IZTUETA, Anjeles:

2003-10-01
Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bere legegintzaldiaren ekuatorera iritsi da, hots, bi urte pasa ditu kargu horretan eta beste hainbeste gelditzen zaizkio.

Geldiune bat egiteko eskatu diogu hasieran jarritako erronkak bete ote diren ikusteko. Batzuk beterik eta beste batzuk betetzeke, horiek errematatzea falta da orain, eta noski, sortu diren erronka berriei ere helduz.

Hurrengo bi ikasturteak askoz ere politikoagoak izango omen dira. Izan ere, Kalitate Legeari, Unibertsitate Legeari eta Lanbide Heziketako Legeari politikoki aurre egitea egokituko zaio. Horrez gain, gizartean isla duten gaiek hezkuntzan ere izango dutela baiezten du, eta horregatik dio ikasturte politikoa izango dela.
 
 
Legegintzaldiaren hasieran sei erronka aipatu zenituen. Nola daude une honetan egitasmo haiek?

Sei helburu haietatik batzuk bete ditugula esan liteke. Adibidez, 0-3 etapa bideratuta dago. Dagoena finkatu dugu eta Partzuergoaren bitartez 1.000 plaza berri sortuko dira aurten eta urtero 1.000.

Bigarren erronka langileen egonkortasuna ziurtatzeko edo hobetzeko oposaketak egitea zen. Zortzi urte oposaketak egin gabe egon ondoren, aurten egin dira. 17.500 irakaslek eman zuten izena, gutxi gorabehera 5.000 aurkeztu ziren eta 1.500 inguru egin dira funtzionario.

Hirugarren helburu handia Euskal Unibertsitate Sistemarentzako Legea zen. Gobernuak onartu zuen gure proposamena eta orain eztabaida politikoan sartuko da.

Beken sistema guztia ere berrikusi dugu eta aldaketa batzuk egin ditugu. Orain askoz diru gehiago bideratzen da.

Herrien Europa ezagutzeko ere urratsak ematen ari gara.

Lanbide Heziketan eskaintza partziala edo modularra jarri dugu martxan era pilotuan, hots, titulazioa zatika lor daiteke, 40 moduluz osatutako ikasketak baitaude. Horrez gain, Lanbide Heziketa eta unibertsitatea lortu ditugu eta memento honetan unibertsitateko sei ikasketek lotura dute Lanbide Heziketarekin.



Lanbide Heziketako Legeak zer ekarri du?

Lege horrek ez digu hainbeste kalterik egin. Lanbide Heziketan punta-puntan gaude eta hemengo eskema kopiatu dute.



Dena dela, euskararen egoerak larria izaten jarraitzen du, ezta?

Gai horretan zulo handia daukagu. Gaur egun espezialitate pila bat eskaintzen dira eta denak ezin dira eredu guztietan eskaini. Teorian A eta D ereduak daude aukeran, baina praktikan An gelditzen dira. Horregatik, udaberrian dekretu bat egingo dugu eta eredu eleanitza planteatuko dugu. 16 urterekin ikasle guztiek euskaraz dakitela suposatuta, ikasgai batzuk euskaraz jasoko dituzte, beste batzuk gaztelaniaz eta beste bat ingelesez.

Materialgintzan ere badago egitekorik, hainbeste espezialitate egonik ezinezkoa baita guztietarako liburuak argitaratzea. Hori dela eta, Internetez baliatuko gara.



Kalitate Legetik komeni ez dena ez duzuela hartuko esana duzu.

Hala da. Zenbait planteamendu atzerakoiak dira eta ez dugu atzerapausorik emateko asmorik. Zentzu horretan, gure bidean eta betebeharraren arabera jarraituko dugu, lehen egiten dugunarekin.

Esate baterako, Legeak 3-6 etapa planteatzen du eta kontzertatzeko proposamena egiten du. Guk hori aspalditik egina daukagu, eta ez hori soilik, ia haur denak 2 urterekin eskolatzen dira.

Bigarren gauza bat ingelesa Lehen Hezkuntzan sartzeko egiten duen planteamendua da. Gu askoz aurrerago goaz, ikastetxe guzti-guztietan 4 urtetik aurrera ingelesa irakasten baita, eta toki batzuetan lehenago. Horrez gain, proiektu eleanitzak dauzkagu bai sare publikoan, bai ikastoletan eta bai ikastetxe erlijiosoetan. Beraz, aurretik goaz.

Beste puntu bat notarena da eta hor hitza irakasleek izango dute. Horren inguruko hausnarketa bat bideratuko dugu, baina azken finean, irakasle bakoitzak erabakiko du eskala kualitatibotik kuantitatibora pasa edo ez.

Hizkuntzaren kasuan ere aurrerago goaz; ez dugu hizkuntza bat edo bestea planteatzen, eleaniztasuna baizik, hots, euskara, gaztelania eta ingelesa. Gure hezkuntza sisteman lehen urteetan %44 dagokie hizkuntzei eta Lehen Hezkuntzaren bukaeran %33. Guk horrela jarraituko dugu. Horixe da memento honetan Europan planteatzen dena: ama hizkuntza eta beste bi.

Gainontzeko gauzei dagokionez, hausnarketa foro batzuk jarriko ditugu martxan. Kasu horietan, gure sistemari komeni zaiona hartuko dugu eta komeni ez zaiona ez. Horretarako, maila bakoitzeko irakasleen iritzia jasoko dugu eta funtzionatzen duten gaiak edo ondo doazenak ez ditugu aldatuko. Alde batetik, finantziazioa geurea delako eta bestetik eskola inklusibo baten aldeko hautua egin dugulako.



Praktikan, ordea, mandatu batzuk badatoz; adibidez, zuzendaritzaren hautaketa nola egin edo erlijioa derrigorrezko ikasgai bezala jartzea. Zer egingo da horrelako kasuetan?

Barruan hartuko ditugu erabakiak. Ez dugu egingo gure eskemak behar ez duen ezer eta lau printzipiorekin jokatuko dugu: malgutasuna, ardura, aldaketa gure sistema hobetzeko baldin bada hartuko dugu eta bestela ez, eta kontuan izan behar dugu eskumenak geureak direla, guk antolatzen dugu gure hezkuntza gure beharren arabera. Hilabete batzuk eskainiko dizkiogu horri buruz pentsatzeari eta bitartean ez da aldaketarik egongo.



Edonola ere, nahiz eta eskumenak hemengoak izan, lege organiko bat beti gainetik dago.

Beti malgutasunarekin eta ardurarekin jokatu behar da eta bideak bilatu behar dira. Gainera, azken finean, hau praktikara eramaten dutenak irakasleak eta ikastetxeak dira, eta gogoz kontra ez da ezer aurrera eramaten. Ikastetxe barruko bizitza ikastetxe barruko bizitza da. Nik uste dut herri honetan gauza asko egiteko irudimena dagoela.



Hizkuntza ereduen kasuan legezko proposamen bat aurkeztekoak zarete Legebiltzarrean. Zer proposatzen duzue?

Hiru neurri mota proposatuko ditugu dauden ereduak indartzeko. Lehendabizi, A ereduan Euskara ikasgaia edukitzeaz gain, beste ikasgai bat ere euskaraz irakastea. Bigarrenik, edozein mailatan euskararen ebaluazioa mailakatzea, hots, ez egotea dena bukatu eta EGA egin zain. Hartara, programazioa ere mailakatua izango da eta akreditazio partzialak emango dira, banaka-banaka. Eta hirugarrenik, irakasleak prestatzen joateko prestakuntza ibilbideak egitea bai euskara teknikoan eta bai alorretako prestakuntzan.

Hemengo familiek B eta D ereduen aldeko hautua egin dute. Aurtengo matrikulazioan 3 urteko haurren %92k B eta D eredua aukeratu du. Horrek esan nahi du hemendik 13 urtera gazteen %92, alegia, hamarretik bederatzi, B eta Dn ikasia izango dela.



Baina, B ereduak euskalduntzen al du, bada?

Batzuk bai, eta beste batzuk Atik gertuago daude, heterogeneotasun handia dago. Argi dago D eredua dela hoberena eta memento honetan %62 suposatzen du. Gizartea D eredurantz doa, euskara aukeratu du seme-alabentzat eta horrek du garrantzia. Gure ardura da hezkuntza sistemak eskaintzen duen euskara hori txukuna izatea.



Ez al da planteatzen ereduen sistema hobetzeko partez euskalduntzen duten murgiltzen sistemak ezartzea?

Ez diot errealismorik ikusten horri. Memento honetan hori eztabaidatzen hasiko bagina, A, B, C, D, H, J... eta ez dakit zenbat eredurekin hasiko ginateke, ez atzera eta ez aurrera. Eta adibideak oso gertu dauzkagu, aldamenean. Guretzat izango litzateke kaltegarri.

Gizarteak A, B eta D aukeratu ditu eta guk eredu horietako euskara txukuna izan dadin bermatu behar dugu, hori indartu eta hobetu behar dugu. Kuantitatiboki asko egin dugu, baina asko gelditzen zaigu.



Irakasleen hizkuntza gaitasuna bermatzeko neurriak hartzen al dira?

Orain sartzen diren irakasle berrien kasuan bai. Gizarteak B eta D ereduak eskatzen dituenez, hori behar da hezkuntza sisteman. Irakasle izateko PL1 edo PL2 behar da gizarteak hala eskatzen duelako. Badaude perfil hori ez duten irakasle egongor batzuk eta horien baldintzak sindikatuekin negoziatu behar izaten dira. Haatik, funtzionario izateko euskara behar da, hezkuntza sistema elebiduna denez irakasleek ere hala izan behar baitute. Horregatik, uztailean egin diren oposaketetan PL1 eta PL2 edukitzea eskatu zaie, ez PL0. Horregatik atzeratu ziren oposaketak, mugan zegoenari liberazioa hartu eta ikasteko denbora emateko.



Dena dela, PL1 lortzen dutenak ez dute erraztasun nahikorik euskaraz egiteko, beraz eskolak emateko ere ez. PL1 eta PL2 ezin dira parekatu.

Arrazoi duzu, gutxienez PL2 behar da. Irakasle euskalduna izateko euskaraz eman behar dira eskolak eta hizkuntza ondo menperatu behar da. Beste edozein lanbidetan baino garrantzi gehiago du, hizkuntza lan tresna baita. Irakasleek euskara ez baldin badute menperatzen, irakaskuntzaren kalitatea galdu egiten da. Hizkuntza ez bada ongi menperatzen, irakasgaia ezin da ongi azaldu.

Orain perfilak ezartzen eta berrikusten direnean PL2ra jotzen da.



Etorkinen kasuan ere hizkuntzak garrantzi handia du. Zer planteamendu daukazue horren inguruan?

Berezibiziko garrantzia duen gaia da. Memento honetan 6.000 etorkin daude EAE eta ez dira asko, orotara 300.000 haur daudela kontuan harturik. Baina urtez urte 1.000 gehiago etortzen dira herrialde askotatik. Bestalde, gure herrian elebitasuna finkatzen ari da eta eleaniztasunerantz goaz.

Herri integratu baten alde egin behar baldin badugu, arduraz heldu behar diogu. Hori dela eta, guk zera planteatzen dugu: B eta D ereduak bultzatzea eta etorkinak eskola guztietan zabaltzea gettoak sor ez daitezen. Garrantzitsuena da hemengo haurrak bezala sentitzea eta integratuta egotea.



Horrek planifikazio zabalagoa eskatzen du eta ildo horretan ikastetxeei autonomia gehiago ematearen aldekoa al zara?

Sareen eta ikastetxeen arteko desorekak ezabatzeko beharrezkoa da ikastetxe publikoek autonomia izatea, ez baitaukate. Benetan, era nahiko zentralizatuan antolatzen da eta hori ez da bidea sareen arteko oreka eta kalitatea lortzeko. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua egiteko askatasuna eta ardura edukitzea da bidea. Hori dela eta, udaberrirako proiektu pilotu batzuk jarriko ditugu abian.



Nola ulertzen duzu ikastetxeen autonomia?

Oraingo eskeman dena modu zentralizatuan egiten da. Negoziazioak ere modu zentralizatuan egiten dira sindikatuekin. Hori da gaur egun funtzionatzeko dagoen eskema. Ikastetxeen autonomia, ordea, beste eskema batean ulertzen dut: ikastetxeek autonomia edukitzea hezkuntza proiektua egiteko, bere langileak kudeatzeko, dirua kudeatzeko.... Horrela, ikastetxe batzuk hizkuntzetan espezializatu daitezke, beste batzuk teknologia berrietan, beste batzuk aniztasuneko proiektuetan... autonomia daukate horretarako. Nik uste dut horrek sistemari kalitatea ematen diola.

Noski, eskola guztiak ez dira berdinak, Lanbide Heziketako edo Lehen Hezkuntzako zentroak ez dira berdinak. Baina autonomia eta bitartekoak edukitzea askoz hobea da ikastetxearentzat, bertan lan egiten duten irakasleentzat, ikasleentzat, gurasoentzat eta eskualdearentzat edo herriarentzat. Hori oso argi dago. Beste arlo batzuetan egiten da, osasungintzan, esate baterako. Eta Europako hainbat herrialde ere norabide horretan doaz.



Autonomiarekin batera bitartekoak ematea aipatu duzu eta hori administrazioaren esku dago.

Bai, eta nik argi daukat ikastetxeei autonomia emateko baliabideak eman behar zaizkiela. Dirua behar da proiektuetarako, askatasuna pertsonalgoaren kudeaketarako...

Diruarekin batera, eraginkortasuna, ardura eta kudeaketa ona behar dira. Eta kudeaketa ona beti da hobea dezentralizatua, ez zentralizatua.



Dezentralizazioaren aldekoa zara, orduan?

Bai, botere zentralizatua edukitzea ikuspegi zaharra da. Boterea dezentralizatu egin behar da, dirua banatu egin behar da, eta gero, eraginkorra izan, helburuak jarri eta neurtu. Politikako beste arloetan bezala, printzipioak berdinak dira: ikastetxean erabaki daitekeena ikastetxean erabaki, eta ez goi mailan. Ikastetxeak eduki behar du behar duen dirua eta ardura, han baitaude ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herria. Hori ezin da zentralizatuta gelditu.

Dena dela, eskema batetik bestera pasatzeak konfiantza eta ardura eskatzen ditu, baina hortik jo behar dugu.



Baina autonomiarekin ez al dago arriskurik administrazioak bere erantzukizunari muzin egiteko, gastu publikoa murrizteko eta denek hezkuntzarako duten eskubidea bermatu gabe gelditzeko?

Noski, autonomia emateak eta ikastetxe bakoitzari bere kudeaketaren ardura emateak ez du esan nahi gura duena egin dezakeenik. Eskola bakoitzaren abiapuntua desberdina denez, behar dituzten bitartekoak ere hala izango dira. Ikastetxe batzuetan beti diru gehiago beharko dute arazo gehiago dituztelako. Haur bat 100 kostako da eta beste bat 300, baina hala da. Beharren arabera banatu behar da, gehiago behar dutenei gehiago emanez eta gutxiago behar dutenei gutxiago. Eta hori guk egin behar dugu, horren ardura geurea da. Herrialde bakoitzak BPGren ehuneko jakin bat gastatu behar du hezkuntzan eta garestia da. Baina herri batek ez badu hezkuntzan inbertitzen, ez du bere etorkizunean sinesten.

Berdintasuna zentzu horretan ulertzen dugu. Abiapuntu desberdina dute, baina denek puntu berera iritsi behar dute eta horretan lagundu behar zaie.



Hori ikastetxe guztientzako ikuspegi publikoa izatea da.

Noski, dena baita diru publikoa. Gure sisteman ia %100 kontzertatua dago, edozein saretan gaudelarik ere, diru publikoaz ari baikara. Beste kontu bat da sareen eta ikastetxeen artean desberdintasunak daudela eta ikusi egin behar dela patrimonioa norena den eta beste gauza asko. Adibidez, irakasleek berdin kobratzea eskubide bat da, berdin da batekoa edo bestekoa izan. Azken finean berdintasun lortzea bi zentzutan ulertzen dugu: irakasleek berdin kobratu behar dutela hemen edo han lan egin; eta behar gehiago duten haurrei gehiago eman behar zaiela.



Orokorrean parte-hartzea ahulduta dago eta gurasoena ere bai. Horrek kezkatzen al zaitu?

Bai, noski. Gurasoek ez dute behar adina parte hartzen eskolako bizitzan eta hori hobetzeko mekanismoak jarri behar ditugu. Eta ez da erraza. Badaude guraso elkarteak, baina ez da nahikoa. Egia da eskolan egiten dena asko dela, baina etxean eta gizartean egiten dena ere bai. Beraz, zerbait egin behar dugu. Neurri batzuk oso sinpleak izan daitezke: berrikusi ea gurasoekin egoteko orduak ondo jartzen ditugun edo ez, elkar topatzeko uneak bilatu... Komunitate zientifikotik ere beti azpimarratzen den gaia da, baina ez daukagu nahiko harremanik.



Gurasoek ez ezik, ikasleek ere ez dute parte hartzen. Hezkuntza proiektu guztietan dago jarrita ikasleek kritikoak izan behar dutela, baina ez al da paperean gelditzen helburu hori?

Bai, agian. Bi printzipio dira garrantzitsuak: gure gazteak kritikoak eta solidarioak izatea eta erabakitzeko ahalmena izatea. Hain da garrantzitsua herrigintzan eta pertsona bezala parte hartzen duten eta erabakitzen duten gazteak izatea. Bestela, herri bat ez da bere buruaren jabe.

Hori esan egiten dugu, baina mekanismoak bilatu behar ditugu gazteak kritikoak eta parte-hartzaileak izan daitezen. Gero A, B edo C izango dira, baina gutxienez beraiek izango dira.

Aipatzen ditugun printzipioak osatu egin behar dira. Pertsonekin erabiltzen ditugun printzipioek herrigintzarako ere balio dute. Pertsonek erabakitzeko gai izan behar dute, eta herriak ere bai. Pertsonek solidarioak izan behar dute eta herriak ere bai. Hezkuntzatik egin behar dugunak izugarrizko garrantzia du, datorren urteetako Euskal Herria jokatzen ari baikara. Klabea da.



Eskola ituna legegintzaldi honetan egingo al da?

Eskola ituna egin aurretik prestatu egin behar dugu. Orain daukagun giroak eta giro politikoak ez du errazten hori. Beraz, egin dezagun lana sistema integratu baten alde, goazen sistema bakarrean pentsatzera eta lan egitera, sare desberdinak egon arren denok sistema bakarra osatzen baitugu eta helburu berdinak baitauzkagu. Eleaniztasuna denontzat da xede, ikasle ezinduek eskola denetan egon behar dute, etorkinek ere bai, teknologia berriek ere bai... Denok batera pentsatzen hasten garenean egingo dugu ituna. Lehendabizi goazen batera pentsatzera eta gauzak berdintzera, desoreka handia baitago.

Eskola publikoari gauza asko falta zaizkio. Adibidez, eraikinak zaharkituta daude eta berritu egin behar dira. Hori dela eta, udalekin eta EUDELekin batera 10-15 urteko plan estrategiko bat egin nahi dugu eskolak berritzeaz gain, espazio horiek herri osoarentzat izan daitezen. Izan ere, zentroak arratsaldeko 6:00etatik aurrera eta asteburuetan itxita egoten dira eta herrian edo auzoan espaziorik, kiroldegirik edo aretorik gabe gelditzen dira.

Ikastolek ere azpiegituretan zor handiak dituzte. Tonbola, Kilometroak, Ibilaldia eta horrelakoak antolatuz egin dituzte eraikinak eta gabezia eta zor handiak dituzte.

Ikastetxe erlijiosoetan patrimonioa eta eraikinak badituzte normalean, baina beste gabezia batzuk dituzte.

Beraz, funtsean zer dagoen ikusi eta batzen joan behar da.