LAREKI, Arkaitz: Nola irakasten dute DBHko irakasleek?<br />Irakasteko modu berri bat baliabide teknologikoak erabiliz

2003-10-01
Ondoko lerroetan saiatuko gara ulertzen zergatik dagoen hain hedatuta DBHn irakas-sistema tradizionalerako joera. Horren aurrean, berritzaileagoa den beste metodologia baten oinarriak aurkeztuko ditugu, eta hau abiapuntu bezala hartuz, Gizarte Zientziak Teknologia Berriekin lantzeko proposamen zehatza egingo dugu.
 
 
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren egoera

Gizarte Zientzien irakaskuntza, DBHko beste ikasgai asko bezala, besteak beste, ondoko baldintza hauen arabera garatu ohi da:

Irakasleriaren prestakuntza ezagutza teknikoetan oinarrituta dago. Kontuan hartzen badugu gaur egun Bigarren Hezkuntzan aritzen diren irakasle gehienek 40 urte baino gehiago dauzkatela, eta jakinda maila horretan aritzeko derrigorrezkoak diren ikasketa pedagogikoak azken urteotan ezarri direla, esan dezakegu DBHn irakasten duten irakasle gehienen prestakuntza alderdi teknikoan soilik oinarrituta dagoela. Hau da, Historian, Geografian, Filologian... lizentziatuek; Fisikan, Kimikan, Matematikan.... lizentziatuek, ingeniariek... oso ondo menperatzen dituzte ikasgai horiek, baina askotan pedagogiaz dauzkaten ezagutzak ez dituzte eskuratu prestakuntza berezi, zehatz eta egokitu baten bidez, baizik eta nahiko autodidakta izan den aprendizaia baten bidez. Egoera honek eraman ditu hainbat irakasle eurek ikasi zuten metodo berbeekin irakastera.

DBHko irakaskuntzak markatzen duen beste baldintza bat da unibertsitatera joan nahi duten ikasleek Batxilergoa bukatu ondoren kanpoko ebaluazio bat pasa behar dutela. Hots, Iparraldean baxoa eta Hegoaldean orain arte "selektibitatea" deitutakoa edota hemendik gutxira ezarriko duten "errebalida" azterketa. Hori dela eta, erabiltzen den metodologia, ebaluazioa, baliabideak... eta abar proba hori gainditzera bideratzen dira eta berrikuntza metodologiko berriak ezartzeko paradarik ez da egoten.

Bestalde, curriculumari begiratzen baldin badiogu, gaur egun dagoen ikasgaien banaketa (matematika, natur zientziak, erlijioa...) orain dela bi mende sortua dela egiazta dezakegu eta ia aldaketarik gabe dirauela (Area, 2001). Horrela, industrializazioan murgilduta zegoen gizarte baten beharrei aurre egiteko sortu zen ikasgaien banaketak berdintsu jarraitzen du, eta ez ikerkuntza arlo berrien sorrerak ezta informazio gizartean murgiltzeak ez dute lortu curriculumaren berrantolaketa sakona. Hori gutxi balitz, irakasgaien artean hierarkia inplizitu bat existitzen da oraindik, eta ez da modu berean baloratzen matematikan edo lehen hizkuntzan zailtasunak izatea eta beste edozein gaitan izatea (antza denez Kalitatezko Lege berriak hori suspertzen du).



Irakasteko joerak DBHn

Egoera honen aurrean ez da harritzekoa Bigarren Hezkuntzako irakasteko erak edo moduak ere aldaketarik gabe jarraitzea, eta oso ezaguna egin den ondoko konparaketa gela askotan gertatzen denaren adierazgarri izatea: Erdi Aroko mediku batek gorriak pasako lituzke ebakuntza gela batean sartu eta han gertatzen dena ulertzeko, baina aro bereko irakasle batek ez luke arazo handirik edukiko gaur egungo ikasgela batean sartu eta hor dagoen irakaslea ordezkatzeko (Papert 1993 Guzmanen 2001). Hala ere, eta gehiegi sinplifikatzeko arriskua baldin badago ere, bi joera nabarmentzen dira gaur egungo irakaskuntzan:

Alde batetik, aprendizaia ideia, kontzeptu edota jokaera baten errepikapena dela uste dutenak daude. Oroimenezko aprendizaian oinarritzen dute beren irakaskuntza eta hura gerta dadin errefortzuak edo zigorrak (psikologiako ikuspuntutik ulertuta) erabiltzen dituzte, ikasprozesuan gertatzen dena ulertzen saiatu ere egin gabe. Teoria horiekin bat datozen irakasleek oso tradizionala izan den metodologia hartzen dute gela barruan: irakasleak beren oholtza edo eserlekuan esertzen dira eta testu liburua irakurtzen duten bitartean azalpenak ematen dituzte. Askotan apunteak diktatu ere egiten dituzte. Erabiltzen dituzten tresnak liburuak, arbela edota fotokopiak izaten dira, eta horien edo beste edozein baliabideren baten erabilera (proiektagailua, bideoa...) diskurtsoan laguntzeko besterik ez da izaten. Ikasleen zeregina murritza da: entzun, apunteak hartu eta memorizatu. Batzuetan ariketa praktikoak egin behar izaten dituzte, baina ariketa horiek oroimenaren bitartez ikastera zuzenduta daude. Gainera, gaizki eginez gero, berriz egin beharko dituzte ondo egin arte, batzuetan ulertu gabe zergatik ari diren gaizki egiten. Ikasgaiak azaldu ondoren ebaluazioa dator. Horrekin neurtzen da ea ikasleak helburuetara iritsi diren edo ez. Gabeziak ohartuz gero, irtenbidea kurtsoa edo ikasgaia errepikatzea izaten da, eta kasu hoberenean eskolatik kanpoko errefortzurako klaseak gomendatzen dira gela barruan egin daitezkeen aldaketak kontuan hartu gabe. Honengatik guztiagatik, curriculuma eduki zerrenda itxitzat jotzen da, non aldez aurretik finkatutako edukiak aldaezinak diren eta hauetara iristea behar-beharrezkoa den eskola porrotik ez pairatzeko.

Beste aldetik, aprendizaia ikaslearen egitura kognitiboaren aldaketatzat hartzen dutenak daude (Ausubel, Carretero, Piaget, Vigotski...). Hauen ustez, ikaskuntza ez da datuak errepikatzea, baizik eta pertsona bakoitzak eraiki behar duen prozesua. Eraikuntza hau ikaskuntza esanguratsuan oinarritzen da, non subjektu bakoitzak dituen aurrezagutzei eransten zaizkien ezagutza berriak bere egitura kognitiboa aldatuz. Ikuspuntu honetatik lan egiten duten irakasleen metodologiak honako ezaugarri hauek ditu: irakasleak komunikatzaile bakarraren papera alboratuko du ikasleen arteko aprendizaia (ikaskuntza kolaboratiboa) suspertuz. Beraz, bere funtzio nagusiak ikaskuntza dinamizatzea eta ikasleak laguntzea izango dira. Ikasleen aurreideiak ezagutzeko zenbait jarduera prestatuko ditu eta ondoren ahalik eta ikasteko egoera errealenak sortuko ditu kontzeptu, trebetasun edota jarrera berrien barnerapena errazteko. Ikasleak, lehen ez bezala, era aktiboan parte hartu beharko du bere ikaskuntzan aurrezagutzak eraldatuz ezagupen berriak barneratzeko. Horren arabera, bere zereginak bi motatakoak dira: alde batetik informazioa bilatu, baloratu, aukeratu, egitaratu eta barneratu; eta bestetik: informazio berria sortu. Erabiltzen diren baliabideak, testu liburuak eta arbelaz gain, ordenagailuak, bideoak, Internet, entziklopediak, liburutegia... eta abar izan daitezke. Gainera, horien erabilera ez dago irakaslearen menpe. Aitzitik, ikasleek beharren arabera erabil ditzakete. Ebaluazioa egiterakoan, garrantzi gehiago ematen zaio prozesuari emaitzari baino, eta horren ondorioz ebaluazio sistema kurtsoan zehar egindako lanetan oinarritzen da. Ikasprozesua ebaluatzerakoan, bere alderdi formatiboa indartzen da eta ikasleek momenturik egokienean jasotzen dute eman dakiekeen laguntza. Hori guztia ikusi ondoren, garbi dago ikuspegi honetatik curriculuma irekita egongo dela ezarritako ezagutzak lantzeaz gain aniztasunaren trataera egokia egiteko.

Irakaskuntzan bi ikuspegi aratz aurkitzea zaila da, baina nire ustez aipaturiko bi joerak nabarmenak dira DBHko irakasleen artean, batzuetan eurak kontzienteki harturikoak ez badira ere.

Azkenik, esan beharra dago hasieran ikusitako baldintzak kontuan hartuz, ulertzen dudala irakasteko metodorik erabiliena aipatutako bien artean lehenengoa izatea, baina nire iritziz, derrigorrezko edozein hezkuntzatan ekarpen positiboenak ikas-jarduerak bigarren ikuspuntutik antolatzen direnean lortzen dira. Haur eta Lehen Hezkuntzako zenbait eskola 90eko hamarkadan hasi ziren konstruktibismoan oinarritutako metodoen bitartez irakasten (Txokoen Sistema, adibidez), eta orain DBHko irakaskuntzari esperientzia hauetatik ideia berriak hartzeko garaia iritsi zaio.



Gizarte Zientziak Teknologia Berriekin lantzeko proposamen zehatza

Antigua Luberri Institutuan DBHko 2. D eta E geletan Gizarte Zientzietako ikasgaia lantzeko, ikusitako bigarren ikuspuntutik oso gertu jartzen gaituzten zenbait ekintza prestatu genituen orain bi ikasturte. Ondoko lerrootan deskribatuko dugu horietako bat, zeinetan gaur egungo teknologiek eskaintzen dizkiguten abantailak ondo zehazten diren.

Helburua: Gizarte Zientzietako zenbait gai ikuspuntu berri batetik lantzea (hemen aipatutako bigarrena, hain zuzen ere) informazioaren gizarteak eskaintzen dizkigun aukera guztiak erabiliz.

Jardueraren oinarria: norberaren interesen arabera, lehenengo hiruhilabetean landutako zenbait gaitan sakontzea eta horren inguruan lan bat egitea, informazioa lortzeko baliabide askotarikoak erabiliz. Ondoren, lanak besteen aurrean aurkeztea eta ikasgaiaren web orrian argitaratzea.

Jarduerarekin hasi baino lehen, lehenengo hiruhilabetean zehar irakasleak web orri bat prestatu zuen ikasleak orrian ibiltzen ohitzeko eta motibatzeko. Ikasgaiarekin eta ikasleekin erlazionatutako zenbait informazio jarri zuen: ikasleen posta elektronikoa, ikasgaiaren egitura, oharrak, klaseko argazkia... eta abar. Epe horretan ikasleek webguneari buruzko ideiak emateko aukera eduki zuten.

Bigarren hiruhilabetean, jarduera martxan jarri zen. Elkarlaneko ikaskuntza indartzeko, ikasleak taldeka jarri ziren eta talde bakoitzak erabaki behar izan zuen zeri buruz egin nahi zuen lana. Hori erabakita, astean behin egun bat hartu genuen jarduera honetarako. Lanak egin ahal izateko, ikasleek institutuko ordenagailu gelan eta liburutegian informazioa bilatu, baloratu, aukeratu eta egituratu behar zuten. Informazioa aukeratu ondoren horren inguruan lan bat egin behar zuten bi baldintza hauek kontuan hartuz: erabilitako dokumentuak ezin ziren kopiatu (plagioa) eta informazioa ateratzeko erabiltzen zituzten iturri bibliografikoak aipatu beharra zegoen.

Lanak bukatutakoan, Interneten argitaratu ziren gelako beste ikasleek irakur zitzaten eta iritzia eman zezaten. Horrez gain, gelan aurkeztu behar izan zituzten lan bakoitzaren alderdi garrantzitsuenak eta lan egiteko jarraitu zuten prozesua.



Ekintzaren balorazioa

Ekintza hau ebaluatzerakoan ezin ditugu ahaztu prozesu osoan egon diren zailtasunak:

- Baliabide teknologikorik eza. Institutuan ordenagailu gelak badauden arren, zaila da libre topatzea, zeren eta informatikako irakasleez gain, gero eta gehiago baikara Internet eta ordenagailuak irakaskuntzan erabiltzeko baliabide egokiak direla pentsatzen dugunak. Beraz, komenigarria da oraindik martxan dagoen Premia Planak gabezia horiek arintzea.

- Arazo teknikoak. Aurrekoaren ondorioz jende ugarik erabiltzen ditu ordenagailuak, nork bere programak instalatzen eta eraldatzen dituelarik beharren arabera. Horrek eta birus informatikoek ondorio txarrak dakartzate ordenagailuen oinarrizko softwarean.

- Metodologia honekin eta baliabide anitzekin lan egiteko ohitura falta. Ikasleei esan genienean ez genuela baloratuko haiek pila zezaketen informazioa, baizik eta horrekin sor zezaketena, asko urduri jarri ziren modu honetan lan egiteko ohiturik ez zeudelako. Ziurtasun faltaren ondorioz, batzuei ondo zehaztuta eman behar izan zitzaizkien jarraibideak.

- Interneten dagoen gehiegizko informazioa. Askotan ikasleek informazio asko aurkitzen zuten Interneten, baina informazio hori antolatu gabe zegoen eta beraien mailara egokitu gabe. Hori zela eta, zenbait ikaslek hirugarren eta laugarren saioetatik aurrera nahiago izaten zuten informazioa liburutegian bilatzea eta Internet laguntza moduan erabiltzea.

Baina, arazo horien parean, aipatzekoak dira positiboki baloratu behar diren beste emaitza batzuk, zeinak ildo honetan jarraitzera animatzen gaituzten.

- Jarduera motibagarria izan da. Garbi dago ohikotik ateratzen gaituena motibagarriagoa dela. Irakasteko metodologia eta erabilitako baliabideak berriak izan diren neurrian, ikasleek erakutsi duten jarrera baikorragoa izan da. Gainera, egindako lana besteen aurrean aurkeztu behar zutela eta Internet edonoren eskura egongo zela konturatutakoan gehiago murgildu dira eginbeharretan.

- Gizarte Zientzietan lortutako ezagutzak ez dira errepikapenean oinarritu, ulermenean baizik. Lan berri bat argitaratzea eskatu zaien mementotik (egoera erreala) aurretik zeuzkaten aurrezagutzak martxan jarri behar izan zituzten horren inguruko informazio berria lortzeko. Informazioa barneratzean ezagutzak eraldatu behar izan zituzten gaiaren inguruan testu berri bat sortu ahal izateko. Prozesu hori jarraituz, ikasleen ikasketak esanguratsuagoak izatea lortu genuen.

- Ikasleek trebetasun berriak ondo barneratzeko lehenengo urratsak eman zituzten. Trebetasun horietako batzuk informazioaren bilaketarekin erlazionatuta daude: bilatu, aztertu, baloratu... eta beste batzuk, berriz, lan bat egiteko eta argitaratzeko jarraitu behar diren pausoekin: egitura bati eutsi, ideiak antolatu eta lotu, erabilitako dokumentuak aipatu... eta abar. Ikaskuntza hauek guztiak, Gizarte Zientzietan ez ezik, besteetan ere ondo etorriko zaizkielakoan nago.

- Elkarlanarekiko jarrera baikorra suspertu dugu. Lanak taldeka egitea proposatutakoan irakaskuntzaren alderdi konpetitiboa alboratu eta zailtasunen aurrean laguntza ematea indartu genuen, hain beharrezkoa den pertsonen arteko elkartasunezko ikaskuntza lortuz.

Horregatik guztiagatik, martxan jarritako esperientzia nahiko positiboa iruditzen zaigu, aipatutako zailtasunei aurre egin behar izan diegun arren. Hori dela eta, ikasleen lanak eta emaitzak ikustera gonbidatzen zaituztet ondoko webgunean (www.sc.ehu.es/hatb) eta baita zuen iritzia ematera ere posta elektroniko honetan (toplaara@sg.ehu.es). •







Gehiago jakiteko:

- ADELL, J.: "Tendencias en educación en la sociedad de las tecnologías de la información", in Edutec, 7 (1997), http://www.uib.es/depart/deeweb/revelec7.htm.

- AREA, M.: (2001) ¿Una escuela del siglo XIX en el siglo XXI? Redefiniendo las metas, formas y políticas de la educación en la era digital. As novas tecnoloxias como eixos de innovación nos centros educativos non universitarios. ICE de la Universidad de Santiago de Compostela. http://webpages.ull.es/users/manarea/Documentos/documento9.htm

- BARTOLOMÉ, A.: "Preparando para un nuevo modo de conocer", in Edutec, 4 (1996). http://www.uib.es/depart/deeweb/revelec4.htm.

- CARRETERO, M.: Constructivismo y Educación, Edelvives, Madril, 1994.

- MARQUÉS, P.: "Sociedad de la información. Nueva cultura. Habilidades clave para los ciudadanos del siglo XXI. Nuevas competencias para el profesorado", in Quaderns digitals, 22 (2000). http://www.quadernsdigitals.net/articuloquaderns.asp?IdArticle=2688

- PAVÓN, F.: Educación con nuevas tecnologías de la información y comunicación, Editorial Kronos, Sevilla, 2001.