Heriotza heziketan. Egungo tabua?

2001-07-01
 
 

> Heriotza heziketan. Egungo tabua?

IZAGIRRE, Patxi. Psikoterapeuta, zainketa paliatiboetan espezialista
Donostiako Ekintza ikastolako irakaslea

Orain dela hilabete batzuk heriotzari eta bere ingurukoari buruzko ikastaro bat emateko proposamena egin zidaten. Gonbidapena berria iruditu zitzaidan pedagogia arlotik egin zidatelako eta mintegia irakasleei zuzendutakoa izango zelako.

Zerbitzu klinikoetara bideratutako prestakuntzan aritu izan naiz eta beti pentsatu izan dut heriotzaren eta hiltzearen pedagogia egoki bat osatu behar dugula heriotza gure garapen naturaleko zati bezala integratzeko helburuarekin. Hezkuntzarekin ere erlazio estua daukat eta horrek guztiak zuei espazio desberdin bat erakustera animatzen nau, ahaztuta daukaguna gogoratzeko espazioa.

Maria Antonia Plaxats-ekin harremanetan jarri nintzen ikastaroa Katalunian garatu diren esperientzia aitzindariekin aberasteko asmoz. Hasieratik agertu zen kolaboratzeko prest eta hortik sortu da ilusioz betetzen gaituen proiektua.
Hik Hasik eskaintzen didan leiho hau aprobetxatu nahi dut ikastaroaren nondik-norakoen berri emateko eta zenbait ideia aurkezteko.
Orain dela gutxiko kasu bat etorri zait gogora, minbizia dela-eta ama galdu duen 14 urteko nerabe batena. Doluaren aurrean gaztearen erreakzioa zein izaten ari den behatzen ari naiz, nola jokatzen duten familiak, osasun euskarriak (pediatria), eskolako kideak, eta azkenik, berarekin dauden irakasleek.
Irakasleek ikaslea krisi egoeran dagoela eta laguntza behar duela susmatzen dute. Zer egin?Lankideen artean kasua komentatzen da, egoerarekin enpatizatzen dute, eta ezintasun sentsazio ikaragarria sortzen da. Gertuko norbaiten ehorzketan familiakoarengana hurbildu eta zer esan ez dakigunean sentitzen dugunaren antzeko zerbait sentitzen dugu.
Garrantzitsua da egoera horretan dagoen ikaslearen mina irakurtzeko erreferentzia txiki batzuk edukitzea, eta baita krisi horrek taldean izango duen eragina ulertzea ere. Haatik, eginkizun hori eguneroko amesgaizto obsesiboa bihurtzen denean eta segurtasun ezak gure portaera blokeatzen duenean, agian zera planteatu behar dugu: zer gertatzen zaigu heriotzaren aurrean?
Heriotza gure bizitzako gertaera ekidin ezina da eta inork ez digu horretaz hitz egin duen garrantzia emanez. Are gutxiago geletan, eta inolaz ere ez Pedagogia Fakultateetan edo Irakasle Eskoletan. Aipatu ikaslearen irakaslea gure gizartearen beldurra ezin hobeto deskribatzen duen tabu baten aurrean aurkitzen da.
10 eta 13 urte bitarteko neska-mutil askok heriotzari buruzko galderak kuriositate handiz egiten dituztela ikusten dudanean, gai horrek beraientzat duen misterioa entzuten dudanean, zera galdetzen diot neure buruari: zer egiten dugu galdera horri ziurgabetasun, segurtasun eza, ezezagun eta beldur zentzua emateko? Ohikoena nola edo hala aurrera egitea izaten da, eta gorde nahi duguna gutxi gorabehera sofistikatuak diren moduekin mozorrotuz egin ohi da hori. Hau da, heriotza ukatzen ikasten da minari aurre egiteko eta bizirauteko.
Sarritan proposamen erakargarriak jasotzen dira gai hau ikastetxeko curriculumean zeharlerro bezala lantzeko. Ez dut inolako zalantzarik sexualitatea, bide segurtasuna, drogak, euroa edota elkartasuna oinarrizkoak direnik heziketa proiektuetan. Norbaitek pentsatuko du heriotza beste bat gehiago bezala sartzea proposatzen ari naizela eta garrantzitsua dela, eta zentzu batean hala da. Dena dela, badakit edukiak soberan daudela eta irakasleei presio izugarria egiten zaiela. Nire proposamena hausnarketara bideratua dago; gure gizarteko hainbat arlotan planteatzen diren erantzunik gabeko galderen inguruko hausnarketa egitea proposatzen dut.
Lehen esan dizuedan bezala, ikastaroari buruzko zenbait ideia eman nahi izan dizkizuet. Hortik aurrerakoa ikastaroan bertan aurkitzera gonbidatu nahi zaiztuztet. Dudarik gabe bertan parte hartuko dugunon hausnarketek aberastu egingo gaituzte.

Gelarako, heriotzera eta dolurako hezi: bizitzarako hezi

PLAXATS, Maria Antonia. Psikoterapeuta eta “Educar para la vida, educar para la pérdida, la muerte y el duelo en la escuela” mintegiaren koordinatzailea Rosa Sensaten

Ikastaroaren helburu orokorra gure gizartean, eta ondorioz gure ikastetxeetan, ukatzen den gai baten inguruan hausnartzera animatzea da. Momentuz, eskolatik galerei aurrez aurre begiratzearekin konformatzen gara, eta horien artean oso garrantzitsua den bati: heriotzari.

Katalunian aurrera eramaten ari garen Doluaren Pedagogiaren garapena ezagutzeko aukera izango duzue ikastaroan. Ez ditut gure lan taldearen esperientzia, emaitzak eta ondorioak soilik azalduko, ezagutzen ditugun guztiak baizik.

Galera garrantzitsuen aurreko doluaren gaia 1988an lantzen hasi nintzen. 1993an egin genuen galerei buruzko lehen esperientzia pilotua Bartzelonako ikastetxe publiko batean. Valentí Teixidor eta biok burutu genuen esperientzia hura 5. eta 6. mailako bi ikasle talderekin. Ordubeteko hiru saio burutu genituen eta eztabaidatzeko, marrazteko, idazteko… zenbait galdera aurkeztu genizkien. Gure helburuetako bat neska-mutilak adimen emozionalaren munduan sartzea zen, hau da, gure sentimenduen, emozioen eta gogo aldartearen garrantzia ulertzea (garuneko ezker hemisferioarena) eta garuneko erdi eta ezker hemisferioko funtzioekin behar duen kudeaketa osasuntsuaz jabetzea. Beste helburu bat izan zen gure emozioei buruz hitz egiteko denbora eta espazioa eskaintzea eta ahal zen leialtasun handienarekin azalaraztea. Emaitzek espero genuena gainditu zuten, pisua duten hainbat galera agertu baitziren: lagunak, gurasoak, amona, dena galeraren beldurra…
Esperientzia horren ondoren beste hainbat etorri ziren eta ondorengo urteetan hitzaldi eta ikastaro ugari eman ditut gai horren inguruan. 1995ean Joan-Carles Mélich, Concepció Poch eta hirurok estatu mailan lehenengoa izan zen ikastaroa diseinatu genuen: “Bizitzarako hezi: heziotzerako hezi”. Rosa Sensaten aurkeztu genuen ikastaroa. Jende gutxik eman zuen izena, baina ikastaroa oso ongi irten zen, balorazio oso positiboa egin genuen. Geroztik Rosa Sensateko udako, udazkeneko nahiz neguko ikastaroetan aritu gara ikastaro hau ematen. Ikastaroari izenburua aldatu diogu, edukiak egokitu eta gaurkotu ditugu, taldea handitu dugu eta espezialista askoren kolaborazioa jasotzen dugu. Era berean, hainbat lekutatik deitu digute ikastaroa eman dezagun. Horrekin batera, egoera zehatzetan laguntza eta aholkua eskatzen digute.
Horren guztiaren berri izango duzue ikastaroan, gure arteko hausnarketa eta eztabaidekin batera.