Konpetentzia matematikoak. Jesus Mari Goñi: “Testuinguru sozialean erabilpena duten ikasketek izan behar dute lehentasuna derrigorrezko irakaskuntzan”

2009-07-01
Matematikatik ez, baizik eta pertsonaren garapenetik abiatuta pentsatu behar dela uste du Jesus Mari Goñi, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Hau da, ez dela matematikatik bizitzara begiratu behar, baizik eta bizitzatik matematikara. Era berean, irakaskuntza galbahe sozialetik pasatu beharko litzatekeela uste du, eta ez galbahe epistemologikotik. Bere ustez, testuinguru sozialean erabilpena duten ikasketek izan behar dute lehentasuna. 
 
 
Curriculumean konpetentzien gaia sartzearekin batera matematiketan ere, konpetentzia matematikoak landu behar dira. Zer suposatzen du horrek?
Hainbat interpretazio daude. Badira konpetentzia matematikoak zer diren definitzen duten hainbat testu, baina nik esango nuke, modu sinplean esan daitekeela, konpetentzia matematikoa, edozein konpetentzia bezala, dakiguna, ikasi duguna, erabiltzeko gaitasuna dela. Konpetentzia, testuinguru jakin batean, ezagutza era eraginkor eta arduratsuan erabiltzea da.
Matematikan ere konpetentziak landu behar dira orain. Zer aldaketa dakar horrek?
Nire ustez aldaketa kontzeptuala da. Ez da matematiketan konpetentziak landu behar direla, baizik eta matematika arloa konpetentzia matematikoengatik aldatu behar dela. Beste era batera pentsatu behar da: jendeak bere bizitza pertsonalean, sozialean, profesionalean… aurrera egiteko matematikaren zer erabilpen egin behar duen begiratu behar dugu. Ez da pentsatu behar matematikatik, baizik eta pertsonaren garapenetik (pertsonala, soziala, profesionala…); ikusi behar da matematikak bide horretan pertsonak laguntzeko ahalmena duela, eta zenbait gauza ulertzeko beharrezkoa dela. Adibidez, gaur egun ezin dugu prentsa ulertu, ez baditugu diagramak edo taulak ulertzen, ez bagara portzentaien esanahiaz jabetzen edo gutxieneko ezagutza estatistikorik ez badugu. Beraz, ez da matematikatik bizitzara begiratu behar, baizik eta bizitzarik matematikara.
Alderantzikatze zaila da hezkuntza sistema arloetan banatua dagoelako, eta matematikako irakasleari, gehienez, matematikatik errealitatera begiratzea eska diezaiokegu. Konpetentzien diskurtsoa oso iraultzailea da, sistema errotik aldatzen duelako. Aldaketa azpiegituran egin behar da eta hori oso zaila da. Konpetentzien kontzeptua oso konplexua da, lehentasunak alderantzikatzen dituelako. Konpetentzien diskurtsoa postmodernismoaren ondorioa dela esaten da; gure eskolak modernitatearen egitura du eta ezagutza entziklopedikoarekin lotzen da. Baina, gaur egun, ezagutza hori asko hazten ari da eta zaila da, esaterako, biologiaren gaineko ezagutzaren sintesia egitea. Interes gutxi du, gainera, teknologia berriekin nahi adina informazio eskura dugulako. Pertsona kultuaren definizio hori, zalantzan dago. Gaurko lan munduan, gainera, ez dute eskatzen dena jakitea, baizik eta lanean topatzen dituzun arazoei modu autonomoan, iniziatiba edukiz… aurre egitea, eta profesional gisa jokatzea. Baina, esan dugu, eskola erakunde modernoa da. Arazoa da, gizarte horretan krisia dagoenean, eta bestelako eredu sozialak sortzen ari direnean, noraino duen eskolak eredu berriari erantzuteko aukera. Hor krisia dago.
Eredu aldaketa horrek zer eragin izango luke matematikaren irakaskuntzan? Zer gauza aldatu beharko lirateke?
Aldaketa Lehen Hezkuntzatik aurrera egin beharko litzateke batez ere. Lehen Hezkuntzan ere gauza asko daude hobetzeko, baina garai horretan lantzen diren ezagutzak oinarrizko konpetentzien oinarri izan daitezke. Arazoa, Bigarren Hezkuntzan dago, arloen mamia garatzen hasten denean. Testuingurua kontuan hartzen badugu, garrantzitsuena, ikasleen bizitza pertsonala da eta horretara aplikatutako ezagutzak erakutsi beharko litzaizkieke. Arazoa, mundu profesionalera gerturatzen garenean dator. Hemen 16 urtera arte eskola denentzat berdina da teorian, baina hori gezurra da, testuinguru zientifiko eta teknikoentzat soilik balio duten hainbat ezagutza sartzen baitira; batzuen testuinguru profesionalerako soilik balio duten ezagutzak sartzen ditugu. Aljebra, adibidez, zientifikoentzat beharrezkoa da, baina estatistikak erabilpen sozial handiagoa du eta irakaskuntzan pisu gutxiago du aljebrak baino. Eskema hori aldatu behar da. Gero, Batxilergoan, zientzia ikasketak egin nahi baditu, gauza horiei garrantzia ematea, normala da. Gure hezkuntza sistemak tarte txikia du unibertsitaterako prestatzeko, bi urte besterik ez, eta hori ez da nahikoa. Eta klase ertainak, presioa egiten du Bigarren Hezkuntzako azken urteetan Batxilergorako prestatu beharreko gaiak sartzeko. Horren ondorioz, matematiketan porrot handia dago; gutxiengoak behar duena denei eskatzen diegu. Ez diegu egunkaria ematen eta hauteskunde batzuen datuen inguruko azterketarik egiten, adibidez. Ezagutza matematikoak derrigorrezkoa izan beharko luke nire ustez, hiritar guztiek jakin behar dutelako egunkarian jartzen duena edo telebistan esaten dena ulertzen, baina horri baino garrantzi handiagoa ematen zaio ikasgelan bi ordu ekuazioak askatzen pasatzeari. Unibertsitatea aldatzen ez den bitartean, klase ertainak hori aldatzeko indarrrik egiten ez duen bitartean, aldaketa oso zaila da. Eta horrek guztiak, hezkuntza sistema bere osotasunean hartzea eta aldatzea eskatzen du.
Eta, Bigarren Hezkuntzan, adibidez, nola jokatu beharko luke irakasleak?
Erakusten duguna hartu, irizpide horietatik pasatu eta lehentasunak definitu beharko genituzke. Curriculumaren arazoa ez da zer irakatsi behar den, baizik eta zer irakatsi behar den denbora tarte jakin batean. Lehentasun batzuk daude eta horien arabera, ikasleak ebaluatu behar dira. Estatistika eta aljebra eman behar baditugu, jakin behar dugu estatistika garrantzitsuagoa dela denentzat aljebra baino, eta egunen batean konpetentzia matematikoa ebaluatu behar badugu, estatistika exijitzerik badugula, baina aljebra ez. Gaur egun alderantziz da, estatistika ia ez da ematen eta ematen denean, azken gaia da eta inoiz ez gara iristen. Irakaskuntza galbahe sozialetik pasatu beharko litzateke, eta ez galbahe epistemologikotik. Irakasleek gauzak irakasten jarraitu behar dute, baina testuinguru sozialean erabilpena duten ikasketek izan behar dute lehentasuna derrigorrezko irakaskuntzan.
Ebaluazioa ere aipatzen duzu. Konpetentzien ildoak ebaluazioa aldatu beharra dakar, ezta?
Bai. Baina uste dut horri askotan misterio kutsua ematen zaiola. Nola ebaluatzen da pertsona bat konpetentea den ala ez? Bada, eginaraziz. Pertsona bat konpetentea den edo ez jakiteko, egoera horretan, edo egoeratik ahalik eta gertuen jarri behar dugu. Ikusi zer egiten duen, ebaluazio irizpideak erabiliz baloratu eta horren arabera kalifikatu. Arazoa ez da konpetentziak ebaluatzea, arazoa da, egitura aldatu beharra dagoela. Eta besteen iritzia onartzeko prest ote gauden, izan ere, konpetentzien ebaluazioa oso subjektiboa da. 
Konpetentzia edo gaitasuna?
Zer hitz erabili behar dugu; konpetentzia edo gaitasuna? Eztabaida sakona dago, eta hau izan da Jesus Mari Goñik eman digun erantzuna: “Gaztelaniaz, aldea dago capacidad eta competencia hitzen artean, baina, euskaraz bereizketa hori ez da horren argia. Orain arte gaitasuna capacidad bezala erabili izan dugu baina orain nahastea dago. Nire ustez gaitasuna zerbait orokorra eta abstraktua da eta konpetentzia, ez. Konpetentziak ekintza eskatzen du. Gaitasuna beste zerbait da: pertsonaren ezaugarri psikologikoa. Adibidez, pertsona bat arrazoitzeko gai izatea, besterik gabe. Pertsonaren ahalmen abstraktua da. Konpetentzia, ordea, gehiago da: pertsonak dakiena, ezagutzaren erabilpena da, baina testuinguru batean. Ez da orokorra. Pertsona batek konpetentzia lingustikoa izan dezake eta ahoz oso konpetentea izan daiteke, baina, agian, ez du konpetentziarik aurrez-aurreko elkarrizketa batean. Konpetentziak elementu berria gehitzen du: testuingurua. Beraz, konpetentziaren definizio osatuagoa hau izango litzateke: ezagutzaren erabilera testuinguru batean. Eta nik konpetentziari beste bi ezaugarri ere gehitzen dizkiot: eraginkorra izan behar du, pertsona bat ez baita konpetentea gauzak egiten dakielako, modu eraginkorrean egiten dakielako baizik. Eraginkortasunak esan nahi du, gauzak ongi eta baliabide egokiak erabiliz egitea, eta hor teknologia sartzen da, adibidez. Eta beste baldintza da ezagutzaren erabilpen arduratsua egin behar dela. Konpetentziak, ezagutza arduraz erabiltzea eskatzen du. Ekintzaren munduan gaude, ez soilik ezagutzaren munduan. Beraz, konpetentziaren definizioa hauxe izango litzateke: testuinguru jakin batean, ezagutzaren erabilpen eraginkor eta arduratsua egitea”.