Musika Hezkuntza Berezian

2001-07-01

Ikastaro honetan musika irakasteko sistema edo metodologia berri bat aurkeztuko da: Aschero musika sistema. Down sindromea, burmuin elbarritasuna, atzerapen mentala eta autismoa daukaten pertsonentzako metodologia da.

 
 

Artetzat zer ulertzen dugun jakiteko, ez dugu ahaztu behar oinarrizko printzipio gisa zentzumenen bidezko komunikazio harremana, eta ezagupen horren fruitu gisa zentzumenez kanpoko komunikazio harremana (espirituala).

Horrela bada, premisa horretatik abiatuz gero, edozein jarduera artistikotarako ezinbestekoa izango da gure zentzumen eta pertzepzioak (ikusmena, usaimena, entzumena, dastamena eta ukimena) ikertu, aztertu eta estimulatzea. Erabiliko dugun metodologia, beraz, gure zentzumenezko baliabideak aplikatu eta garatzera bideratua dago, gure ikasleak arlo artistikoan gaitzeko helburuarekin (zentzumena-sentitu-sentimendua).
Horretarako, material teoriko eta praktiko ugari erabiliko ditugu, baina bereziki Aschero musika sistema, programa horrek zentzumen guztiak biltzen baititu.
Zehatzago esateko, Aschero sistemaren egiturak jarduera plastikoan agertzen diren elementu guztiak biltzen ditu (hala nola bolumena, kolorea, materia, forma eta tamaina) eta, era berean, soinuzko jarduera orotan dauden parametroekin (iraupena, altuera, intentsitatea eta tinbrea) elkartzen ditu, usaimen, dastamen eta ukimenaren bidezko hainbat jarduerarekin uztartuz.
Horrela, metodologia horretan zentzumenen gaitasun guztiak bildu eta landuko ditugu, adin horietan hain garrantzitsuak diren lehen erreferentzia artistikoak izango diren baliabideak esperimentatuz eta estimulatuz. Baina, ez dira orain arte bezala bananduta landuko, globalki, jolas giroan eta era praktikoan baizik.
Horregatik, orain musika irakaskuntzak garrantzi handigoa dauka eskola barruan, erabiliko ditugun kode eta zeinuek harreman etengabea baitute euren artean. Horrek, era berean, aurre-idazketa eta aurre-matematikan funtsezkoak diren hainbat alderditan eragin positiboa izango du.
Azken finean, diziplina anitzeko irakaskuntza da, diseinu bateratuaren bidez, gai garrantzitsu honi erantzun koherente eta erakargarria ematen diona.
Ikastaroaren eta metodologia horren helburu orokorrak hiru dira. Lehenengoa, era guztietako musika jolasak sortu eta erabiltzeko trebetasuna garatzea haurrengan partaidetza, autoestimua, sormena, irudimena eta adierazmena bultzatzeko. Bigarrena, irakasleei jolas ariketaren bidez haurrengan mugimenduak, psikomotrizitate globala eta gorputz espresioa pizten laguntzea. Eta hirugarrena, musika jolasaren bitartez haurrengan hainbat estimulu garatzea (lengoaia eta aurre-matematika, arreta, oroimena, kontzentrazioa, abstrakzioa, asoziazioa eta disoziazioa...).
Helburu orokorrak izateaz gain, metodologia horrek helburu musikalak ere baditu. Lehenik, soinuaren ezaugarriak bereizteko gaitasuna garatzea (iraupena, altuera, intentsitatea eta tinbrea). Bigarrenik, erritmika adierazpena bultzatzea gorputzaren eta tresnen bidez. Hirugarrenik, entzumena garatzea. Laugarrenik, teklatua jotzen ikastea. Eta azkenik, sormena piztea (interpretazioa, konposaketa...).