Psikomotrizitatea lehen haurtzaroan

2006-07-01
 
 

Haurtzaroa eta jolasa loturik daude bizitzan eta irakaskuntzan eta, dirudienez, zentzuzkoa da horrelaxe izatea, horrek parketako zabuetan zein eskolako areto eta geletan eragina izaten du-eta. Hainbat galdera egin ditzakegu jolasaren inguruan gure gaiari eusteko: zeri deitzen diogu jolasa? Zer zentzu dauka edozein haurrek sortzen duen berezko jolasak? Jolasetan noraino dago errepikapena eta noraino berrikuntza? Zein da egokiagoa, bakarka ala elkarrekin burutzen dena? Jolasa eta psikomotrizitatea gauza bera al dira? Zorionez, eskolan jarduera bakoitzak dagokion lekua eta denbora dauka; ikastetxe gehienetan jarduera fisikoak, mugimenduak, korrika, jauzika ibiltzeak badauka bere lekua: psikomotrizitate gela.

Henri Wallonen teoriaren ideia nagusi batzuk erabiliko ditugu psikomotrizitatearen mamia argitzen joateko. Haren ustez, nortasuna da norberaren mailaren, maila hori gauzatzean dugun inguruko zirkunstantzien eta zirkunstantzia horiekin erlazionatzeko gaitasunaren emaitza bateratua. Naturak agindutako haurraren haziera organoa, heltzea ahalbidetzen duena, handitzeaz arduratzen da. Haziera organoaren funtzionatzeko joera biologikoa da heltzea, eta nerbio sistemaren menpean dago beti. Helduz gero, funtzionatzen hasiz gero, portaeraren errepikapena dator, eta ikaste prozesua zabaltzen du, eta bide batez, heldutasuna bera areagotzen. Beraz, giza garapena hazieraren, heltzearen eta ikastearen emaitza bateratua da.
Psikomotrizitatea giza garapeneko esku-hartze modura uler daiteke. Ondorioz, osagai biak –garapena eta esku-hartzea– aztertu beharko dira, objektua eta helburua bereiztuz. Psikomotrizitatearen helburua haurraren garapena da, eta esku-hartzearen helburua, berriz, garatzen laguntzea. Abiapuntua dimentsio ebolutiboa da; haurraren garapenaren ezaugarriak, bilakaera eta gaur egungo adierazpenak ezagutu behar dira sakonki. Aurrekoak baldintzaturik, dimentsio didaktikoa dator; psikomotrizitatean aritzen denaren zeregin zehatzak haurraren berehalako maila gauzatzeko zirkunstantziak zaintzea eta berarekiko harreman baikorrari laguntzea dira. Beste era batera esanda, psikomotrizistok beharrezkoa dugu saioak dinamizatzeko, mementoko errealitate fisikora eta sinbolikora egokitzeko gaitasuna.
Wallonen arabera, lehen haurtzaroaren funtzioa giza espeziearen prototipoa betetzea da. Hau da, biziaren lehen hiru urteen amaierarako, bizitza osoan zehar garatuko ditugun gaitasunen eta bizipenen mamia edo lehen eredua gauzatzen da. Horregatik du horrenbesteko garrantzia aldi horrek, hasitako prozesuek bigarren haurtzaroan zehar tinkotzen, sendotzen eta malgutzen jarraitzen badute ere. Lehen eredu horren ezaugarri fisikoak aztertuko ditugu lehenik: erreflexuetatik borondatezko jardueretara, hau da, oinez, korrika eta jauzika egitera eta eskuak menderatzera. Emozioak eta giza harremanak elkarren segidan datoz, gizakiok genetikoki sozialak garelako, Wallonen arabera. Besteak ase behar ditu jaioberriaren eta haurtxoaren beharrizanak. Honela, bien artean lotura afektiboa sortzen da. Giza taldeetan historikoki estimulu fisikoen gain giza estimuluak –sinbolikoak eta moralak– txertatu direnez, hizkuntza eta horrek hasieran gidatutako pentsamendua sortuz prototipoa osatuz doa.
Psikomotrizitatearen helburua giza garapenari laguntzea bada, haurraren garapen zirkunstantziak eta berarekiko harremanak zaindu behar ditugu bereziki. Tresna garrantzitsuenak jarrerak eta espazioaren eta denboraren antolakuntzarako gaitasuna dira. Jarrerak –entzumen enpatikoa, legearen ikurra eta lagun sinbolikoa izatea– alde psikikoaz –sinbolikoaz zein moralaz– arduratzen dira nagusiki, eta espazioaren eta denboraren –materiala barne– antolaketarako gaitasunak, berriz, estimulu fisikoekin du zerikusi handiena.
Amaitzeko, bertikaltasunaren garrantziaz hausnartzeko unea izango dugu. Beste animalia guztiengandik bereizten gaituena giza espeziearen postura bertikala da. Horizontaletik eta lagundutakotik bertikalera eta autonomora doan bilakaera aztertuz gero, jauziaren zentzuaz arituko gara. Lehenengo jauzi sakonekin batera, banaketa bertikalaren bertigoak “ohe” edo “etxetxo” eskakizuna dakar, eta berehala “otsoa” agertzen da psikomotrizitate aretoan. Irudikapenaren bilakaera aurrerantzean ikaragarria da, berezitasun eta adierazpen pertsonalak askotarikoak badira ere.