Ikertzeko, hausnartzeko eta proposamenak <br />egiteko garaia da. Abia gaitezen!

2003-10-01
Parte-hartzea, elkartasuna, gertuko gestioa, jende guztiak hezkuntzarako duen eskubidea, ikuspegi kritikoa eta abarren defentsa ezinbestekoa da heziketa aurrerakoietan.
 
 
Hasi da ikasturte berria, hik hasirentzat bederatzigarrena izango dena.

Aurreko ikasturtean bezala, aurten ere hezkuntza aldaketa, eskaera eta proposamen ugari jarriko dira mahai gainean. Dagoeneko mahaigaineratu dira batzuk.

Iparraldeko ikastoletan iaz baino %5 ikasle gehiago matrikulatu bada ere, irakasle bat gutxiago onartu die hezkuntza administrazioak. Hori dela eta, langileak eta gurasoak protesta ekintzak burutzen ari dira.

Ikas-Bi elkarteak ikastetxe publikoentzat euskal eredua, D ereduaren antzekoa, eskatu bazuen ere, ez da onartua izan eta aurrera begira orain arte izan dituen ereduak eskaintzen jarraitu beharko du.

Nafarroan, D ereduan ikasten hasi diren ikasleen kopuruak gora egin duen arren, administrazioak eskualde erdaldunean ongi funtzionatzen ari diren lau ikastolen kontra joko duela dirudi: Tutera, Lodosa, Biana eta Irunberri. Azken honek, herriko matrikula erdia jasotzen du.

EAEn sortu berria da "Haurreskolak Partzuergoa", 0-3 urteko haurrak eskolatzeko partzuergoa. Gai honi buruz oso ikuspegi ezberdinak plazaratu dira: batzuek diote pribatizazioa dakarrela, administrazioak, aldiz, eredu publikoa indartzen dela, eta zenbaitek heziketa eredua ahuldu eta eredu asistentziala indartzen dela...

Aldi berean, Lazkaon dagoen zentro bakarra, San Benito ikastola, Kilometroak antolatu beharrean aurkitzen da euren hezkuntza beharrei egokiago erantzun ahal izateko.

Eta bestalde, aldaketa sakonak ezarri nahi dira oso epe laburrean: Frantziako gobernuak, "dezentralizazio" administratiboa planteatzen du, eta Espainiakoak "kalitatearen legea".

Honek guztiak ez al digu hausnarketa sakon batera eraman behar? Zein izan behar du ikastetxeen eginkizunak? Zein administrazioenak? Nola antolatu behar da hezkuntza?

LOGSEk ikastetxeen hezkuntza proiektuei ematen zien garrantzia, baina helburu horiek lortzeko ez zituen bitartekoak egokitu. Nola lor zezakeen ikastetxe batek bere hezkuntza proiektua izatea ez bazuen benetako autonomiarik berau garatzeko?

Bestalde, neoliberalismoa defendatzen dutenek autonomia aitzaki bezala erabiltzen dute administrazioei dagokien hezkuntza bermatzaile ardura uzteko eta gastu publikoa murrizteko.

Parte-hartzearen, elkartasunaren, gertuko gestioaren, jende guztiak hezkuntzarako duen eskubidearen, ikuspegi kritikoaren eta abarren defentsa ezinbestekotzat jotzen dugunok elkartu eta bide komun bat bilatzen ahalegindu beharko genukeela uste dugu. Zer deritzozue?