Linux

2006-07-01
 
 

Aplikazio informatikoei dagokienez ezjakinak gara: ez dakigu zenbat tresna erabil ditzakegun geure lanean, eta ezagutzen dugun gutxi hori saltzaileek esaten digutena besterik ez da. Baina saltzaileek negozioa egin nahi dute eta ez digute merkatuan dagoen guztia erakutsiko. Are gutxiago, negozioa egiteko balio ez dionik.

Software librearen mundua oso erabilgarria da, batez ere hezkuntzan. Eskaintza oso zabala da, milaka proiektu daude martxan, eta gure behar gehienak asetzeko sortu dira. Ikasleek ere eskura dauzkaten tresnak dira, eta ahalmen ekonomikorik gabekoei ahalmen handia dutenen pare egoten laguntzen diete.
Ikastaro honetan edonork eskura dauzkan tresna horiek aurkeztu nahi ditugu, software libre gisa ezagutzen diren horiek: gure makinetan erabil ditzakegun programak, ordaindu beharrik gabekoak, baina ordaintzen direnak bezain onak edo hobeak direnak. Era guztietako aplikazioak azalduko ditugu. Batzuk ezagunak dira, esate baterako, mozilla-firefox nabigatzailea edo ofimatikako OpenOffice aplikazioa. Beste batzuk, ordea, ez dira horren ezagunak, nahiz eta oso onak eta erabilgarriak izan. Azken horien artean sar genitzake The Gimp irudi edizioko aplikazioa edota evolution posta eta egutegi-kudeatzailea.
Irakaskuntzaren munduari begira aplikazio asko dago: kimika ikasteko balio dutenak, mekanografia ikastekoak, Lehen Hezkuntzakoei bideratutakoak, marrazketarakoak, aurkezpenak egitekoak, funtzio matematikoak marraztekoak eta abar. Horiek ere ezagutzera eman nahi ditugu, nahiz eta horien guztien erabilera ikasteko denborarik ez eduki, hor daudela jakitea garrantzitsua baita.
Hizkuntzaren aldetik begiratzen badugu, software libre asko eta asko euskaraz erabil daitezkeela azpimarratu behar dugu: hor dago ofimatikako OpenOffice aplikazio osoa euskaraz, edota firefox nabigatzailea, edota nautilus fitxategi kudeatzailea, kalkulagailua, CDak erreproduzitzekoa, evolution posta kudeatzailea... Eleaniztasunerako prestatutako aplikazioak dira, bai Eusko Jaurlaritzak, bai librezalekoek eta bai beste hainbatek euskaratu eta euskaraz mantentzen dituen aplikazioak, hain zuzen ere. Gainera, euskaratze lanetan edonork lagun dezake, horregatik daude hainbeste aplikazio euskaratuta.
Aplikazio horiek guztiak era errazean instala eta erabil daitezke GNU/Linux sistema eragilea daukaten makinetan. Automatikoki eta saretik bertatik instala daitezke guztiak; ezin errazagoa da. Horregatik, ikastaroan Ubuntu/ Edubuntu instalatzen eta erabiltzen irakatsiko dugu. Behin instalazioa eginda, ikusiko dugu aipatu ditugun aplikazio horietako asko instalatuta dauzkagula, eta instalatu ez direnak saguarekin bi klik eginez instala daitezkeela ikusiko dugu. Bestalde, bai sistema bera eta bai aplikazioak automatikoki eguneratzen dira.
GNU/Linux sistema erabiltzeko ezagutza berezirik ez da behar, beste sistemak erabiltzeko jakitea komeni dena jakitea eskatzen du honek ere. Horregatik, fitxategi sistemen eta informazio biltegien (USB drive, CD, DVD...) erabilera egokia nola egin behar den ere gogoraraziko dugu.