Buru-mapak. Hire burua antolatu eta sortu!

2009-07-01
Gure buruan ditugun ideiak antolatzeko tresnak dira buru-mapak. Eta, beraz, ideiekin lan egin behar duen edonorentzat egokiak dira, baita irakaskuntzan ere. Egitura sinplea dute: hitzak eta irudiak dira gakoa. Gure ideia nagusiak, hainbat hitz eta irudirekin adierazten ditugu, ondoren erraz gogoratzeko. Irudiek garrantzi handia dute gainera, ideiak erraz gogoratzea ahalbidetzen dutelako. Eleder Aurtenetxe txiripaz hasi zen buru mapekin lanean, eta “The mind Map Book” liburua aholkatu ziotenetik, autodidakta izan da. Gaur egun, sormen arloko trebatzaile eta aholkulari gisa egiten du lan. 
 
 
Buru-mapak gure ideiak paperean edo ordenagailuan modu antolatuan jartzeko tresnak dira. Geure burua antolatzeko tresnak dira, eta ikaskuntzarako eta irakaskuntzarako baliagarriak. Buru-mapen sorrera Buzan anaiei zor zaie, Tony eta Barry Buzani. Bien artean idatzi zuten “The Mind Map Book” liburua 90. hamarkadan.
Eleder Aurtenetxe buru-mapekin aritzen da lanean, besteak beste. Eta hark azaldu digu nolakoak diren: “Buru-maparen erdigunean kolore askotako irudia izango genuke, beharbada testu apur batekin. Komeni da testu hori ere, koloreekin idaztea eta irudiak izatea. Erdigune horretatik adar nagusiak ateratzen dira, eta azpiadarrak. Egitura, berriz, erradiala dute”. 
Nola sortzen dira buru-mapak?
Gai jakin bati buruzko buru-mapa sortzeko, lehenik eta behin gai hori adieraziko duen irudiren bat pentsatu behar da, eta erdigunean hori marraztu behar da. “Gutxienez hiru koloreko zerbait egingo dugu erdigunean, adierazgarria dena. Koloreak erabiltzea komeni da, era horretan, garunak informazioa hobeto gordetzen duelako. Erdiko ideia nagusia dugunean, inguruan ideia zehatzagoak ipiniko ditugu, adarrak aterata. Ez da komeni erdigune horretatik bost edo zazpi adar baino gehiago ateratzea, izan ere, garunak zazpi kontzeptu baino gehiago oroitzeko zailtasunak izaten ditu. Prozesu horretan, normalean lehenik zirriborro bat egiten da, ideia nagusiak eta gainerako ideiak identifikatzeko; eta bakoitza dagokion tokian jartzeko. Bost-hamar minututan zirriborroa egin dezakegu, eta, ondoren, lasaitasunez osatzen joan. Ideiak marrazkiekin osatzea ere, egokia da, informazioa errazago gogoratuko dugulako”, azaldu digu Elederrek.
Koloreak erabiltzea ere garrantzitsua da, alde batetik garunari hainbat gauzari buruz ari garela ikusten lagunduko diogulako, eta, bestetik, koloreak era kodatuan erabil ditzakegulako: adibidez, kolore urdina ikasgaietarako, kolore berdea etorkizunerako… Buru-mapek duten beste ezaugarrietako bat ideien arteko asoziazioak egiten dituztela da: gezien bidez, ikur berezien bidez… ideiak lotzen dira. “Adibidez, norbaiti 50 laguneko zerrenda osatzeko eskatuko bagenio, lagunak bost multzotan banatzeak asko erraztuko luke gero haien izenak gogoratzea: mendiko lagunak, gauez irtetekoak, artea gustuko dutenak, familia ingurukoak eta auzokoak. Bost multzo eginda, ideiari egitura ematen zaio, eta horrek gogoratzea errazten du. Lagun horietako bat, adibidez, familiakoa, mendizalea eta parrandazalea bada, hitza hirutan idatzi gabe, multzoen arteko asoziazioak egin ditzakegu”, esan digu Elederrek.
Espazioari dagokionez, buru-mapak orria etzanda dagoela egiten dira, espazioa hobeto erabiltzeko. Adarrak eta azpi adarrak modu irakurterrazean jarri behar dira, hau da, 45 graduko angelutik gorantz. Orriaren tamainak, ez du garrantzirik, baina hutsunearen garrantzia azpimarratu du Elederrek: “Hutsuneak garrantzi handia du. Garunari hutsunea, espazio hutsa, ematen diozunean, hori betetzeko joera izaten du. Orria txikia bada, errazago beteko duzu, handia bada, gauza gehiago sortzeko joera izango duzu. Beraz, espazioa soberan izatea komeni da”.
Eskuz edo ordenagailuz
Buru-mapak eskuz, paperean, edo ordenagailuz egin daitezke, Elederrek azaldu digunez: “Ordenagailuan buru- mapak sortzeko hainbat programa daude, eta Wikipedian Mind map bilatuz gero, software zerrenda agertzen da”. Baina eskuz eta ordenagailuz egiteko prozesua ez da bera: “Apur bat aldatzen da. Buru-mapak ordenagailuz egiten ditugunean, edozein unetan edozein ideia idatz dezakegu… Etengabe izango dugu aurrean buru-maparen zirriborroa eta ordenagailuak, gainera, buru-maparen egiturari eutsiz edozein ideia multzo batetik bestera mugitzea errazten du. Irudiei dagokienez ere, irudi bilduma sor daiteke karpeta batean eta behar ditugunean erabili; ez dugu marrazten ibili beharrik izango, nahiz eta norberak irudiak egin ditzakeen beste programa batzuekin”.
Irakaskuntzarako erabilgarri
Buru-mapak oso interesgarriak izan daitezke irakaskuntzarako, bai irakasleek kontzeptuak azaltzeko eta baita ikasleek ikasteko tresna gisa erabiltzeko ere. Tresna menderatzea oso erraza dela esan digu Elederrek: “Ikasiz gero, kontzeptua oso sinplea da; paradigma aldaketa besterik ez da. Aldaketa polita eta dibertigarria da, gainera. Buru-mapak egitean, prozesuan zehar gauzak asmatzen joan behar duzu, adi egon behar duzu ideiak zeureganatzeko, kontzeptuak irudien bidez nola adierazi pentsatu behar duzu… Jolas etengabea da, norbere burua aberasteko modua”.
Buru-mapak ordenagailuz egiteko programak:
Xmind. Software askea da. Interneten argitaratzeko aukera ematen du, erraz. Esteka bat sortzen du eta edonork ikus dezake.
Mind manager. Pribatua da baina buru-mapak egiteko oso erabilgarria. 
Buru-mapei buruz gehiago jakiteko:
Eleder Aurtenetxeren bloga:
http://www.burumapak.blogspot.com
Tony Buzanen web gunea:
http://www.buzanworld.com