Haur ikusezinak, nola ikusi?

2009-07-01
 
 
“Ezberdin pentsatu, ezberdin bizi eta ezberdin maite. Itsasoak isurtzen dituen olatu guztiak berdinak ez direlako. Beste gu”. Dani Arizala.
Proposamen bat egingo dizut: imajina ezazu haur edota gazteekin lanean ari zarela. Zer espero dute zugandik? Betetzen al dituzu guztiek zugan jarritako esperantzak? Zaila, ezta?
Haurren beharrak asetzen eta ikasturte bakoitzeko helburuak betetzen saiatzen gara. Horrez gain, sari modura denbora eskaintzen diogu okerrago doanari, eta pozik geratzen gara gure lanarekin. Baina zer esango lukete gutaz dena beti ongi egiten dutenek? Akaso, gutxitan galdetzen diegula; agian, beti itxoin behar  izaten dutela, edo besteei lagun diezaien eskatzen diegula… Akaso ez dute eskolara joan nahi, beharbada arazo emozionalak azaltzen dira.
Azkarra izateak ez du esan nahi heldua izatea. Bakoitza duen gaitasunaren arabera bideratzea, motibatzea eta balioestea eta bakoitzari horren arabera eskatzea ere bada gure lana.
Tamalez, ikusezin asko daude geletan, horien artean argiak, azkarrak, adimentsuak…  eta horiek ere denbora behar dute. Horiek argitara ateratzeko, honako alderdiak aztertuko ditugu:
1. Ikaslearen jakin-mina geldiarazten denean azal daitezkeen sentimenduak eta emozioak.
- Jakin-mina zerbait negatiboa da (herstura).
- Ezberdina izatea zerbait txarra da; beraz, ikaslea bere talentua ezkutatzen saiatuko da (beldurra).
- Gure beharrei kasu egin, zertarako? Horren ondorioz, bere buruarekiko mesfidantza, autoestimu falta eta frustrazioa sortzen dira.
- Helduarekiko mesfidantza, frustrazioa.
2. Aurreko horien ondorioz, hau izan daiteke ikaslearen joera:
- Kontra jartzea: “ez noa eskolara” erabakia hartzea, gaizki portatzea... Porrota, azken batean.
- Apatia. Aspertu egiten dira, besteek egiten dutena egiten dute, konformatu egiten dira, jakin-mina galtzen dute... Porrota, baita ere.
3. Horren aurrean, hauek izan daitezke irtenbideak:
- Sinkronizazioa: ikasleak berak erakutsiko digu non dagoen.
- Guztien artean egoera aztertzea: ikaslea, familia, irakaslea, espezialistak...
- Proba espezifikoak egitea, eta, behar denean, material berezia eskaintzea edo azelerazioa bultzatzea (ikaslea mailaz pasatzea).
- ...