Ikastolen Elkartearen familia-egonaldiak

2015-05-01

Familientzako kalitatezko aisialdia euskal giroan, lotura afektiboak sendotzeko giltza

 
 

Ikastolen Elkarteko aisialdia taldeak egitasmo berri bat jarriko du martxan uda honetan: asteburuko egonaldiak familian. Izan ere, zenbait familiak arazoak dituzte ordutegiak uztartzeko eta kalitatezko denbora pasatzeko elkarrekin, eta Ikastolen Elkarteak errutinatik kanpo aisialdi-hezitzailea eskaini nahi die, seme-alaben eta gurasoen arteko lotura afektiboak sendotzeko. Eta, hori guztia, euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna sustatuz.

 

 Haurren eskola ordutegiak nahiz aisialdikoak, gurasoen lanordu luzeak, familiako beste kideren batzuen zaintza... egunerokoan, sarri, zeregin asko eta denbora libre gutxi dute familiek elkarrekin kalitatezko denbora pasatzeko, aisialdiaz gozatzeko eta beraien arteko harremanez disfrutatzeko. Errealitate horren aurrean, Ikastolen Elkartearen aisialdi taldeak uda honetarako egitasmo berri bat proposatu du: familientzako egonaldiak. Helburua da aukera ematea aisialdiaz familian gozatzeko, errutinatik kanpo, beti ere euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna sustatuz. Egunerokoan aurkitzen ez duten elkarrekin pasatzeko kalitatezko denbora eskaintzea familiei, elkarrekin gozatuz beraien arteko lotura afektiboak indartzeko, azken finean.

Aurten, estreinako urtea izanik, asteburu bateko egonaldia eskaniko du
Ikastolen Elkarteak, baina, ondo bidean, datorren ikasturtetik aurrera eskaintza zabaltzea du helburu: egonaldi gehiago, hainbat herritan, eta iraupen luzeagokoak. Ikastolen Elkarteko aisialdi taldearen esanetan, beti ere “Euskal Herriko kultura eta ondarea ezagutaraziz eta naturarenganako ezagutza eta errespetua, elikadura burujabetza, euskararen erabilera eta euskal kultura nahiz nortasuna sustatuz.”
Aurten, ordea, ostiraletik igandera bitarteko egonaldia eskainiko dute.
Ekaineko lehen asteburuan izango da, hilaren 5etik 7ra alegia, Otxandioko (Bizkaia) Koikili aterpetxean. Hain zuzen ere, Otxandiok betetzen ditu baldintzak Ikastolen Elkarteak sortu nahi duen giroa eratzeko: herri euskalduna da, asteburu oso bat euskaraz bizitzeko aukera ematen duena, eta, bere kokapenagatik, naturaz gozatzeko aparteko tokia da: Anboto eta Gorbeia mendilerroen artean, Urkiolak eta bere ibaiadarrek sorturiko haranaren bihotzean. Gainera, herriaren ondare kulturala eta historikoa aberatsa da.
Agertoki horretan “modu parte-hartzaile eta ludiko batean, familiek euren barne-harremanetan sakontzeko eta familien artean errespetuz bizitzeko  aukera” eskaini nahi die Ikastolen Elkarteak. Izan ere, familiaren baitan ez ezik, familien artean ere izango dute aukera harremanak eraikitzeko, guztira bospasei familia elkartuko baitira
Otxandioko egonaldian.

Udalekuak ere eskainiko dituzte

Egitasmo berri honetaz gain, Ikastolen Elkartearen aisialdi taldeak ohiko udako eskaintza mantenduko du. Beraz, ikastoletan bertan uztailean udaleku irekiak egingo dituzte 3-7 urte arteko haurrentzat, eta Enjoy English programa, jatorrizko ingeles hiztunekin.
Eskolaz kanpo, berriz, askotarikoak dira aukerak: Lurra eta pilota udalekuak, Oionen, 7-12 urte artekoentzat; Eusk(h)ara mugara udalekuak, Lapuebla de Labarcan, 8-12 urte artekoentzat; Ingeles udalekuak, Bermeon, Zarautzen eta Sopelan, 10-16 urte artekoentzat; Zutundu surf udalekuak, Zarautzen, 10-18 urte artekoentzat; Gazte
egonaldiak, Arantzan, 11-18 urte artekoentzat; eta Elkarrekilan Zuberoan, Maulen, 8-14 urte artekoentzat. Gainera, Ipar Irlandan familietan egoteko aukera izango dute 13-17 urte artekoek.