Imanol Urbietaren musikaren bidetik

2009-07-01
 
 
Imanol Urbietak, musikaren gainean egin duen ekarpenaz gain, ekarpen pedagogiko handia egin dio Euskal Herriari. Beti ere, euskal nortasuna eta euskara bultzatzeko ahalegin handia eginez.
Badira berrogei urte Urbietak ildo pedagogiko hori sortu zuela, baina ez du egunerokotasunik galdu, izan ere, balio modernoak indartzen ditu eta egungo eskoletan aplikagarria da. Musikaz eta kantuaz gozatzeko guztiok dugun eskubidea aldarrikatu izan du Urbietak. Musika haurren ondasuna eta eskubidea dela aldarrikatu du, beti.
Musika, belarri ona eta txarra dutenek egin behar dutela, ahots ona dutenek eta txarra dutenek abestu behar dutela esan izan du beti. Desafinazioak onartzen zituen haurrekin aritzen zenean, normaltzat hartzen zituen eta haurrak ez ziren baztertuak sentitzen, jarraitzera animatzen baitzituen.
Edozein hezitzailek haurren beharrei entzun behar diela uste du Urbietak, eta heziketa integrala osatu behar dela. Ez dela espezialistez edo espezialitateez inguratutako gauza partzelaturik egin behar. Musikarengatik egin da ezagun, baina lerro artean irakurri behar da eta hortik mamia atera.
Musika beste hainbat gauza ikasteko erabili izan du, zeharlerro gisa, eta  matematikak, giza zientziak, etxeko giroa edota haurren negarrak landu izan ditu, denak musikaren bidez lotuz. Era berean, musika gaitasunak lantzeko aproposa dela eta haren bidez hainbat bizipen izan ditzakegula argi utzi du.
Ikastaroak, Imanol Urbietak egin duen ekarpenetik abiatuta, irakasleak musika erabiltzera animatzeko helburua du, barnean duten altxorra atera dezaten. Abestiak ikas ditzatela, eta anima daitezela, musikan jakintza gutxi izan da ere, etekin handia atera baitakioke musikari berari eta kantuan aritzeari.