ZENARRUZABEITIA, Aitor: Beti galdetzen diet ikasleei: zertara zatozte hona? Aginduak betetzera ala gauzak proposatzera?

2009-07-01
Goizean jaiki, buruan abestiren bat sartu, eta buruan bueltaka dugula edo abestuz ematen dugu eguna. Edo, bileraren batean gaudela, boligrafoarekin mahaia jotzen aritzen gara etengabe. Askotan egiten ditugu horrelakoak, batzuetan konturatzen ez garen arren. Bada, musikaterapia da hori. Gure emozioak, haserreak, pozak, ezinegonak… kanporatzeko erabiltzen dugun bitartekoa. Musika ez da soilik “play” sakatzean entzuten dugun egoki egituratutako pieza eder hori; guk ateratzen dugun edozein soinu ere musika da, eta, sarritan, jabetzen ez garen arren, terapia gisa erabiltzen dugu.
Hori guztia ez dugu guk esan. Aitor Zenarruzabeitiak esan digu. Zenarruzabeitia musika irakaslea eta ikasketaburua da Logroñoko Caballero de la Rosa ikastetxe publikoan. Baina horrez gain, logopeda, musikaterapeuta, psikomotrizista eta psikopedagogoa da. Musika gelara eramaten du musikaterapia, curriculumak eskatzen dituenak alde batera utzi gabe, baina ikaslibururik erabili gabe, hori kontraesan ikaragarria bailitzateke haren iritziz.
Haurrek, musikaren bidez, balioak lantzen dituzte, eta, lotsak eta beldurrak alde batera utzita, musikarekin gozatzen eta musika maitatzen ikasten dute.
 
 
Musika terapia gisa.
Bai. Ez da zerbait berria, nahiz eta musikaterapia zientzia aplikatu berria izan. Jende guztiak erabiltzen du musika terapia gisa. Musika gure sentimenduen ispilu modura erabiltzen dugu askotan, edo kontraste moduan. Musikak berehala pizten du gure gorputza, eta baita gure gogoa ere. Oso baliagarria da une alaietan, une goibeletan… Enpresa handiek, supermerkatu handiek, esaterako, badute horren berri, eta musikaterapia komertziala egiten dute: musika entzungai badago, jendeak gehiago erosten du. Beraz, musikak beti du eragina gure emozioetan. Oso bitxia da, baita ere, melodiekin nola maitemintzen garen jabetzea; batzuetan, melodia bat sartzen zaigu buruan, eta hori errepikatzen aritzen gara. Hori ere, nolabait, musikaterapia da.
Baina zein da musikaterapiaren funtsa?
Musika pertsona guztiok egiten dugu; urduri baldin bagaude eta boligrafoarekin mahai gainean kolpeka ari bagara, hori musika da, perkusioa da. Bakoitzak gure soinu-izaera dugu. Eta musika gelan, edozeinek egiten duen soinuaren bidez azaleratzen da. Pertsonak sakonago ezagut ditzakegu sortzen dituzten soinuen arabera, baina, jakina, haien soinu-diskurtsoa aztertu behar dugu horretarako: erritmoa, melodia, harmonia… Inprobisazioa, bat-batekotasuna, oso garrantzitsua da hori lortzeko. Pertsonari bere musika egiten utzi behar diozu. Ni partitura bat jotzen ari banaiz, neure ukitua emango diot beti, baina pertsona batetik bestera alde gutxi izango da. Bakoitzaren musika berezia da, eta, azaleratzen den musika horren arabera, pertsona horrekin elkarrizketa has dezakegu, eta, musika hori aldatuz, pertsona aldatuko dugu.
Musika aldatuz, pertsona aldatuko dugu. Azalduko al zeniguke hori?
Beste edozein terapiak ere hori egiten du. Ahozko terapiek horixe egiten dute: elkarrizketaren bidez terapia egiten duzu, hobeto sentitzen zara. Musikaren kasuan, kontsultan jotzen hasten zara, eta terapeutak musikaren bitartez laguntzen ditu zugan egin beharreko aldaketak.
Eta, horretarako, ez da solfeorik jakin behar…
Ez. Inolaz ere ez. Une horretan ez gara ari partitura bat irakurtzen. Nahiz eta musikalki alfabetatuak ez izan, musika denok egin dezakegu, musikaltasuna denok dugu; guregan dago. Eta badira gure izaera adierazten duten ezaugarriak. Adibidez, bolumena. Batek oso kolpe ozenak ematen baditu edo oso ozen abesten badu, bere pertsona nabarmentzen ari da. Musika tresnekin praktika pixka bat behar da, baina musika tresnarik gabe egindako musikaren parametro erritmikoak, bolumena, soinuen iraupena, pultsazioa… azter daitezke. Musika egitean ordena falta bada, beste alor batzuetan ere ordena faltako da, ziur. Barruko egitura psikikoa nolakoa den agertzen da musikaren bidez. Esate baterako, melodian, tonika musikaterapiaren funtsezko parametroa izaten da. Tonika hasieran eta amaieran dago, eta pertsonaren abentura musikala nolakoa den kontuan hartuta, hau da, tonikatik urruntzen den aztertuz, amarengandik zenbat urruntzen den ikusten da. Tonika, amatasunarekin, segurtasunarekin, etxearekin… lotzen da. Gauza bitxia da. Soinua gure izaeraren isla bada, gramatika musikalak gure izaeraren parametroak azaltzen lagundu behar digu. Harmonia ere oso interesgarria da, eta kontrakoa adierazten du, hau da, zer gaitasun duzun besteekin bat egiteko, besteei egokitzeko, nabarmendu gabe. Nota enpatiarekin eman behar duzu, gainerakoei entzunez eta osotasuna lortuz. Oso zaila da hori, eta, taldeak irabaz dezan, norberak galdu egin behar du. Horrelako gauzak oso terapeutikoak dira.
Musikaz dugun ikuspegia aldatu beharko genuke, orduan.
Bai. Guk geure musikaterapia-prestakuntzan eskemak apurtu behar izan ditugu. Ikastaroetara joaten ginenean, txistuarekin joaten nintzen ni, tronboiarekin beste bat, beste bat klarinetearekin… Eta irakasleak bat-batean esaten zigun: “Sartu denak zorroetan”. Lehen ariketa kremailerekin pieza bat egitea zen. Nik uste dut guztiok horrelako zerbait pentsatzen genuela: “Kremailerekin? Nik bost urteko ikasketak egin ditut eta!”. Baina horixe egin behar zenuen; hainbat aukera ateratzen ziren, eta kontzertu harrigarriak egiten genituen, efektu bereziekin. Agian, hiru hilabete pasatuko ziren musika tresna zorrotik ateratzerako. Batzuetan, musika tresnak trukatzen genituen eta beste batzuekin aritzen ginen… Musikaterapeuta batek ez du soilik musikaz hitz egiten, soinuez eta musikaz baizik. Musikaz ote dakigun galdetzen digutenean, beldurtu egiten gara eta ezetz erantzuten dugu; baina, soinuei buruz galdetzen badigute, horrek ez digu halako beldurrik ematen. Eta musika hori da: soinuarekin gauzak egitea.
Musikaterapia hezkuntza bereziarekin lotu izan da maiz, baina zuk ikasle guztiekin egiten duzu.
Bai. Ni hezkuntza berezian espezialista naiz, baina heziketa arruntean erabiltzen dut. Aniztasun handia dugu hor, baita musika-nortasunari dagokionez ere. Esate baterako, patologia bat dagoenean, pertsona batek kolpe bertsuak ematen ditu, erritmoa aldatu gabe, mailu batek bezala… eta erronka hortik ateratzea da. Lehen urratsa hark bezala egitea da; horrela, ulertzen eta onartzen dutela sentitzen du, haren diskurtsoa onartzen duzula erakutsi diozulako, eta une horretatik aurrera beste musikaltasun batera eramaten has zaitezke: erritmoa areagotuz, edo kontraerritmoa jarriz… Elkarrizketa sortzen da; nik zerbait ematen dizut eta zuk zerbait ematen didazu… Konplizitatea sortzen da, eta hori da terapia. Konplizitate horretan, aldaketak egin ditzakezu, musikalki ulertzen duen eta harekin harremanetan jarri den pertsona bat aurkitu duelako. Hark ez duzula haren adierazpena epaitzen ikusten du, onartzen duzula, eta poliki-poliki, kontrasteak sartzen zoaz, erreakzioak ikusteko. Musika guk esku hartzeko tresna da. Eta aldea dago elkarrizketa pertsonal batean edo taldean lan egiten duzunean. Talde dinamikan hainbat gauza egiten dira, eta ariketa polita izaten da, adibidez, begiak mozorro batez estaltzea eta makila batekin eta aulki batekin besteekin komunikatzen hastea. Hasieran, erabateko isiltasuna nagusitzen da, baina noizbait norbaitek hausten du, eta pixkanaka dena animatzen joaten da. Hamar minutu pasatu direnerako, sekulako komunikazioa sortzen da gelan dauden pertsonen artean. Hori inork zuzendu gabe sortzen da, eta jendearen sinergiak sortzen duela, energiak lotu egiten direla diote. Ulergarria da, soinuak uhinak direlako eta uhin horiek espazioan konektatzen direlako. Jendea hustu egiten da, eta ongi sentitzen da.
Nik musikaterapia pedagogikoa egiten dut. Eskolarekin hasten naiz, eta, askotan, ez dut pentsatzen zer atera behar den, zer helburu lortu nahi dudan. Jotzen hasten gara, eta oso gauza interesgarriak ateratzen dira. Ez da entseguak egitea, pertsonaren barnean dagoen musika ateratzea baizik; eta oso interesgarria da hori.
Ikasleekin egiten dituzun saioak nola planteatzen dituzu?
Eskolan ez dut testuinguru terapeutikorik. Testuinguru terapeutikoan ez duzu ezer erakutsi behar, pertsonari entzun eta egoera hobetu behar duzu, harmonizatu. Baina eskolan, ikasketa plana eta curriculuma ditut, eta horiek ere kontuan hartu behar ditut. Musikaterapiaren bidez bat-batekotasuna dezente lantzen dut, baina, era berean, ikasgelara sartu baino lehen bestelako jarduerak egiten ditugu. Adibidez, musika-pasaportea deitzen duguna: bidea markatzen diet musika notekin eta, txaloka, nota horiek irakurri behar dituzte gelara sartzeko. Tonu-pasaportea deitzen duguna ere egiten dugu: bi nota jartzen dizkiet, eta entonatu egin behar dute. Hezkuntza formalean aritzen naiz, eta elementu tekniko horiek derrigorrez landu behar ditut, ikasleek, adibidez, partitura bat irakurtzen jakin behar dutelako.
Eta musika tresnak jotzen ere irakasten diezu.
Bai. Hiru urteko haurrekin hasten naiz lanean, eta erritmoak lantzen ditugu batez ere, eta musika jolasak egiten ditugu. 1. mailara irakurketa erritmiko dezenterekin heltzen dira. Musika tresnak oso lagungarriak dira melodia lantzeko, eta txirula eskola askotan Lehen Hezkuntzako 3. mailan sartzen den arren, guk 1. mailan sartzen dugu. Horrek arrakasta handia du, ilusio handiz hartzen dute, eta erraz jotzen dute. Geroago, xilofonoarekin aritzen gara. Kasu horretan, bi nota batera jo daitezke, eta, melodiaz gain, harmonia lantzen dugu. 3. mailan gitarrarekin hasten gara, eta gero, ikasleak euren kabuz musika akademietara joaten badira, jotzen duten tresna ekartzen dute, eta gure lanean txertatzen dugu. Orkestraren planteamendua egiten dugu, eta zenbat eta tresna gehiago izan, orkestra orduan eta aberatsagoa izango da. Ezagutza denengan dago, eta guztia partekatzen dugu.
Musikaterapian bada beste elementu bat: txandakako batuta. Batuta edonori ematen diot, eta pertsona horrek zuzentzen du orkestra. Zuzendariarena beste rol musikal bat balitz bezala hartzen dute, eta ni musikari bihurtzen naiz. Oso interesgarria da ikasleek nola zuzentzen duten, zer ideia dituzten… ikustea. Talde dinamika moduan, pertsona bati batuta ematen badiozu, boterea ematen diozu. Balioak lantzeko balio du, eta irakaslearen laguntzaile lana egiten duten ikasleak ere badaude, besteei laguntzea beharrezkoa gertatzen zaienean. Horrela, solidarioak izaten ikasten dute.
Soinuaren bidez artelana sortzen dugu. Artelanak egiteko artistak izan behar dugu, eta artista izateko, pertsona solidarioa, entzuten dakiena, sortzailea… izan behar da.
Lehen esan duzu inprobisatzen duenean ikusten dela pertsona baten egoera zein den; eta musikaterapiaren bidez, hori bideratzeko, aldatzeko eta horrekin batera pertsonaren barneko egoera aldatzeko aukerarik badela. Nola egiten da lan hori?
Pertsona, sortzen duen soinuan islatzen da, baina, erronka musika aldatuz soinu berrietara joatea da, aldatzea (eta horretarako beste era batera jotzen duen eta probokatzen zaituen beste norbait behar duzu); eta soinu berri horiek erabiltzeko gai denean eta soinuak aldatzen dituenean, beste era batera sentitzen da. Aldaketa horiei trantsizioak deitzen diegu, eta trantsizio erritmikoak, melodikoak eta harmonikoak egin daitezke. Eta ez konposatzen den musikarekin soilik, entzuten den musikak ere, batzuetan, gure barneko uneekin bat egiten du eta guregan sentsazioak, sentimenduak… sortzen ditu. Denok gara autoterapeutak, eta musikan ere, bakoitzak bere diskoteka edo bere gustuko autoreak ditu… Baina, kasu horretan, beste pauso bat ematen da: pertsona bera ere musikari bihurtzea. Ez da kontsulta batera joatea eta kanta jakin batzuk dituen diskoa jasotzea. Garai batean hori egiten zen musikaterapia gisa, baina ni ez nau asetzen ildo horrek.
Eta haurrekin esku hartzen duzunean, ikusten al duzu haiengan aldaketarik edo  garapenik?
Bitxia izaten da, adibidez, txirularekin hasten garenean. Beste ikastetxe batzuetan txirularekin zerbait jotzeko eskatzen diezunean, ez dakitela esaten dute askotan, baina nire ikasleek ez dute horrelakorik esaten, eta zuzenean zerbait jotzen hasten dira. Batzuetan, denok batera edozer gauza jotzen hasten gara, baina baldintza bat jartzen diet: amaiera, adibidez, nota jakin bat izatea. Eta denek bat egiten duten une horretan, magiaren antzeko zerbait gertatzen da. Kaosetik batasunera pasatzen gara, eta oso interesgarriak dira kontraste horiek. Beste batzuetan, nota guztien posizioak koloretan jartzen ditugu atriletan, zuzendariak nota bat jotzen du, eta melodiak sortzen hasten dira. Eta amaitzen dutenean, jakina, obrari titulua jartzen diogu, hori oso garrantzitsua baita. Horrelako ariketak oso politak dira. Ohiko didaktikan eta argitalpenetan aurkitzen ez ditugun gauzak dira. Nik musikaterapiaren ikuspuntutik ateratzen ditut eta aplikatzen ditut. Eta nire lehen araua ikaslibururik ez erabiltzea da, kontraesan ikaragarria izango litzatekeelako. Liburuetan ez baitago haurren musikarik. Bestalde, nik, askotan, modan dauden kanten partiturak ateratzen ditut. Haurrak asko motibatzen ditu horrek. Beraz, elementu sozialak ere har ditzakezu, baina, liburua erosten baduzu, liburukoak egin behar dituzu, eta oso lotuta zaude. Musikak duen freskotasuna baliatu behar dugu.
Haurrei laguntzen al die musikak?
Beldurrak eta konplexuak alde batera uzten dituzte. Pertsonak badaki musika tresna batekin aukera asko dituela, eta giro lasaia ikusten da, haurrak lasai daude eta irakasleak ez du garrasika aritu beharrik izaten. Gela haiena da, eta haiek sortzen dituzte lanak. Nik garrantzi handia ematen diot pentsaera musikalari. Beti galdetzen diet ikasleei: zertara zatozte hona? Aginduak betetzera ala gauzak proposatzera? Eta ikuspegia aldatu egiten dute, proposamenak egiten dituzte, eta probak egiten ditugu. Materiala ere oso ongi zaintzen dute.
Musika maitatzen ikasten dute.
Bai. Beste jarrera bat dute. Musika tresna batek une onak sentitzen eta barrena husten lagundu badizu, ez da maraka huts bat, lagundu dizun zerbait da; balio afektiboa hartzen du, eta zaindu egin behar duzu. Gauzak beraienak direla sentitzen dute, adi daude, eta, gauza bat egiten ari zarenean, berehala dituzu lau lagun laguntzeko prest, zuk ezer eskatu gabe. Giro hori oso polita da. Ez dira ikasleak, ia-ia adiskideak dira.
Irakaslearen eta ikaslearen harremana aldatu egiten da, beraz.
Bai. Haiek beste ardura bat hartzen dute, dena guztiona dela ikusten dute, denek parte hartzen dutela jotzean, arrakasta denena dela… Kolektibitatearen zentzua barneratzen dute. Eskolamusikaterapian denok bihurtzen gara besteen musikaterapeuta. Ez irakaslea soilik, eragina batzuengandik besteengana doa, eta denek denena jasotzen dute. Ez da ezer epaitzen; ez da esaten “hau ongi dago, eta hori ez”. Bakoitza den bezalakoa da, eta errespetagarria da. Ideia finkoetan ez erortzea da garrantzitsuena, askotariko diskurtsoak sortzeko eta guztiak besteen musika ulertzeko gai izateko. Nire ikasleak, edozein musika entzuten dutelarik ere, ez dira asaldatzen, hainbeste gauza egin ditugu… Irakaslearentzat oso aberasgarria da, eta asko ikasten duzu. Irekitasuna eskaintzen du, eta gauzak era askotakoak izan daitezkeela ikusteko aukera ematen du. 
Logroñoko Caballero de la Rosa ikastetxe publikoan aritzen diren ikasleen % 38 etorkinak dira. Horrek asko aberasten ditu Aitor Zenarruzabeitiaren saioak, haurrek beste kulturetan dagoen musikaltasuna ezagutzen baitute. Haurrek erraz egiten dute musika, lotsak eta beldurrak alde batera utzita, baina zailena ahozko musikaterapia dela dio Zenarruzabeitiak. Ahotsa zeure-zeurea den zerbait da, eta kostatu egiten zaie. Dena den, ahotsarekin lan egiten dute, eta baita gorputzarekin ere, keinuak edota gorputz jarrerak landuz. Izan ere, hitz egin gabe gauza asko esaten ditugu.