Hezkidetzaz: Hezkidetza eta hezkuntza ez-formala. Nola landu hezkidetza aisialdian?

2009-06-03
Hezkuntza ez-formaleko aisialdi egitasmoetan hezkidetza oso gutxi lantzen da oraindik Edurne Epelderen ustez, eta, artikulu honetan, hori lantzeko hainbat ideia bildu ditu. Lehen urratsa, hezitzaileen formazioa eta hausnarketa bultzatzea dela dio Epeldek eta ondoren, helburuen zehaztapena etorriko dela. Azkenik, egindakoa ebaluatu beharko du hezitzaileak. Horretarako, ordea, lan pertsonala ezinbestekoa da eta hezitzaileak, sexu eta generoez haratago, haur eta gazteak pertsona gisa hezi beharko dituzte.
 
 
Hezkuntza ez-formalean kokatzen diren aisialdi egitasmoetan oraindik orain oso gutxi hartzen da kontuan hezkidetza. Aisialdian garatzen diren hainbat egitasmo, hala nola ludotekak, udaleku irekiak, gaztelekuak edota udaleku itxiak, pertsonaren garapenerako bitarteko garrantzitsuak dira.
Aisialdian ez dugu klase magistralen beharrik izango, hezitzaileen jarrera eta jokabideek, betetzen dituzten rolek, jolasari oso lotuak egongo diren ekintza gidatuek  edota egunerokotasunaren antolaketak (jatorduak, garbiketak, loa...) hartuko dute garrantzia.
Sistemaren antolaketa patriarkarrak, kapitalismoaren altzoan oso ongi irakatsi digu txiki-txikitatik jaiotako sexuaren arabera nola jokatu eta nola ez jokatu. Guztiok gara patriarkatuaren produktuak, haur, gazte, heldu, guraso, hezitzaile nahiz zaintzaile izan. Eta, nola egin ihes egoera horretatik?
Hezitzaileen formazioa
Lehenengo urratsa hezitzaileen formazioa eta hausnarketa bultzatzea izango da. Talde dinamiketan oinarritutako formazio saioak beharrezkoak dira. Hezkidetza kontzeptuaren kokapena egiteaz gain, norbere jarrerak eta jokabideak aztertzeko aukera eskaintzen dute. Horrela, hezitzaileok zenbait galdera egin beharko dizkiogu geure buruari:
- Norberak erantzun beharrekoak: Berdin tratatzen ote ditut neskak eta mutilak? Berdin egiten al diet errieta? Itxura fisikoari buruzko aipamenak nori egiten dizkiot gehiago? Neska bat edo mutil bat negarrez ari bada, zein da gure jarrera? Zein rol betetzen ditut nik? Saiatzen ote naiz nire generoari ez dagozkion rolak, jokabideak eta jarrerak praktikatzen?
- Hezitzaileek  erantzutekoak: Erabiltzen ditugun txantxek, kontakizunek edota ipuinek zein erreferente bultzatzen dituzte? Darabilgun hizkuntza parekidea eta ez sexista ote da? Nola antolatzen dugu espazioa? Ba al dago ezberdintasunik espazioaren erabileran? Haurren eta gazteen eskura jartzen dugun materiala berdin erabiltzen ote dute neskek eta mutilek? Erabiltzen ditugun irudiek sexu baten edo bestearen protagonismoa bultzatzen al dute? Zein dira taldeko barregarriak? Eta astunak? Neska edo mutil bat hiztuna denean, balorazio bera egiten ote dugu?
- Harremanak: Ba al da ezberdintasunik hezitzaile nesken eta mutilen artean? Bileretan eta erabakietan partehartzea bera al da? Nola banatzen ditugu funtzioak gure artean?
Helburuen zehaztapena eta planifikazioa
Norbere lanketa pertsonalari, taldeko hausnarketari eta egitasmoari jartzen dizkiogun helburuen zehaztapena gehitu behar zaizkio. Batetik, helburuak zehazterakoan, ez da nahikoa izango gure egitasmoa hezkidetzagilea dela esatearekin. Helburu zehatzak eta lorgarriak planteatu behar ditugu. Geure neurrira eginak eta ebaluagarriak. Helburu handiak eta potoloak alde batera utziko ditugu.
Planifikatzerakoan, berriz, batetik ekintza gidatuak eta bestetik egunerokotasuna bera kontutan hartuko ditugu. Batez ere udaleku itxietan, egunerokotasuna markatzen duten une eta guneak ditugu: jatorduak, logela, atsedenaldia, garbitasuna... Horiek bereziki garrantzitsuak izango dira guretzat. Egunerokotasunaren antolaketan haur eta gazte guztiak etxeko zereginen parte bihurtzea eta eginbehar horiek une positibo eta atseginak bihurtzea izango da gure ahalegina. Esaterako, garbiketa unea zigorrarekin eta zerbait desatseginarekin lotzea, ez da egokia. Garbitasuna, etxearen antolaketa edota jatorduen kudeaketa modu natural eta atseginean egiten saiatu beharko dugu.
Ekintza gidatuei dagokienez, zenbait galdera plantea ditzakegu: Aurrera eraman dugun ekintzak zein gaitasun bultzatzen ditu, zein balio? Zein harrera izan dezakete nesken eta mutilen artean? Adibidez, dantza tailerra egiten badugu, ziurrenik neskek interes gehiago azalduko dute mutilek baino; olinpiadak antolatzen baditugu, aldiz, alderantziz gertatuko da. Ekintza motak orekatu behar ditugu eta gure helburuen arabera, bat edo beste lehenetsi beharko dugu.
Zoritxarrez, hezkidetzaren gaiarekin aisialdian ez dira oraindik orain, helburuaren araberako, aldaketarako estrategia kontziente gehiegi abian jartzen. Estrategia batzuk egoera batzuetarako balio lezakete eta beste batzuetarako ez. Beharrezkoa da haur edo gazte taldea ezagutzea eta horren arabera egokitzea. Dena den, hona hemen baliagarriak izan daitezkeen zenbait estrategia:
- Tradizionalki emakumezkoenak izan diren zereginetan gizonezkoak jartzea, eta alderantziz.
- Espazioei erabilera berria ematea, espazio zabaletan futbolaz gain beste dinamika batzuk sortuz.
- “Hezkidetzaren behatzailea”. Egunero bi pertsona izan daitezke behatzaileak eta denen artean adostutako fitxa bat sortuz behaketa lana egin dezakete.
- Erabiliko ditugun ipuinak, kontakizunak... rolen inguruko hausnarketa egiteko aitzakia izan daitezke.
- Emakumezkoen parte hartzea sustatzen saiatuko gara. Horrekin lotuta, nesken erreferenteak sortuko ditugu.
Estrategien eta egindakoaren balorazioa
Egindakoa asko edo gutxi izan, beharrezkoa da ongi ebaluatzea. Batetik, egitasmoak irauten duen bitartean hezkidetzaren gaia sistematikoki ebaluatzeko metodoan pentsatu behar da: adibidez, balorazio bileretan hezkidetzaren puntua beti sartzea eta irizpide batzuen arabera ebaluatzea. Azkenik, aisialdiko egitasmoaren amaieran ere, ebaluazio orokorra egin beharko da; hau da, batetik, norberaren jarreren hausnarketa pertsonala eta bestetik taldeak ezarritako helburuen eta aplikatutako estrategien baliagarritasuna aztertzea.
Hezkidetza aplikatzeak, lan pertsonala eskatzen du derrigorrez. Hezitzaileok, jarrera aldatzera bultzatzen gaitu, eta pixkanaka sexu eta generoez gaindi pertsona gisa hezten ari garela jabetuko gara. Haur eta gazteak hezteko, lehenengo gure buruaz ikasi behar baitugu.
Ezin aipatu gabe utzi, gaiaren inguruan oso lan txukuna eta praktikoa egin duen Bizkaiko Urtxintxa eskolako Emaisia egitasmotik sortu den materiala. Gaira hurbiltzeko hainbat publikazio honako helbidean aurkituko dituzu: www.emaisia.org. Aipagarria da baita ere, Euskal Herriko Bilgune Feministak landu duen Hezkidetza Gida.