Hamar urtez euskarazko prestakuntza eskainiz

2009-07-01
Euskarazko hezkuntzare gainean marraztu nahi diren itzal-ilunak argitzeko biderik egokiena hezkuntza komunitateko partaideei euskarazko prestakuntza eskaintzen jarraitzea delako.
 
 
Beste ikasturte bat heldu da helmugara, eta ortzimuga horretan prestakuntza ageri da, berriz.
Hik Hasi ere, iritsi da bere 14. ikasturtearen jomugara, eta oporretatik banatzen gaituen marra horretan marrazturik ditu jada Udako Topaketak. Aurten, hamargarrenez, gainera.
Hamar urte joan dira jada, bai, Hik Hasik udan prestakuntza saioak antolatzeari ekin zionetik.
Urte horietan guztietan, 297 ikastaro antolatu eta eskaini dira. Arlo, esparru eta izaera anitzekoak. Guztiak, euskaraz.
Lan mardula izan da, baina izan du saria. Urte hauetan 5.500 lagun baino gehiago izan baitira gure lanari haizea emanez hura gorpuztu dutenak, Udako Topaketak egun egitasmo sendoa eta osasuntsua bilakatuz.
Eta, ikasturte amaiera honetan, prestakuntzaren alorraren gainean hausnartzeko puntua jarri dute hainbat adierazpenek.
Isabel Zelaa EAEko Hezkuntza sailburuak berriki esan duenez, PISA Txostenean EAEko ikasleek emaitza txarrak eman dituzte zientzietan. Eta proba hori azken urteotan hartzen ari den nagusitasuna, eta egindako lanaren ebaluatzaile erreferentzialena bihurtu dela ikusirik, pentsatzekoa da horrek ondorioak izango dituela. Eta izan, izan beharko lituzke, noski.
Emaitza kaskar horien arrazoia ez da bakarra izango, eta profesionaltasunez eta arduraz jokatzekotan, ahalik eta faktore gehien identifikatzen eta detektatzen saiatu beharko genuke.
Euskal Herriko zati horretan Hezkuntzaren ardura nagusiena dutenek egin dute beren diagnosia. Emaitza txar horien arrazoia, antza, euskararen beraren zailtasuna da.
Ez da kasualitatea izango, bestalde, arrazoi horrekin bat egitea euskara gutxi edo batere maite ez dutela egunero erakusten ari diren indarrek.
Jakin beharko litzateke ea munduan ba ote dagoen beste herriren bat argudio zientifikoetan eta pedagogikoetan baino, bestelako argudioetan, politikoetan esaterako, oinarritzen dena bere jardunean. Are gehiago, ikerketek eta egindako azterketen emaitzek esaten dutenari muzin eginez diseinatzen eta erabakitzen dituenik bere hezkuntza politikak eta ekinbideak.
Zerikusia izango dute, bederen, ikasgaiak eskaintzeko moduek, metodologiek, ikasleen gaiarekiko motibazioek eta jarrerek, irakasleen prestakuntzak eta gaiaren interesak, lan egiteko moduak, eta, noski, ikasleen eta irakasleen hizkuntzaren ezagutzak ere. Pentsatzekoa da…
Esan dugu, ospakizunetan gara etxe honetan. Eta etxekook gure omena eskaini nahiko genieke egunero bere jarduera, hala ere, euskaraz egiteko apostua egin duten langileei, ikasketak euskaraz egiteko aukera egin duten ikasleei eta euskarazko hezkuntzan beren konfiantza ipini duten gurasoei. Beste aukera batzuk errazagoak eta erosogoak izan arren gurekin batera euskal hezkuntzan bidaide zaituztegun guztioi, alegia!
Gure omen onena eta baliagarriena beren jarduera hobetzeko euskaraz prestatu ahal izateko aukerak eskaintzen jarraitzea izango da. Euskarazko prestakuntzan sakontzen jarraituko dugu, buru-belarri. Luzea izan dakigula bidea!