Ipolagun taldeak Mexikoko haurrei laguntzeko deia egiten du

2003-10-01
Gaur egun munduko herrialde askotan aritzen dira Gobernuz Kanpoko Erakundeak lanean. Modu batera edo bestera lurralde horietako herritarrei laguntzea dute xede. Hori dela eta, jende asko joaten da boluntario bezala zuzeneko laguntza eskaintzera. Baina hemendik ere, gure herritik, lagundu dezakegu, eta gure eskolatik ere bai. Ipolagun taldeak horretarako aukera ematen digu. Talde honek Mexikoko Ipoderac erakundeari laguntzeko bidea irekitzen die ikastetxeei.
 
 
Ipolagun taldea Euskal Herriko gazte batzuek sortu dute. Mexikoko Ipoderac erakundearen egoitzan egon dira boluntario bezala lan egiten eta han dituzten beharrak ikusita, eurei laguntzeko proposamena luzatzen dute.





Zer da Ipoderac erakundea?


Erakunde hau kale gorrian bizi diren haurrei laguntzeko sortu zen Mexikon. Hezitzaileek eta boluntarioek egiten dute lana haur horiek bizimodu duina izan dezaten. Lehendabizi kalean bertan egoten dira haurrekin eta prozesu bat jarraitzen dute. Izan ere, kalean inolako araurik gabe bizi diren haurrak bat-batean etxe batera eramatea oso zaila baita. Ondoren, bigarren fasean, zenbait arau dituen instituzio batean sartzen dira eta azkenik, hirugarren fasean, etxe batera joaten dira bizitzera, Mexikoko Puebla estatuan dagoen Atlixco herrira, hain zuzen ere.


Guztira 72 haur eta gazte bizi dira adinaren arabera sei etxetan banaturik, etxe bakoitzean hezitzaile banarekin. Goizero, Atlixcoko eskoletara joaten dira ikastera, baina hara joan aurretik gosaldu eta etxeko garbiketa egin behar izaten dute. Arratsaldean lana egiten dute etxean bertan: baratzan, lorategian, aroztegian edo gazta edo xaboia egiten. Modu horretan, nolabaiteko dinamika jarraitzen dute eta hori oso garrantzitsua da kaleko kaosetik datozen gazteentzat. Arau garrantzitsu bat dago: ezin dute ezer egin gabe egon, ikasi edo lana egin behar dute. Dena den, guztiek ez dute jasaten bizimodu berria, eta batzuk kalera itzultzen dira. Beste batzuk, ordea, unibertsitateko ikasketak egitera edo lanbide bat ikaster a iristen dira.


Lana egiteagatik bi gauza ematen dizkiete:aste-saria eta aurrezki libreta. Aste-saria oso kontrolatua edukitzen dute adinaren arabera. Eta aurrezki libretan jasotzen duten dirua gero eskolarako behar duten materiala erosteko erabiltzen dute, besteak beste. Modu horretara diruaren balioaz jabe daitezen lortu nahi dute.





Ipolagunen deia


Ipolagun taldeak bi helburu ditu: sentsibilizazioa bultzatzea eta haur eta gazte mexikar horiei bekak ematea ikasketetan lagundu ahal izateko.


Lehenengo ekimena aurrera ateratzeko sentsibilizaziorako proiektu bat prestatu dute DBHko ikasleei begira. Irakasleek euren ikasleekin lantzeko lan bat da, eta horretarako prestatu dute ikaslearen Ipolan koadernoa eta irakaslearentzako gida. Nolanahi ere Ipolagun taldeko kideen laguntza beti eskura dute. 20 saiotan burutzeko moduko proiektua da eta lau gaitan banaturik dago: mundua, Mexiko, kaleko haurrak eta Ipoderac.


Bigarren ekimenari dagokionez, beken bidez laguntzea, alegia, norbanakoei zuzendua dago. Edonork diru kopuru bat eman diezaioke haur bati eskolarako dituen beharretarako. Hori ez da gauza berria, haurren aita edo amabitxi izatea ohikoa baita, baina kasu honetan dirua heziketarako da.


Modu batera zein bestera, bi munduren arteko hurbilpena eta elkarlana posible egingo duen bide bat eskaintzen du Ipolagunek, eta bere proposamenak eskura daude. •


ipolagun@hotmail.com