Herrialde gehienak pozik daude haien hezkuntza sistema populazioaren gehiengora, edo populazio osora, zabaltzen delako, baina, zer ari da gertatzen hezkuntzaren kalitatearekin?
Atsekabearen adierazle batzuk badira:
1- Eskola porrotaren maila altua da eta ikasle askok uzten dute eskola. Herritarren herenak ez du Derrigorrezko Hezkuntza amaitzen.
2- Gaur egun, ikasleen errendimendu akademikoa aurreikusteko aldagairik sendoena gurasoen kultur maila eta ikasketa maila izaten jarraitzen du. Beraz, non da eskolaren funtzio orekatzailea?
3- Eskolak zailtasunak ditu pentsamendu aplikatuaren, ezagutza kritikoaren eta herritarren sentitzeko, pentsatzeko eta ekiteko moduak antolatzen dituen ezagutzaren garapenerako.
Hezkuntza sistemek etengabeko erreformak egin dituzte egoera horren aurrean. Nazioarteko erakundeek hezkuntza sistemen oinarria berriz pentsatu behar dela diote. Erronka, hezkuntza sistema gaur egungo gizartera egokitzea da. Eta aldaketak ezin dira azalekoak izan, eskolaren muina, oinarria, berriz pentsatu behar dute. Aldaketa globala egin behar da, holistikoa eta osoa Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitateraino. Eta, oinarria, ezagutzak duen zentzuaren analisia da. Zein da eskolan landu behar dugun ezagutza, eta nola landu behar dugu?
Ezagutza, adierazien multzoa da eta adieraziak, gizakiak historian zehar egokitzeko oinarrizko tresna gisa erabili dituen errealitatearen errepresentazio subjektiboak dira. Errepresentazio subjektiboek ezaugarri batzuk dituzte: aro, historia, egoera eta aukera batzuekin lotura dutela. Eta izaera polisemikoa dute: objektua eta beharra adierazten dituzte, baita adierazi hori eraikitzen duen pertsonaren interesak eta itxaropenak ere.
Gizakiaren ezagutza subjektiboa da, sozialki eraikia, kontingentea eta historikoa, eta sistema edo metodologia zientifikoa sortzen du, adierazien eraikuntza pertsonen, taldeen, boterearen exigentzien… joeretatik etengabe babesten saiatzeko. Joerak ezagutzeko prozesua da, zeren joera subjektiboak saihestezinak dira gizakiaren ezagutzan. Baina, metodologia zientifikoak, ezagutza etengabe berrikusten, berreraikitzen, berrazaltzen aritzeko beharra planteatzen du, identifikatzeko akatsak saihesteko eta adierazi berrien zabalkuntza eta horien ahalmen epistemikoa sortzen joateko. Adieraziak zentzu-ardatzetan taldekatzen dira eta horiek errealitatea era jakin batean azaltzen dute, eta kulturak eratzen dituzte. Kulturak, belaunaldi berriak jaiotzen direneko sare sinbolikoak dira. Kulturak ezinbestekoak dira gizatiartze prozesuari eusteko, baina zalantzan jar daitezke aro, egoera eta historia batekiko lotura dutelako. Beraz, ezagutzak ezin du egiei buruz hitz egin, egiantzei buruz baizik. Kultura guztiak errespetagarriak eta eztabaidagarriak dira.
Belaunaldi berriek aurreko belaunaldiek eraikitako adieraziak eskuratzen dituzten prozesu horretan, bi prozesuk eragina dute:
- Sozializazioa. Prozesu horren bidez haurrak txikitatik komunitatearen tresna eta baliabide sinbolikoak eskuratzen ditu; ideiak, ohiturak, jarrerak… Baina kontzientziarik gabe eskuratzen ditu, kritikarik egin gabe, zalantzan jarri gabe. Sozializazio prozesua ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Komunitatearen ahuleziak eta indarguneak errepikatzen ditu.
- Heziketa. Haurra, sozializazio prozesuan eskuratu duen guztiari buruzko ontasun antropologikoa zalantzan jar dezan estimulatzen dugu. Haurra bere adierazien jabe egiten da eta kulturaren hesiak apurtzen ditu. Pertsonak sentitzeko, pentsatzeko eta egiteko moduak berriz pentsatzen ditu.
Ideia garrantzitsua da ongi hezitako haurra eta ongi sozializatutako haurra ez direla gauza bera. Heziketa prozesua, etengabe zalantzan jartzen den eta etengabe kritikatzen den prozesua da.
Pertsonak duen adierazi multzoa, zeinak kultura eratzen duen, berriz pentsatu behar da eskolan. Zer ari gara egiten eskolan? Heziketa? Sozializazioa? Biak batera? Nola egiten ari gara?
Bere adieraziak alderatzen ez dituen pertsona sozializazioaren erreprodukzio hutsa eraikitzen aritzea erraza da. Haratago doana, ordea, bilaketarako, aurkikuntzarako, alderaketarako, esperimentaziorako, ebaluaziorako, berriz pentsatzeko… prozesu metodologikoak txertatzen dituena, ziur aski, nortasun pertsonal kontziente eta zuhurraren sorkuntzarako hezkuntza prozesu batera gerturatzen ariko da.
Ezagutza ez da objektu bat, prozesu bat baizik eta edukiak metodoak bezain garrantzitsuak dira. Edukien erreprodukzio hutsa egiten badugu, ezagutza fosilizatzen dugu eta alferrikako bihurtzen dugu ulerkuntzarako, analisirako eta birformulazio praktikorako tresna gisa.
Ezagutzak, hainbat etapa eta maila bereiztu behar ditu:
1.- Datuak. Informazioak. Oinarrizkoak dira, horiek gabe ez baitago ezagutzarik, baina ez dira ezagutzak, horren osagaiak baizik.
2.- Kontzeptuak. Datuak hobeto erabiltzeko, elkar ulertzeko egiten ditugun taldekatzeak eta sailkapenak dira.
3.- Errealitatea interpretatzeko eskemak eta ereduak. Kontzeptu multzo bat taldekatzen dugu eta horiekin fenomeno bat, egoera bat… azaltzen saiatzen gara. Ereduen taldekatzeak teoriak ekartzen ditu.
Zer da ezagutza? Zer lantzen dugu eskolan? Errealitatea egonkorra eta erraza denean, datuak baliagarriak dira hainbat belaunalditan. Gaur egun datuekin gainezka egiten dugu, etengabe. Hainbat ikerketek diotenez, pertsonak egunerokoan erabiltzen duen ezagutza bost urtetik behin bikoizten da. Gure haurrek datu asko jasotzen dituzte, informazio asko, eta euren buruetan geratzea ezinezkoa da, eta, gainera, ez da beharrezkoa, datu horiek erraz kontsulta ditzaketelako. Beraz, datu hutsek historikoki izan duten garrantzia gutxitu egin da eta orain, kontzeptuek, ereduek eta eskemek hartzen dute garrantzia. Hori eskolara eramatea beharrezkoa da. Eta XIX. mendeko eskola (gaur egun jarraitzen duguna) datuen eta informazioen erreprodukzioan oinarritzen da. Beraz, erreforma beharrezkoa da eta baita eskola berrasmatzea ere.
Kontzeptuen, ereduen eta eskemen eraketa
Pertsonek, errealitatea ulertzeko, elkar ulertzeko eta errealitatean esku hartzeko erabiltzen dituzten kontzeptuen, ereduen eta eskemen eraketa bilduma zaila da. Ez soilik elementu kognitiboen bilduma, baita motibazioarekin, emozioekin, afektibitatearekin eta jarrerekin lotutako elementuena ere. Ereduak gure nortasun pertsonalaren sistema holistikoan integratzen dira. Ez da nahikoa eskolan diziplina akademikoak garatzea; pertsonengan, ulerkuntza, sentimendu eta ekintzarako eskemak ere garatu behar dira. Hori da heziketa praktika: pertsonei, aurrez bizi izan duten eta eskolarekiko paraleloa izan den denboran sortu dituzten eskema horiek azaltzeko aukera ematea, horiek ezagut ditzaten eta euren indarguneak eta ahulguneak non dauden ikusten has daitezen. Eta euren eskemak berriz osa ditzaten. Hori da eskolaren oinarrizko egitekoa: eskola berresmatzea. Helburu nagusia, gaur egungo eskolan transmisio hutsak eta datuen, edota teorien oroimenezko erreprodukzioak zentzurik ez duela ulertzea da, baizik eta eskolaren funtzio nagusia, ereduen, kontzeptuen, eta pertsonen pertzepzioa, interpretazioa eta jokabideak gidatzen dituzten eskemen berreraikuntza bultzatzen dela. Beraz, beharrezkoa da eraikuntza prozesu horri arreta eskaintzea. Hori da gure egiteko profesionala: prozesu hori erraztea.
OCDE-k eta DeSeCo-k 2000. urtean “Oinarrizko konpetentzien definizioa eta sailkapena” izeneko dokumentua kaleratu zuten eta oinarrizko hiru konpetentzia definitzea planteatu zuten:
1.- Gizakiek gaur egun arte sortu dituzten baliabide sinbolikoak (hau da, ezagutza) era interatiboan erabiltzeko gaitasuna.
2.- Gero eta hetereogeneoagoak eta ezberdinagoak diren taldeetan bizitzeko eta elkarbizitzeko gaitasuna.
3.- Garapen autonomorako gaitasuna. Ikasten ikastea.
Espainiako estatuan bost urte beranduago sartu da konpetentzien kontzeptua curriculumean, atzeko atetik sartu da, eta inork ez daki zer egin horrekin. Konpetenziak eta gaitasunak gauza bera al dira? Prozesua berandu etorri da, nahasia eta presazkoa izan da. Berandu iritsi bagara, ez da ezer gertatzen, egin dezagun prozesu lasaia eraginkorra izan dadin. Horrelako erreformek prozesu mantsoak, eztabaidatuak eta lasaiak behar dituzte.
Konpetentziak interpretazio eta akzio sistema konplexuak dira. Egiten jakitea, eta egin nahi izatea dira. Gure arretaren fokuak dira, gure oinarrizko helburuak. Konpetentzien kontzeptua ezin da trebetasunekin nahastu, horiek konpetentzien osagaiak baitira. Geure burua engaina dezakegu edukiei infinitiboa jarrita eta horrela konpetentzia bihurtu ditugula pentsatuta. Ez. Konpetentziak interpretazio eta akzio sistema konplexuak dira. Ezin dugu programaziorik egin konpetentzietan oinarrituz eta ezin ditugu konpetentziak hiruhilero edo hilero ebaluatu. Konpetentziak gure arretaren fokuak dira, erreferentzia markoak, gure oinarrizko helburuak. Haurrak pixkanaka konpetentziak eraikitzen joatea nahi dugu, baina guk, beti bezala, edukiak eta trebetasunak programatzen ditugu. Baina, zer eduki? Zer trebetasun? Beti bezala? Ez. Hori da berria. Eta geure buruari beti galdetu behar diogu: egiten ari naizen honek, konpetentzietara hurbiltzen nau edo urrundu egiten nau? Gure egiteko guztiari bestelako ikuspegia ematen dion giltzarria da.
Ikaskuntza akademizista tradizionalak bi sistema paraleloren eraikuntza bultzatzen du pertsonengan: eguneroko bizitzarako erabiltzen duguna eta eskolarako erabiltzen duguna. Eta, eskolan, ezagutzak erabilerarako balioa izan beharrean, aldaketarako balio du, notengatik aldatzeko, alegia. Nota batekin ordekatzeko ikasten da. Zer motatako ezagutza eskatzen diegu ikasleei egun gutxi batzuk irauten badu? Zertarako nahi dugu ezagutza mota hori? Zertarako balio du? Errealitaterako balio duten kontzeptuak, ereduak eta eskemak. Hori da eskolan garatu behar den ezagutzaren eredua.
Iradokizunak:
Eskola curriculumaren diseinurako:
1.- Konpetentziak kontuan hartzen badira, estatuko curriculumak dokumentu laburra, sinplea eta oinarrizkoa izan behar du. Bertan, etorkizuneko herritarrak hezteko estatu horren lehentasun politikoak zein diren definituko litzateke. Horrela egiten dute Finlandiak, Ingalaterrak, Australiak, Zeelanda Berriak…
2.- Curriculuma era lokalean zehaztu behar da. Irakasle taldea da haurren eta inguruaren ezagutza duen bakarra. Zergatik esan behar digu estatuak nola egin behar dugun lan? Horrek gure konpetentzia profesionala izan behar du. Norbaitek onartuko al luke, adibidez, Estatuko Aldizkari Ofizialak sendagileei gutxiegitasun koronario baten diagnostikoa nola egin behar duten eta zer tratamendu jarri behar dioten esatea?
3.- Eskolan lantzen ditugun arazoak diziplinarteko hurbilketak izan behar dira. Helburua ez da diziplinak transmititzea, baizik eta ereduak lantzea, pertsonen pentsamendu, sentimendu eta jokabideei buruzko ereduak lantzea, errealitatearen konplexutasuna ulertzeko eta horretan esku hartzeko gai izan daitezen.
Metodologiak
1.- Ekintzak lehenestea. Ikasteko, prozesu aktiboetan inplikatzea beharrezkoa da. Entzuten duguna ahaztu egien dugu, ikusten duguna gogoratzen dugu batzuetan eta egiten duguna ikasten dugu. Ikaslea eskolara egitera doa eta ez apunteak kopiatzera. Ekintzan parte hartu behar dute, bestela porrot egingo dugu.
2.- Ez du balio edozein ekintzak: benetako lanak izan behar dute, testuinguru eta egoera errealetan.
3.- Kalitatea kopurua baino garrantzitsuagoa da. Bestela, ikaskuntza azalekoa izango da. Hezkuntzan, gutxiago, gehiago izaten da maiz.
4.- Lehenik bizipenak eta ondoren formalizazioak.
5.- Kooperazioa estrategia pribilegiatu gisa. Kooperazioak entzutea, eztabaidatzea, ulertzea, proposatzea, konpontzea, errespetatzea, elkarlanean aritzea, erraztea… dakar. Eta ikasten erakusten du. Kooperazioak guztia du, baina estrategia konplexua da. Kooperatzen ikasteak lana, sistema, jarrera eta pazientzia eskatzen du.
6.- Metakognizioa sustatzea. Haurrek euren burua ezagut dezatela, euren ahuleziak eta indarguneak ezagut ditzatela. Eta autoerregula daitezela. Metakognizioa, ezagutza euren burua ezagutzeko erabiltzea da.
7.- Konfiantza eta segurtasun afektiboa eskaintzen duen giroa sortzea. Hanka gehien sartzen duena da gehien ikas dezakeena. Ez dugu akatsa ikaslea barregarri uzteko erabili behar.
8.- Arazoei lehen agerpenean heldu. Era guztietako arazoak haurrak txikiak direnean eten behar dira.
Aldaketak ikaskuntzaren testuinguruetan:
- Eskolara lan egitera joaten da.
- Lanerako espazioak askotarikoak izan behar dira. Isiltasunerako, ikasketarako, eztabaidarako, aurkikuntzarako… espazioak egon behar dira.
- Komunitatearen giro kulturalak eta produktiboak ikaskuntzarako espazio gisa erabil ditzake eskolak.
- Ordutegi itxiek eskolaren transmisiorako izaerari erantzuten diote. Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean, zer zentzu dute 55 minutuko eskolek? Soilik transmisiboa den XIX. mendeko metodologiari erantzuten diote.
Ebaluaziorako estrategiak eta metodologietan aldaketak
Ikasleek irakaslea aztertzen dute eta irakasleak ebaluatzeko duen erak ikasleen ikaskuntza prozesua baldintzatzen du. Ebaluazioak koherentea izan behar du aurrez erabili den metodologiarekin. Nolakoa izan behar du ebaluazioak?
1.- Kalifikazioa eta ebaluazioa bereiztu behar dira. Ebaluazioa ikaskuntza hobetzeko egiten den diagnostikoa da, eta ebaluazioak jarraipena eskatzen du. Ebaluazioak jarraia izan behar du. Kalifikazioa kategorizazio bat da. Hautaketak zentzua duenean, kalifika dezagun, baina bestela ez. Derrigorrrezko Hezkuntzan ez du zentzurik, baina ondoren bai, hautaketa egin behar delako.
2.- Konpetentzien osagai guztiak hartu behar ditu bere baitan. Ebaluatzeko, papera eta arkatzarekin egiten diren azterketak baino tresna aberatsagoak erabili behar ditugu. Ikasleen ulerkuntza sistema aldatu nahi baitugu. Papera eta arkatza erabiltzen diren proben bidez, ikasleak duen ezagutza erabilgarria ezagutu nahi badugu eta ez soilik datuak, utz diezaiegun azterketara nahi duten material guztia eramaten. Egin ditzagun azterketak datuak erabiltzen ote dakiten jakiteko, ez datuen azterketak. Hori egiten du PISAk: hausnarketak galdetzen ditu.
Aldaketak irakaslearen funtzioan
XXI. mendean irakasleon funtzioa aldatu egin da, benetan ezagutzak transmititzera eta errendimenduak ebaluatzera mugatu nahi ez badugu eta konpetentzietan oinarritutako ezagutza bultzatu nahi badugu. Irakaslea, ikaskuntza prozesuan laguntzailea den aditua da, hark diseinatzen ditu prozesuak, hark antolatzen du testuingurua… Irakaslea, ikasleari ezagutza era eraginkorrean nola lantzen den erakusten dion aditua da. Irakasleok, ikasleekin garatu nahi ditugun konpetentziak barneratuak izan behar ditugu. Irakasleok kontzienteki dakiguna eta inkontzienteki garena erakusten dugula esaten da. Beraz, aditu gisa ikasleei eskaintzen diegun testigantza oinarrizkoa da arazoei, egoerei eta testuinguru ezagunei eta arrotzei aurre egiteko orduan.
Unamunok zioen irakasleok, intelektual gisa, dilema etengabean bizi garela, euren interesak, ardurak eta ulertzeko erak ulertzeko haur bihurtzearen eta orientazioa eta irteerak eskaintzen dituzten aditu gisa aritzearen artean. Hark, dilema osagarri hori (konpromisoa-urruntzea) modu bizian bizitzea proposatzen zuen aholku hau emanda: altu pentsatu eta sakon sentitu.