SUBIL: Euskal kukturan zeharreko bidaia

1996-12-01
Beheko-suan sugarrek subila ahitzen duten bitartean, aiton-amonek euskal kulturaren zertzeladak azaltzen dizkiete euren txikiei. Belaunaldiz belaunaldi gure izana eta ondarea batetik bestera paseaz joan da, suaren epelean. Multimediak eta internet nagusi diren aro honetan, beheko-suak amatatu eta aiton-amonen kontakizunak telebistak ordezkatu dituen garai honetan, gero eta zailagoa gertatzen zaigu gure arbasoek utzi gintuzten altxorrei eutsi eta ezagutzera ematea. Hutsune hau bete nahian, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak SUBIL, euskal kultura ezagutzen, proposamena luzatzen digu.
 
 
Aspalditik, eta azken urte hauetan batik bat, geroz eta sarriago darabil gai hau guztion buruetan jirabira itsuan. Gure Hezkuntza Proiektuetan eta baita Zentroko Proiektu Kurrikularretan bildu eta jaso ditugu gure kultura, euskal kultura, hezkuntza eta eguneroko jardunean txertatzeko asmoak.

Orain arteko ahaleginak tokian tokikoak izan dira, irakasle bakoitzak gaian zuen ezagutzaren adinekoak ia. Eta oso garrantzitsuak izan dira lan hauek galtzear zeuden zenbait tradizio eta usadio zahar berreskuratu eta sendotzeko.

Baina berreskurapen hauek urteen poderioz hartzen doazen sendotasunak ematen duen pozarekin batera, gero eta jakitunagoak gara gure kulturaren aberastasun eta zabaltasunez eta era berean berandu baino lehen hau guztia haurrei eta gizarteari hurbiltzeko dagoen premiaz.

Beste hainbat arlo, hizkuntza kasu, planifikatu eta sistematizatu badira ere, eta plangintza batean oinarritutako garapena ahalbideratu den arren, oraindik asko dago egiteke gure heziketan euskal kulturaren garapen eta zabalkundea gauzatuko duten oinarri eta ildoak definitzeko.

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak, Elkar argitaletxearekin elkar lanean, hainbat saiakera egin ditu azken urtetan. Lan honen ildotik Subil, euskal kultura ezagutzeko ikasleentzako lan-koadernoak dakarzkigu esku artera.

Axelko Proiektuaren barruan kokatzen den lan honen helburua, euskal kulturaren zabalkundea da, gure antzinako errito, abesti, dantza, pertsonaiak... eman nahi ditu ezagutzera. Euskal kulturaren adierazgarri diren ospakizunetan parte hartzeko gogoa piztu nahi dute ikasleengan, euskal kulturarekiko errespetuzko jarrerak garatuz.

Euskal kulturaren zabaltasuna dela eta, lau ospakizun hartzen dituzte ardatz bezala lan honetan: Olentzero, Santa Ageda, Ihauteriak eta San Juanak. Gure kulturaren adierazle garrantzitsuak izateaz gain, ikastetxeetan ospatzen dira ikasleei zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzen dietelarik.

Ospakizun hauetako bakoitza oinarritzat hartuz, unitate didaktiko bat osatu dute. Bost lan-fitxa ditu unitate bakoitzak, banatuta dagoen saioetan egin beharreko lana argitzen da, ikasleei zer informazio eta nola eman azaltzen da eta ekintza nagusi batzuk proposatzen dira. Unitate eta saioen iraupena, hala nola errealitatearekiko egokitzapena irakaslearen esku geratzen dira.

Oraingoz Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailarako materialak kaleratu dira, urtez urte eskaintza ugaritzen joango delarik Lehen Hezkuntza osoa eta DBH osatu arte. Hala ere, irakasleari plangintza osoa ematen zaio ezagutzera eduki-multzoen banaketa eta dagozkien helburu orokorrak zehaztuta, lanari zentzua emanaz eta mailaz mailako lotura bermatuz. Edukiak, era berean, ospakizun ardatz bakoitzeko kontzeptuak, prozedurazko eta jarrerazkoetako zehaztapen mailetan aurkezten dira.

Koadro hauek aztertuz, ikus dezakegu urtez urte jai hauen misterioa argitzen joango dela ohituraren azal-azaleko deskribapenetatik abiatuz, euren esanahi sakonean amaitu arte, aintzinako euskaldunen bizitza eta sineskera-mundura hurbilduz eta munduko beste kulturetan topa ditzaketen antzeko ospakizunak ezagutu eta aztertuz.

Lan-koaderno hauek zenbait material osagarri izango dute. Esaterako: joko didaktikoak, ipuin bilduma, soporte musikaleko materiala eta bideoak. Hauetariko zenbait jadanik argitaratuta daude (hormairudi, puzzle, buruhausgarri...), beste batzuk, ordea, argitaratzear daude.



Euskal kulturaren zehar proposatzen diguten bidai honetan, gure haurrek lau lagun izango dituzte alboan. Gure ohitura ezagutzera urrunetik etorri diren Basir afrikarra eta ekialdetik, Txinatik, etorritako Liu Xin. Xixili eta Xipri izango dituzte gidari bere ibilaldian.