Nahigabe psikikoa bideratzeko interbentzio goiztiarra

2001-07-01
 
 

> Nahigabe psikikoa bideratzeko interbentzio goiztiarra

ALKORTA, Marga. Pedagogoa eta Errenteriako PATeko Talde Multiprofesionaleko aholkularia
APEZETXEA, Lupe. Psikologoa eta Errenteriako PATeko Talde Multiprofesionaleko aholkularia
OTERMIN, Lourdes. Psikologoa eta psikoterapeuta

<>“Utz nazazu izaten, beraz, gau orduetan

kantatuko dizun abesbatza...”
John Keats

Psikoanalisiaren ikuspegi orokorrarekin bat, gure erreferentzia markoa Bion, Esther Bick eta Donald Meltzerrek jorratutako teoriak dira.

Familia erlazioak burua nola egituratzen duen, eta aldi berean, gure ikasteko modua nola antolatzen duen lan taldean hausnartzea eta eztabaidatzea da gure zeregina.
Funtzionamendu hau ulertzeko erarik aberatsena, gure iritziz, Esther Bickek sortutako Behaketa Metodoa da.
Esther Bick, Bion eta Meltzerrek euren ikerlanetan M. Kleinek aurkitutako kontzeptuak dituzte abiapuntu: posizio eskizoparanoidea eta posizio depresiboa,alegia.
M. Kleinek dioenez, posizio eskizoparanoidean haurrak, kanpo errealitatean ezarrita, honoko mekanismoak erabiltzen ditu heriotz senak sortutako antsietateari aurre egiteko: disoziazioa, ukapena, omnipotentzia, idealizazioa eta identifikazio proiektiboa.
Posizio depresiboa disoziazioa integratzearen prozesua da. Eta Bionen honi buruzko ekarpena hau da: gorabeheraka dabiltzala bi posizioak bizi prozesuan.
Pentsatze prozesua ulertzen laguntzen digun Bionen beste ekarpena eusle-eutsia kontzeptua da.
Hau ulertzeko haurraren bizitzaren sorrerara itzuli behar dugu eta amarekin izandako erlaziora.
Bionek dioenez, haurrak duen antsietate eta egonezina garrasi bidez kanporatzen badu, eta amak hartu, jaso eta on bilakatuta itzultzen badio, amak rêverie gaitasuna du. Amaren eusteko gaitasun honen bidetik barneratuko du haurrak ama, beharren asetzaile izateaz gain, pentsatzen duen izaki ere badela ohartuz. Horrek abian jarriko du haurraren pentsatzeko gaitasuna, eta pentsatzeko gai izate-ez izate arteko egoeraren oinarriak ezarriko ditu.
Bionek ama-eusle eta haur-eutsiaren arteko erlazio honi K binkulua deritzo, eta Meltzerrek dioenez buru topagune hori ikaskuntza eta ezagutzaren oinarria izango litzateke.
Ikasketa orok buru gatazkaren mehatxua du; beraz, norbanakoaren garapena haustura eta integraziorako joeren arteko gorabehera txikietan datza.
Honela, ez jakiteak duen nahigabea toleratuz, ikasteak sortutako dependentzia egoera jasateko jarrerak eskainiko dion posizio depresiboa (esker ona eta objektuaren ongizatea) sortzen da.
Marko teoriko honekin, zailtasun psikikoak dituzten haurrei ulertzeko erabilitako lan egiteko modua azalduko genuke, non gurasoek euren eginkizunak betetzeko ezintasuna duten.
Mintegiaren haria R deitu diogun 3 urteko eskolatu berria den neska izango da.
Neska horrek ikaskideengan eta irakasleengan sortutako egonezina zela-eta, eskolak Pedagogia Aholkutegiko (PAT) aholkularion laguntza eskatu zuen.
Hori ikusita, Talde Multiprofesionaleko kideok lan plan hau proposatu genuen:
1. Esther Bicken Behaketa Teknikaz ikertu eta Rren funtzionamendua ezagutzea.
2. Familia eta eskolaren testuinguruaren azterketa egitea.
Aipatu epean R eta bere gurasoen funtzionamendua ezagutu ondoren, honako abordatze proposamena egin genuen:
1. Psikoterapia eskolan.
2. Elkarrizketak gurasoekin, maiztasun batekin.
3. Bilerak Haur Hezkuntzan, maiztasun batekin.
4. Gurasoekin euste lana, EPIn (Osakidetzan).
Proposamen horrek, eskolan espero ez bezalakoa zelako, inpaktua sortu zuen, eta ideia berriko proposamen hau onartzeko zailtasunak azaldu ziren; hau da, bestearen proposamena onartzeko zailtasuna.
Bionek dioen bezala, ideia berria barneratzeari ekiteko, hau da, egoera mental batetik bestera igarotzeko, zalantza eta ahuldadea dakarren trantsizio egoera toleratzea da baldintza.
Kasu horren bidez, aurrez azaldutako aurreikuspen teorikoak gorpuzten doaz.
Psikoterapia egiteko prestakuntzan diharduen profesional baten parte-hartzea izan dugu. Esher Bickek Behaketa Zuzenaren Teknika, ama-haurra-ingurunearentzat sortu zuen; baina, une honetan, beste alorretara hedatzen ari da, eskolara esaterako.
Esther Bicken Teknika kontuan hartuta, behaketa esperimentaletik at, begiratu eta erlazioaren behaketan barneratzean datza teknika behatze modu hau. Horrek Rren buru funtzionamenduan, eta kideekiko eta helduekiko duen erlazioen ezagutze eta deskubritze ildoan bilatzen utziko digu.
Behaketa lan hau hainbat eremutan egin da: ikasgelan, psikomotrizitate gelan, sarrera-irteeretan eta jolastokian.
Bionen euste kontzeptua lan metodologian islatu da; hau da, R irakasleak eta psikoterapeutak eusten dute; irakaslea, aldi berean, Talde Multiprofesionalak zuzendutako taldelanak; eta psikoterapeuta, berriz, asteroko gainbegiratze saioak eusten du. Meltzerrek proposatu eskema oinarri izanda, beraz, haurra eusteaz gain euslea ere eusten da . Eskema honek dioena hau da: amak haurraren proiekzioak eusten ditu, eta aitak, haurraren eusle den ama eusten du.
Ondoren aurkeztuko dugun planteamendua Martha Harris eta Donald Meltzerrek deskribatua izan da.
Haiek diotenez, familia bizitza egonkortasun mailak dituen antolamendua da:
- Ezkontza-familia
- Koadrila-familia narzisista
- Supuesto-básico taldea
Ikasteko moduak mugatzen du izaera, eta aldi berean, honengan familia erlazioak eta antolamendu mailak du eragina. Edozein familia talderen asmoa osatzen duten kideei ikasteko adorea ematea da. Jakintza eta trebetasunak lortzea nortasun garapenaren lagungarri izan daiteke.
Esperientziaz ikasteak pertsona eraldatzen du, esperientzia emozional baten ondorio baita ikasketa hori ; eta bertan nahasketara daramaten zentzumen datu kaotikoak eta hondamen antsietateak objektu baten menpe daude, barne edo kanpoko guraso transferentzia batekin ordenatuak izan daitezen.
Ikasbide hau ezkon familiarena litzateke; eta bere buru den bikoteak honako eginkizunak izango ditu: Maitasuna sortu,
Itxaropena sustatu,
Nahigabe depresiboari eutsi
eta pentsatu.
Talde honetan, seme-alabek gurasoek edozein egoerari aurre egiteko erabilitako pentsamendu mota barneratuko dute.
Koadrila-familia-narzisista deitu ereduan, agintzen duenak (aita, ama) heldutasuna eta sasi-heldutasunaren arteko oreka ezegonkorra du.
Familia hau osatzen dutenen ikasbidea “lapurreta” eta identifikazio adhesiboa da, hau da, azaleko ezaugarriekin identifikatzea.
Supuesto básico deitu taldean buru dena egundokoa da. Beregan daude errepresentatuak pentsatzea, antolatzea eta erantzukizunak hartzea.
Funtzionamendu hau duten familietako kideek identifikazio proiektibo eta adhesiboaren bidez ikasten dute. Goi gaitasunekiko bekaitza litzateke identifikazio proiektiboa, eta bere xedea ezagutza hau bat-batean lortzea da.
Aipatu ereduek ez dute betikotasunik; aldiz, familia unitate edo familia zabaletik at, zerikusi zuzena dute haurrari irakasle, terapeuta eta heroi historikoak bezalako irudiekin transferentzia erlazioak sortzeko duten gaitasunarekin.
Komunitatean aldakorrak diren beharrei eta norbanakoaren garapenari zuzendua izango den sistema sentikor eta erabilgarri baten marko egokia izan daiteke norbere familian, komunitate batean, dagoen haur eredu hau.

Haur eskola: haurraren garapenean haur eskolak edota haurtzaindegiak duen funtzioari buruzko iritziak

CIUTAT I MONTSERRAT, Angels. Filosofia eta Letretan lizentziatua Psikologia atalean

Haurraren garapenean eragin dezaketen haur eskolaren ezaugarriez arituko gara, harremanaren alderdiak zaintzearen garrantzia azpimarratuz. Haur eskola buru osasunaren prebentziorako eta promoziorako oinarrizko elementua nola izan litekeen ere ikusiko dugu.

Haurraren garapenean eskola eta familia funtsezko bi testuinguru direla aintzat harturik, familia eta eskolaren arteko harremana zaintzearen garrantzia aztertuko dugu.

Haur eskoletako eta haurtzaindegietako psikologoaren interbentzio eredu bat aurkeztuko dugu, zeinak irakasleekin eta hezitzaileekin aldi berean lan egitea aurreikusten duen. Horrek haurraren behar emozionalei arreta handiagoa jartzea ekartzen du, lehen eta bigarren mailako prebentzio lana garatuz.

Zailtasun emozionalak eta ikasketa arazoak. Prebentzio elementuak

SELLARÉS I VIOLA, Rosa. Psikologian doktorea eta Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua

Eskolako interbentzio psikologikoa hainbat elementuren baitan egongo da: testuingurua, instituzioak eskaintzen duen markoa, haur garapenari buruzko teoriak, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eta praktika profesionala bideratzen duten harreman interpertsonalak.

Eskolako errealitateak etengabe krisian jartzen du ametsezko ideia hau: haurren zailtasunak “heziketa” behar bereziak bezala itzultzeak eta metodologiak egokiak, haurren aurrerapen pedagogikoa eta ongizate psikologikoa eta irakasleen asetzea eta eraginkortasun sentimendua bermatzen dituela. Eskola ez da eremu neutrala eta isolatua, diskurtso teknokratiko batekin maneia daitekeena. Kanpoko eraginek, irakasteko eta ikasteko zereginak berak eta bere baitan gertatzen diren aldaketa sozial konplexuek eragin izugarria dute pertsonengan, irakasle edo ikasle izan. Batzuen zein besteen ziurgabetasunak eta ezinegonak eskolan azaleratzen dira.

Irakasleak oso kezkatuta egon ohi dira, eta batzuetan gainezka, ikasle batzuengatik; zeren, beren portaera bat edo bestea izan (inhibitua, zirikatzailea, barreiatua, aldendua…) badirudi ez dietela erantzuten irakasleak eta eskolak egiten dituzten esfortzuei eta ezin dutela ikasteko jarrerarik hartu. Edozein gelatan aurki daitezke horrelako haurrak. Beraien zailtasun emozionalak direla-eta, ikasteko gaitasunak blokeatzen zaizkie edo eskolako jabetzeak ez dituzte ikasteko plazer eta aurrerapen pertsonal bezala ikusten. Beraien ikasketa akademikoa eta soziala oztopatzen dituzten arazo pertsonalak ekartzen dituzte eskolara, eta zenbait kasutan (zorionez gutxitan Haur Hezkuntzan), asko aztora dezakete gelako erritmoa. Zailtasun emozionalak garrantzitsuak direnean, ikasketa prozesuen kalitatea eta errekurtso pedagogikoak ez dira nahikoak haur horien aurrerapena bermatzeko.
Psikologoaren funtziotako bat eskolarekin lankidetzan jardutea da zailtasun emozionalak eta ikasketa eragozpenak egoki tratatzeko helburuarekin. Hautemate eta interbentzio goiztiarrak balio handia izango dute haurraren garapenerako eta etorkizuneko sufrimentu edota baztertze egoerei aurre hartzeko.
Prestaketa egokia duen psikologoak laguntza handiko kolaborazioa eskain dezake hainbat gauzatarako: instituzioaren euskarriak posibilitatzeko, irakasleei ulermenerako elementu teorikoak eskaintzeko, familiak orientatzeko, maila pedagogikoko edo pertsonaleko erabakiak hartzeko eta ikasketarako gune “babestuak” posible egingo dituzten neurriak ezartzeko.