0-5 urte bitarteko haurrentzat kantu eta jolasak

2009-07-01
 
 
Eduardo Galeano idazleak hitz hauek idatzi zituen:
Madrileko ostatu bateko horman, kartel bat dago: “Debekatuta dago abestea”.
Rio de Janeiroko aireportuko horman, kartel bat dago: “Debekatuta dago maletak eramateko orgatxoekin jolas egitea”.
Beraz: oraindik ere bada abesten duenik, oraindik ere bada jolas egiten duenik.
Hori da guk proposatu nahi duguna: abestea eta jolastea. Izan ere, haurrarentzat jolasa behar naturala da. Jolasaren bidez, fantasiak, nahiak eta bizipenak askatzen ditu. Haurra oso txikitatik jolasten da, eta jolasaren fantasiazko munduan murgildutzen da. Jolasaren bidez, ezagutza eta gaitasun ugari jasotzen ditu oharkabean. Haurrak, garapen osasuntsua izan dezan, behar-beharrezkoa du jolastea.
Gurasoek, irakasleek, aisialdiko hezitzaileek… uneak eta guneak eskaini behar dituzte haurren jolasetarako; batzuetan, haurrak beren kabuz lasai jolasteko, besteetan, helduekin batera dibertitzeko. Ziztu bizian eta patxadarik gabe bizi garen garaiotan, gero eta zailagoa da haurrek jolasteko tokia eta denbora aurkitzea, eta ahaztu egiten zaizkigu horrek gure haurrengan dituen ondorioak.
Horretarako, haur txikientzako mota askotako abesti eta jolasak landuko ditugu, kalean, etxean edo eskolan egiteko: esku jolasak, sokasalto eta goma jolasak, parkean aritzekoak, biribilean jolastekoak, animazio jolasak...
Jolasen aukeraketa egiterakoan, batzuetan, antzinako abestiak hautatu ditugu eta, besteetan, jolas eta kanta berriak aukeratu edota sortu ditugu. Horregatik, biribilean jolasteko proposamenak egiterakoan, Kinkirrinera abesti zaharrarekin batera, Punpalaplan abesti berria ikasiko dugu.
Bestalde, bost urte arteko haurrentzat, jolasa eguneroko bizitzan presente dagoen zerbait da; emozioak adierazteko ezinbesteko tresna du. Horregatik, hezitzaileoi eguneroko bizitzarako oso erabilgarriak zaizkigun jolas eta kantak ikasiko ditugu: jatekoak, sendatzekoak, magalean abestekoak, laztantzekoak, lo egitekoak...
Ikastaroaren helburu nagusia euskarazko jolasak hedatzea eta gizarteratzea da, hau da, jolasa euskararen normalizaziorako tresna izatea. Horretarako, jolasak hizkuntzaren normalizazioan duen garrantzia azaltzearekin batera, irakasleentzat eta gurasoentzat interesgarriak diren hainbat puntu landuko ditugu: jolasa hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragiteko bide eraginkorra dela, nola transmititu euskararekiko jarrera positiboak  jolasen bidez, hizkuntzarekin jolasteko bideak...
Azken finean, jolasteko eta abesteko beste dei bat egin nahi dugu ikastaroarekin... Oraindik ere badelako abesten duenik eta jolas egiten duenik.