Egin dezagun Salt solidarioa... baita helduen prestakuntzan ere1

2003-10-01
Jarraian aurkeztuko dugun proiektua Kataluniako Salt herrian esperimentatu da 2002-2003 urte bitartean. Proiektu honek, besteak beste, etorkin helduei katalana irakastea du helburu. Helduei begira dagoen arren, kontuan izandako lan metodologia, printzipio pedagogikoak edota printzipio ideologikoak EAEko haur etorkinei euskara irakasteko ere baliagarriak gerta daitezkeela iruditu zaigu eta, arrazoi hori bide, esperientzia honen berri ematea erabaki dugu.
 
 
"Egin dezagun Salt soldarioa... baita helduen prestakuntzan ere" proiektua CFA Les Bernardes/Escola d'Adults de Salt helduen heziketarako zentrotik jaio da. Berau Kataluniako Generalitateko Gizarte Ongizate Sailaren barruan dago.

Zentro honek helduen trebetasun kognitiboak eta sozialak hobetzeko mota guztietako jarduerak antolatzen ditu: sozialak, kulturalak, hezkuntza arlokoak, hiritarrak, politikoak eta prestakuntza arlokoak, esaterako. Bere helburuen artean, besteak beste, pertsona helduei autonomia eta autoestimu pertsonala ematea, hauen ezagutza eta gaitasun profesionalak hobetzea, harreman aukerak sakontzea eta beraien inguruko errealitatearen iritzi kritiko koherente bat egiteko gai izatea daude. Azken finean, esan genezake, zentro honek lortu nahi duena zera dela: alfabetatu gabeko pertsonak, etorkinak eta abar Kataluniako gizartearen dinamikan naturaltasunez parte hartzeko gai izatea.



Salt-eko helduen hezkuntza zentroaren lan egiteko modua

Helduen heziketan hogeitabost urte baino gehiagoko esperientzia izan ostean, gaur egun, esperientzia horretan oinarrituz, beraien hezkuntza proiektu guztiek lau printzipio nagusi dituzte:

1) Printzipio ideologikoak : heziketa iraunkorraren eta herri heziketaren printzipioak hezkuntza praktikan txertatzea da lelo nagusia. Hau da, beraien ustez heziketak prozesu etengabea, dinamikoa, berritzailea, integrala eta integratzailea izan behar du. Errealitatean oinarritutako didaktikan sinesten dute, errealitatea abiapuntutzat hartuz, ikasten ikasteko, bai gela barruan, bai kanpoan. Hala bada, besteak beste, teoria eta praktika elkarrekin lotzen, lan intelektualaren eta eskulanaren arteko dikotomia gainditzean, komunikazioan, elkarrizketan eta balioetan oinarritutako heziketa bultzatzen... saiatuko dira.



2) Printzipio pedagogikoak : hezkuntza praktika pedagogia kritikoaren printzipioetara eta esperientzietara bideratu nahi da. Hezkuntzak kulturak eta gizarte harremanak birsortzeko eta, bereziki, ordezko kultur elementuak eta gizarte harreman berriak sortzeko balio behar du. Heziketa ez dute ulertzen elementu neutro lez, eta ondorioz, ikasle bakoitza aske da bere ekarpena egiteko, bere iritzia emateko eta defendatzeko. Hala bada, zentro honetako hezitzaileek, kultur eskarmentu eta bizi esperientzia handiko pertsona bezala ikusten dituzte ikasleak, curriculuma eratzerako orduan hori kontuan hartuko dutelarik. Hau da, parte-hartzaileen kultur ezagutza eta gizarte esperientzia kontuan izanda, kulturaren alderdi intelektualak eta trebetasun kognitibo eta sozialak barne hartuko dituen curriculuma eratuko dute. Hori guztia lortzeko, hezitzaileek batez ere ikasleen arteko elkarrizketa prozesuak bultzatu behar dituzte.



3) Printzipio metodologikoak: Paulo Freirek plazaratu zituen kontu metodologikoei ahalik eta zuzenen jarraitzen saiatuko dira. Adibide bezala, hona hemen batzuk:

- Gogoeta egitea, ebaluatzea, programatzea, ikertzea eta eraldatzea pertsonon berezitasun diren aldetik, ezin ditugu baztertu ikasketa prozesutik.

- Gizakia eraldaketarako prestatua dago. Beraz, beharrezkoa da fatalismoa alde batera uztea eta baikortasuna nahiz itxaropena lantzea.

- Heziketak, prestakuntza teknikoa, zientifikoa eta profesionala beharrezkoak dituen bezala, ametsak eta utopiak ere ezinbesteko ditu.

- "Galdera bidezko heziketa" defendatzen dute, ezagutza prozesuak ezinbestekoa duen jakin-mina zorrozteko, bultzatzeko eta indartzeko.

- Mota honetako proiektuek dituzten helburuak lortzeko, hezkuntza arloko profesionalek hezkuntza teknikak menderatzea oso garrantzitsua da.

- Elkarren arteko komunikazioa bideratzea eta bultzatzea da hezkuntza sendo bat burutzeko oinarrizko pausoetako bat.

- Hezkuntzaren zeregin nagusia errealitatea agerian jartzea den aldetik, harantzago doan edozein hezkuntza praktikak munduaren irakurketa, hitzaren irakurketa, testuaren irakurketa eta testuinguruaren irakurketa dikotomia ezin ditu saihestu; bestela, pedagogiaren bermea galdu eta ideologia huts bihurtzen da.

- Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonak tokian-tokiko errealitatearen arabera hezi behar dira, baina betiere, beraien jatorria eta mundu osoa gogoan izanda.

- Hezkuntza demokratiko bat egin nahi badugu, hezkuntza horrek oso lotuta egon behar du hiritartasunarekin.

- ...



4) Antolaketa printzipioak : beraien hezkuntza zentroa askatasunean, lan kooperatiboan eta eztabaida demokratikoan oinarritutako gune bihurtu nahi dute. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dute, bai hainbat komunitateren bai eta gizarte mugimenduen arteko elkarrizketa.



Hezkuntza proiektuen ezaugarriak

Aipatu berri ditugun lau printzipioetan oinarrituz, laburpen gisa, ondoriozta genezake, Salt-eko helduen hezkuntza zentro honetatik jaioko diren hezkuntza proiektuek bost ardatz nagusi izango dituztela. Lehendabizi, integraltasuna azpimarra genezake. Integraltasuna, bai zentroaren prestakuntza eskaintza osatzen duten programa eta jarduera guztietan, bai eta zuzeneko, auto-prestakuntzako zein urrutiko modalitateetan. Bigarrenik, ikasle multzoei, modalitateei, ordutegiei eta abarri begira dagoen malgutasuna aipa genezake. Hirugarrenik, ezin dugu ahantzi ikaskuntzari eta irakaskuntzaz kanpoko harremanei ematen dien banan-banako arreta ere. Laugarren ardatz legez, araututako eta arautu gabeko irakaskuntzen arteko iragazkortasuna dugu. Eta bosgarren eta azken ezaugarria elkarrizketa kooperatiboa izango litzateke. Elkarrizketa kooperatiboa dute oinarri bai hurbilen duten inguruarekin (erakunde, entitate, kolektibo eta pertsonak), bai metodologian (metodologia psikosozial eraginkorren eta esku-hartzaileen erabilera), bai eta antolakuntzan ere (harrerari eskainitako arreta, orientazioa, prestakuntza ibilbidea eta lan plangintza egitea, motibazioa, autonomia pertsonala bilatzea, esku-hartzaile bakoitzaren prestakuntza prozesua laguntzea eta ebaluatzea).



Kontuak kontu, egia dena da, hezkuntza praktikan ardatz hauek lortu edota bideratzeko, gizarte eta komunikazio eredu batzuetara hurbiltzea ezinbestekoa dela. Hori dela eta, beraiek planteatzen duten hezkuntza sistema aurrera eramateko, besteak beste, ondorengo ezaugarriak izango dituzten gizarte eta komunikazio ereduetan oinarrituko dira:

1. Eskolaren eta curriculumaren antolamendua malgua eta aldaketei erreparatzen diena izango da.

2. Ikasleek zentrora heldu aurretik zekitena, berauek duten eskolaz kanpoko ezagutza zein esperientzia, eta toki zein komunitate garapenarekiko lotura aintzat hartuko dira hezkuntza plangintza egiteko orduan.

3. Hezkuntza proiektuak ondorengo profesional taldeez osatuak egongo dira: irakasleak, gizarte hezitzaileak, UdGko pedagogoak, Irakasletza eta Gizarte Heziketako Ikasketetako Practicum-a egiten ari diren ikasleak, GRAMCeko boluntarioak eta profesionalak.

4. Ikaskuntza versus irakaskuntza.

5. Aldaketak sortu eta egiteko gai izan daitezen hezi, eta ez egokitzapenak egiteko.

6. Ikasleak pertsona heldutzat hartuko dira, bakoitza bere kulturarekin eta interesekin, beharrekin, ikasketekin, trebetasunekin eta aldez aurretik izandako balio handiko esperientziekin.

Idatzian zehar aipatu ditugun ezaugarri, eredu edo bereizgarriek argi adierazten dute Salt herriko helduen hezkuntza zentro hori Aldi Instrumentalaren (AI) aldeko apustu egiten ari dela. Aldi Instrumentala helduen prestakuntza Legean aurreikusita dago. Bere azken helburua (Aldi Instrumentalarena), bai etorkinei, bai eta bertokoei, eguneroko bizitzan aurkitzen dituzten oztopo linguistikoak zein irakurketa nahiz idazketari dagozkienak era autonomoan gainditzen laguntzea da.



"Egin dezagun Salt solidarioa ... baita helduen prestakuntzan ere" proiektua

Orain arte, Salteko zentro honen hezkuntza "filosofiaz" mintzatzen aritu gara. Baina, helduen hezkuntzari begira dagoen zentro honetan, nola sortu zen"Egin dezagun Salt solidarioa ... baita helduen prestakuntzan ere" proiektua?

Salt herrian, urtetik urtera etorkinen kopurua izugarri ari da igotzen. Aldi berean, komunitatez kanpoko jatorria duten etorkinen prestakuntza eskaria ere bai. Hala bada, zentro honetan beraiek finkatua zuten hezkuntza filosofian zuzenean oinarrituz, tokian tokiko prestakuntza plan bat sortu eta gauzatzea erabaki zuten. Tokiko prestakuntza plan hori,"Egin dezagun Salt solidarioa... baita helduen prestakuntzan ere" izenaz izenpetu zuten.

Proiektua Joan Colomer Ribasek zuzendua dago -zentroko ikasketa burua eta AIren arduraduna- eta Salteko Gizarte Ongizate Saila-CFA Les Bernardes/Escola d'Adults-en ardura du, Salteko Udalaren eta Gironako Unibertsitatearen babes instituzionalarekin.

Proiektuak sei helburu nagusi ditu:

- 700 etorkinen harrera eta prestakuntza antolatu, 500 mintzapraktikako taldeetan eta 200 alfabetatze taldeetan.

- Alfabetatze irakasleak izateko 100 gazte prestatu.

- Proiektu honetan parte hartuko duten etorkinei harrera herriari eta haren ezaugarri kultural, sozial eta politiko adierazgarrienei buruzko informazioa eman.

- Bereziki gazteen artean kulturen arteko ezagutza eta harremanak sustatu.

- Xenofobiaren eta arrazakeriaren aurka borrokatuz gizarte kohesioa hobetu.

- Eta herritarren artean elkartasuna eta lankidetza sustatu.



Helburu horiek lortzeko, antolatzaileen ustez, plana eratzen duten erakundeek behin betiko proiektu bat egin beharko dute, besteak beste, ondorengo elementuetan oinarrituz: "herriak berak alfabetatzen du herria" komunitate plana abian jarriz; herriaren beraren eta nazioaren errealitatea ezagutzeko hasierako modulu bat sortuz; jarduera eta material guztiak katalanizatuz; proiektua batez ere iritzi berriak diren etorkin gazteei eta helduei begira jarriz; nagusiki Salten bizi diren gazteak eta unibertsitateko ikasleak inplikatuz; metodologikoki "Maitasunaren Pedagogia" ereduan oinarrituz (Orlando Pineda) eta Paulo Freirek irakatsitakoa zein parte-hartzaileen esperientzia jasoz; eta arreta hiru esparrutan jarriz: lana, hiritartasuna eta osasuna.

Horrez gain, 500 lagun mintzapraktikan eta 200 alfabetatzean izateko 100/120 irakasle prestatu behar dira, horrela mintzapraktikako 40-50 talde eta alfabetatzeko 30-40 sortzeko. Bakoitzak astean hiru egunetan (gehi ebaluazio eta prestakuntzako beste bat) burutuko ditu ordu eta erdiko saioak, goizez, arratsaldez zein gauez. Mintzapraktikako taldeak lau hilabeteko moduluetan antolatzen dira (urtarrila/otsailetik maiatza/ekainera), guztira 60 eskola ordurekin (40-50 benetakoak); eta alfabetatze taldeak urtarriletik ekainera bitartean (bost hilabete, 90 bat eskola-ordu, 70-80 benetakoak).

Artikulu honi bukaera emateko, idatzi honen hasieran adierazi ditugun hitzei heldu nahiko nieke. Argi dago, proiektu hau etorkin helduak bai linguistikoki bai kulturalki Katalunian integratzeko sortua dagoela; baina gure iritziz, bere hezkuntza sistema edo filosofiatik hainbat elementu jaso eta baliagarriak gerta dakizkiguke haur etorkinak euskalduntzeko. Kontua guk ere -baina haur etorkinei begira-, "tokian tokiko prestakuntza plan" bat egitean datza. •