Muga guztien gainetik... euskaraz! ASSA ikastola, La Puebla de Labarca

2003-10-01
25 urte beteko ditu aurten Lapuebla de Labarcako Assa ikastolak. Errioxako muga-mugan, Ebroren ibaiertzean dagoen 900 biztanleko herri honetako eskola bakarra da ikastola, hots, herriko eskola. Gaur egun 290 ikasle inguruk betetzen dituzte ikastolako gelak, korridoreak eta jolastokiak. Euskararen aldeko apustu garbia egin zuten herriko hainbat gurasok 1978an eta gaur egun ederki finkatutako proiektua da. Gurasoak, irakasleak eta, oro har, herri guztia harro egoteko modukoa.
 
 
Assa ikastola Lapuebla de Labarcan dago, baina ez da hango ikastola, eskualde osokoa baizik. Inguruko 23 herritako 2-18 urte bitarteko ikasleak joaten dira, hasi eskolaurretik eta Batxilergora bitartekoak. Mainueta eta Samaniego herrietan ere eskolaurreko gelak ditu eta 6 urte betetzen dituztenean joaten dira handik Lapuebla de Labarcara. Bigarren Hezkuntza bukatzen duten ikasle batzuk Gasteizera edo Logroñora joaten dira moduluak egitera eta beste batzuk Assan bertan gelditzen dira Batxilergoa ikasten.

Eskualdeko eskola izateak ikasleak euren herrietatik ateratzera behartzen ditu, ikastolara joan ahal izateko. Zenbait herritako ikasleek ordubeteko bidaia egin behar izaten dute ikastolara iristeko. Eta hala ere, gurasoak zein ikasleak prest daude esfortzu hori egiteko. Eta dena arrazoi indartsu batek bultzatzen dituelako: euskaraz ikastea.

Eskolaurrean guztira 60 haur dabiltza, Lehen Hezkuntzan 64, Bigarren Hezkuntzan 114 eta Batxilergoan 60. Haur horiekin dabiltzan irakasleak eta langile ez irakasleak, berriz, 33 dira.



1978ko guraso bilerak

Euskara galdua zegoen Lapuebla de Labarcan baziren aurreko belaunaldien hizkuntza hura errekuperatu nahi zuten batzuk. Asmo hark bultzata euren seme-alabentzat ikastola bat martxan jartzeko ideia sortu zitzaien eta bilerak egiteari eta antolatzeari ekin zioten. 1978. urtean sortu zen mugimendu hura eta 1979ko urtarrilerako martxan zen inguruko amabirjina baten izena hartu zuen ikastola: Nuestra Señora de Assa ikastola. Zenbait urte geroago izena aldatu zioten eta Assa ikastola da harrezkero.

Lehen andereñoa Leitzatik joan zen Miren Azpiroz izan zen eta 18 haurrekin egin zuen lehen ikasturtea.

Ikastola askotan bezala, Lapuebla de Labarcan ere ohiko arazoak izan ziren hastapeneko urte haietan: leku egokirik eza, diru falta... baina okerrena zenbait herritarren kontrako jarrera zen: andereñoek prestakuntzarik ez zeukatela, ikastolan ez zela ikasten eta abar zioten. Etengabeko konparaketak egiten zituzten eta ikastolakoek egiten zutenak balio zuela erakutsi behar izaten zuten beti. Edonola ere, proiektuaren bultzatzaileek ideiak argi zituzten eta lan izugarria egin zuten kontra zituzten herritarren usteen aurka. Lehendabiziko ikasturte haren amaieran haur txiki haiek euskara ikasi zutela ohartu ziren. Hurrengo urteetan ere jendea konturatu zen haurrek berdin ikasten zutela euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta gainera, euskara ikasten zutela. Beraz, helburuak betetzen ziren. Inguruko herrietako jendea ere interesa agertzen hasi zen eta haiek ere ikastolara joaten hasi ziren.

Aipatzekoa da Lapuebla de Labarcan bertan ez zegoela beste eskolarik. Eskolaurrea bazegoen, baina 6 urterekin Biasteriko eskola nazionalera joaten ziren haurrak, hots, herritik at. Hori funtsezkoa izan zen ikastolaren arrakastarako. Eta horrek berak bultzatu du, hein batean, ikastola herriko eskola bihurtzea; Lapuebla de Labarcan ikastola ez da inongo ideologiaren sinonimo, herriaren eskola baizik.



Pixkanaka-pixkanaka haziz

1987an gaur egungo eraikin berria estreinatu zuten eta urte hartan bertan hasi ziren Batxilergoa eskaintzen. Hori erabakitzeko ere bilera ugari egin zituzten. Izan ere, inguruko beste ikastolak ere hazten ari ziren: Oiongoa, Bastidakoa... Eta horietako batean kokatu behar zen Batxilergoa. Azkenean, Lapuebla de Labarcan kokatzea erabaki zuten geografikoki hura zegoelako erdigunean.

1993. urtea, ikastola guztientzat bezala, urte klabea izan zen Assa ikastolarentzat. Batxilergoa ezarri ondoren galera ekonomikoei aurre egin beharrean zeuden, ez baitzuten ez kontzerturik ez finantziaziorik. Horrekin batera, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu zen Fernando Buesarekin ez zuten oso harreman ona: ez zuten finantziaziorik, ikuskariak bidaltzen zituen sarri-sarri... egoera guztiz anormala zuten. Gauzak horrela, Aitor Urkiza ikasketaburuak gogoratzen duenez, publifikatzeari bi desabantaila nagusi ikusi zizkioten. "Bata, maite ez gintuen sailburu batekin egongo ginela, Biasterirekin batuko gintuela eta D ereduan euskararen alde egindako lan guztia lausotu egingo zela, hango eredua ez baitzen inolaz ere euskararen aldekoa. Eta bestea, gure autonomia galduko genuela. Horregatik, kontzertatuta jarraitzeko ideia nagusitu zen, autonomia propioarekin eta funtzionatzeko era propioarekin, etorkizuna ez baikenuen batere argi ikusten publifikatuz gero. Lan egonkortasun mailan bai agian, baina proiektu mailan ez".

Hamar urte geroago ikastolako proiektua finkatuta dago, nahiz eta oraindik kezkak eta erronkak izan. Kezka ekonomiko nagusia garraioak sortzen die. Ikasleak Bianatik, Oiondik, Harotik, Logroñotik eta eskualdeko gainontzeko herrietatik joaten direla aintzat harturik, begien bistakoa da garraioak duen garrantzia eta kostua. "Ikastolarentzat egiturazko defizit bat da" diote gurasoek. "Dagoen legediaren arabera, instituzio publikoek ezin dute eskola pribatu baten garraioa finantzatu eta guk egin behar diogu aurre kostuari. Dena den, Lantziegoko eskola publikoko ikasleak gure ikastolara etortzen dira Bigarren Hezkuntza egitera eta ondorioz diru zati bat jasotzen dugu".

Garraioaren arazo horrek eskolaz kanpoko ekintzetan ere eragina du. Garrantzitsua deritzote eskolaz kanpoko euskarazko ekintzak bultzatzeari euskararen erabilera ikastolatik at bultzatzeko, baina horrek, besteak beste, autobus zerbitzu gehiago eskatzen du eta mementoz ezinezkoa zaie.



Ikasleen euskara maila

Ikasleek lortzen duten euskara mailagatik galdetuta, ikastolako irakasleek lortutako emaitzak eta frogak aipatzen dituzte. Joseba Llano zuzendariak dio "herrian 27 urtetik beherako gazteei euskaraz hitz egiten badiezu, %90ek ulertuko eta erantzungo dizu. Batxilergoko lehen promozioko ikasleek selektibitatea euskaraz egin zuten eta Euskal Herriko beste edozein herritako ikasleek bezain nota onak atera zituzten eta euskara maila onarekin. Unibertsitateko ikasketak egin dituzten gehienek euskaraz egin dituzte eta gaur egun baditugu ikastolan lan egiten duten ikasle ohiak".

Ikastola barruan bi ekimen dituzte euskararen erabilera bultzatzeko: Euskaraz Bizi eta Euskara Taldea. Lehen Hezkuntzaren kasuan euskararen erabilera gelatik kanpo %80-90ekoa dela dio zuzendariak, eta jolas orduetan, adibidez, euskaraz mintzatzen direla nahiz eta irakasleak aurrean ez egon. "Bigarren Hezkuntzan ehuneko hori gutxitu egiten da. Adin horretako ikasleek eskola gauza akademikoarekin lotzen dute, eta gustatu edo ez, lanak, ebaluazioak, notak eta abar daude. Horregatik, maila horretan Euskara Taldea daukagu. DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasle boluntarioekin osatutako taldea da. Nolabaiteko kontzientzia eta aldeko jarrera duten gazteak dira eta elkartu eta euskararen erabilera gehitzeko eta euskararen maila igotzeko dinamikak sortzen eta egiten dituzte. Adibidez, Gaztetxulo aldizkarian harpidetuta daude, beste Euskara Taldeekin harremanetan daude, beste herrietako gazteekin elkartrukeak egiten dituzte..."

Lan horrek beste lan osagarri bat eskatzen du, ordea: euskararen erabilera ikastolatik kanpora ere hedatzea. Argi daukate horren beharra dutela, euskara sozializatu behar dutela eta herrian presentzia handiagoa izan behar duela. "Eskualdeko ikastolek beren proiektuetan lanean jarraitzen dute, baina euskaltzale guztiok kaleko erabilera areagotzeko lana egin behar dugu" dio Aitor Urkizak. Behar horrek bultzata sortu dira, besteak beste: aisialdiko taldeak, begirale ikastaroak euskaraz, udalekuak, kaleko kartelak eta seinaleak euskaratzeko ekimenak...



Hastapeneko oroitzapenak

Gurasoak

Oso garrantzitsua da orain dela 25 urte euskararik ez zekiten gurasoek orduan zegoen eskola ereduari muzin egin eta euren seme-alabak euskaraz ikasteko apustua egin izana. Izan ere, ez zituzten eskolaz kanpoko ekintzak nahi euskaraz, irakaskuntza bera eta osoa baizik.

Miguel Rubio ikastolako lehendakariak eta Felix Ibañez lehendakariordeak irribarrez gogoratzen dituzte urte haiek. Lan asko egin behar izan zuten, baina gustukoa zen eta denen artean egiten zutena. "Arazoak sortzen zirenean, denok elkartzen ginen, guraso eta irakasle, eta elkarrekin ateratzen genituen gauzak aurrera". Hasierako urte haietako irakasleen lana azpimarratzen dute bereziki: "Gurasook irakasleen laguntza handia jaso genuen. Hemen irakasleek asko sufritu behar izan dute, asko. Gure lana bultzada ematea izan da".



Amaia Visa

Irakasle historikoa


Amaia ikastolaren bigarren ikasturtean joan zen Lapuebla de Labarcara, 1979an, eta oraindik ikastolan jarraitzen du. "Ni etorritakoan Balmoral fabrikara joan nintzen, hango jangela utzi batziguten nagusiek. Tabernan elkartzen nintzen haurrekin eta nik eramaten nituen eskutik helduta fabrikaraino oinez. Zenbait egunetan, gurasoren bat furgonetarekin agertzen zen eta hark eramaten gintuen". Hasiera hartako oroitzapen onak dituela dio Amaiak. "Oso polita izan zen. Hain animatuta zeuden gurasoak eta hainbesteko gogoa jarri zuten egiten ari ziren hartan! Gurasoek benetan sinesten zuten proiektuan. Edozertarako prest zeuden. Lekuren batera joan behar genuela esaten bagenien, beti agertzen zen norbait laguntzera".•