Jolas kooperatiboak

2002-07-01

Ikastaro honetan jolas kooperatibo eta sortzaileetan oinarritutako interbentzio psikohezitzailearen adar bat aurkeztuko dugu. Beronen helburua garapen soziala, afektibo-emozionala eta haurren sormena bultzatzea da.

 
 

> 80ko harmarkadatik hona Haur eta Lehen Hezkuntzako hainbat taldetan ezarri dugun proposamen honen oinarri teorikoa ikerketako hiru korronte handiren ondorioetan datza. Lehenengo eta behin, haurren jolasen inguruko ikerketen ondorioak; giza garapenerako aktibitate funtsezkoa da, haurraren garapen integralean eraginkortasunez eragiten baitu, hau da, haurraren garapen psikomotriz, intelektual, afektibo-emozional eta sozialean. Bigarrenik, portaera sozialaren aldeko ikerketen ondorioetan oinarritzen da; hortik atera dira garapen pertsonal eta sozialaren hainbat faktoretan nolako onurak dituen heziketaren testuingurutan kooperatzeak versus lehiatzeak. Eta hirugarrenik, sormenaren gaineko ikerketak daude; ikerketa horiek haurraren sormenaren garapenean entrenatzeak duen eraginkortasuna baieztatzen dute.

Jolas kooperatibo eta sortzaileen programetako aktibitateek bi helburu nagusi dituzte. Lehenengo, beren hazkundean arazorik ez duten haurren garapen integrala bultzatu nahi da, bereziki alderdi sozio-emozionaletan eta sormenaren garapenean eraginez. Bigarrenik, programa honek funtzio terapeutikoa dauka, jolasaren esperientziaren bitartez lagunekin interakzio arazoak eta beren garapenean bestelako arazoak dituzten haurrak sozialki integratzen direlako. Bi helburu nagusi horiez gain, beste hainbat zehatzago ere biltzen ditu programak.
Oro har, programako jolasek komunikazioa, kohesioa, konfiantza eta sormenaren garapena estimulatzen ditu. Eta horren azpian elkarrekin jolastuz eta asmatuz onartzeko, errespetatzeko eta partekatzeko ideia dago.
Programa honetarako sailkatutako jolasek egiturazko bost ezaugarri dituzte:
1- Parte-hartzea: jolas hauetan taldeko guztiek parte hartzen dute, ez da inoiz inor kanporatzen eta ez du inork irabazi edo galtzen. Xedea da taldeko helburuak lortzea eta horretarako taldekide bakoitzak beharrezkoa den eginkizuna du jolasaren barruan.
2- Komunikazkoa: jolas guztiek talde barruko komunikazio prozesuak egituratzen dituzte.
3- Kooperazioa: jolas gehienek harreman dinamika estimulatzen dute. Horrek taldeko helburua lortzeko elkarri laguntza ematea dakar.
4- Fikzioa eta sormena: errealitatea edo egia “balitz bezala” jolasten da, hots, elefanteak, hegazkinak, piratak edo artistak... bagina bezala, eta elementu berriak sortzeko estimuluak ere konbinatzen dira.
5- Dibertsioa, ondo pasatzea: jolas hauen bidez haurrak taldekideekin positiboki eta era konstruktiboan arituz ondo pasa dezaten ahalegintzen gara.
Programak hainbat dimentsiotan (ahozkoa, dramatikoa, plastiko-konstruktiboa eta grafiko-figuratiboa) komunikazioa, gizartearen aldeko portaera eta sormena estimulatzeko 60 jolasez osatuta daude- Programako ekintzak bi modulu edo talde handitan banatzen dira:
1- Komunikazioa eta gizartearen aldeko jarrera jolasak
2- Sormen jolasak
Programa hau gelan ezartzeak hiru fase inplikatzen ditu: testaren aurreko ebaluazioa, jolas programaren ezarpena eta testaren ondoren ebaluazioa.
Egin diren ikerketek enpirikoki frogatu dute jolas kooperatiboek eta sortzaileek garapenean duten garrantzia. Izan ere, haurraren sormena eta garapen sozio-emozionalerako baliagarri diren interbentzio psikohezitzailerako tresna ludikoak sistematizatzen ditu.