Euskal dantzak Lehen Hezkuntzan. Ikasgelatik plazara

2009-07-01
Goizane Arregi dantza irakaslea da eta 18 urte inguru daramatza dantza erakusten. Gipuzkoan aritzen da, herriz herri, geure kulturaren zati horri lekua egin nahian. Eskolan dantzak duen espazioa murritza da, eskolaz kanpoko jardueretara mugatzen da gehienetan, baina hainbat balio lantzeko edota psikomotrizitatea lantzeko baliagarri izan daiteke. Ikasgelan, dantzari lekua egitearen garrantzia azpimarratu du Goizanek. 
 
 
Euskal dantzek, eskola orduz kanpo soilik ez, eskola orduetan ere dagokien lekua izatea gustatuko litzaioke Goizane Arregiri, baina bitartean, eskola orduz kanpoko jardueretan dantza eskolak ematen aritzen da Gipuzkoan, herriz herri. Azaldu digunez, dantza erabilgarriak erakusten saiatzen da, ondoren plazetan dantzatzeko modukoak direnak: “Askotan, gero irteerarik ez duten dantzak erakustera jotzen dugu eta eskoletan, normalean, ikasturte bukaera aldera erakustaldia egiteko moduko zerbait eskatzen dute. Horrek baldintzatu egiten gaitu. Eskolak ikasleentzat zer nahi duen ikusi behar dugu; probetxua ateratzeko moduko dantzak erakutsi behar dizkiegu, eta ez ikasturte amaieran ikuskizun polita egiteko zerbait soilik. Oroimenaren kutxan geratzen diren lau dantza egiten ditugu eta txikitan euskal dantzak egiten genituela esaten dugu helduak garenean, baina askoz gehiago ez. Dantza, ondoren erabiltzeko erakutsi nahiko nuke”.
Euskal dantzak, balioak eta gorputza lantzeko tresna gisa
Taldean egiten diren dantzek haurrekin hainbat balio lantzeko balio dute; talde lana horien artean. “Batek aurrera egiten badu ere, gauzak aurrera ateratzeko guztien elkarlana beharrezkoa dela ikasten dute. Haurrek denak elkarlanean aritzea beharrezkoa dela ikusi behar dute. Dantzak elkarlana du oinarri, taldean egiten denean, eta hori izan ezean, ez badiozu aldamenekoari laguntzen, eta nahasten denean nabarmen uzten baduzu… hor ez da ezer egiten”, esan digu Goizanek eta gainera, euskal dantza gehienak, bakarkakoak izanda ere, taldean egiteko dantzak direla nabarmendu du: “Normalean dantza sozialak dira eta taldean egitekoak. Beti dantzatu behar dugu jendearekin, ez jendearentzat soilik”.
Baina, balioak lantzeaz gain, dantzek mugimendua, psikomotrizitatea eta espazioaren erabilera lantzeko ere balio dute.
Gauza askotarako balio du dantzak, baina eskolan, ikastorduetan ez du espazio handirik eta garrantzia eman beharko litzaiokeela uste du Goizanek. Dena den, bada dantza ikastorduetan sartzeko esperientziaren bat, azaldu digunez: “Zarautzen bada esperientzia bat. Lehen Hezkuntzako 4. mailan euskal dantzak erakusten dira eta adin horretako neska mutil guztiengana iristen da. Hasieran, ikastetxe guztietara zuzendu zen. Ideia, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasle guztiek (neskek eta mutilek) euskal dantzen oinarria jasotzea zen. Denborarekin, Lehen Hezkuntzako 4. mailara murriztu zen eta, gaur egun, eskola batzuek kendu egin dute. Salbatore Mitxelena Ikastolak, Maria Inmaculadak eta La Sallek eusten diote, eta astean behin, ordubetez, irakaslea ikastetxe horietara joaten da ikasleei dantza erakustera”.
Dantza eskolan egotearen garrantzia ere azpimarratu du Goizanek: “Dantza taldeen ardura gisa ikusten da eta jende asko kanpoan gelditzen da. Elkarlana edota psikomotrizitatea lantzeaz gain, lotsak alde batera uzteko, adibidez, balio lezake dantzak. Niri eskolan erakustea gustatuko litzaidake, baina zaila da; curriculum berriak ez du horrelakorik jasotzen eta zer titulazio beharko litzateke, adibidez, horretarako? Bestalde, gozatzeko soilik, dantza egitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Polita izango litzateke, txikitatik, denok dantza egin dezakegula barneratzea”.