Irakurketa sustatzeko estrategiak

2009-07-01
 
 
Badira, irakurketaren eta idazketaren pedagogiari dagokionean, guztia argi dagoela dirudien egunak, ezer gehiago gehitu ezin dela dirudien egunak. Egun horietan, konfiantza gailentzen da eta norberak, guztia ikerketa zientifikoetatik ondorioztatzen denari eta esperientzia arrakastatsuenei egokitzea espero du. Beste batzuetan, aldiz, orain arte esandako guztiak ezer gutxirako balio izan duela dirudi, eta zerbaitek (ez dakit oso ongi zerk), ebidentziak zabaltzea eta ikasgeletako praktiketan sustraitzea eragozten duela. Egun horietan, errutinen indarra nabarmentzen da eta akatsik zentzugabeenak errepikatzen direla ikusten da. Ez dakit zein den gehien komeni den sentimendua, eta zein den egiazkoena. Beharbada, biak justifikatuta daude; biek zentzua dute, agian.
Zeren, egia da, adibide bat jartzearren, irakurketa ulermenari buruz esan eta argitaratu dena nahikoa izan beharko lukeela irakurketaren ikuspegi argia finkatzeko eta praktika pedagogiko akastunak zuzentzeko. Baina, nabarmena da, eraginkorrak ez diren eta iraganekoak diren lanak egiten direla, eta horien ondoriorik okerrena ikasleak aspertzea eta liburuekiko interesa pixkanaka galtzea da. Zergatik gertatzen da hori? Informazio faltaren ondorio al da? Edo zailtasun didaktikoaren ondorio? Nagikeriaren ondorio al da, akaso? Ez da erraza horri erantzutea, baina garbi dago bistakoa dena ez dela beti praktika eraginkor eta atseginen sorburu. Eta ulermenari buruz esaten duguna, irakurtzera edota idaztera behartzeari buruz edo irakurleek liburuei ematen dizkieten erantzunei buruz esan genezake. Egia da nahigabea eta frustrazioa irakasleak askotan estutzen dituzten sentimenduak direla.
Hori dela eta, ikasgelan egiten diren praktika pedagogikoen gaineko hausnarketek, ezinbestekoak izaten jarraitzen dute. Beharrezkoa da zailtasunak eta trebetasunak non kokatzen diren batera pentsatzea, zein diren biderik garbienak eta irteerarik gabeko kaleak, zerk bultzatzen duen arrakasta eta zerk eramaten gaituen etsipenera. Kooperazio intelektuala eta irakasleen arteko esperientzien trukaketak baieztapenerako edo aldaketarako gehien laguntzen duten bitartekoak dira. Irakurtzearen plazerraren eta hori lortzeko tresnen definizioak, teknologia berriek irakurketaren ikaskuntzan duten funtzioak, irakurtzeko motibazioak edo irakurketaren zergatien zehaztapenak, etengabeko berrikusketa eta eztabaida nekaezina eskatzen dituzte. Prestigioa edo lasaitasun profesionala baino askoz ere gehiago dago jokoan.
Gehiago jakiteko:
- MINISTERIO DE CULTURA: Seminario de animación a la lectura, BBAA, Madrid, 2004.
- RODRIGUEZ, Fito: Saiakeran saiatzeko gida, Euskal Idazleen Elkartea, 2005. ISBN:84-609-5308-4.
-BRASSEUR, Philippe: 101 activités autour du livre, Casterman, Paris, 2007.
-LOMAS, Carlos; MATA, Juan: "La construcción del hábito de leer" in Textos de didáctica de la lengua y la literatura, 2007, 9-18. ISSN: 1133-9829.
- MATA, Juan: 10 ideas clave de animación a la lectura, Grao, 2008. ISBN:84-7827-681-3.