Audacity, software askea

2009-07-01
 
 
Azken urteetan gure etorkizuna informatikan zegoela esan ohi da (orokorrean). Orain, denok dakigu, modu batean edo bestean, hori horrela dela eta gaur egun lasai esan dezakegu etorkizuna software askea dela. Zergatik? Arrazoi batzuk badira, baina bitan jarriko dugu arreta. Alde batetik, gero eta software aske gehiago dagoelako, eta, bestetik,  arrazoi garrantzitsuena hau izan daiteke: software edo programa horiek gero eta indartsuagoak direla, eta merkatuan dauden programen ezaugarri garrantzitsuenak ere badituztela; oso praktikoak dira, oso erabilgarriak dira, oso emaitzak onak ematen dituzte...
Audacity, azken urteotan software askeari dagokionez fama handia hartzen ari den programa da, eta ondo merezia du, gainera. Beti pentsatu izan dugu audio editoreak eta horrelako programak musika irakasleentzat egokiak zirela, baina beste guztientzat? Bada, programa horrek planteamendu hori ezeztatzen du. Nori ez zaio interesatzen ikasleek egiten dituzten irakurketak grabatzea? (hizkuntzak) Nori ez zaio interesatzen dantzarako erabiltzen dugun abesti bat moteltzea, edo azkartzea? (euskal dantzak, kirola); eta, ikasleen tonura egokitzeko, ikasgelan abesten dugun abestiren baten tonalitatea aldatzea? Ipuin musikatuak egitea? Edozein grabaketa moztea, audizioak egitea?... Gauza horiek guztiak eta askoz gehiago egin ditzakegu Audacity software askea erabiltzen badugu.
Beno, askotan esaten dugu zailena norberak zer egin nahi duen jakitea dela... Teknologiak, edozer, bai edozer, gauza egiteko aukera ematen digu. Beraz, ezer gutxi gehiago esateko; soilik, denok dugula software askeak irekitzen digun leiho handian sartzeko aukera, eta gure beharrei erantzuten dieten tresnak aurkitzeko eta erabiltzeko aukera ere badugula. Audacityz gain, beste software batzuk ere aztertuko ditugu, dauden aukerak zeinen zabalak diren ikusteko.
Ikastaroan gure grabaketak egingo ditugu eta, era berean, Interneten ditugun aukera guztiak aprobetxatuko ditugu Audacityrekin emaitza ikusgarriak lortzeko. Beraz, mundu birtualean ikusiko dugu elkar. Animo!