Kronika

2003-10-01
 
 
Frantziako Hezkuntzak eskola elebiduna sustatzeko oztopoak jartzen dituela salatu du Ikas-Bik, eskola publiko elebiduneko guraso elkarteak.
Frantziako Hezkuntzarekin 1999an izenpetu zuten Hitzarmen Berezia, eta bi urte pasa eta gero jarri zen martxan euskararen irakaskuntza sustatzeko plana. Gainera, hartutako konpromisoak ez omen dira aplikatu. Thierry Delobel Ikas-Biko lehendakariaren hitzetan, "Biarritzen, Angelun eta Baionan inkesta bat egin zen eta haurrak eskola elebidunetan eskolatzearen alde agertu ziren guraso gehienak. Geroztik, galde horri erantzuteko ez da gauza handirik egin". Irakasle postuak sortzeko eta eskola berriak irekitzeko oztopo asko dituzte gurasoek, eskolen nahiaren menpe daudelako. Adibide batera, orain bi urte Baionako Arenesetako ama eskolanizandako arazoa dago: zuzendariak nahi ez zuelako ez zen eskola elebidunik ireki.



Seaskan ikasleak nabarmen ugaritu direnean, Frantziako Hezkuntzak ez du hitzemandako irakasle kopurua jarri nahi
Aurten 1.460 haur inguru izango dira Seaskako Ama Eskolan eta Lehen Mailan. Horietatik 200 ikasle berriak dira. Bigarren Mailak ere gorakada nabarmena izango du ziklo aldaketaren eraginez. Egoera hori dela medio, Frantziako Hezkuntza eta Akademia Ikuskaritzako ordezkariekin bildu zen Seaska. 95 irakasle postu eskatzen zituen Seaskak, eta Frantziako arduradunek, hori ezinezkoa zela esanaz, azken mementoan ahoz onartu zuten 93 irakasle postu ematea Seaskari.
Ahoz emandako hitza jan egin du, ordea, Frantziako Hezkuntzak. Uztailean gutun baten bidez jakinarazi zioten Seaskari 92 irakasle postu baino ez zituztela jarriko, alegia, azken bi urte hauetako irakasle kopuru berbera. Bigarren mailari buruz emandako hitza ere jan egin nahi zuten: 36 ordu gehiago hitzartu zituzten ahoz, eta 19 ordu eta erdi baino ez omen zituzten emango.
Errektoretzarekin bildu zen Seaska irailaren 12an, Bordelen. Tentsioz betetako ordu eta erdiko bilerak hauxe eman zuen: Errektoretzak 93. irakasle postua ez zuela jarriko esan zuen garbi (udan ahoz horixe onartuagatik). Bigarren Mailari dagokionez, ordu kopuru gehiago emango zizkiela onartu zuen Errektoretzak, hain justu udan ahoz adostutako ordu kopuru bera. Bileran Seaskak beste gai bat ere atera zuen mahai gainera: Bigarren Mailan titulurik gabe ari diren irakasleen prestakuntza. Legez, irakasleek prestakuntza eskubidea duten arren, errealitatean eskubide hori gauzatzeko modurik ez dute, ez erakunde publikoetan eta ez pribatuetan. Gai honen negoziaketek urte eta erdi bazeramaten, eta azkenean, Bordeleko bilera honetan onartu zuen Errektoretzak irakasleen prestakuntza. Aurten sartu behar du indarrean irakasleen prestakuntzak.
Hain beharrezkoa duten 93. irakasle postua lortzeko, Frantziako Hezkuntza ministroari eskatu dio hitzordua Seaskak. Bordeleko errektoreak gaia negoziatzeko inolako asmorik ez duela ikusita, Hezkuntza ministroarekin aztertu nahi dute aterabidea.



D ereduak gora egin du Haur Hezkuntzan, Nafarroan eta EAEn
Hasi berri dugun ikasturtea bizitzako lehenengoa izango da batzuentzat. 3 urteko haurrek lehen aldiz luzatu dute pausoa eskolara. Pauso hori D eredura gero eta gehiagok ematen du Nafarroan, eta EAEn, berriz, 3 urteko gehienek janzten dute lehen aldiz eskolako mantala D ereduko gela batean. Ikasturte berriak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren estatistika berriak ekarri dizkigu.
Aurten ere, Nafarroako Gobernuak bere datuetan ez ditu sartu Tutera, Irunberri, Biana eta Lodosako ikastolatan izena eman duten ikasle berriak, ikastetxe horiek ez baititu "ofizialtzat" jotzen. Zentro horiek kontatu gabe ere, 3 urteko haurretan D ereduko matrikulazioa puntu bat igo da. Orokorrean hartuta, Nafarroan 3 urteko haur gutxiago dago aurten eskolatan, baina D eredua da goranzko joera izan duen bakarra, ikastetxe publiko eta kontzertatuetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Haur Hezkuntzan gehiengoa D ereduan dabil: ikasleen ia %60k D eredua hautatu du. A ereduan, berriz, gaztelania hutsekoan, ikasleen %10 dabil, eta B ereduan (gaztelania eta euskara) gainerako %30.
Baina adinean gora egin ahala, D ereduan hasitako haur asko beste ereduetara pasatzen da. Haur Hezkuntzan ia %60 sartzen bada D ereduan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik aurrera ia %29k soilik egiten du Batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskaraz. Dena den, bi ehuneko horien arteko tartea urtez urte laburtzen ari da.
Adin guztietako ikasleak kontuan hartuz gero (Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edo Lanbide Heziketaraino), D ereduak iaz zuen ehunekoa mantentzea lortu du aurten ere. EAEn ikasturte hau %47k egingo du euskara hutsezko ereduan. B ereduak, irakasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen dituenak, bi puntu galdu ditu. Gaztelania hutsezko A ereduak, aldiz, hiru puntu egin ditu gora.
Beraz, Haur Hezkuntzan haurgehienak D ereduan hasiagatik, adin guztietako ikasleak kontuan hartuta A eredua da igo dena, hiru puntu hain zuzen. Zenbakiek esateke uzten digute, ordea, zergatik ote diren joera horiek.



"Munduko ahotsak Eusko Legebiltzarrean" manifestua argitaratu du CD-ROM eta guzti Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxeetan banatzeko asmoa dute, gogoetarako material gisa. Manifestua EAEko 15 ikastetxek egina da, Hezkuntza Sailaren eskariz. Ikastetxe hauetan atzerritik etorritako ikasleak eta bertakoak daude. Gogoeta prozesu batetik atera zuten agiria, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu apirilaren 7an. "Haur biltzar" berezi bat osatu zuten Legebiltzarrean, 11 eta 12 urteko 75 ikasle bilduta. Horietatik erdiak atzerrian jaioak ziren, eta nork bere jatorrizko hizkuntzan eman zuen mezu bera: "mundua da gure herria, Euskadi gure etxea". Kanpotik etorritako pertsonekiko eta kulturekiko errespetua eskatu zuten agiri honen bidez, elkarbizitza dela bidea nabarmenduz, herri hau "hemen bizi garenok osatzen dugu"-eta.
Manifestu hura da gaur CD-ROMean argitaratu duena Hezkuntza Saila da. Agiria bederatzi hizkuntzatan dator idatzia: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanieraz, portugesez, polonieraz, arabieraz eta txineraz. CD-ROMan"Zabalik" programaren berri ere agertzen da. Herritarren eta Eusko Legebiltzarraren arteko lotura errazteko programa da "Zabalik". Internet bidez Eusko Legebiltzarrean gertatutakoaren berri izan dezake edonork eta bere iritzi edo proposamenak ere bidali ditzake posta elektronikoz.
Gaurtik, beraz, eskolatan 11 urteko haurrek Legebiltzarrerako proposamen txostenak idatziko dituzte etikako eskoletan eta abar.