Birakusi aldizkaria eta web gunea

2003-10-01
Haurrek geroz eta gutxiago irakurtzen omen dute "Game boy" eta "Nintendo"ren garaiotan. Ordenagailuan, berriz, helduek fobia digitala kendu bitartean, etxeko txikiek erreparorik gabe sakatzen dituzte botoiak. Bideojolas eta txatean eskaintza zabala dute haurrek Internet sarean, baina helburu hezitzaileekin eurentzat propio sortutako web orririk apenas dagoen. Hutsune hori betetzeko eta haurrak irakurzaletzeko sortu da "Birakusi": uztartuta dauden aldizkaria eta web gunea. Ideia "Badator" irudimen elkarteko Ainhoa Redondo, Iker Torres eta Nagore Leozena da. Arte Ederretako eta Diseinuko ikasketak egin dituzte eta haurren mundua gertutik ezagutzen dute, irakasle eta begirale lanetan jardun izan baitute.
 
 
Birakusi 8-12 urtekoei zuzenduta dauden aldizkaria eta web orria dira. Aldizkaria eta web orria lotuta daude. Web orrian barrena ibiltzeko "pasahitzak" eskatzen dira, alegia, aldizkarian datorrenari buruzko galderak erantzun behar direla. Jolas honen bidez, aldizkaria arretaz irakurtzeko amu bihurtzen da Interneta. Irakurzaletasuna sortzeaz gain, teknologia berriak modu egokian erabiltzen ikastea ere bilatzen d Birakusik .



Aldizkaria: balio heziketa eta heziketa bisuala

Birakusi aldizkarian alero ipuin bat kontatzen zaigu, umorearen tinta dariona. Narrazioak iradoki ditzakeen mezu edo balioak oso zainduta daude. Etorkinen gaia, hezkidetza, ezinduen integrazioa, oinarrizko trafiko araudia eta bide segurtasuna edo sexu heziketa bezalako gaiak dira ipuinen bidez ekarriko dizkigutenak.

Testuaren mezuak bakarrik ez du hezitzen, ordea. Irudia dagoen lekuan heziketa bisual bat ere badago, estetika bat, sinbologia bat, eta beraz, diseinuari ere merezi duen garrantzia eman nahi izan diote aldizkariaren egileek. Arte Ederrak ikasi dituztela bistan da. Lehen alea ordenagailu bidezko irudiez osatu dute. Aurrerantzean materiale desberdinak erabiltzeko asmoa dute, haurrek ere ikus dezaten irudia sortzeko beti ez dela arkatza edo akuarela soilik erabili beharrik.

Formatu aldetik ere, aldizkaria eskuliburu baten neurrikoa da, egileek ez baitute nahi apalean gorde eta hautsak hartzen egongo den liburu bat izatea. Eskutan erabili, margotu, moztu eta puskatu egingo den aldizkaria izatea nahi dute. Aldizkari hau erabiltzekoa baita: web gunean abenturari jarraipena emateko giltza sekretua da aldizkaria.



www.birakusi.com

Aldizkarian irakurritako istorioari jarraipena emateko, web gune honetan lau bide jartzen zaizkigu aukeran. Baina pantailaz aldatzeko "pasahitz" bat eskatzen da beti, alegia, galdera bat erantzutea. Une horretan Birakusi aldizkarira jo beharra dago derrigor, eta arretaz erreparatu, erantzuna aurkitzeko. Istorioaz gain, web gunean denbora-pasak, joko interaktiboak, esaera zaharrak, asmakizunak eta eskulanak aurki ditzakegu.

Egileek diotenez, ordenagailu aurreko jarrera da landu nahi dutena. Ez dute nahi haurra pantaila aurrean mozolotuta gelditzerik, isolatuta. Horregatik, batzuetan "pasahitza" lortzeko gurasoari egin beharko dio galdera haurrak, ingurukoari laguntza eskatzeko jarrera indartuz. Edo hurrengo pantailan, istorioko gertaera baten aitzakian, birziklatutako materialaz eskulan bat egitea proposatuko zaio haurrari, puskatutakotik sor daitekeela jabe dadin.



Non lortu aldizkaria?

Urtean lau ale ateratzen dira, urtaro bakoitzeko bat. Harpidedun eginez gero, aldizkaria postaz jaso daiteke etxean. Eskaera www.birakusi.com web gunean bertan egin daiteke, edota telefono honetara deituta: 635 75 97 73.Birakusiren egileek euren proiektuaren berri emanez aurkezpenak ere eskainiko dizkiete irakasleei eta ikasleei. Beraz, interesa duen ikastetxe oro eurekin jar daiteke harremanetan. •