Idazketaren mekanika eraikitzeko sekuentzia didaktikoak

2009-07-01
 
 
Idazketaren mekanika, kaligrafia, arlo figuratiboa, grafia, XIX. eta XX. mendeetako eskolako curriculumaren osagai nagusiak ziren, ortografiarekin eta matematikarekin batera. Gaur egun, ordea, eskuzko idazketaren irakaskuntzak zalantza handiak sortzen ditu. Oro har, bi joera nagusik bultzatu dute eskuzko idazketa curriculumetik kanpo gelditzea: alde batetik, hizkuntza idatziaren inguruan egindako ikerketa psikolinguistiko, psikogenetiko eta kognitiboek eta hizkuntzalaritza arloko ikerketek komunikazioari, mezuari edota konposizioari eman diote garrantzia, eta gramatika, ortografia, puntuazioa eta eskuzko idazketa bigarren mailan gelditu dira; eta bestetik,  teknologia berriekin dago lotuta, eta eskuzko idazketa erakutsi beharra gutxietsita gelditu da.
Gaur egungo nazioarteko ikerketek erakusten dutenez, hizkuntza idatziaren arloan, kaligrafia osotasun baten barruan kokatu behar da, eta gure aurrekoek ulertu zutenetik beste era batera landu behar da. Baina berau lantzea ezinbestekoa da, funtsezkoa, idazketa prozesuko “building block”a baita. Arlo horretan gabeziak edukitzeak idazteko eta irakurtzeko gaitasunak (baita motibazioa ere) murritz edo geldiaraz ditzake.
Idazketaren mekanika ez da hain mekanikoa adin txikietan, ezta disgrafietan ere: eraiki egiten da, haurrei gatazka kognitiboak aurkeztuz, eta ondoren, automatizatuz. Pentsatuz eta eginez, modu kontzientean eta atseginean jorra daiteke esku bidezko hizkuntza den kaligrafia. Haur Hezkuntzan ildo konstruktibistari jarraitu bazaio, interesgarria izan daiteke Lehen Hezkuntzan kaligrafia modu horretan eraikitzea. Ildo tradizionalari jarraitu bazaio, kaligrafia modu kontzienteagoan lantzeko argibideak jaso daitezke. Sekuentzia didaktiko horiek interesgarriak dira, baita gerora ager daitezkeen idazkera “txarren” aurrean esku hartzeko ere.
Hitzen arteko tarteak lantzeko, eta letra-formak eta loturak lantzeko egin beharreko urratsak finkatuko dira, kaligrafiaren beste atal batzuk lantzeko eredu izan daitezkeelarik.
Sekuentzia didaktiko horiek hiru eskola txikitan landu dira, eta berorietan grabatutako DVDa ikusiko da. Kaligrafia: pentsatuz eta eginez materiala ere aztertuko da. Hezkuntza, esku-hartzea, haurren garapena, hizkuntza, psikologia, psikopedagogia… jakintzagaietan aritzen diren ikasleek eta profesionalek tresna eraginkorrak barnera ditzakete irakurketa-idazketaren (literacy) puntu garrantzitsu horretan.