Biodantza, talde dantza organikoa eta kreatiboa

2009-07-01
 
 
Biodanza*, bizitzaren dantzan murgiltzeko artea.
Zergatik deitu BIODANZA Biodanzari? Dantza bera gizakiaren adierazpenik zaharrenetarikoa da, bizitzarekin batera hasten dena, eta ez soilik gizakiaren bizitzarekin, unibertsoa ere dantzan baita. Bizitzaren eraketa erritmikoa da, erritmikoa eta besteekiko eta guztiarekiko erlazionatua. Genetikoki dantza mugagabe eta  misteriotsuan parte hartzen dugu. Baina gizakia, sarri eta gutxiago edo gehiago disoziatua egoten da, eskizofreniaren bidetik abiatzen da.
   Kanpoko guztiaren mugimendua, berotasuna, kolorea eta soinuak nire barneko sentsazioen oihartzunak dira. Nire ispilu, nire elikadura, inspirazioa, osasuna eta hori guztia ederra da, nire barnea kanpoan islatzen da, eta zuzena da. Haritz baten gerizpean salto, kantuan, amodioa, beha egin nahi dut; horixe da biodanza. Hor kanpoan da Biodanza, nire gorputzaren joerak esaten dit mila eratara, ordena osasuntsua dela dantza unibertsal horretan neurriz eta zentzuz dantzatzen duena. Biodanza gizakiaren arlo guztien integrazio sistema da. Ikerketa antropologiko zabalaren gainean osatua dago. Horren sortzailea, Rolando Toro, antropologo, psikoterapeuta eta artista da, eta biodanza sortzeaz gain, jakituria askoren batuketa heterogeneoa egin du; dantza, musika, eta taldearekiko bizipenez osatua.
Zer topatuko du Biodanza saiora hurbiltzen denak? Osatuko al dizuet oinarrizko errezeta?
Talde baten ontzi borobilean, neurri aproposean: bizitasunari, sentimenduei, sentsualitateari, sorkuntzari eta transzendentziari adierazpen bideak eman.
Osagaiok ondo nahastu erretilu batean; norberaren identitatea gehituko zaio eta gero gain-osotasunaren bizipenaz bat egingo dugu.
Dantza-mugimendu-jolas-proposamen bakoitza, musika zehatzaren hegaletan ipiniko dugu, musikak eramale gisa duen gaitasunean.
Ariketa bakoitzari izaera berezia emango diogu, kontzientziarako nabarmendu nahi dugun usaina eta zaporea, adibidez: harmonia, bizitasuna, poza, jarioa, bizkortasuna, sendotasuna, sinergia, eutonia, sinkronizazioa, oreka, erritmoa, malgutasuna, sentsualitatea, arintasuna, indarra, arreta, autoerregulazioa.
Amodio handiz zerbitzatuko dugu; norberarekiko, besteekiko eta naturarekiko amodio handiz.
Plater horrek on egingo dio bereziki komunikazio arazoak, zein kultur disoziazioak dituenari, baina denentzat bizipen berezia izango dela ziurtatua dago.
ON EGIN.
* BIODANZA. Ez dugu biodantza esaten beste hizkuntzetan biodanza izen batuarekin aipatzen delako.