Munduko Dantzak: hezkuntzarako baliabide aberatsa

2009-07-01
“Egingo al dugu dantzan?”, dio irakasleak.
Irribarre konplizea. Denek ulertu dute une berezia datorrela, etena, ohiko erritmoan apurketa. Eta hori beti dago ondo. Une ludikoa imajinatzen dute, dibertigarria akaso; eta arina, konpromisoak eta seriotasunak lasaitzekoa.
Musika hasi da. Doinua ere ez da ohikoa. Ez da egunero irratian edo kalean entzun dezakeguna. Bitxia da, baina polita: batzuetan alaia, besteetan leuna… Eta dantza, abiatu da.
 
 
Azaletik begiratuta, dantza den aldetik, Munduko Dantzak jarduera ludikoa da, arina, normalean dibertigarria. Eta halaxe da; halaxe bizi ohi da. Baina irakasleak badaki, isilean, hitzen beharrik gabe, munduko dantzen bitartez zer lantzen ari den. Badaki, jolasaren atzean amarrua gordetzen dutela.
Badaki korroan (biribilean) edo sokan helduta dantza egite hutsak partehartze eta batasun sentimendua sustatzen duela.
Badaki integratzaileak direla: norbere urratsetan, eta denak urrats bertsuetan, taldea bat eginik mugitzen dela. Hots, taldeak egiten duela dantza. Badaki, horregatik, batasuna, parte hartzea eta talde izpiritua sustatzen ari dela. Eta urrats errazak aukeratuta, edozein haurrek jarraituko dio ondo dantzari, modu horretan, aukera berdintasunari leku eginez.
Badaki dantza bitarteko egokia dela haurra zentratzen ikasten joan dadin: bere kabuz, arreta dantzan eta mementoan zentratu beharko du, halabeharrez, urratsa galduko ez badu.
Badaki, dantza zirkular erraz eta pausatuak aukeratuta, baretasuna ekarriko duela, eta baretasuna erakutsiko duela, harmonia.
Baina batez ere, irakasleak badaki Munduko Dantzek beste kultura eta herrienganako hurbilketa sustatzen dutela. Doinuok eta dantzok hain dira ederrak, hain dira erakargarriak… gorputzean sentituz, eta horrekin gozatuz, estimua pizten da, irekitasuna, adeitasuna, begirunea… Hitzen beharrik gabe, Munduko Dantzak bakerako hezitzaile apartak dira.
Bestela, Munduko Dantzak helburu ludikoaz erabil daitezke, besterik gabe. Horretarako, hamaika dantza daude; errazak, dibertigarriak eta politak, zailtasunaren arabera hainbat adin mailatara egoki daitezkeenak.
Eta hori guztia doinu eta mugimendu gustagarriez egiten denean, dena errazagoa da. Hori eman dezakete Munduko Dantzek. Helburu bat zein bestea lantzeko nahikoa dantza daude aukeran, beti ederrak, beti erakargarriak.
Munduko Dantzak, beraz, Hezkuntzan bitarteko interesgarria izan daitezke. Modu apal baina eraginkorrean, beharrezko ditugun hainbat balio lantzeko tresna arin eta gustagarria.
Ikastaroan, haurrekin lantzeko egokiak diren dantzak landuko ditugu. Alde batetik dantza integratzaileak (batasuna, talde izpiritua, partehartzea, harmonia eta baretasuna sustatzen duten dantza errazak), eta bestetik, haurrek gustukoen dituzten dantza tradizionalen bilduma (horiek ere, errazak, partehartzaileak eta dibertigarriak). Guztiak ere, Europakoak edo ingurukoak.