Estoniako Hezkuntza Sistema
Estonia: historikoki hezkuntzari garrantzi handia eman dion herrialdea
Oso atzera egin behar da Estoniako hezkuntza-sistemaren hastapenetara iristeko, XIII. mendean, lehen eskolak sortu zirenean, hasi baitzen hezkuntza formalaren historia Estonian. Alemaniar eta daniar feudoen mende zegoen orduan Estonia. Beraz, hezkuntza-sistemak ere gorabehera historikoei jarraitu die: orain, Finlandiaren mendeko izanez; gero, Suediaren menpeko, eta Alemaniaren, Errusiaren eta abarren mendeko hurrena. Hala ere, hezkuntza jasotzeak berebiziko garrantzia izan du estoniarrentzat. Estoniako lehen unibertsitatea, hau da, Tartuko Unibertsitatea, 1632an sortu zen; XVIII. mende bukaeran, hiru estoniarretik bik bazekiten irakurtzen; eta 1881eko erroldaren arabera, estoniarren % 90 alfabetatua zen.
Orain, independentzia lortu ondoren, bi helburu nagusi ditu Estoniako hezkuntza-sistemak: bata, haur guztiak eskolatzea; eta, bestea, beste ama-hizkuntza bat duten haur guztiak estonierara ekartzea.
Estonian, hezkuntza-sistema eta hizkuntza oso lotuta daude, eta ez gaur egun, independentziaren aroan, soilik; lehenago, 1940tik 1990era bitarteko sobietarren okupazio garaian, eskolek borroka handiak egin zituzten hezkuntza estonieraz garatu ahal izateko, Errusiak errusiera ezarri baitzuen hezkuntzan hizkuntza gisa. Gaur egun, Estonian, errusiarren komunitatea gutxiengo garrantzitsua da, herritarren % 26 da errusiarra; Tallinn hiriburuan, aldiz, herritarren erdia da errusiarra.
Herrialde subiranoa denetik, estoniera da errepublika baltiko horretako hizkuntza ofizial bakarra, eta baita eskolako hizkuntza ere. Derrigorrezko hezkuntzan (7-17 urte), % 60, gutxienez, estonieraz irakatsi behar dute; eta, horrela, batxilergoa eta unibertsitatea estoniera hizkuntzaz ikasi ahal izango dituzte. Eskoletako bigarren hizkuntza errusiera da.
Hizkuntza berreskuratzeko, eskola egiten ari den lanak erakarrita, Hik Hasik bidaia egin du Tallinnera, hango hezkuntza-sistema gertutik ezagutzeko helburuarekin.
Hezkuntza-sistemaren antolaketa: udala gertu duten ikastetxeak
Estonian, derrigorrezko hezkuntza 7 urterekin hasten da, eta 9 ikasturte hartzen ditu: ikasleek eskolan egon behar dute 17 urte bete arte. Estoniako Hezkuntza Sistemak Haur Hezkuntza, Oinarrizko Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Hezkuntza, Goi Mailako Hezkuntza eta Helduen Hezkuntza hartzen ditu bere gain. Ikastetxe gehienak estatuko gobernuak edo udal gobernuek sortuak dira, eta bakan batzuk kapital pribatuarekin. Estatuko hezkuntza ministerioak ezartzen ditu ildo nagusiak: nortasunaren, familiaren eta estoniar nazioaren garapena bultzatuko duten baldintza egokiak sortzea; Estoniako kultura, politika, ekonomia eta gutxiengo etnikoen garapena bultzatzea; herritartasun balioak irakastea; eta, azkenik, bizitza guztiko ikasketa-tradizio nazionala sortzeko baldintzak eskaintzea. Alabaina, udal bakoitzak bere hezkuntza-batzordea du, eta bere hezkuntza-politika garatzeko eskumena du.
Urte eta erditik (18 hilabete) aurrera eskolatu daitezke haurrak, urte eta erditik 7 urtera bitartekoak baitira haur eskolak. 3 urtera bitartean, haurtzaindegietan egoten dira haurrak gaur egun. Duela gutxi arte, aldiz, amarekin eta etxean egon ohi ziren seme-alabak, amei lanpostua gorde egiten baitzitzaien eta ia soldata osoa kobratzen baitzuten. Aldiz, krisiaren ondorioz, amatasun-baimena eta lan-utzialdietarako baldintzak okertu egin dira: haurrak 3 urte egin arte gordetzen zaio amari lanpostua, baina diru-sarrerak ia erdiraino jaisten dizkio estatuko ministerioak gaur egun. Datuetan, agerikoa da krisiaren eragina: 2003an, 15.698 haur zeuden eskolatuta Tallinn hiriburuan; iaz, aldiz, 21.512. Zazpi urtean ia % 40 igo da, beraz, eskolatutako haurren kopurua.
Haur-eskolen kasuan, ikasle bakoitzeko diru-kopuru bat ematen dio udalak ikastetxeari, izan publikoa nahiz pribatua. Gaur egun, esate baterako, Tallinnen ikasle bakoitzeko 1.279 euro ematen dizkie udalak haur-eskolei. Horrez gain, gurasoek 22 euro ordaintzen dituzte hilean ikasle bakoitzeko. Eskolan jaten duten egun bakoitzeko (3 otordu bero egunean) 1,6 euro. Udalak ematen duen diru-kopuru horrekin eta gurasoek hilero ordaintzen duten kuotarekin, langileei ordaindu egiten zaie eta eskolako mantentze-lanak egiten dira.
1,5 urtetik 3 urtera bitarteko geletan 14 haur egoten dira bi hezitzailerekin, eta, beharren arabera, beste bi edo lau haur ere har ditzake gela bakoitzak. Talde bakoitzean, irakasle bat eta zerbitzuko langile bat egongo dira haur eskoletan. Alabaina, 14 haur horietatik erdiak inguru joaten dira egunero eskolara, haurren batez besteko asistentzia % 50ekoa baita. 3-7 urte bitartean, berriz, 24 haurrek osatzen dute gela, eta haur horiek ere bi hezitzailerekin egoten dira.
Haur-eskola bakoitzak bere norabidea zehatz dezakeen arren, oro har Estoniako haur eskolek eta, bereziki, Hik Hasik Tallinnen bisitaturikoek ezaugarri komun batzuk dituzte. Haur bakoitzaren nortasunaren errespetuan oinarritzen da hezkuntza-sistema txiki-txikitatik, eta ikasketa jolasean eta haurren arteko elkarbizitza demokratikoan oinarritzen da. Hezitzaileez gain, psikomotrizitateko, musikako eta logopediako espezialistak daude ikastetxeetan, eta, haurren hezkuntzaren arduradun, hezitzaile horiek guztiak eta, noski, familiak direla onartzen da. Ondorioz, eskolaren eta familiaren arteko harreman estua lantzen da haur-eskoletan. Gurasoei erraztasunak emateko, gainera, haur-eskolak goizeko 7etatik arratsaldeko 7etara egoten dira irekita, nahiz eta eskola-orduak, formalki, 9etan hasten diren, eta arratsaldeko 5etan amaitzen diren. Horrez gain, lanagatik edo beharragatik haurra gauez etxean izan ezin duten gurasoentzat, gaueko zaintza duten eskolak ere badaude; Tallinnen, esate baterako, horrelako hiru ikastetxe daude.
Behar bereziak dituzten haurrentzat ikastetxe bereziak daude estatu osoan, baina, gurasoek hala erabakiz gero, ikastetxe arruntetara ere eraman ditzakete haurrak. Tallinnen, adibidez, behar bereziak dituzten haurrentzat bi eskola daude, baina gurasoek hiriko beste 13 eskoletan ere matrikula dezakete haurra, behar arruntak dituzten hiru ikasleko behar bereziko haur bat onartzen baitute eskolek.
Jolasaren garrantziaz
Ildo pedagogikoari dagokionez, eskola bakoitzak erabakitzen du bere ildoa, baina badira Estoniako eskoletan nagusitu diren pedagogo batzuk: Maria Montessori, Loris Malaguzzi (Regio Emilia) eta Johannes Kais estoniarra (1900). Kaisen ildo pedagogikoaren funtsak bi dira: inguruarekin harreman integrala bideratzea, eta jolasa ikasketaren oinarri gisa erabiltzea.
Jolasak presentzia berezia du haur-eskoletan, haurren heziketarako funtsezko baliabidetzat hartzen baita. Egunero, ordu eta erdiz kanpoan jolasten dira haurrak, eta udaberrian eta udazkenean, egunak luzeagoak direnean, ordu eta erdiko bi saio egiten dituzte kanpoan. Eskolak, alabaina, ez dira edukiak transmititzeko zentroak bakarrik: haurrek egunean hiru jatordu bero izaten dituzte ikastetxean, 9:00etan, 12:00etan eta 15:30ean, eta, bazkaldu ondoren, 7 urte bitarteko ume guztiek ordu eta erdiko edo bi orduko lo-kuluxka egiten dute. Ikusi bezala, eskolak lotura handia du osasunarekin, eta haurren jolasaz, loaz, eta otorduez gain, garrantzi handia ematen diote ariketa fisikoari ere; Estonian neguan hotz handia egiten duenez, izerdia botatzeko saunak erabiltzen dituzte ikasle guztiekin: 18 hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrek 10 minutu igarotzen dituzte 60 graduko saunan; eta 3-7 urte bitartekoek, berriz, 20 minutu, 65 graduko saunan. Osasunarekin lotuta, botika-kutxa izaten dute gela guztietan, eta erizain bat dago eskolako.
Jolasaz gain, gaur egungo ikasketa-plana lau zutabetan oinarritzen da: jolasa, sormena, ingurumena eta kultura. Estoniako kulturaren transmisiorako tresna garrantzitsuak dira eskolak, bai hizkuntza biziberritzeko eta irakasteko, bai kultura bera transmititzeko ere, batik bat ahozko kultura.
Irakasleen lana
18 hilabetetik 17 urtera bitarteko ikasleekin irakasle izateko, gradu-mailako ikasketak egin behar dituzte irakaslegaiek, hau da, unibertsitateko lau urteko karrera. Lau ikasturte horietan, 11 asteko praktikak egiten dituzte eskoletan. Bestalde, ikastetxeko zuzendari izateko, lau urteko karreraz gain, graduko masterra eduki behar dute hautagaiek. Ondoren, bi urtetik behin ebaluazio bat gainditu behar du ikastetxeko zuzendariak, eta segidako bi ebaluazio gainditzen ez baditu, lanpostua utzi egin beharko du, eta beste norbait sartuko da haren ordez. Irakasle guztiek bost urtetik behin etengabeko prestakuntzan parte hartu beharra dute. Horrez gain, irakasle guztiek eskola barruko ebaluazioa izaten dute urtero-urtero, eta, horretarako, ebaluazio-irizpideak eta tresnak jarriak ditu hezkuntza ministerioak 2006tik; eta hiru urtetik behin, eskolaz kanpoko ebaluazioa izaten dute. Zuzendaritzaren eta irakasle nahiz langileen ebaluazioaz gain, eskola-giroko elkarlana, administrazioaren lana (bereziki aurrekontuak) eta proiektu pedagogikoak ebaluatzen dira urtero.
Ebaluazioaz gain, sariketa ugaritan hartzen dute parte irakasleek zein eskolek, batik bat udalek bideratuta, irakasleen eta langileen lana sustatzeko, ezagutarazteko eta biziagotzeko.
Lanpostuak esleitzeko garaian, zuzendaria aukeratzetik hasten da prozesua. Zuzendari posturako dei publikoa jasotzen dute Pedagogiako ikasketez gain zuzendari izateko masterra egina duten irakasleek. Zuzendaria aukeratzen denean, kontratu mugagabea egiten zaio, eta zuzendari horrek behar dituen irakasleak eta gainerako langileak aukeratuko ditu, udal ordezkariaren, arduradun pedagogikoaren, irakasleen ordezkarien eta gurasoen ordezkariaren laguntzarekin. Ordezkari horiek guztiek osatzen dute hezkuntzako udal-batzordea. Irakasleak aukeratuta, haiei ere behin betiko kontratua egingo zaie. Lanpostuen esleipen-sistema berdina da sare publikoko zentroetan nahiz pribatukoetan. Ikastetxe berrien kasuan, esate baterako, herri edo hiri bakoitzeko udalak bideratzen du esleipena.
Irakasleen oinarrizko soldata 750 eurokoa da, Estoniako batez besteko soldata baino 100 euro baxuagoa. Haatik, lanean bost urte egin ondoren, hobekuntza ekonomikoak lor ditzakete irakasleek. Errepublika horretan, estatuko gutxieneko irabazia 300 eurokoa da.
Semea edo alaba 18 hilabeterekin haur-eskolara ez eramatea eta etxean heztea erabakitzen duten gurasoei haur-zaintzako ikasketak eginda dituzten hezitzaileak aukeratzako aholkatzen zaie. Pedagogia, psikologia, gizarte-lan, osasun eta segurtasun arloetako irakasgaietan 160 orduko ikasketak egiten dituzte hezitzaile horiek.
Derrigorrezko hezkuntza
2006az geroztik, 601 ikastetxe daude Estonian; horietako 85 haur-eskolak dira (escuela primari); 264, oinarrizko hezkuntzakoak; 236, derrigorrezko bigarren hezkuntzakoak; eta 16, helduentzako derrigorrezko bigarren hezkuntzakoak. Hezkuntza bereziko ikastetxeak eta ofizio-eskolak gehitu behar zaizkie horiei.
Haur gehienak 18 hilabeterekin eskolatzen dituzten arren, derrigorrezko hezkuntza 7 urterekin hasten da errepublika baltiko horretan, eta 17 urte bitarteko ikasketak egin behar dituzte. Oinarrizko hezkuntzak bederatzi maila ditu, eta Estatuak eta Udal-gobernuak finantzatzen dute. Oinarrizko hezkuntzako bederatzi maila horiek egin ondoren, derrigorrezko bigarren hezkuntzara joaten dira gaztetxoak, eta, batxiler ikasketak amaitzeko, beste hiru ikasturte egin behar dituzte. Derrigorrezko ikasketak amaitu dituzten ikasleen % 72k aukeratzen du batxilerra; eta ondoren, batxilerra amaitu duten ikasleen % 70 unibertsitatera joaten da, eta % 28k lanbide heziketaren alde egiten du. Aldiz, derrigorrezko hezkuntza amaitu dutenen artean, gainerakoak, % 28k, lanbide heziketa egiten du, horretarako estatu osoan dauden 48 ikastetxeetan. Azken 8 urteetan indartu da bereziki lanbide heziketa, ikastetxe publikoen zein pribatuen arteko sareak eginez eta irakasgaiak elkarren artean osatuz. Lanbide heziketako ikastetxeez gain, derrigorrezko hezkuntza amaitzeko zailtasunak dituzten ikasleei bideraturiko 80 ofizio-eskola daude Tallinnen.
Derrigorrezko hezkuntzan, haur eskoletan bezala, hezkuntza-ministerioak hainbat ildo eta bete beharreko gutxiengo batzuk zehazten ditu, baina zentro bakoitzak aukeratzen du curriculumetik kanpo zer ikasketa landu nahi dituen, eta baita curriculumeko zer ikasketa indartu nahi dituen ere. Ikasleek estatutik datozen hiru azterketa gainditu behar dituzte, derrigorrezko bigarren hezkuntzako diploma jaso ahal izateko.
Osasunari berebiziko garrantzia ematen zaio
Estoniako Haur Eskolako ikasle baten eskolako ordutegia, gutxi gorabehera, honelakoxea izango litzateke:
- Eskolara iristerakoan, etxetik dakartzaten oinetakoak kendu eta eskolan egoteko zapatilak janzten dituzte ikasgela bakoitzak sarreran duen aldagelan.
- Behin ikasgelan daudela, hainbat txoko dituzte bakarka ala ikaskideekin aritzeko.
- 9:00etan, lehen janari beroa eskaintzen zaie.
- Gosaltzen amaitzen duten heinean, aukeratzen dituzten txokoetan aritzen dira.
- Ondoren, txokoetan jarraitzen dute, edo, denon arteko ekintzaren bat egiten dute (ariketak, hizkuntza...).
- 10:15ean, kaleko oinetakoak jantzi eta behar den gisara jantzita (hotza ala beroa egiten duen) kalera joaten dira. Izan ere, ikastetxe bakoitzak jolastoki handia du bere inguruan, ongi prestatua eta inguratua.
- 11:45ean, ikastetxera itzultzen dira. Behar diren jantziak aldatu, eskuak eta oinak ongi garbitu, lehortu eta bazkaltzeko prestatzen dira.
- 12:00etan, bigarren janari beroa eskaintzen zaie.
- Bazkalostean, ordu eta erdiko edo bi orduko lokuluxka egiten dute.
- Esnatzen doazen heinean, ikasgelako txokoetara joaten dira jolastera.
- 14:00etan, txokoetako edota taldeko lana egiten dute. Uda aldean, egunak epelagoak direnez, kaleko beste ordu eta erdiko saioa egitera doaz. Neguan, berriz, astean behin edo bitan sauna (izerdia isuritzeko) edo piszinako saioak dituzte.
- 16:00etan, hirugarren janari beroa egin eta etxera joateko prestatzen dira.
- Jasotzera datoz etxekoak eta 17:00etarako denak joanda daude.