Ikas-estiloen eta ikas-estrategien garrantzia hezkuntzan

2006-07-01
 
 

Zein da metodorik onena ezer ikasteko (hizkuntza bat, Matematika...)? Eta irakasteko? Metodoaren kontzeptua izan da nagusi eduki ororen didaktikaren historian. Irakasleok, gaur egun, jakin badakigu arrakasta edo porrota ez dela bereziki metodo-arazoa, pertsona-arazoa baizik. Eta pertsona esaten dugunean, bere osotasunean ari gara: gaitasuna, motibazioa, nortasuna, jarrera, ezaugarri kognitiboa, estrategia... Azken batean, metodoa urrutiko lagungarri bat besterik ez da-eta. Hortik sortu dira ikerketa-bide berri batzuk, besteak beste, ikaslearengan ardaztutako irakaskuntzan (Rubin eta Thompson, 1988; Oller eta Richards, 1973). Horrelako planteamenduek hainbat fenomeno hartu dituzte kontuan: adina, jarrerak, motibazioa, nortasuna, ikas-estiloa, ikas-estrategiak, etab.

Candlin-ek (1991) garrantzi handiko honako galdera hau azpimarratzen zuen : nola eta zergatik ikasle batzuek ikastea lortzen duten, eta beste batzuek, aldiz, oso gutxi. Esan liteke galdera horrek kezkak aldatu egin dituela: edukien transmisio egokia bilatzetik, ikasleak zeozer bereganatzeko behar dituen trebetasun eta estrategia egokiak bilatzera. Beraz, metodologiaren nagusitasunetik psikologia kognitiboaren nagusitasunera pasa gara. Eta zerbait aztertzeko garaian, ikuspegi integrala izatea ezinbestekoa da. Gure kasuan, ikuspegi orokor honetan, bereziki honako kontzeptu hauetan jarri dugu arreta: ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan.
Ikuspegi integralean kokaturik, ikerketa bat gauzatu nuen, bereziki bi erronka izan zituena: aztertzea, ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza abiapuntutzat harturik, euskara-ikasle helduen artean H2 ikastean, ikas-estiloak eta ikas-estrategiak esplizituki aintzat hartzen zituen metodologiak zer-nolako eragina izan zezakeen ikaslearen motibazioan, autoestimuan eta euskararen erabileran eta, bide batez, esku-hartze programa pedagogiko bat eraikitzea, ikerketa horretako emaitzak kontuan harturik. Ikerketa horretako emaitzak aintzat hartuta, egoki ikusi dut bertako zenbait atal beste hainbat esparrutara ere zabaltzea, aplikagarri izan daitezkeelakoan, ez soilik hizkuntza-ikaskuntzaren esparruan.
Ikastaro honetan ez gara ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan aditu bihurtuko, ez baitago horretarako behar adinako denborarik. Hala ere, badugu asmoa bi esparru horien garrantzia ikusarazteko eta ikuspegi zabal samarra eskaintzeko. Irakasle aditu askoren kasuan, aurrez ezagun zituen ideia eta susmoak berraztertuko dira, edota esperientziatik jasotako jakinduriari azalpen teorikoak erantsiko zaizkio. Bide batez, hainbat ariketa-eredu ere eskainiko dira, etorkizunean nork bere lanean egokitzeko eta burutzeko.