Haurrekiko tratu txarrak aztergai

1997-05-01
Hezkuntza arlo honetan baliabide pedagogiko berritzaileak, hizkuntz proiektuak, erreforma... eta antzeko gaiak izaten dira hizpide normalean. Baina zoritxarrez, beste gai batzuk ere ukitu beharra izaten da sortzen diren arazoak ezagutu eta aldatzeko. Horixe da haurrekiko tratu txarren kasuan gertatzen dena. Existitzen den arazoa da, eta horren aurrean nola jokatu dezakegun jakiteko ikastaro batzuk burutzen ari dira Gipuzkoako herri desberdinetan.
 
 
Urtarrilaz geroztik Irun, Errentria, Donostia, Lasarte-Oria, Tolosa, Ordizia eta Zarautzen burutu dira "Haurrekiko tratu txarrak: eskola mailan igarri, aurrea hartu eta jardun" ikastaroak. Hurrengo hilabetean, berriz, Arrasate eta Eibarren izango dira. Hezkuntza arloko profesionalei zuzenduta daude eta Mose Mari Lezama dabil hitzaldiak ematen. Gipuzkoako Diputazioko Gizartekintza departamenduko Haur eta Gazteen saileko arduraduna da bera eta psikologoa, aldi berean.

"Haurrekiko tratu txarrak badaudela eta arazoa hor dagoela konturatu ginen, eta horri ekin nahi izan diogu" azaldu digu Jose Mari Lezamak. "Eskola mundua haur guztiek derrrigorrez psa behar duten eremua da. Hori dela eta, tratu txarrak igartzeko begiratoki ezin hobea da. Irakasleak seinale, jarrera eta jokabide normalak eta ez-normalak antzeman, erkatu eta igartzeko egoera onenena aurkitzen dira. Horregatik zuzendu ditugu ikastaro hauek irakasle eta hezkuntza arloko profesionalengana".

Arazo honen inguruan dugun egitekoan sakontzen hasi aurretik, interesgarria da tratu txarrak nola ulertzen diren zehaztea. Zer da haurrekiko tratu txarra? Adingabearen oinarrizko beharrak ez betetzeak dakarren edota haurraren garapen ezin hobea oztopatzen duen edozein ekintza edo ustegabekoa ez den omisioa bezala defini daiteke. Ekintza edo omisio horiek pertsonek, erakundeek edo, orohar, gizarteak eginikoak izan daitezke, eta modu askotakoak: behar fisikoak ez betetzea edo arduragabekeria, sentimenduekiko utzikeria, sentimenduekiko tratu txarra, tratu txar fisikoa, sexu abusua, lan esplatazioa, galbideratzea, eskean aritzea, jaio aurreko tratu txarra, erakundeen tratu txarra...

Arazo hauen aurrean ikastetxeetako langileek duten egitekoa da ikastaro hauetan aztertu dena. Jose Mariren iritziz, "eskuhartze horretan zeregin garrantzitsua dute Orientazio Pedagogikoko Zentroetako irakasle eta kideek, kasu horiek bideratu eta tramitatzen dituen zuzendaritzak eta ikastetxeko Laguntza taldeetako langileek".

Edonola ere, kasu batzutan modu arruntean joka dezakegu, baina zenbait premiazko egoeretan, beste modu batetara jardun beharko dugu. Lehenengo kasuan irakasle edo hezitzaile batek haur bat tratu txarrak jasaten ari dela dakienean edo horren susmoa duenean, urrats hauek eman beharko ditu:

1- Tratu txarreko kasua igarri edo susmatzen duen pertsonak ikastetxeko aholkula edo orientatzaileari jakinaraziko dio susmoaren eta ziurtasunaren arrazoiak azalduz.

2- Aholkulari-orientatzaileak, kasuak igartzeko adierazleei buruz duen ezagutzan oinarrituta, susmoaren lehen balorazioa egingo du, eta susmoak jarraituz gero, ikastetxeko zuzendaritzari idatziz jakinaraziko dio.

3- Ikastetxeko zuzendaritzak udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei ikerketa bat egiteko eskatuko die, ikastetxeko langileek egindako idatzizko jakinarazpena bidaliz.

4- Garrantzitsua da kasuaren inguruan erreserba gordetzea eta igarpenean aipatu diren pertsonei bakarrik ematea horren berri.

Premiazko egoeren aurrean, berriz, haurraren osotasun fisiko edo psikikoa arrisku handian egonez gero, ahalik eta azkarren eta erarik eraginkorrenean jarduko modua erabili beharko da:

1- Egoera igartzen duenak aholkulari-orientatzaileari jakinarazi beharko dio, premiazko egoera dela adieraziz.

2- Aholkulari-orientatzaileak horren berri emango dio zuzendaritzari, premiazkoa dela jakinaraziz honi ere.

3- Zuzendaritzak kasuaren eta duen premiaren berri emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintzari, hau da, adingabekoen babesaren ardura duen erakundeari. Jakinarazpena idatziz eta telefono bidez egingo da tramiteak arintzeko.

4- Berehala jardutea eta haurra etxera ez itzultzea eskatzen duten kasuetan zuzendaritzak eta kasuaren larritasuna ezagutzen dutenek beste baliabide batzuk erabili ahal izango dituzte, hala nola: salaketa aurkeztu Gau eta Eguneko Epaitegian, Ertzantzari edo Udaltzaingoari telefonoz deitu eta salaketa aurkeztu eta haurrak kalte fisikoak dituenean ospitaleratu.

Nolanahi ere Gizartekintzari jakinarazi behar zaiola dio Jose Marik. "Horrela babes neurriak hartu edo familian eskuhartzeko beharra baloratu ahal izaten dugu".

Hauek dira ikastetxeetako kideek jarraitu ditzaketen pausoak, beraz. Dena dela, legediak ere baditu gai honen inguruan hezkuntza alorreko hainbat erreferentzia. 1/96 legearen arabera, adibidez, Erakunde Publiko eta Pribatuak behartuta daude eskumena duen herri erakundeari babesik gabeko egoeren berri ematera. 1543/88 Erret Dekretuko 9.1. artikulua, bestalde, ikasleak eskolan tratu txarrik ez jasotzeko duen eskubideari buruzkoa da, eta 9.3. artikulua ikastetxeek eta bertako langileek tratu txarreko kasuetan erreserba gordetzeko duten betebeharrari buruzkoa.



Ikastaroen edukia

Bide hauek ezagutzeko antolatu ditu Gipuzkoa Diputazioak tratu txarren inguruko aipatu ikastaroak. "1995. urtean Jorge Barudy-k zuzendutako ikastaro batzuk antolatu genituen eta arrakasta handia izan zuten. Eraginduak diren sektore guztietako partaideak etorri ziren: hezkuntza, osasuna, justizia, gizarte zerbitzuak, zerbitzu espezializatuak... Partaidetza kopuruak eta agertutako interesak gure hezkuntza arloan harreman eta koordinazio bat sortzeko nahia bultzatu zuen". Komunikazio eta koordinazio hori lortzeko garaiz eskuhartu behar da. Denok gaude arazo berdinen aurrean eta elkar ulertzeak gauzak asko erraztuko lituzke. Haurtzaroa eta familiarekin erlazionatutako zerbitzuak garatzea eta koordinatzea beharrezkoa ikusten da. Behar hauek ikusita, hain zuzen ere, antolatu dira ikasturte honetan Jose Mari Lezamak zuzendutako ikastaroak.

Eskola guztietara zabaldu zen deialdia eta partehartzearen portzentaia %60koa izan da, bataz beste. "Interesa dagoenaren seinale da kopuru hori" Jose Mariren ustez.

Ikastaroetan galdera desberdinei erantzuna ematen saiatu dira eta saiatzen dira: zer dira tratu txarrak, zergatik sortzen dira, nola jakin haur bat gaizki tratatua izan den, zein efektu ditu, nola lagun dezake eskola egoera hau igartzeko, zeintzu dira ikastetxearen eskubideak eta egitekoak, zer egin eta non, zer gertatzen da ondoren? Galdera hauek eta erantzunak, posibilitateak, aukerak, eztabaidatzeko aukera eskaini dute ikastorook, eta antolatzaileak gustora agertu dira orain arte izandako erantzunarekin. Eztabaidaren ondoren, ikastetxeetako elkar lana bultzatu behar da, horrek ekarriko baitu benetako aldaketa eta arazoaren konponketa.