, lehentasunak eta euskarriak zehaztean, ikuspegi integrala eta ahalik eta herritar gehienei eragingo dienetatik abiatzea komeni da.
Hiru herri horietan egin diren proposamen batzuk honakoak lirateke:
Bilketa lana: toponimia, euskalkia, adinekoen testigantzak eta abar.
Gordetzeko lana: liburutegian leku zehatz bat egon beharko luke herriari buruzko informazio  guztia elkarrekin gordetzeko, euskarria edozein delarik ere.
Bestalde, herritarrek dituzten herriari buruzko objektuak (argazkiak, liburuak, idatziak, etnografia eta abar) biltzeko leku bat egotea.
Euskararen  ezagutzaren eta erabileraren sustapena eta hizkeren berreskurapena: plangintza orokorra osatu beharko litzake euskararen erabilera sustatzeko eta herrian bereizgarri diren hizkerak bildu eta berreskuratzeko, gal ez daitezen.
Herri kohesioa: herritarren arteko eta elkarteen arteko ezagutza bultzatu beharko litzateke, denak herrigintzan ari direnez, eta horrekin batera, auzolana. Gainera, herriarekiko interesa, eta ondorioz, jakin-mina eta atxikimendua indartuko lirateke.
Bide batez, hori, herriaren gaineko lanen sustapena egiteko sareak sortzeko modua izan liteke.
Proposamen zehatzagoak
- Erabilerari loturik, eta eskoletan erabilera indartzeko, plangintza zehatza egin daiteke: eskolan, kalean, aisian... Jolas-garaietan euskaraz jolasteko jarduerak antola daitezke eta gero eskolen arteko olinpiadak egin. Udalak bultzatutako programa markoen bidez bidera daiteke.
- Prest dauden pertsonak prestatu eskoletan, euskaltegian, liburutegian eta abar, bertako hizkeran dakizkitenak kontatzeko. Udaleko programa baten bidez egin liteke.
- Adineko jendearen testigantzak ikus-entzunekoetan bildu: euskara, istorioak, kontakizunak, ohiturak eta abar.
- Bilketa etnografikoa egin beharko litzateke.
- Kanta zaharrak, ohiturak, festak, kontuak, istorioak eta abar bildu beharko lirateke.
- Baserritarren, arrantzaleen eta kaletarren ogibideak eta bizimodua bildu beharko lirateke.
- Oinetxeak, pertsonaia interesgarriak.
- Bilduta dagoen ondarea zabaltzeko eta ezagutarazteko unitate didaktikoak.
- Aldeko giroa sortu herrian irakasleak motibatzeko eta prestatzeko, herria ezagutzeko eta ezagutarazteko, ilusionatzeko. Herriarekiko sentiberatasuna izatea lortu beharko litzateke, sentiberatasuna transmititzeko.
- Mapa interaktiboa: toponimia, lekuak, eraikuntzak, gertaerak eta abar jasoko dituena.
- Azalpen txartelak ipini eraikinetan, kaleetan, leku esanguratsuenetan eta abar.
- Eraikuntza historikoekin erlazionatuko dituzten kontakizunak, ipuinak...
- LHko 3. zikloan (10-12 urte) irakatsi fandangoa eta arin-arina, valsa, eta agurra udaleko programa markoaren barruan.
- Herriko historia komiki gisa, modu errazean jaso.
- Herriko ondare kulturala jasoko duen DVDa sortu. Bertako jendeak egina eta bertako ohiturak, jaiak, kantak, dantzak, gertaera historikoak, oinetxeak, natura, lanbideak eta abar jasoz.
- Urtero, herriko ahalik eta talde eta jende gehien bilduko duen ikuskizuna egin.
Herria ezagutzen, Errenteria
Herri horretan, lehen fasea osatu ondoren, Udalak bigarren fasera pasatzea erabaki zuen. Lehen fasearen amaieran, hainbat proposamen luzatu zitzaizkion Udalari bilduta zuen ondare kulturalaren gaineko transmisioa egin ahal izateko.
Eskainitako proposamenetik sortu nahi zituzten euskarriak eta epeak adostu ondoren, lanaren lehen zatiari ekin zitzaion, hustuketa lanari, hain zuzen ere.
Hustuketa lana
Hustuketa lanean, Udal liburutegian zeuden liburuetako eta beste hainbat lekuetan herriaren ondareari buruz ari ziren liburuetako eta bestelako dokumentazio iturrietako informazioa hustu zen.
Hustuketa lanetik lortutako informazioa gaika sailkatu zen: historia, kultura, bitxikeriak, pertsonaiak, industria, baserria... izan ziren, besteak beste, hustuketan lortutako materiala atontzeko atalak.
Gainera, euskarri bakoitzerako baliagarria zen materiala bereiztuz joan zen, aldi berean.
Azkenik, hustuketa egindakoan, lortutako informazio guztia atalka biltzen zuen hustuketa txostena osatu zen. Bertan, informazio bakoitza bere iturriarekin eta erreferentziarekin jaso zen.
Hustuketa txostena gainerako lan guztietarako, eta sortu beharreko euskarri guztietarako datu basea da, horretan oinarrituta burutu baitira hurrengo urratsean egin diren eta egingo diren euskarriak.
Toponimia web gunea
Esan dugu Udalak toponimia lana burutua zuela. Lan hori ezagutzera emateko eta herritarren artean zabaltzeko sarean atari bat jartzea aukeratu da.
Horretarako, TOPONIMIA WEB GUNEA izeneko orria sortu da. Han, adituek egindako toponimia lana aurki eta kontsulta liteke; ikerketak jasotako leku izen bakoitza haren erreferentzia eta aipamenekin, alegia.
Bildutako leku izen horiekin osatutako toponimia mapa ere, orri horretan dago eskuragai.
Toponimia lanaren ohiko atal horiez gain, orriak baditu beste hainbat atal leku izenak eta horien ingurukoak errazago zabaltze aldera, hala nola:
BA AL ZENEKIEN? Atal horretan, hainbat leku izenei dagozkien fitxak eskaintzen dira. Fitxa horietan, leku horri buruz, edo leku horrekin zerikusia duen informazioa eskaintzen da, hustuketa txostenean jatorria duena, argazki batez lagundurik.
EZETZ ASMATU! Atal horretan, berriz, hiru balizko erantzun duten hainbat galdera aurkezten dira, toponimian jasotako izenen (terminoen) ingurukoak. Galdera bakoitzak ere bere argazkia du.
ARGAZKIAK. Atal horretan, herriko hainbat argazki zahar eskaintzen dira.
Halaber, egitasmo guztiak duen ezaugarri eta helburu partehartzaileari jarraiki, jendeak aukera du aurkeztutako fitxetako informazioa zabaltzeko, zehazteko edo zuzentzeko. Aukera dago ere norberak bere argazkiak zintzilikatzeko.
Herria ezagutzen unitate didaktikoak
Herriko ondare kulturala eta toponimia lantzeko sei unitate didaktiko prestatzen ari dira. Unitate horiek Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dituzte hartzaile gisa, eta Lehen Hezkuntzako ikasturte bakoitzerako unitate bat proposatzen da.
Hala ere, unitatearen erabileraren eskaintza malgua da, eta ikastetxe bakoitzaren esku geratu da haien erabileraren banaketa.
Unitate bakoitzak, herriko ondarearekin lotutako hainbat kontzeptu eskaintzeaz gain, herriko pertsonaia bat lantzen du eta bitxikeria bat, kontakizun edo ipuin bat, abesti bat, bertso bat, ohitura bat eta abar.
Haietan, gainera, unitatean proposatzen den gaiarekin lotura duen ibilbidea proposatzen du, koadernoetan ibilbidearen mapa eskaintzen duelarik.
Era berean, Hezitzailearentzako GIDA osatuko da. Horrek, unitatean proposatutako jarduera bakoitzaren azalpenak eskaintzen ditu eta baita beste hainbat jarduera ere, hezitzaileak egin nahi baditu lagungarri izan ditzan.
Komenigarria ikusi den kasuetan, gaiari buruzko informazioa eskainiko da ere gida horretan.
Lehen unitatearen zirriborroa egin zenean, ikastetxeekin bilera bat egin zen eta unitatea, gida eta ibilbidea aurkeztu zitzaizkien. Unitatea egiterakoan hartu behar izan ziren hainbat erabakiren gaineko informazioa eskaini zen ere; letra tipoaren erabilera, adibidez. Ondoren, ikastetxe bakoitzeko ordezkariak bere kideei aurkeztu zien unitatea eta ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera izan zuten.
Horiek denak bildu eta behin betiko unitatearen koadernoa osatuko da.
Unitatea osatzeko behar diren ilustrazio lanak, argazkiak, testuak eta abar, herriko jendeari eskaini zaizkio eta herritarrek egingo dituzte ahal den heinean.
Herria ezagutzen web gunea
Web gune hori, aurreko ataria aberastera etorriko da. Aurrekoak jasotzen zuen toponimiaz gain, orri horrek ondarearekin lotutako beste hainbat informazio eskainiko ditu zenbait ataletan.
Bestalde, orri horrek jasoko ditu ere aurrerago aipatu ditugun unitate didaktikoak eta Hezitzaileentzako Gida, baita ibilbide pedagogikoak eta mapa bisual interaktiboa ere.
Aurrera begira
Oraingoz horiek dira sortu ditugun eta sortzen ari garen produktuak. Aurrera begira, Udalarekin egindako hitzarmen berri batean, herrian zehar informazio panelak jarriko dira ondarearekin lotura duten hainbat puntuetan.
Gainera, Haur Hezkuntzako ikasleentzat herrian kokatutako eta herriko pertsonaiekin osatutako ipuinak sortuko dira, DBHko ikasleentzat, eta helduentzat oro har, herriko historia jasoko duen komikia egitea aurreikusi da.
Aurrerantzean, Udalarekin adostuz joango gara herriko ondare kulturala ikasleen eta herritarren artean ezagutarazteko beste hainbat bitarteko eta euskarri. Beti ere, helburua, herritarrak herriko ondarea ezagutu eta partehartzaileak izatea delarik.
Etorkizunak esango du noraino garatuko den Hik Hasik eta Errenteriako Udalak Errenteriako ondare kulturala herritarren artean ezagutarazteko egitasmoa.