Psikomotrizitatea: “Haurraren ekintzaren zentzua edo esanahia”

2009-07-01
 
 
Ekintzaren zentzuaren oinarriak
Ikus dezagun, lehenik, zer esaten diguten hiztegiek ekintza hitzari buruz:
Real Academia Españolaren hiztegiak:
- “Egiteko aukeraren ariketa”.
- “Eragile batek zerbaiten gainean eragiten duen efektua”
Harluxet hiztegi entziklopedikoak:
- “Zerbait egitea”.
- Egin: “zerbait sortu, ez izatetik izatera iraganarazi”.
Definizio horietan ekintzaren zentzuaren oinarrizko elementuetako asko agertzen dira: egiteko aukera, zerbaiten gainean efektua eragiten duen eragilea, sortu, ez izatetik izatera iraganarazi…
Bernard Aucouturier-ek hau dio: “Jaiotzean ez da ekintza nagusitzen, baizik eta erreflexuen ondorioz sortzen diren mugimenduak, eta horiek era berean, agerian uzten dituzten jaioberriaren erritmo eta prozesu biologikoak; mugimendu horiek, behar baten ondorioz sortuak, tentsioak eta minak eragiten dituzte, baina horietan oinarrituz, amak interakzio prozesuan eta elkarrekiko transformazio prozesuan eragin dezake eta horrek sentsazio desatseginek sortutako “barne gabezia” arintzen lagunduko du”. (“Los fantasmas de acción y la práctica psicomotriz”, Bernard Aucouturier, Grao).
Ekintza, psikomotrizitate praktikan ulertzen dugun moduan, “bestea” behar izaten du beti, eta jaioberriaren lehen “mugimendu biologikoen” inbestidura afektiboa eskatzen du “bestearen” aldetik. Horrela, jaioberriaren “berezko keinu” horiek (“El gesto espontáneo”, D.W. Winnicott. PAIDOS) komunikazio eta afektu giroan sartzen dira, zentzua eta esanahia lortzen dituzte, eta heltze prozesuan, boluntarioak izatera, desioz beteak izatera eta komunikazio zentzua izatera iristen dira.
Hau da, ekintza, sortzeko jarduera boluntario gisa, beste batek jaioberriaren lehen mugimenduak desioz eta komunikatzeko plazerrarekin jaso dituelako sortzen da. Era horretan, ekintza beti beste bati zuzentzen zaio eta beste horrek hori jasotzen duenean eta, erantzun egokia ematen saiatuz, bere buruan “eragiten” uzten dionean, jaioberria humanizatzen du, gizatiarra denaren munduan sartzen du, bigarren existentzia ematen dio. Lehena, jaiotza da, bere horretan, eta bigarren hori existentzia psikologikoa da: “zu existitu egiten zara niretzat”, “balioa duzu niretzat”. Beraz, ekintzara sartzeko aukerak Existentziara sartzeko aukera adierazten du.
Haur txikiak, ekiten duenean, mugitu egiten da, jolastu egiten du, “ni naiz” esaten ari zaigu; “ni existitzen naiz”, “zeren nire ekintza baliotsua da eta zuk jaso egiten duzu, begiratu egiten duzu eta nirekin partekatzen duzu”.
Beraz, alderdi neuromotoreez, mugitzeko gaitasunez… gain, ekintzari buruz duen zentzu psikologikoan hitz egin behar dugu, hizkuntza gisa, haurraren historiaren adierazpen gisa, haren harremanen eta esperientzia eta bizipen afektiboaren historia gisa.
Horri buruz hitz egingo dugu ikastaroan: ekintzaren zentzua, zer esaten diguten haurrek euren ekintzen bidez, zer lantzen ari diren maila psikologikoan, maila emozionalean eta afektiboan. Eta ikusiko dugu, bizitzako lehen urteetan ekintza oinarrizkoa dela haurraren heltze psikologikoaren prozesurako, eta, beraz, haren heziketarako eta eskola prozesurako.