Disgrafia: disgrafiaren diagnostikoa eta tratamendua

2006-07-01
 
 

Sarrera

1. Idazketa prozesuaren lau faseak aztertuko ditugu lehenik: 1) Planifikazio fasea: zer, norentzat eta nola idatzi erabakitzeko; 2) Sintaxiaren fasea: gramatikazko arauak jarraituz mezua idazteko; 3) Lexikoaren fasea: esaldietan erabiliko diren hitzak aukeratzeko; 4) Mugimenduaren fasea: alografoak berreskuratu eta mugimendu bihurtzeko.
2. Konstruktibismoaren ikuspegitik, idazten ikasteko haurrak zein etapa igarotzen dituen aztertuko dugu ondoren: 1) Haurrak egindako trazuen eta errepresentatutako objektuen artean antzik ez dago; 2) Idatziaren eta objektu errepresentatuaren arteko egokitzapena egiten da; 3) Marrazkia eta idatzia ez dira bereizten; 4) Marrazkia eta idatzia bereizi egiten dira; 5) Haurra konturatzen da idazteko konbentzio batzuk jarraitu behar direla: grafismo kopurua minimoa eta grafismoen barietatea; 6) Letra bakoitzari soinu bat dagokiola konturatzen da haurra (hipotesi silabikoa); 7) Hipotesi silabikoaren garaian sortzen diren gatazkak; 8) Hipotesi alfabetikoa: letrek silabak baino txikiagoak diren soinuak ordezkatzen dituztela ikusten du haurrak.
3. Ajuriaguerraren idazketa faseak ere laburki ikusiko dira: kaligrafia aurrekoa, kaligrafikoa eta kaligrafi osteko.
4. Garunaren eta idazketaren arteko harremanak aztertuko dira.
5. Kontzientzia fonologikoak idazketan duen eraginari buruzko ikerketen berri emango da. Entrenamendu fonologikoak idazketa prozesuan nola laguntzen duen ikusiko da.
6. Disgrafia definituko da eta disgrafia motak bereiziko dira:
- Planifikazio mailakoak, disgrafia sintaktikoa, disgrafia lexikoa eta mugimenduaren mailakoak.
- Disgrafia organikoak eta funtzionalak
- Sinbolizazio disgrafiak eta disgrafia kaligrafikoak.
- Idazketaren bilakaeran zehar gertatzen den disgrafia ebolutiboa eta garuneko zauriren baten ondorioz gertatzen den disgrafia eskuratua.
- Disgrafia zentralak (azalekoa edo lexikoa, fonologikoa, sakona, semantikoa) eta disgrafia periferikoak..

Disgrafiaren diagnostikoa

1. Disgrafien etiologia aztertuko da lehenik: hautematearen arazoak, gorputz eskemaren arazoak, arazo afektiboak, eskolako orientazioa, kontzientzia fonologikoa…
2. Idazketa moduluak nola diagnostikatu aztertuko da jarraian: planifikazio, joskera, lexiko eta mugimendu moduluen diagnostikoa.
3. Idazketaren ebaluaziorako erabiltzen diren tresna estandarizatuak eta beste tresna batzuk aztertuko dira ondoren: TALE, PROESC, Disgrafia Eskalak (Ajuriaguerraren “Disgrafia Eskala” eta “Haranburu-Ibarra Eskala”).

Disgrafiaren tratamendua

Planifikazioaren, joskeraren, lexikoaren eta mugimendu prozesuen mailan esku-hartzeko ariketak proposatuko dira.
1) Idatzi beharreko ideiak, kontzeptuak eta informazioa sortu eta bildu.
2) Aurretiko ezagutzak aktibatu eta informazio mailako hutsuneak arakatu.
3) Ideiak antolatu: ideia nagusiak hautatu, ordenatu eta hierarkizatu.
4) Ideiak eta kontzeptuak modu ordenatuan eta gramatika aldetik ongi jositako esaldietan eman.
5) Prozesu lexikoei dagokienez, hitz irregularren, homofonoen edo kontsonante- sekuentzia zaileko hitzen ortografia zaindu.
6) Fonema-grafema egokitzapenari dagokionez, kontzientzia fonologikoa lantzeko programa aurkeztu eta landu.
7) Mugimenduen mailan, erlaxazioa, gorputz eskema, lateralitatea, antolamendu espazio-tenporala eta ikusmen-mugimen koordinazioa lantzeko eta gorputzaren jarrera hobetzeko ariketak proposatuko dira.
8) Grafologiaren eta grafoterapiaren oinarrizko nozioak emango dira.