Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak

2002-07-01

Behin batean, aspaldiraino joan gabe, Euskal Herriko bazterretan umore gutxirekin pasatzen ziren egunak. Lainoek ez zieten eguzki izpiei gure lurraldea argitzen uzten, horregatik, festarako eta jolaserako pasarte gutxi zituzten. Haurrek, mandoak bezalaxe eskolatik lanera eta lanetik eskolara igarotzen zituzten egunak.

 
 

> Xanti eta Maribi , Kantterrin bizi ziren; han ere, txantxa gutxi! Eskolan bihurrukeriaren bat egiten bazuten, maistrak Serafin gure herriko alkateari deitu eta honek zigor latzak ezartzen zizkien ikasleei. Beraz, eskolan denak erne eta zut egon behar ziren maistraren erretolika entzunez, irri bat bera ere egin gabe.

Egun batean, gure neska-mutilak eskolatik etxerako bidean Serafin mokofinen doinua abesten ari zirela, txori bat goian kantari hasi zitzaien. Egunak pasa ahala, txoria Serafín mokofinen kantua abestuz azaltzen zitzaien. Halako batean, txoriak esan zien:
- Aizue lagunak! Etor zaitezte nirekin basora jolas egitera!
- Basora?
- Niri beldurra ematen dit basoak.
- Ez izan beldurrik. Han lagun asko egingo ditugu eta oso-oso ondo pasako dugu jolasean.
Horrela bada, basorantz abiatu ziren hiru lagunak ilaran goaz kantari, aurrekoak egiten zituen zirkin eta oihuak errepikatuz. Basoko zabalune ezkutatu batera iritsi zirenean, hantxe topatu zuten Martin Konkortsua bere soinu eta guzti. Jende guztia han zebile saltoka eta brinkoka, korro-korroan , dantzari: Etxenagusiko Mustafa eta Patxiku sardinazalea ere, txakolinke algaraka. Sorginsaltoan zebiltzan, berriz, Graxiana eta Begoña, Baga-Biga-Higa kantari. Pantxika hontza ere han zegoen guztiei begira eta zaindari lanak egiten, herriko alguazilen bat etorri baino lehen ohartarazteko.
Xanti eta Maribi harriturik zeuden topatu zuten toki eta jendearekin. Eskolan eta herrian zuten egoera jasangaitza zitzaiela kontatu zieten bere lagun berriei. Guztietan zikoitzenak Serafin alkatea eta maistra muturluzea ziren zalantzarik gabe, eta horiek irauten zuten bitartean ez zuten herrian basoan zegoen girorik sekula ezagutuko.
Neska-mutil gajoen istorioa entzunik, Graxiana sorgiñak bere amonak erakutsitako trikimailua erabiltzea erabaki zuen Serafin mokofinen kontra, eskarmentu gisa. Beraz, basoan kalejira handi bat antolatu eta herrira jeitsi zirenjira-bira eta kate, zozo-zozoan alkateari oles egitera.
Herriko plazan alguazilek festa giroa sumatu zutenean, berehala hots egin zioten alkateari. Serafin zeharo haserreturik atera zen plazara ero baten moduan biraoka. Kalejirak, gure herriko alkatea inguratu zuen eta Graxianak oihu batean alkateari begietara begira esan zion:
“Txitxirri-mitxirri komunipan,
harri bihurturik hortxe bertan!”

Eta bat-batean, Serafin, estatua baten moduan geratu zen plazaren erdian, baina kasu! ohar bat bota zuen Graxianak: “Orain aske zarete herriari alaitasuna emateko. Baina jolasak eta festak egin ezean, Serafinek pixkanaka bizia hartzeko arriskua du.”

Orduz geroztik, Kantterriko plazan jai giroan ibiltzen dira guztiak, haur, zahar eta gazt euskaraz jolasten .
Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila Kantterriko plazan eta atera dadila Euskal Herriko eskola guztietan!!