198. editoriala

2015-05-01

Aniztasuna egoki kudeatzea da gaur egungo hezkuntzaren erronka nagusienetako bat

eta inklusioak izan behar luke iparrorratz, hots, haur bakoitzaren premietara egokitutako eskolak

 
 

Denok desberdinak gara eta guztiok gara bakarrak. Desberdinak gara kultura, hizkuntza, familia, maila sozio-ekonomiko, gaitasun, pentsaera, ideia, ezaugarri fisiko, zaletasun edota sinesmen ezberdinak ditugulako. Baina desberdinak gara geure baitan ere, egun batetik bestera aldatu egiten garelako, eta egoeraren arabera era batera edo bestera jokatzen dugulako; ez gara berdinak lanean, etxean, kalean edota lagun artean.

“Munduan ez gaude bi pertsona berdin, eta gainera, egunetik egunera ezberdinak gara”, gogoratu zigun Koldo Saratxagak “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldian. Ildo berean mintzo da Kristau Eskolaren zuzendari Mikel Ormazabal ere aldizkari honetako LOMCEren inguruko atalean: “Aldatu egiten gara edo ezberdinak gara une eta egoeren arabera”.
Datozen orrietan behin eta berriz ageri da aniztasunaren gaia. Jone Miren Hernandezek erreportaje nagusian dioen moduan, aniztasuna abiapuntua da, oinarrizko errealitate bat: “Mundua zerbait bada, anitza da”. Javier Onrubia Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzako katedradunak aniztasun hori jartzen du haur eta gazteen heziketaren erdian. Elkarrizketa nagusian dionez, aniztasuna egoki kudeatzea da gaur egungo hezkuntzaren erronka nagusienetako bat eta inklusioak izan behar luke iparrorratz, hots, haur bakoitzaren premietara egokitutako eskolak.
Azken ikerketek kontrakoa erakusten badute ere —pertsona bat era askotakoa izan daitekeela bizi duen momentuaren eta dagoen ingurunearen arabera—, pentsatu ohi dugu bakoitza den bezalakoa dela, naturak horrelakoa egin duela, eta ez dagoela atzera bueltarik.  Psikologiaren arloan ere ideia horixe nagusitzen da maiz: “Halako lotsatia da, beste hura bihozbera da, hemengo hau berekoia eta beste hori oso bizkorra”. Ikuspegi horrek pertsonak epaitzera eraman gaitzake, ikasleen gaineko aurreiritziak egitera, haurra etiketa jakin baten arabera tratatzera edota aldamenekoa juizio jakin batzuen arabera sailkatzera.
Alfredo Hoyuelosek 0-3 formazioari dagokion atalean azpimarratzen duenari jarraiki, norbanako bakoitzaren begirada beti da partziala, eta norberaren usteetan, bizipenetan, jarreretan… dago oinarritua: “Alegia, begirada beti izango da subjektiboa, eta, ondorioz, baita behatutakoaren inguruan egindako interpretazioa ere”.
Haurraren portaeren interpretazio objetiboagoa lortu ahal izateko bestearen begiradaren beharra dugula azpimarratzen du Hoyuelosek. Hortaz, aniztasuna errespetatzeko eta pertsona bakoitza bere bakartasunean ulertzeko gakoa, begiradaren pluraltasunean egon daiteke. Hau da, norberaren errealitatea interpretatzeko modua bestearekin, albokoarekin, niregandik diferente den horrekin osatzea izan daiteke dibertsitatea egoki kudeatzeko giltza.