Jolastu eta pentsatu Haur Hezkuntzan. Miren Camison: “Gelak ikerketa komunitate bihurtu behar du”

2009-07-01
Bi planotan mugitzen da Haur Filosofia: jolastu eta pentsatu. Elkarrizketaren bidez elkar ulertzea eta ezagutzea da helburua, elkarrekin pentsatzera jolastea. Eta, elkarrekin pentsatzeko hiru baliabide nagusi proposatzen dira: jolasak, artea eta ipuinak. Irakaslearen rola ere, aldatu egiten du Haur Filosofiak; bigarren planoan geratzen da eta galdera ziztagarriak egin behar ditu, haurrak pentsatzera bultzatzeko. Euskal Herrian, Haur Filosofia ardatz izango duen elkartea sortzeko lehen pausoak ematen ari da Miren Camison. Bitartean, Noria Proiektua izeneko curriculumaren gaineko formazioa eskaintzen aritzen da.
 
 
Helburua, haurrengan jolasteko, pentsatzeko eta komunikatzeko gaitasunak garatzea da.
Bi plano daude: jolastu eta pentsatu. Baina ardatza pentsamendu konplexuan dago. Hori Haur Filosofiaren hezkuntza proiektutik dator. Hezkuntza proiektu horrekin Matthew Lipman hasi zen, AEBtan 60. hamarkadan. Oso arduratuta zegoen Vietnamgo gudarekin eta inperialismoaren hedadurarekin. Ikusten zuen politikariek ezin zutela elkar ulertu, ezin zutela elkarrizketa bultzatu orduan zeuden arazoei irtenbide baketsu eta gizatiarrak emateko. Hezkuntzan elkarrizketa filosofikoak garrantzia handia izango zuela pentsatu zuen; batak bestea entzuteko, ulertzeko eta ezagutzeko nahia izatea oso garrantzitsua zela, eta elkarrizketa planteatu zuen metodologia eta balio etiko gisa. Helburua, elkarrizketaren bidez elkar ulertzea eta ezagutzea da. Eta elkarrizketa horretan erabiltzen den hizkuntza ez da soilik hitzen bidezkoa, gorputz adierazpenekoa ere bada, besteak beste.
Lipmanek Filosofiak gelara joan behar zuela pentsatu zuen. Haurrek lehen egunetik borobil batean eserita ikasi behar dutela, batzuek besteekin hitz eginez, elkar ezagutuz eta gaiak elkarrekin ikertuz. Haurrek jolasa berezkoa dute eta ideia nagusia, elkarrekin pentsatzera jolastea da. Elkarrekin pentsatzeko hiru baliabide proposatzen dira: jolasak, artea (pintura eta musika, batez ere) eta ipuinak. Haur Hezkuntzan, haurrek erraz uler ditzakete ipuinak, eta proposatzen diren ipuinak, filosofikoak dira, bizitzako gauzak erakusten dizkigutenak. Ipuin klasikoek, adibidez, bizitzaren elementu asko dituzte eta hainbat kulturatako ipuinak lantzea da helburua; munduan zehar bidaia bat eginez, baliabide horiekin jolastu eta elkarrekin bizi izan ditugun esperientziei buruz hitz egitea.
Filosofiaren praktika planteatzen da, ez filosofo txiki batzuk sortzea. Jende irekia izatea, zentzuduna, pentsamendu sakonekoa, kritikoa, manipulatzeko erraza ez dena… Sormena izatea XXI. mendeko konplexutasunean irtenbideak topatzeko, baina horretarako, hezkuntzak sormena eta pentsamendua lantzeko aukera eman behar die.
Lipmanek curriculum luzea osatu du, Haur Hezkuntzatik 18 urte arte. Mundu osoan zabaldu da eta kultura bakoitzak eta herrialde bakoitzak, itzuli edo egokitu egin du. Adibidez, Katalunian, egokitzapena egon da. Euskal Herrian oso gutxi gara oraindik hori lantzen dugunak eta nik hori zabaldu nahiko nuke, uste dudalako potentzial handia duela pertsona egiten gaituen horretan. Helburua, elkarrizketa horien bidez pertsonak eta mundua aldatzea da. Munduak arazo asko ditu eta horiek aldatzeko planteamendu eta ideia sortzaileak behar ditugu. Lipmanek pentsamendu konplexua lantzea proposatzen du: kritikoa, sortzailea eta etikoa; maitakorra dio. Pentsamenduak gizatiarra izan behar du. Elkarrizketa taldean egiten denean balioak lantzen dira, benetako entzumen aktiboa lantzea proposatzen delako. 
Eta elkarrizketa hori irakaslearen eta haurren artekoa da, edo soilik haurren artekoa?
Ideia, haurren artekoa izatea da. Irakasleak gidari lana egiten du hasieran, eta ikasleen arteko elkarrizketa errazten du. Jolasak, artea eta ipuinak planteatzen dira eta bizipen horren ondoren elkarrizketa egiten da: zer ikusi dugun, zer sentitu dugun… Irakaslearen baliabideak galderak dira, ez du inoiz iritzirik emango, eta besteen iritziak errespetatu behar ditu. Interesgarria da ikaskuntza nola sortzen den, holistikoa izango da; ikuspuntu asko dituena. Ikaskuntza haurrek beraiek sortzen dute, ikuspuntu horiek ezagutza sortzen dute eta ondoren ezagutza horretan sakondu dezakegu beste ariketa batzuk eginez. Irakaslea erdigunea izaten hasten da, baina helburua geroz eta atzerago geratzea da, protagonismoa galtzen joatea eta elkarrizketa ikasleen artekoa izatea. Ideala, Haur Hezkuntzan hasi ondoren beste etapetara zabaltzea izango litzateke.
Haurrek hainbat ikuspuntu errespetatzen ikasten dute, kritikoak izaten, egoerak aztertzen… Baina, irakasleak prest al daude euren ikasleen artean, uneren batean euren lana edo haiek esandakoa zalantzan jar dezaketen pertsona kritikoak izateko?
1992tik konstruktibismoaren jarraipena egiten dugula suposatzen da, baina hori teoria hutsa besterik ez da, XIX. mendeko eskola jarraitzen baitugu. Hori da lehenengo arazoa. Eskola ezagutzaren transmisioan oinarritzen da: irakaslea da dakiena, eta ikasleek besteak esandakoa ikasi behar dute. Gelak, ikerketa komunitate bihurtu behar du. Protagonistak haurrek izan behar dute eta irakasleak bigarren planoan geratu behar du, prozesuak errazten. Bestela, nola izango dira edo autonomoak? Ebaluazio probetan ere, ikasleek irakasleek irakatsitako edukiak errepikatzen dituzte, baina, haur kritikoak nahi ditugu edo ezagutza errepikatzea besterik ez? Sistema hankaz gora dagoela iruditzen zait oraindik ere, eta legeak konstruktibismoa jasotzen duen arren, praktikak eta ebaluazio sistemak XIX. mendekoak dira.
Haur Filosofiak, irakaslearen papera aldatzea eskatzen du, irakasleak ikasleen intereseko gaiak lantzea baimendu behar du eta haiek nahi dutena ikertzea. Irakasleak proposamenak egin ditzake, baina haien interesetatik abiatuta, beti.
Irakasleak prestakuntza behar al du horretarako?
Irakasleak Socrates txiki bat izaten trebatu behar du. Galderak egiteko trebatu behar du, eta galdera horiek ikasgelan ezagutzei bidea emateko erabili behar ditu. Galdera irekiak, sakonak, eztabaida eta motibazioa pizten dituztenak… izan behar dute.  Horrela, galderen erantzuna pentsatzerakoan, besteekin pentsatu behar dugunez, pentsamendua bikoizten da.
Haur Filosofian, gainera, haurrak pixkanaka trebatzen dira galdera filosofikoak egiteko: haiek galderak egin eta taldean horien erantzuna aurkitzeko. Haur Hezkuntzako haurren kasuan, hainbat ekintza jostagarri planteatzen dira, haur txikiek ezin baitute hainbeste denbora eman hitz egiten eta geldirik, ekintza eta mugimenduaren beharra baitute errealitatea ulertzeko eta pentsatzeko. Hiru  urtez azpiko haurrekin, jolasaren aurrean, irakasleak behatzaile papera hartuko luke, pentsamenduaren mugimendua haurrek egiten dituzten ekintzetan antzemanez. Hiru-sei urte bitartean mugimenduak eta gorputzak dute garrantzi gehien eta ondoren pentsamenduak.
Bestalde aipatzekoa da, haur eta gazteekin elkarrekin pentsatzeko giroa sortzen denean, gelan giro lasaia egoteko, elkarrizketaren baldintzak ikaskideen artean adosten dituztela.
Pentsamendua bultzatzeko pentsamendu trebetasunak erabiltzen ditugu. Eta pentsamendu trebetasunak bost multzotan banatzen dira: hautematea, ikerketa, kontzeptualizazioa, itzulpena eta arrazoiketa trebetasuna. Txikiekin kontzeptualizazioa eta arrazoiketa lantzea kosta egiten da, azken etapatan hobeto landu daitezke. Eta pisua, batez ere, beste hiruetan egoten da. Pentsamendu trebetasun horiekin egiten dugu lan galderen bidez. Erantzunetan eta talde elkarrizketa gogoetatsuen bidez pentsamendu trebetasun horiek lantzen dituzte.
Nola jaso liteke formazio hori?
Hainbat elkarte daude, Madrilen Centro de Filosofia Para Niños izenekoa dago, eta Katalunian, Grupiref. Horiek ikastaroak eskaintzen dituzte. Bestalde, Lipmanenaz gain, Noria izeneko curriculuma osatu da orain. Angelica Sátiro da zuzendaria. Euskal Herrian, pixkanaka ikastaroak eskaintzen ari gara eta horrelako elkartea sortzeko lehen pausoak ematen ari naiz. Euskal Herriaren beharrak zein diren aztertu eta Haur Filosofiaren metodologiatik ikusita zer behar ditugun ikusi behar dugu. 
Haur Filosofia eta Konstruktibismoa
Miren Camisonek esan digunez, Haur Filosofiaren eta Konstruktibismoaren arteko alderik handiena hau da nahiz eta oinarrian gauza asko berdintsuak izan: “Konstruktibismoak esaten du ikasketa esanguratsua egin behar dela, baina norberak eraiki behar du ikasketa esanguratsu hori, barne prozesua da. Orduan, Haur Filosofiak egiten duen galdera da ea irakasleak nola lagunduko duen ikasketa esanguratsu hori bultzatzen. Haur Filosofiak dio esanahiak aurkitzeko pentsatu behar dugula eta pentsamenduan trebatzen bagara esanahiak aurkituko ditugula. Pentsamendua esanahiak eraikitzeko, errealitateari zentzua aurkitzeko erabiltzea; hori da gakoa”.